I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
2561/2003 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, emakume langileak saritzeko 2003ko deialdia onesten duena.
"Emakumea eta enplegua" Batzordeak sentsibilizazio neurriak abiarazi ditu emakumearen enplegua eta haren presentzia lan-munduan sustatzeko, bai eta familia eta lana batzeko ere. Horregatik, batzordeburuak proposaturik, egokitzat jo da, izandako lan bilakaeraren bitartez helburu horietan lagundu duten emakumeak saritzeko deialdia egitea.
Horrenbestez, karguak ematen dizkion ahalmenak erabiliz, zuzendari kudeatzaileak
EBATZI DU:
1. Emakume langilearendako sarien III. deialdia, 2003. urtekoa, onestea.
2. Deialdiaren oinarriak, honekin batera heldu direnak, onestea.
3. Oinarri horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea.
Iruñean, bi mila eta hiruko ekainaren hogeita zazpian._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Laura Onieva Larrea.
EMAKUME LANGILEAK SARITZEKO III. DEIALDIA, 2003. URTEKOA
O I N A R R I A K
Lehenbizikoa._Xedea.
Emakume langileendako sariek, Oinarri hauetan arautzen direnek, xedea dute lan edo lanbidean egindakoa dela medio, emakumeak lan munduan sartzeko eta parte hartzeko eginahalak egin dituzten eta lana eta familia batera eramateko konponbideak bilatu dituzten emakumeei esker ona ematea.
Bigarrena._Hautagaiak.
Lan edo lanbidean egindakoarengatik eta lan merkatuan sartu eta moldatzeko eginahalengatik eta gaitasunarengatik nabarmendu diren eta Nafarroan bizi diren emakume langileek, lana euren kontura egin zein besterenera, jasotzen ahalko dituzte deialdi honen sariak.
Hirugarrena._Sariak.
Bi sari emanen dira, bata besteren kontura lan egiten duen emakumearendako eta bestea bere kontura lan egiten duenarendako. Sariak oroitapenezko plakak izanen dira.
Laugarrena._Hautagaiak aurkeztea.
Hautagaiak interesatutako emakumeek berek aurkezten ahal dituzte edo proposatutako emakumeak edo emakumeek behar beste merezimendu biltzen dutela uste duen edozein pertsona fisiko edo juridikok. Hautagaiek legez eraturiko enpresa, erakunde edo elkarteen abala izan beharko dute. Proposamenak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko dira 2003ko irailaren 30eko 14:00ak baino lehen.
Bosgarrena._Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Hautagaiak onartzeko, guttienez, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
_Hautagaiak lan edo lanbidean izan duen jardueraren txosten adierazgarria. Hartan agertuko dira intereseko funtsezko alderdiak, lanpostuaren ezaugarriak, kokapena, etorkizunerako eta enplegua sortzeko aurreikuspenak, izandako zailtasunak eta zein estereotiporen kontra borrokatu behar izan duen, e.a.
_Hautagai den emakume langilearen datu inportanteak.
Osagarri gisa, lan edo lanbidean egindako jarduera zabalago baloratzeko baliagarri diren nahi hainbat agiri ere aurkez daitezke.
Seigarrena._Baloratzeko irizpideak.
Deialdi honetako sariak adjudikatzeko, bereziki ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:
_Lan eta lanbidearen munduan sartzeko eginahalak eta gaitasuna.
_Jarduera berritzailea lan eta lanbidearen munduan.
_Emakumea guttiengoa den lanpostuetan egindako jarduerak.
_Aurkeztutako txostenaren kalitatea.
_Lana eta familia batera eramateko konponbideak (hori sustatzeko ideiak).
Zazpigarrena._Sari banaketa.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enpleguaren eta Emakumearen Batzordeko kideek osatutako Epaimahai batek banatuko ditu sariak.
Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da eta proposamenetan behar diren merezimenduak biltzen dituenik ez balego, sariak eman gabe ere gera litezke. Orobat, oinarri hauek aplikatzean sor daitezkeen zalantzak Epaimahaiak argituko ditu.
Epaimahaiak 2003ko urriaren 31 baino lehen eman beharko du epaia.
Sariak Enpleguaren eta Emakumearen Batzordeko buruak, edo bere ordezkariak, banatuko ditu, aurretik iragarriko den egunean eginen den ekitaldian.
Zortzigarrena._Oinarriak onartzea.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar haren oinarri guzti-guztiak onartzea.
Iragarkiaren kodea: C3209195