97. ALDIZKARIA - 2003ko uztailaren 30a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

G A L A R

Gobernu Batzordeko kideen eta organoetako ordezkarien izendapena

Galar Zendeako alkateak, ekainaren 26ko 92/2003 Alkatetzaren Dekretu bidez, ebazpen hau eman zuen:

Udal hauteskundeak igarota, Udal berria eratu baita, udal jarduketa arinagoa eta eraginkorragoa egitearren Alkatetza honek beharrezkotzat jotzen du Gobernu Batzordeko kideak izendatzea, betiere Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 eta 23.4 artikuluek (apirilaren 21eko 11/1999 Legeak emandako testu berriaren arabera) ematen dizkioten ahalmenak erabiliz.

Kontuan hartuz aipatutako legediaren arabera Alkatetza honek bere eskurantzak eskuordetu ahal dituela, salbu eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 21.3 artikuluan, egungo testuaren arabera, eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13. artikuluan, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako testu berriaren arabera, ezarritako kasuetan, horietan arautzen baitira eskuordetu ezin diren eskumenak.

Horregatik guztiagatik, Alkatetza honek legez dituen eskurantzak erabiliz,

Ebatzi dut:

Lehenbizi._Zinegotzi hauek Gobernu Batzordeko kide izendatzea:

Mahaiburua: Alkatea, Ricardo Ariz Imízcoz.

Kideak: Antonio Maya Jurío, Pedro Echeverría García eta Esteban Lizarbe Aristu.

Bigarren._Gobernu Batzordea eskuordetzea, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legearen 21.1.j) eta 21.1.q) artikuluek Alkatetza honi esleitzen dizkioten hirigintza arloko ekumenetarako.

Hirugarren._Azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak onetsitako Toki Entitateen Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamenduaren 44. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eskuordetze horiek indarra izanen dute ukitutako zinegotziei dekretu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta mugagabeak izanen dira, Alkatetza honek eskumen horiek bereganatzeko duen ahalmena deusetan ukatu gabe.

Eskuordetutako zinegotziak kanpoan badira, gaixorik badaude, kargua hutsik badago edo bestelako edozein eragozpen delarik, Alkatetza honek besterik gabe zuzenean bere gain hartuko ditu eskuordetutako eskumenak, bera baita eskumenen jatorrizko titularra. Kasu horretan bereganatze ahalmena erabili duela ulertuko da, ebazpen honetan oinarrituz, ez baita hartarako berariazko beste ebazpenik eman beharko.

Laugarren._Zinegotzi hauek Administrazioaren ordezkari izendatzea, organo hauetan ari daitezen:

Udal aldizkariaren erredakzio kontseilua: Javier Nuin, Jesús Manuel Maya, Pedro José Erice, Cecilio Lusarreta, Antonio Maya eta Ricardo Ariz.

Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatea eta Osasun Etxea: Pedro José Erice.

Iruñerriko Mankomunitatea, Konpentsazio Batzordeak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa: Ricardo Ariz.

Bosgarren._Ebazpen hau ukitutako zinegotziei jakinaraztea. Eskuordetzea onartua izan dela ulertuko da isilbidez, hurrengo 24 orduko epean ez bada aurkakorik adierazten edo eskuordetze hori erabiltzen bada.

Seigarren._Osoko bilkurari ebazpen honen berri ematea lehenengo bilkuran, eta haren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaleko Informazio Aldizkarian argitaratzea, arestian aipatutako legearen 44.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Getze-Galarren, bi mila eta hiruko ekainaren hogeita seian. Alkatea, Ricardo Ariz Imízcoz.

Iragarkiaren kodea: A0306731