III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
A L T S A S U
Iortia Kultur Gunearen erabilera arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena
Altsasuko Udalak, 2003ko otsailaren 28an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Iortia Kultur Gunearen erabilera arautzen duen ordenantza.
Onesteko erabakia 2003ko 38. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 28an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Altsasun, bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita hamarrean. Alkatea, Camino Mendiluze Arregi.
IORTIA KULTUR GUNEAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
I. KAPITULUA
Definizioa
1. artikulua. Iortia Kultur Gunea Udalarena da eta Altsasuko Udala arduratzen da haren erabileraz. Gunearen xedea da kultura bere alderdi guztietan sustatzea eta Altsasuko bizilagunentzako partaidetza-zubi eta erreferentzia izatea gizarte-gaien eta kulturaren arloan.
2. art. Kultur Gunea erabiliko da batez ere jarduera kultural eta soziokulturalak garatzeko, musikaren, antzerkiaren, zinemaren eta arte plastikoaren arloetan, tarteka bestelako jardueretarako erabiltzen ahalko bada ere.
3. art. Udala arduratuko da, Kultur Alorraren bidez, Kultur Gunean egiten diren jarduera, ikastaro eta ikuskizun guztiak antolatu, kudeatu eta jarraitzeaz.
4. art. Kultur Gunea ez da izanen Altsasuko inolako talderen egoitza.
II. KAPITULUA
Ordutegia
5. art. Kultur Gunea, oro har, honako ordu hauetan egonen da irekita:
_Irailetik abuztura bitarte:
Asteartetik ostiralera: 17:00etatik 22:00etara.
Astelehenean: itxita.
_Abuztuan: itxita.
Altsasuko Udalak ordu horiek aldatzen ahalko ditu, Gunea erabiltzeko eskaerak kontuan harturik.
III. KAPITULUA
Jarduerak
6. art. Bertan batez ere jarduera kulturalak, artistikoak, hezkuntza arlokoak, soziokulturalak eta ludikoak eginen dira, eta halakotzat hartzen dira honako hauek:
_Antzerki edo dantza emanaldiak.
_Kontzertuak, entzunaldiak.
_Zine eta bideo proiekzioak, ikus-entzunezkoak.
_Ikastaroak/tailerrak, mintegiak, hitzaldiak edo solasaldiak.
_Erakusketak.
Arestian aipatutako jarduera guztiak lehentasunezkotzat jotzen dira.
IV. KAPITULUA
Espazioak-Aretoak
7. art. Kultur Gunean badaude espazio mota desberdinak, beren ezaugarrien arabera mailaka sailkatzen direnak:
1. maila._Zerbitzu iraunkorrak.
1.A. Kultur eremua.
Areto bat bereiziko da, horretarako bakarrik erabiltzeko, lehenbiziko solairuan. Jendea hartzeko ordutegia zehaztuko da.
1.B. Herri liburutegia.
Lehen eta bigarren solairuan eremu bat bereiziko da Nafarroako Gobernuko Liburutegi Sareak berak bakarrik erabiltzeko, indarra duen hitzarmenean oinarriturik, eta hark erabakiko du jendea hartzeko ordutegia.
2. maila_Balio anitzeko espazioak.
2.A. Erabilera anitzeko aretoa.
3. maila_Erabilera bereziko espazioak.
3.A. Auditorioa.
Leku hau erabiliko da, batez ere, Udalaren ikuskizun programa bertan emateko (musika, antzerkia, dantza, zinea). Zehazki honako hauetarako:
_Antzerki saioak.
_Musika emanaldiak.
_Zine proiekzioak.
Etekin kultural eta ekonomiko handiagoa ateratzeko asmoz, auditorioa uzten ahalko zaie, denbora jakin baterako, talde artistiko eta kulturalei.
Bertan egitekoak izanen dira, baita ere, jaialdiak, sari banaketak, etab.
Espazio hau uzten ahalko zaie elkarte eta taldeei, betiere aretoaren berezko jardueretarako.
Salbuespen gisa, lekua beharrezkoa bada, uzten ahalko da ekitaldi edo bilera sindikal nahiz politikoak egiteko, baina, nolanahi dela ere, Udalaren onespena beharko da.
3.B. Areto txikia.
Espazio honetan bereziki honako jarduera hauek eginen dira:
_Zine eta bideo proiekzioak, ikus-entzunezkoak.
_Hitzaldiak/solasaldiak/eztabaida saioak.
Bertara bideratuko dira, baita ere, elkarte nahiz taldeek horrelako gauzetarako egiten dituzten eskaerak. Auzotarren, sindikatuen edo alderdi politikoen bilerak edo ekitaldiak ere egiten ahalko dira, aretoaren programazioak horretarako aukera uzten badu.
3.C . Erakusketa aretoa.
Batez ere erakusketak egiteko erabiliko da. Aretoan honakoak hartzen ahal dira:
_Udaleko Kultura Alorrak programatzen dituen erakusketak.
_Elkarteek nahiz taldeek programatzen dituzten erakusketak.
