97. ALDIZKARIA - 2003ko uztailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

100/2003 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, 2003ko ekitaldian merkatarien elkarteak eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko programaren laguntzetarako deialdia onesten duena.

Azken urteotan, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak zenbait laguntza prestatu ditu merkataritzako banaketaren sektoreko enpresa txikiek elkarteak sor ditzaten sustatzeko, hura aterabide egokia baita sektorearen modernizazioari eta profesionalizazioari laguntzeko.

Esperientziak erakutsi du prestatu diren laguntzak eraginkorrak izan direla eta sektorean elkarte gehiago sortu direla: merkatarien elkarteren bateko kide ziren txikizkako denden portzentajea 1990ean %11,3 ingurukoa zen eta 2002an %41era igan da.

Izan ere, merkataritzaren sektoreari laguntzeko neurriak arautzen dituen maiatzaren 19ko 125/2003 Foru Dekretuak merkataritzaren sektorean merkatarien elkarteak eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko laguntzen programa aurreikusten du.

6.1. artikuluaren arabera, foru dekretu hori arautuko duten foru aginduetan ezarriko da 2. artikuluan deskribatutako programa eta jarduera bakoitzeko laguntzen zenbaterainokoa, ekitaldi bakoitzean dagoen aurrekontuaren arabera. Foru dekretuaren lehen azken xedapenean oinarrituz emanen ditu agindu horiek Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak.

Foru agindu hau gauzatzeko, Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-Emailearen kide diren elkarte eta erakundeei entzun zaie.

Foru agindu honek, maiatzaren 19ko 125/2003 Foru Dekretuak aurreikusitakoari jarraikiz, xedea du merkatarien elkarteak eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko programarendako laguntzen zenbaterainokoa ezartzea, ondoko hauek erdiesteko asmoz:

_Merkatarien antolamendu egiturak modernizatzeko eta profesionalizatzeko bidea ematea.

_Udal merkatuak mantentzen eta modernizatzen laguntzea hiriguneetako merkataritzaguneak diren aldetik.

_Nor bere aldetik aurrera atera ezin diren ekintzak dendariak horiek gauzatu ahal izateko elkartzen badira, elkarlan horretatik sortzen den potentzialtasun ekonomikoaren errentagarritasun proiektuei laguntza ematea.

_Ohiko merkataritzaguneak edo Nafarroako Lurralde Estrategiaren lurralde garapenerako interesgarri izan daitezkeen espazioak indartzea sustatzea, horiek baitira hirien eta azpieskualdeetako espazioen egituren sortzaileak.

_Merkataritzako enpresa txikien eskaintzak elkarren osagarri izateko elkarteak sortzeko proiektuak abian jarri eta garatzeko bideak ematea, kontsumitzaileei zerbitzu zabala eskainiz, haien fideltasuna irabazteko.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honek xedea du 2003ko ekitaldian merkataritzaren sektorearendako merkatarien elkarteak eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko programaren laguntzak onestea.

2. artikulua. Laguntzek hartzen duten esparrua.

2003. urtean jarduera hauek izanen dira dirulaguntzen xede:

A) Merkataritza Jarduketaren Programak, zenbait jarduera eremutan edo sektoretan merkataritza modernizatu, berregituratu eta berpizten duten prozesuak dinamizatzeko helburua dutenak. Programa horiek mota hauetakoak izan daitezke, aplikazio eremuaren arabera:

A.1) Hirietako guneak: udalerri bat edo gehiago, edo haietako hirigune espezifikoak, ondoko baldintzak betetzen badituzte:

_Merkataritzako Oreka Eremu bakoitzean udalerri burua izatea.

_3.000 biztanle baino gehiagoko herria izatea eta barne udalerri bururik gabeko Merkataritzako Oreka Eremu baten barruan egotea.

_Iruñeko eremu metropolitanoko udalerriak.

_Nafarroako Lurralde Estrategiarako udalerri interesgarriak.

Baldintza horiek betetzen dituzten udalerriak foru agindu honen eranskinean agertzen dira.

Nolanahi ere, aurreko atalean aurreikusten ez diren herrietan edo horietako hirigune jakinetan egiten diren programek ere dirulaguntza jasoko dute, baldin eta foru agindu honek indarra hartu aurreko hiru urteetan funtzionamenduan bazeuden.

