92. ALDIZKARIA - 2003ko uztailaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A R T Z I B A R

Gorraitz-Artzibarren, Imizkotzen eta Usotzen estolderia tasa eta hondakin uren arazketarena arautzen dituen ordenantza

Artziko Udalak, 2002ko abuztuaren 29an egin bilkuran, erregelamenduaren araberako quorumarekin, erabaki zuen hasiera batez onestea Gorraitz-Artzibarren, Imizkotzen eta Usotzen estolderia tasa eta hondakin uren arazketarena arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia azaroaren 25ean argitaratu zen, 2002ko 142. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, eta jendaurrean egoteko legezko aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Horiek horrela, ordenatzaren testu osoa ematen da argitara.

Artzin, bi mila eta hiruko ekainaren hamarrean. Alkatea, Alberto Chourraut Salón.

GORRAITZ-ARTZIBARREN, IMIZKOTZEN ETA USOTZEN ESTOLDERIA TASA ETA HONDAKIN UREN ARAZKETARENA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan eta 2/1995 Foru Legea eta 6/1990 Foru Legea aldatzen dituen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean ezarritakoaren babesean.

Zergagaia

2. art. Tasaren zergagaia honela eratzen da:

a) Udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboak, Toki Entitatearen estolderiaren sarera lotzeko baimena eman ahal izateko behar diren baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko.

b) Toki Entitatearen estolderiaren sarearen bitartez gorozkiak, euri-urak, eta ur beltz eta zikinak biltzeko eta horien arazketa-tratamendua egiteko zerbitzua ematea.

3. art. Ez daude tasa honi lotuak finka lurrera eroriak, aurri egoeran deklaratuak edo orube edo lurzati direnak.

Salbuespenak

4. art. Ez da salbuespenik eginen tasa hau ordaintzeko.

Subjektu pasiboak

5. art. Zergadun gisa ordainarazpen honen subjektu pasiboak hauek dira: pertsona fisiko edo juridikoak eta Ordenantza Fiskal Orokorraren 8. artikuluak aipatzen dituen entitateak, honako kasuotan:

a) Finkaren jabea, usufruktuduna edo erabilpenaren titularra, sarera lotzeko lizentzia denean.

b) Zerbitzu horietaz baliatzen diren udalerriko finketako bizilagun edo erabiltzaileak, beren titulua edozein delarik ere (jabeak, usufruktudunak, gela bat hartua dutenak edo maizterrak, baita ordaindu gabe norbaitek utzita bada ere), Ordenantza honetako 2.b) artikuluan sartutako zerbitzuen kasuan.

6. art. Betiere, Ordenantza Fiskal Orokorraren 8. artikuluan ezarritakoa hartuko da ordezko subjektu pasibotzat.

Tributu kuota

7. art. 1. Estolderiaren sarera lotzeko lizentzia edo baimenari dagokion tributu-kuota behin baizik ez da eskatuko eta urtero osoko bilkurak onesten duen zenbateko finkoa izanen da.

2. Estolderia eta arazketa zerbitzuagatik eskatzen den tributu kuota ere finkoa izanen da, hain zuzen ere osoko bilkurak urtero onesten duena.

Sortzapena

8. art. Tasa sortzen da eta ordaindu beharra dago zergagaiaren udal jarduera hasten den unean. Hasieratzat hauxe hartuko da:

a) Sarera lotzeko baimena lortzeko eskabidea aurkezten den egunean, subjektu pasiboak espresuki egiten duenean. Ez da tramitatuko dagokion ordainketa egin gabe.

b) Toki entitatearen estolderiaren sarera egiaz lotzen den egunaz geroztik. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko izapidatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

9. art. Gorozkiak, euri-urak eta ur beltz eta zikinak biltzeko eta horien arazketa-tratamendurako zerbitzuak derrigorrezkoak dira estolderia duten kale, plaza edo bide publikoetara ematen duten fatxada duten Toki Entitateko finka guztientzat, baldin eta finkaren eta sarearen artean ehun metrotik goiti ez badago. Tasa beti kobratuko da, interesatuak sarera lotu ala ez.

Aitorpena, likidazioa eta dirusarrera

10. art. Zergadunaren ordezko subjektu pasiboek alta eta baja aitorpenak egin behar dituzte tasaren subjektu pasiboen zentsuan. Finkaren titulartasunaren aldaketa egiten denetik hurrengo hilabete naturaleko azken egunera bitartean egin behar dira aitorpenak.

11. art. Aurreko artikuluak aipatzen dituen aitorpenek eragina izanen dute egiten den lehen likidaziotik aurrera, betiere alta eta baja aitorpenak aurkezteko epea bukatutakoan.

12. art. Zentsuan hasiera batez sartzea ofizioz eginen da, sarera lotzeko baimena emandakoan.

13. art. Tasa honen kuotak uraren hornidura eta kontsumoaren ordainagiriek dituzten epe berberetan likidatu eta bilduko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

Iragarkiaren kodea: A0306150