I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak
150/2003 FORU DEKRETUA, ekainaren 23koa, Nafarroako Foru Komunitateko sozietate publikoen bitartez egin beharreko obra, zerbitzu, hornidura eta gainerako jardueren zuzeneko exekuzioa arautzen duena.
Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeak aipatzen ditu, 3.1.h) artikuluan, bere aplikazio-esparrutik kanpo utzitako negozio eta kontratuen artean, Administrazioaren eta zuzenbide pribatuko sozietateen artekoak, baldin eta haien kapitalean Administrazioak baldin badu gehiengo partea, dela zuzenekoa dela zeharrekoa.
Merkataritzako sozietateak sortzea Nafarroako Gobernuari dagokio, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen edo Foru Komunitateko zuzenbide pribatuko ente publikoen partaidetza zuzeneko nahiz zeharrekoa bada sozietatearen kapitalaren gehiengo absolutua, Nafarroako Ogasun Publikoaren arauei buruzko abendauren 26ko 8/1988 Foru Legeko 5.2. artikuluaren arabera. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio Foru Komunitatearen titulartasuneko sozietate-eskubideez baliatzea _Nafarroako Ogasunari buruzko irailaren 27ko 17/1985 Foru Legeko 68. artikulua_ eta sozietate horiek gobernatu eta administratzeko organoetan diren Foru Komunitateko ordezkariak behartuak dira Nafarroako Gobernuak ematen dizkien jarraibideak betetzera (aipatutako 68. artikulua, in fine).
Kontuen Ganberak, Nafarroako Foru Komunitateari egin dizkion fiskalizazio-txostenetan, adierazi du komeni dela izatea esparru juridiko bat, Foru Komunitateak jarduera publikorako sor ditzakeen entitateak oro har arautzeko eta zehazteko haiek sortzeko izan dituen arrazoiak, haien araubide juridikoa eta Administrazio orokorrarekin izanen dituzten harremanak: menpekotasuna, jardueren kontu-hartzea, kontu-ematea, etab.
Testuinguru honetan, eta ezertan galarazi gabe Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren sozietateen arteko merkataritza-harremanen alderdi oinarrizkoak garatzeko arauen bat ematea etorkizunean, Foru Dekretu honek Nafarroako Foru Komunitateko sozietate publikoen araubide juridiko, ekonomiko eta administratiboa arautzen du, administrazio-ekintzaren arloan, bere tresna propio eta zerbitzu teknikotzat harturik.
Zuzenbide pribatuko sozietateak Foru Komunitatearen baliabide propio eta tresnatzat hartuko dira, Administrazioak bere esku duenean haien kapitalaren partaidetzaren gehiengo zuzeneko nahiz zeharrekoa, departamentuek gomendatzen dizkieten obra, lan, laguntza tekniko eta zerbitzu-emateak exekutatzearen ikuspegitik. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren Erabakiz halakotzat onartuak izan behar dute.
Obrak, lanak eta agindutako jarduerak exekutatzeko, sozietate publikoek hirugarrenekin egiten dituzten kontratuak publikotasun, konkurrentzia, gardentasun eta objektibotasun printzipioei egokituko zaizkie, salbu eta egin beharreko operazioa printzipio horiekin bateraezina bada.
10/1998 Foru Legearen Lehen Xedapen Gehigarriaren arabera, Nafarroako Gobernuak ahalmena du Foru Lege hori garatu eta gauzatzeko beharrezko iruditzen zaizkion erregelamendu mailako xedapenak emateko, hain zuzen ere Lege haren babesean prestatu baita Foru Dekretu hau.
Nafarroako Kontseiluak, 2003ko ekainaren 16ko bilkuran, Foru Dekretu honen aldeko txostena eman du, edukia antolamendu juridikoari lotzen zaiola uste baitu.
Hori horrela, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko ekainaren hogeita hiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Xedea.
Foru Dekretu honen xedea, Xedapen Gehigarrian ezarritakoa ezertan galarazi gabe, honako hau da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren sozietate publikoek Administrazioarekiko harremanetan izanen duten araubide juridiko, ekonomiko eta administratiboa arautzea, administrazio-ekintzaren arloan, bere tresna propio eta zerbitzu teknikotzat harturik.
Nafarroako Foru Komunitateko merkataritza-sozietateen gainerako enpresa-jarduerak merkataritza-sozietateentzako arau orokorren pean egonen dira.
2. artikulua. Araubide juridikoa.
1. Zuzenbide pribatuko sozietateak, beren kapitalean partaidetzaren gehiengoa, zuzen nahiz zeharrekoa, Administrazioaren esku dagoenean, Foru Komunitatearen baliabide propio eta tresnatzat hartuko dira, departamentuek gomendatzen dizkieten obra, lan, laguntza tekniko eta zerbitzu-emateak exekutatzeko, betiere, sozietate publiko horiek atxikiak dauden Departamentuko kontseilariak proposaturik Nafarroako Gobernuaren Erabakiz halakotzat onartuak direnean.