A.2) Eskualdeetako guneak: eragina udalerrian edo udalez gaindiko eragina duten esku-hartzeak populazio gutxiko eta geografikoki barreiatutako nekazaritzako eremuetan planifikatzen dituztenak.

A.3) Sektorekoak: nekazaritzako jardueraren sektore bat Foru Komunitateko lurralde osoan.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa: Nafarroako Foru Komunitatean enpresa egiturak sortu eta garatu, merkataritzaren egungo egiturak sendotzeko. Honako proiektu hauei lagunduko zaie bereziki:

B.1) Txikizkako udal merkatuak merkatariek berek kudeatzea.

B.2) Merkataritzako sektoreetan merkantziak erosteko zentralak.

B.3) Zerbitzuen zentralak kontsumitzaileendako, merkataritzako enpresa txikien eskaintza osatzeko eta bezeroen fideltasuna irabazteko.

B.4) Irekitako merkataritza zentroak.

3. artikulua. Onuradunak.

A) Merkataritzako jarduketarako programak.

Merkatarien elkarteak eta elkarte mistoak, xedea merkataritzako banaketari lotua dutena eta ondoko baldintzak betetzen dituztenak:

1. Erakunde Profesionalen Erregistroan inskribaturik egotea.

2. Denda elkartekideen kopurua 25 baino gutxiago ez izatea. Jarduteko esparrua udal merkatua bada edo eskualdeko programa bada, merkatarien elkarteetako bazkideen gutzieneko kopurua 5ekoa izanen da.

3. Programa garatzen den esparru edo sektoreko denden %40 bildurik izatea.

4. Programa horiek merkatarien elkarteek sustatuko dituzte, betiere haien jarduketa eremua bat datorrenean programa bakoitza garatuko den esparru edo sektorearekin.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa.

Merkatarien eta helburu berdintsuko entitateen elkarteak, ordezkaritza nahikoa dutenak, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden 10 enpresa txikik, bederen, osatuak, elkarrengandik independienteak, oinarrizko helburua merkataritzaren integrazio estrategiko bat sustatu edo garatzea dutenak.

Udal merkatuen kudeaketan parte hartzen duten elkarte eta entitateen kasuan, ordezkaritza horrek kontzesiodunen % 60era, bederen, iritsi beharko du.

4. artikulua. Dirulaguntzen xedeko kontzeptuak.

1. Foru agindu honen arabera dirulaguntzen xede izan daitezkeen kontzeptuak honako hauek dira:

A) Merkataritzako jarduketarako programak.

A.1) Merkatuen azterlan teknikoak eta haien ikerketa: azterlan horiek derrigorrezkoak izanen dira merkataritzako jarduketarako programak formulatzeko. Azterlana esperientzia frogatua duen aholkularitza enpresa batek eginen du eta, gainera, Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak onartutako enpresa beharko du izan. Gutxieneko edukina ondokoa izanen da:

_Merkataritza jarduketarako Programari buruzko justifikazioko memoria, aplikazio lurralde edota sektorearen mugaketa bereziki aipatuta.

_Programak hartzen duen lurraldeko edo sektoreko merkataritzako banaketaren egoerari buruzko azterlana: egungo egoera eta joerak.

_Merkataritzako eskaerari, eskaeraren eragileen egiturari eta kontsumo ohiturei buruzko joeren eta egungo egoeraren gaineko azterlana.

_Diagnostikoa, puntu sendoak eta ahulak, haien mehatxuak eta aukerak adierazirik.

_Programarekin erdietsi nahi diren helburuak eta jarduketaren ildo nagusiak, haien deskribapena, edukia eta helburu zehatzak.

A.2) Teknika eta merkataritza arloko aholkularitza: teknika eta merkataritza arloetako kanpoko aholkularitzak, merkataritzako jarduketarako programaren barrenean sartutako jardueretarako.

A.3) Merkataritzaren sustapena.

A.3.1) Programa hauek garatzeko beharrezkoak diren publizitatea, publizitateko materiala, zuzeneko marketina, merkataritza bizkortzea eta abar. Merkataritza-bizkortzeko ekintzak, MJPak ukitutako kaleetan eta merkataritza-ordutegian egin beharko dira. Halaber, publizitatea xede duten zozketak egiteko zozketa, tonbola eta ausazko konbinazioen erregelamendua onesten duen martxoaren 21eko 94/1991 Foru Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

A.3.2) Nafarroan legez eratu eta helbideratutako merkatari elkarteei egiten zaizkien ekarpenak sustapen eta sentsibilizazio kanpaina bateratuak finantzatzeko.

