I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
84/2003 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Industri eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, gizon eta emakumeek lan aukera berdinak izateko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzen deialdia onesten duena.
Azken aldi honetan, ohartu gara zenbait enpresa txiki eta ertainetan gizon eta emakumeentzat ez dela instalazio bereizirik, komunak eta aldagelak bereziki; sarritan, horren ondorioz ez dira bi sexuetako pertsonak kontratatzen, instalazio falta hori dela-eta, hain zuzen ere.
Halaber, pertsona ezinduei lan munduan sartzea galarazten edo zailtzen dieten oztopoak ere badaude enpresetan.
Hori horrela, eta gizon eta emakumeek eta pertsona ezinduek berdintasuna izan dezaten, bai laneratzean, bai eta lanean aritzean ere, aukera aurreikusten da haien kontratazioa galarazi edo zailtzen duten oztopoak kentzeko enpresek egiten dituzten ekintzak finantzatzeko.
Foru agindu honetan araututako laguntzen bidez, enpresa txiki eta ertainen inbertsioak sustatu nahi dira; hain zuzen ere, instalazio berriak egin eta lanpostuak egokitzeko, oztopo arkitektonikoak kentzeko edo langileentzako babes neurriak hartzeko edo laneko ekipoak egokitzeko, horrela emakumeentzat eta pertsona ezinduentzat errazagoa izan dadin laneratzea, lanean aritzea eta lanean gora egitea.
Horrenbestez, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Foru Agindu honen helburua da honako inbertsio hauetarako dirulaguntzak emateko arauak ezartzea: gizon eta emakumeentzako instalazio bereiziak -komunak, aldagelak eta antzekoak-ez dituzten enpresek 2003. urtean horrelakoetan eginen dituzten inbertsioak, bai eta, pertsona ezinduei begira, lanpostuak egokitzeko, oztopo arkitektonikoak kentzeko edo langileentzako babes neurriak hartzeko edo laneko ekipoak egokitzeko inbertsioak ere.
2. artikulua. Onuradunak.
Enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahal dituzte laguntza hauek, baldin eta 2003. urtean Nafarroako Foru Komunitateko lantokietan ondoko aktibo finko materialetakoren batean inbertsioak egiten badituzte:
_Gizon eta emakumeentzako instalazio bereizirik izan ez eta inbertsioak egiten badituzte gizonezkoak nahiz emakumeak kontratatu ahal izateko.
_Lanpostuak edo laneko ekipoak egokitu, oztopo arkitektonikoak kendu edo langileen babes neurriak ezartzeko inbertsioak, pertsona ezinduak kontratatu ahal izateko.
Laguntza hauen aplikaziorako, enpresa txiki eta ertaina honako baldintza hauek betetzen dituena da:
1._250 langile baino gutxiago izatea.
2._Urteko negozioaren bolumena 40 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 27 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
3._Independentzia irizpidea betetzea. Enpresak irizpide hori betetzen du baldin eta, haren kapitalean edo boto-eskubideetan %25 edo hortik gorako parterik ez badu ETEen definizioa betetzen ez duen ezein enpresa edo enpresa-taldek, muga hori bi kasutan gainditzea dagoelarik:
_Enpresa hori inbertsioko enpresa publikoen, kapital arriskuko enpresen edo inbertsiogile instituzionalen kontrolpean dagoenean, baldin eta horiek ez badute, banaka nahiz batera, enpresaren gainean inolako kontrolik.
_Kapital barreiadurak titularra zehaztea ezinezko egiten duenean, eta enpresak adierazten duenean baduela arrazoirik uste izateko ETE ez den enpresa edo enpresa-talde bakar bat ere ez dela bere kapitalaren % 25aren edo gehiagoren jabe.
3. artikulua. Inbertsio onargarriak eta onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzak jasotzen ahal dituzten gastuak aktibo finko materialen inbertsioetakoak izanen dira, honetarako egiten badira betiere: gizon eta emakumeentzat bereizitako komun, aldagela edo antzekoak eraikitzea, edo lanpostuak nahiz laneko ekipoak egokitzea, oztopo arkitektonikoak kentzea edo langileen babeserako neurriak hartzea pertsona ezinduentzat.
Bi kasuetan, dirulaguntza lortzeko, beste sexuko pertsonak edo pertsona ezinduak, hurrenez hurren, kontratatu beharko dira.
4. artikulua. Aplika daitezkeen onurak.
Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak inbertsioaren % 30 fondo galdura eman diezaieke eskaera egiten duten enpresei.
Dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa 30.000 eurokoa da, gehienez ere.
5. artikulua. Bateraezintasunak.
Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak bateraezinak dira inbertsioa eta enplegua sustatzeko laguntzetarako araubide berria ezartzen duen azaroaren 20ko 361/2000 Foru Dekretuan arautzen diren inbertsio eta enplegurako laguntzekin.
6. artikulua. Eskaeren tramitazioa.
Arau honetan aipatzen diren laguntzak hartu nahi dituzten enpresek, inbertsioak egiten hasi baino lehen, betiere azaroaren 1a baino lehen, eskabide bat aurkeztu beharko dute Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan (Tomás Caballero parkea, 1). Halaber, ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (abuztuaren 7ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 95. zenbakia) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietan.
Eskabidearekin batera, hurrengo agiri hauen bi ale aurkeztu behar dira:
1. Egin nahi den obraren edo inbertsioaren proiektua eta aurrekontua. Lanpostuak edo laneko ekipoak egokitu edo oztopoak kendu behar direnean pertsona ezinduak kontratatu ahal izateko, proiektua justifikatzen duen memoria ere aurkeztu beharko da.
2. Gizon eta emakumeentzako instalazio bereizirik ez dagoela esaten duen zinpeko adierazpena; halaber, beste sexuko pertsonen edo pertsona ezinduen kontratazioari buruzko egiaztagiriak.
3. Enpresak ETE izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duen aitorpena.
4. Enpresak aurreko hiru urteetan lortutako "minimis" laguntzen aitorpen zehatza.
Lan Zuzendaritza Nagusiak aztertu eginen ditu eskabideak eta, orobat, enpresek aurkeztutako agiriak, espedientean beharrezkoak diren agiriak eta datuak bildu direla egiaztatzeko.
Administrazioak hutsuneren bat ikusten badu edota beharrezkotzat jotzen badu enpresari informazio gehiago eskatzea, jakinarazi eginen dio, eta, jakinarazpena egiten denetik enpresak hamar egun izanen ditu esaten zaizkion hutsuneak zuzentzeko edo espedientea datu gehiagoz osatzeko. Enpresak ez badu eskatutakoa aipatu epean betetzen, Lan Zuzendaritza Nagusiak espedientea artxibatu eginen du beste tramiterik gabe.
7. artikulua. Ebazpena.
Lan zuzendari nagusiak, egokitzat jotzen dituen txosten teknikoen ondotik, ebatzi eginen du, eskabideak hartutako hurrenkeraren arabera eta aurrekontuan dirua dagoen bitartean; eskabidea aurkeztu zenetik gehienez ere hiru hilabeteko epea izanen du horretarako.
Eskabidea aurkeztu eta aurreko ataleko epeak beteta, ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.
8. artikulua. Laguntzak ordaintzea.
Egin beharreko inbertsio guztiak egin direla behar bezala frogatu eta egiaztatu delarik ordainduko da laguntza; edonola ere, 2003ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira inbertsio horien frogagiriak.
Programa honetarako zenbatekoa 2002tik 2003ra luzatutako Nafarroako aurrekontu orokorretan honenbestekoa da kontusail honetan: 870000-83110-7709-315102 ("aukera berdintasuna sustatzeko laguntzak"): 120.196 euro guztira.
9. artikulua. Betebeharrak ez betetzea.
Laguntzak deuseztatu eginen dira, baldin eta proiektuan agertzen ziren inbertsioak ez badira egiten, edota laguntza jasotzen duen enpresak faltsutu edo aldrebestu egiten baditu emaniko datu, informazio edo agiriak; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen erantzukizunak eskatu ahal izateko, dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak horretarako biderik ematen badu.
10. artikulua. De minimis eta bateragarritasuna.
Laguntza hauek "Minimis" erakoak dira, Batzordearen 69/2001 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera; hots, onuradunek "minimis" eran guztira jasotzen dituzten laguntzak ez dira 100.000 eurotik gorakoak izanen 3 urteko epean.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Foru Agindu honek indarra hartu baino lehen 2003. urtean egindako inbertsioetarako laguntzen eskabideak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da, honako honek indarra hartzen duenetik hasita.
AZKEN XEDAPENA
Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Foru agindu honen aurka gora jotzeko helegitea jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita bederatzian._Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.
Iragarkiaren kodea: C3171085