2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek, hala nola haren menpeko erakundeek eta haren jarduera-planak gauzatzeko haiei loturik dauden edozein modutako entitateek, zilegi dute, baldin eta beren lan eta jarduerak gauzatzeko beharrezkoa bada, lan horiek egiteko mandatua sozietate publikoei egitea, bai eta lan osagarri edo gehigarriak egitekoa ere, Foru Dekretu honetan ezarritako araubidearen arabera.
3. Sozietate publikoak behartuak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskatzen dizkien lan eta jarduerak burutzera. Baliabide propio eta zerbitzu tekniko diren aldetik, betebehar hori beren sozietate-xedea osatzen duten gaietan eginarazten dizkien mandatuei buruzkoa da, soil-soilik.
Mandatu horiek egiteko eskatzeak ez diei haiei ematen, ezein kasutan, inolako ahalmen, eskumen, funtzio edo eskurik, berez Administrazioarena eta Zuzenbide Administratiboari lotua denik.
4. Sozietate publikoek, baliabide propio eta zerbitzu tekniko diren aldetik, Nafarroako Foru Komunitatearekin dituzten harremanak, izan, baliabidezkoak dira eta ez kontratuzkoak, eta, beraz, ondorio guztietarako, barne-harremanak dira, dependentzia eta menpekotasunezkoak.
3. artikulua. Araubide ekonomikoa.
Sozietate publikoak bitartekotzat hartu eta beharturik egindako obra, lan, proiektu, azterlan, zerbitzu eta hornidurak zenbat balio duten finkatzeko, aldez aurretik organo eskudunak onetsitako exekuzio-aurrekontuan jasotako prezioak hartuko dira kontuan.
4. artikulua. Jarduteko araubide administratiboa.
1. Sozietate publikoei enkargatutako nahitaezko jarduketak mandatu bidez bideratuko dira, organo eskudunaren baimenarekin, betiere.
2. Mandatua gauzatu aurretik aginduzko tramiteak bete behar dira: teknikoak, juridikoak, aurrekontukoak, gastuaren kontrol eta onespenari buruzkoak
3. Mandatuaren jakinarazpena, sozietate publikoak, hasiera emateko agindutzat hartu behar du, eta behartua da mandatu hori egitera.
4. Departamentu batek, haren menpeko erakundeek edo hari loturiko edozein motatako entitateek, beharrezkotzat jotzen badute beste departamentu bati atxikitako sozietate publiko bati eskatzea obra, lan, proiektu, azterlan, zerbitzu edo horniduraren bat egiteko, beharrezkoak dituztelako beren eskumen eta funtzioak betetzeko, Departamentu horri jakinaraziko dio, mandatu hori egiteko eskaera sozietatea atxikia dagoen Departamentuak egin dezan.
Hala ere, departamentu bakoitzeko kontseilari titularrak baimen orokor bat eman diezaieke Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuei, haren menepeko erakundeei eta haiei loturiko edozein motako entitateei berak atxikiak dituen sozietate publikoei mandatuak egiteko eskatzeko.
5. Mandatuaren kostua zuzenean ordainduko dio sozietateari prestazioa jaso duen Departamentuak, haren menpeko erakundeek edo hari loturiko edozein motako entitateek.
5. artikulua. Partikularrekiko lankidetzaren araubidea.
1. Sozietate publikoek beren jarduketa nahitaezkoetan enpresaburu partikularren lankidetza eskatzen ahal dute, baina lankidetza horren zenbatekoak ez dauka gainditzerik Nafarroako Administrazio Publikoetako Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeko 118. eta 119. artikuluetan ezarritako zenbatekoak.
2. Lankideak hautatzeko, publikotasun, konkurrentzia, garedentasun eta objektibotasun printzipioei lotuko zaizkie sozietate publikoak, salbu eta jarduera berez bateraezina bada printzipio horiekin.
3. Sozietate publikoek inola ere ezingo dituzte hartu beren arteko harremanetan lankidetzat, ez beren sozietate filialak ez beren partaidetza nagusia den sozietateak.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Foru Dekretu honetan ezarritako araubide juridikoa erabilgarria da zuzenbide pribatuko sozietateentzat, baldin eta haien kapitalean nagusia bada Nafarroako Toki Administrazioko partaidetza zuzen nahiz zeharrekoa. Haien araubide ekonomiko eta administratiboa toki araubideak ezartzen duena izanen da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik burututako Nafarroako Foru Komunitateko sozietate publikoen egintza, hitzarmen eta kontratu guztiek ez dute indarra galduko eta beren ondorioak izaten jarraituko dute.
AZKEN XEDAPENA
Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta hiruko ekainaren hogeita hiruan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.
Iragarkiaren kodea: C3204525