A.3.3) Merkatari elkarteek web guneak sortzea. Hasierako gastuak izanen dira diseinatu eta sortzekoak eta eremu publikoa kontratatzekoak. Baldintza bakarra da gune hori Nafarroako Gobernuarenari lotua egotea.

A.4) Gerentzia: MJPa ezartzeko gerente baten kontratazioari diruz laguntzen ahal zaio baldin eta programarekin batera sustapen eta/edo prestakuntza ekintzak ere egiten badira. Gerenteak, gutxienez, Merkataritzako teknikari titulua edo baliokideren bat izanen du eta hautatua izateko Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuaren onarpena beharko du. Laguntzetarako urteko deialdietan gehienez ere 3 urteko denboraldietarako emanen dira dirulaguntzak.

Elkartearen funtzionamenduko gastu arruntei ez zaie inola ere laguntzarik emanen.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa.

B.1) Bideragarritasunaren azterlanak: enpresarteko egiturak ezarri edo garatzeko azterlanak egiteko aholkularitza enpresa baten kanpoko gastuak. Azterlanok, gutxienez, ondokoak bilduko dituzte:

_Azterlanaren xedeak.

_Garatu beharreko proiektuaren analisia: sistemaren ezarpenaren deskribapena, abantailak eta arazoak.

_Jarduketa proposamenak ondoko hauei buruz: merkataritzaren orientazioak, proiektuaren ezaugarriak, administrazioaren eta kudeaketaren ezaugarriak, behar diren langileak, bideragarritasun ekonomikoa, e.a.

_Proiektuaren faseak gauzatzeko epeak eta kuantifikazio ekonomikoa.

_Azterlanaren ondorioak.

B.2) Gerentzia: Parte hartzen duten enpresetatik kanpoko gerente bat espresuki kontratatzea. Laguntzetarako urteko deialdietan gehienez ere 3 urteko denboraldietarako emanen dira dirulaguntzak.

Gerentea kontratatzeko laguntzak eskatuz gero, enpresarteko egitura sortu eta garatzeko behar den langile kopurua zehazten duten azterlanak aurkeztu beharko dira.

2. Aurreikusitako laguntzen kasuan azterlanak eta kanpoko aholkularitza egiteko, dirulaguntzaren barrenean sartuko da laguntza teknikoaren kontratazioa, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialarekin eta aholkularitza espezializatuko beste entitate eta enpresa batzuekin egiten dena.

5. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

A) Merkataritzako jarduketarako programak.

A.1) Merkatuaren azterlan teknikoak eta haren ikerketa: kanpoko kostuaren % 50erainoko dirulaguntza jasotzen ahal dute, beti ere 6.000 euro gehienez. Merkatarien elkarteren batek azterlan hori orain dela 5 urte, gutxienez, egin baldin badu, 3.000 euro, gehienez ere, jasotzen ahal du azterlana eguneratzeko.

A.2) Teknika eta merkataritza arloko aholkularitza: urteko kostuaren % 50erainoko laguntza jasotzen ahal du, gehienez ere 1.800 euro.

A.3) Merkataritzaren sustapena.

A.3.1) Zuzeneko sustapena: kostuaren % 50erainoko dirulaguntza emanen zaio, elkarteak frogatzen duen bazkide kopuruaren arabera. Hona hemen gehieneko zenbatekoak:

_75 kide baino gutxiago: 14.000 euro. Hala ere, jarduteko esparrua udal merkatua duten edo eskualdeko programa lantzen duten merkatarien elkarteen kasuan, muga 24.000 eurora iganen da.

_75etik 150 kide bitarte: 25.000 euro.

_151tik 225 kide bitarte: 36.000 euro.

_226tik 300 kide bitarte: 47.000 euro.

_300 kide baino gehiago: 60.000 euro.

A.3.2) Ekarpenak merkatari elkarteei: egiten diren ekarpenen % 50erainoko laguntza, eta gehienez ere 1.000 euro.