_Erakunde, entitate eta bestelako elkarteetatik eskaintzen diren erakusketak.
4. maila_Erabilera esklusiboko espazioak.
4.A. Makinentzako 1 eta 2 aretoak.
4.B. Biltegiak.
Espazio hau erabiliko da Kultur Guneak bereak dituen materialak biltzeko.
V. KAPITULUA
Erabiltzaileak
8. art. Kultur Guneko zerbitzu eta jardueren erabiltzaileak dira bertan egiten diren ikastaro nahiz bestelako jardueretan ikusle, irakurle edo partaide gisa parte hartzen duten pertsona guztiak.
9. art. Kultur Gunearen elkarte/talde erabiltzailea da bertako espazio edo aretoak erabiltzen dituena bere jardueretako batzuk egiteko.
10. art. Hauek dira erabiltzaileen betebeharrak:
_Ezin izanen da erre Kultur Guneko geletan, pasabideetan izan ezik.
_Ezin izanen da jan Kultur Guneko gela bakar batean ere, Kultur Batzordeak baimendutako egoeretan izan ezik.
_Lokalaren garbitasuna eta ez erretzeko lekuak errespetatzea, eta zakarrontziak nahiz hautsontziak erabiltzea.
_Txarteldegiko ordutegiak errespetatuko dira.
_Aktoreen nahiz gainerako ikusleenganako begiruneagatik, puntualak izatea eskatzen da. Sakelako telefonoak eta erlojuetako ordu-seinaleak eta alarmak deskonektatuko dira.
_Ikuskizuna, emanaldia edo proiekzioa hasita baldin badago, ezin izanen da aretora sartu.
_Programaturiko jarduera eta ikuskizunetako guztietan garbi adieraziko da zein adinetako jendearentzat diren. Arreta jartzea eskatzen da.
_Aretoa txukun eta garbi utziko da erabili eta gero, beste eskatzaile batzuek jarraian erabiltzeko moduan.
_Kultur Guneko langileek esandakoa egitea, haiek oharrik eginez gero.
11. art. Altsasuko Udalak berea du aipatutako oharrak errespetatzen ez dituzten pertsonak onartzeko eskubidea. Espazioak behar ez den bezala erabiltzea edo 12. artikuluan xedatutakoa ez betetzea, kanpora botatzeko arrazoia izaten ahal da.
VI. KAPITULUA
Uzteko eta erabiltzeko irizpideak
12. art. Entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Udalak antolatu edo babesten dituen jardueren erabileraren menpe.
13. art. Adjudikatzeko orduan, lehentasuna izanen dute Altsasun kokatu eta antolatutako elkarte eta taldeek.
14. art. Kultur Gunearen erabilerari dagokion arlo ekonomikoan, Udalak baimentzen dituen doako erabilera kasuetan izan ezik, erabiliko dira kasuan kasuko ordenantza fiskalean aipatzen diren tarifak.
15. art. Azaldu diren mailetako bakoitzean, uzteko eta erabiltzeko irizpideak honela zehazten dira:
A. 1. maila._Zerbitzu iraunkorrak.
Ezin dira utzi.
B. 2. eta 3. mailak._Balio anitzeko espazioa eta erabilera bereziko espazioak.
B.1. Erabilera anitzeko aretoa.
C.1. Auditorioa.
C.2. Areto txikia.
_Hiru aretoetako edozeinetan, ikus-entzunezko baliabideak Udaleko langileek erabiliko dituzte edo entitate antolatzaileak behar bezala kreditaturiko adituek, Udalak bere adostasuna eman ondotik.
_Soinuztapen, argiztapen edo zine proiekzioko ekipo teknikoak behar izanez gero, beharrezkoa izanen da Kultur Guneko zerbitzu teknikoaren enpresa kontzesiodunarekin hitzartzea, edozein ekipo tekniko eta beharrezkoa den zerbitzu osagarria erabili nahi bada.
C.3. Erakusketa aretoa.
Altsasuko Udalak bakar-bakarrik utziko du bere erakusketa aretoa, erakusketa artistiko edo soziokulturalak edo eskulangileenak direnean. Aretoa erabiltzeko baldintza hauek bete behar dira:
1. Aretoa dohainik utziko da.
2. Erakusketa egin nahi duenak idatziz eskatuko du aretoa. Eskaerarekin batera aurkeztuko ditu bere ibilbide profesionala, egindako erakusketak eta lortutako sariak, lehen egindako erakusketen katalogoen laginak edo fotokopiak eta erakutsi gogo dituen obren koloretako hiru argazki edo diapositiba.
3. Erakusketak 10 egunetik 30 egunera bitartekoak izanen dira normalean. Data horiek Kultura Batzordeak erabakiko ditu, Kultura teknikariak proposaturik.
4. Udalak idatziz adieraziko dio eskatzaileari eskaera onartu zaiola eta erakusketarako egun jakin batzuk eman dizkiotela.
5. Udalak erakusketari buruzko txartel bat editatuko du eta herrian nahiz komunikabideetan iragarriko du. Udalak txartelak bidaltzen ahalko dizkie herriko nahiz Nafarroako entitate eta korporazio ofizial eta kulturalei.
6. Obra bidaltzeko eta itzultzeko gastuak, non Udalak ez duen bestelakorik erabakitzen artistaren eta obraren interesa kontuan harturik, erakusketa-egilearen kontura izanen dira eta hark bere aldetik aseguratzen ahalko ditu obrak, hala nahi badu.
7. Erakusketa-egilea beharturik dago arduratzera erakusketa muntatu eta kentzeko lanez, zeinak berak eginen baititu edo, bestela, Erakundearen aurrean eskuordetza behar bezala egiaztatua izanen duen bere konfiantzako beste pertsonaren batek. Ez da baimenik emanen paretetan kalte egiten ahal duten materialak erabiltzeko.
8. Kultur Guneko etxezaina arduratuko da aretoa zaindu eta begiratzeaz ezarritako orduetan.
9. Altsasuko Udalak ez du erantzunen, baldin eta istripu, lapurreta, sute edo bestelako arrazoiren batengatik obrak osorik edo parte batean suntsitzen badira.
C. 4. maila_Erabilera esklusiboko espazioak.
C.1. Biltegiak.
Inguruabarrek eraginda eta aldi baterako, eta Kultura Batzordeak horretarako baimena ematen duen aldi oro, partikularrek Altsasuko Udalaren biltegiguneak erabiltzen ahalko dituzte, trasteak, tresneria guztia, eszenako materiala, eta abar gordetzeko.
16. art. Kultur Guneko espazioak uzteko, baldintza hauek ezarri dira:
a) Instalazioak erabiltzeko eskaerak aurkeztu beharko dira gutxienez hogei egun lehenagotik, Iortia Kultur Gunean horretarako dauden inprimaki batzuk erabilita.
b) Uzteko erabakia idatziz emanen da.
c) Erabiltzaileen kontura izanen dira:
_Edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea, behar denean.
_Egile eskubideak ordaintzea, horrelakorik izanez gero.
_Administrazioaren permiso eta baimenak.
_Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntatu eta kentzea, antolamendua Udalarena ez denean, eta betiere, Udaleko langileek edozein momentutan ematen dituzten oharrei kasu egin beharko diete.
d) Udaleko zerbitzu teknikoek edozein momentutan ikuskatzen ahalko dituzte jarduera egiteko instalazio osagarriak muntatu eta kentzeko lanak, eta entitate antolatzaileek horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak onartu eta bete beharko dituzte.
e) Jarduera bat amaitzean, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak ongi gelditzen ote diren, jarduera hasi aurretik zeuden egoera berean.
f) Kultur Gunean egiten diren jarduera guztietan, publizitaterik egiten bada, Udalaren armarria eta Kultur Gunearen logotipoa paratu beharko dira, laguntzen duen entitatea den aldetik.
17. art. Udalari dagokio erregelamendu honetan jaso ez diren kasuak erabakitzea, eta zalantzarik sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa, Kultura Alorreko eskuordearen bitartez, edo, bestela, ezinbestean, dagokion udal organoari.
VII. KAPITULUA
Zehapenak
18. art. Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak
a) Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibilak, penalak, administratiboak, lan edo zerga arlokoak, edo edozein tankeratakoak, eta beren kontura geldituko dira erantzukizun horietatik etortzen diren kalte eta galeren ordainak, Udala erabat salbu geldituko baita horrelakoetatik.
b) Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen jarduerarako.
c) Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen jendeak egiten dituen gauzengatik; izan ere, entitate antolatzailearena beste inorena ez baita izanen erantzukizun hori.
d) Entitate antolatzaileen kontura da, instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen eta kalteak konpondu edo ordaintzea, edozein izan dela arrazoia edo zergatia. Horretarako, Udalak aurkeztuko dio likidazioa, non ez den bera zuzenean egin behar diren konponketen kargu egiten, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.
19. art. Arau-haustetzat joko dira:
a) Jabetzaren aurkako hutsegite eta delituak.
b) Instalazioak eta zerbitzuak behar ez den bezala erabiltzea.
c) Lokaletan dauden ondasun higigarri nahiz higiezinetan hondamen edo kalteak eragitea.
20. art. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak jarriko dira kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte.
21. art. Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak bide exekutiboaren bitartez gauzatu eta betearaziko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena._Ordenantza osoa edo bere zati bat aldatzeko, Kultur Batzordea biltzeko deia eginen da, testua aldatzeko asmoaren berri emanda dei horretan bertan. Agertzen diren kideen bi herenek eman beharko dute adostasun txostena.
Bigarrena._Ordenantza honetan aipatzen ez diren kasuetan, Kultur Batzordeak hartuko du erabakia.
1. ERANSKINA
Zerbitzuen ordutegiak
1._Kultura zerbitzua:
astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era.
2._Kultur Gunea.
astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 21:00etara.
3._Erakusketa aretoa.
astelehenetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara.
Larunbat/igande/jaiegunetan.
4._Herri liburutegia.
Iragarkiaren kodea: A0306052