A.3.3) Interneteko orria: hasierako gastuen % 50erainoko laguntza, eta 1.500 euro, gehienez ere.

A.4) Gerentzia: gerentzia kostuaren % 50erainoko dirulaguntza emanen da, eta gehieneko zenbatekoa izanen da jarraian ematen diren bi zenbatekoetatik txikiena:

_Merkataritzaren sustapenari eta prestakuntzari dagokien laguntzaren diru zenbatekoa, 9.000 euro.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa.

B.1) Bideragarritasunaren azterlanak: kostuaren % 50eraino, eta gehienez ere 6.000 euro.

B.2) Gerentzia: soldata eta Gizarte Segurantzaren % 50eraino, eta 12.000 euro gehienez ere.

6. artikulua. Laguntza emateko irizpideak.

Dirulaguntzak ondoko irizpide hauei jarraikiz ordainduko dira:

1. Laguntza har dezaketen jarduerei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da aurreko artikuluan ezarritako gehieneko portzentajeen eta mugen arabera.

2. Aurreko diru zenbatekoari iragandako ekitaldi ekonomikoan laguntzen xede ziren jarduerak gauzatzeko elkarte bakoitzaren exekuzio portzentajea aplikatuko zaio.

3. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuen arabera eman behar diren dirulaguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da.

Hainbanaketa hau ez zaie aplikatuko azterlanetarako laguntzei.

4. Aurrekontuan diru gehiago baldin badago eskura 2003an, laguntzaren osagarri bat emanen da, betiere aurreko artikuluan ezarritako portzentajeetaraino eta diru kopuruetaraino.

7. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

1. Laguntzetarako eskabidea Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoren batean aurkeztu beharko dute (bulegoen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren II. eranskinean ageri da), deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako gainerako moduak erabiltzeko eskubidea.

2. Fc7.06.08 formularioan aurkeztuko dira. Formularioak aipatu Departamentuan edo Nafarroako Gobernuaren interneteko atarian hartzen ahal dira eta haiekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzaile guztiak:

_Elkartearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, behar izanez gero, horien ahalduntzea.

_Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa eta aurtengo aurrekontua, bazkideei ezarritako kuotak aipaturik. Hori guztia presidenteak eta idazkariak sinatua.

b) Merkataritzaren alorreko laguntzak lehenbiziko aldiz eskatu behar dituzten elkarteek honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

_Elkartearen identitatea frogatzen duten agiriak, estatutuak eta erregistroko inskribapena.

_Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

_Bazkideen zerrenda, formularioaren ereduaren araberakoa.

_Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

c) Merkataritzako jarduketarako programak:

_Ekitaldirako MJPren urteko plana. Bertan sartuko dira egitekoak diren ekintzak, burutzeko egutegia, kostua eta aurreikusia dagoen finantzazioa.

_Gerentziarako laguntza: gerentearen identifikazio datuak, curriculum vitae-a eta kontratazioaren frogagiria.

d) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programan:

_Gerentziarako laguntza: gerentearen identifikazio datuak, curriculum vitae-a eta kontratazioaren frogagiria edo, hala bada, izan behar dituen eskakizunak eta kontratazioaren zein fasetan dagoen.

3. Nolanahi ere, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu eta ebatzi ahal izateko beharrezko juzkatzen dituen argibide eta agiri osagarri guztiak galdatzen ahal dizkio eskatzaileari.

8. artikulua. Tramitazioa.

1. Organo eskudunak espedientea aztertu eta ebaluatuko du eta txosten bat emanen dio ebazpen organoari. Bertan azalduko du onuradunak dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituela; laguntzak emateko proposamena ere sartuko du txostenean.

Aurkeztutako eskabidea eta dokumentazioa aztertu ondoren, osatu gabe daudela ikusiko balitz edo beharrezkotzat joko balitz datu edo agiri osagarriak eskuratzea, hamar eguneko epea emanen litzaioke eskatzaileari horiek aurkezteko, eta hori eginen ez balu, eskabidea bertan behera uzten duela ulertu eta espedientea artxibatuko litzateke.

2. Proposamena ikusirik, organo eskudunak laguntzak emateko ebazpena emanen du.

3. Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren erregistroan sartu zen egunetik hasita.

Nolanahi ere, ebazteko epea eten eginen da organo eskudunak argibide edo agiri osagarriak eskatzen dituenean. Etenaldia errekimenduaren jakinarazpena igortzen den egunean hasi eta eskatzaileak betetzen duenean bukatuko da, edo, bete ezean, emandako epea amaitzean.

9. artikulua. Laguntzen ordainketa.

1. Elkarte onuradunek ordainketarako eskabidea aurkezten ahalko dute honako epe hauetan:

_Laguntzetarako eskabidea aurkezteko eguna arte egindako jarduerak: eskabidearekin batera.

_Bigarren seihilabetekoan egindako jarduerak: abenduaren 15a baino lehen.

2. Dirua jasotzeko eskabideak Fc7.06.07 formularioan aurkeztuko dira ondoko agiri hauekin:

_Egindako jardueren txosten zehaztua eta helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa.

_Egindako ekintzen frogagiriak: frogagiri gisa fakturak eta ordainketak egin izanaren agiriak, hala nola ordainagiriak, letrak eta bankuko karguak, aurkeztuko dira.

3. Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak beharrezkoak diren ikuskapenak egiten ahalko ditu, diruz lagundutako ekintzak burutu diren egiaztatzeko, bai eta eman den dirua zehazturiko xedeetarako erabili den egiaztatzeko ere.

4. Organo eskudunak ebazpena emanen du egitan burututako jarduerak ordaintzeko.

10. artikulua. Uko egitea.

Dirulaguntzaren xede den edozein ekintza eskaeran sartua dela, harendako aurrekontuak behera egiten badu, aldaketak jakinarazi beharko dizkio eskatzaileak Nafarroako Gobernuko Merkataritza Atalari haien berri duen unetik beretik eta urriaren 31 arte.

Aipatutako egunetan jakinarazten ez bada, antolatu gabeko jarduerak egin gabeko jarduerak balira bezala kontsideratuko dira hurrengo deialdien ondorioetarako.

11. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 8.2 artikuluan, oro har, aurreikusitakoaz gain, onuradunak betebehar hauek ditu:

_Zer helburutarako ematen den laguntza, hartarako erabiltzea.

_Emandako dirulaguntzen jarraipena eta kontrola egiteko komenigarritzat hartzen diren datuak, dokumentazioa eta frogak Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren esku uztea.

_Helburu bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea dirulaguntzak ematen dituen organoari.

_Merkataritza sustatzeko jardueretan erabilitako publizitate euskarri eta materialetan Nafarroako Gobernuaren Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren lankidetza agertuko da berariaz.

12. artikulua. Laguntzak ezeztea, arau-hausteak eta zehapenak.

Aurreko artikuluan azaldu diren betebeharrak betetzen ez badira edo enpresa onuradunak datu eta informazio faltsuak edo desitxuratuak ematen baditu, edo ikuskatze lana oztopatzen badu edo laguntzak ematean eta ordaintzean erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak ezkutatuz gero, enpresaren hobariak deuseztatuko dira, eta, hala dagokionean, eskuratuak dituenak itzultzeko eta berandutza-korrituak ordaintzeko eskatuko zaio.

Bidezko izanen da, halaber, itzulketa hori, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluan jasotako kasuetan, eta han esandako ondorioak izanen ditu.

13. artikulua. Helegiteak.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, baimena ematen da gehienez ere 390.000 euroko gastua egiteko, 2003ra luzatutako 2002ko gastuen aurrekontuko kontusail honen kargura: 850003 / 82110 / 4810 / 763100 "Merkatarien elkarteak sustatzea".

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko ekainaren hogeita seian._Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

E R A N S K I N A

MERKATARITZAKO OREKA EREMUA UDALERRIAK

Baztan Elizondo

Bera Bera

Doneztebe

Leitza Leitza

Altsasu Altsasu

Pirinioa Luzaide

Lizarra Lizarra

Iruña Iruña

Barañain

Burlata

Zizur Nagusia

Atarrabia

Antsoain

Berriozar

Noain (Elortzibar)

Aranguren

Agoitz

Irurtzun

Gares

Zangoza Zangoza

Irunberri

Viana Viana

Lodosa

Mendabia

San Adrian Azagra

Azkoien

San Adrian

Tafalla Tafalla

Erriberri

Tutera Tutera

Iragarkiaren kodea: C3209617