89. ALDIZKARIA - 2003ko uztailaren 11

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A L T S A S U

Gure Etxearen erabilera arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2003ko otsailaren 28an eginiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Gure Etxearen erabilera arautzen duen ordenantza.

Onesteko erabakia 2003ko 38. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 28an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Altsasun, bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita hamarrean. Alkatea, Camino Mendiluze Arregi.

GURE ETXEAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Definizioa

1. artikulua. Gure Etxea Udalarena da eta Altsasuko Udala arduratzen da haren erabileraz. Jendea topatzeko eta biltzeko gunea da, eta Altsasuko esparru soziokulturala dinamizatzea du helburu.

2. art. Altsasuko Udalaren osoko bilkurak eta Altsasuko alkatetzak Kultur Batzordeari edo Kultur Batzordeko burua den zinegotziari eskuordetzen ahalko dizkiete kultur guneko jarduera, ikastaro eta ikuskizunak antolatu, kudeatu eta jarraitzea dela-eta dituzten eskumenak. Eskuordetze erabakian bertan zehaztuko dira nondik-norakoak.

3. art. Gure Etxea ez da izanen Altsasuko ezein talderen egoitza, eta hango gelak ez dira sekula ere taldeek bakarrik erabiltzekotzat joko.

II. KAPITULUA

Arau orokorrak

4. art. Gure Etxean, pasilloa kenduta, gainerako gela guztietan ezin izanen da erre.

5. art. Ezin izanen da jan Gure Etxeako gela bakar batean ere, Kultur Batzordeak baimendutako egoeretan izan ezik.

6. art. Animaliak sartzea debekatuta egonen da kasu guztietan.

7. art. Aretoetan, jarduerak egin ahal izateko gauzak egonen dira bakarrik, eta, beharrezkoa dela uste bada, erakusgai diren materialak kendu eginen dira.

8. art. Zertarako eskatzen diren aretoak, horretarako erabiliko dira eta ez beste ezertarako.

9. art. Gure Etxea erabiltzen duten taldeek eta lagunek konpromisoa hartuko dute, instalazioetan diren ondasun higigarri zein higiezinak zaintzeko.

10. art. Ezartzen diren ordutegiak begiratu eginen dira.

11. art. Aretoa txukun eta garbi utziko da erabili eta gero, beste eskatzaile batzuek jarraian erabiltzeko moduan.

III. KAPITULUA

Ordutegia

12. art. Honako ordu hauetan egonen da Gure Etxea irekita:

_Irailetik abuztura bitarte:

Asteartetik ostiralera: 17:00etatik 22:00etara.

Astelehena: itxita.

_Abuztuan: itxita.

Altsasuko Udalak ordutegi hori aldatzen ahalko du, antolatzen diren jarduerek dituzten beharrak kontuan izanik.

IV. KAPITULUA

Jarduerak

13. art. Gure Etxeako geletan hainbat jarduera gauzatu ahalko dira. Funtsean, honako hauek:

_Bilera puntualak, udal zerbitzuek eskatuta edo elkarte zein taldeek galdatuta.

_Ikastaroak/lantegiak.

14. art. Auzokoen, sindikatuen edo alderdi politikoen bilerak edo ekitaldiak ere egiten ahalko dira, aretoak erabiltzeko moduan diren orduetan.

15. art. Entitateek edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Udalak antolatu edo babesten dituen jardueren menpe.

V. KAPITULUA

Erabiltzaileak

16. art. Gure Etxeako aretoak baliatzen dituzten elkarteak edo taldeak dira erabiltzaileak.

17. art. Hauek dira erabiltzaileen betebeharrak:

_Gelaren erabilera eskatzeko idazkia betetzea.

_Gure Etxeako giltzak Iortia Kultur Guneko atezaintzan hartzea eta uztea, gorago aipatutako ordutegian.

_Ezarritako ordutegiak begiratzea.

_Aretoa hasieran bezala uztea, txukun eta garbi; erretzea debekatuta dagoen guneetan ez erretzea, eta paperontziak eta hautsontziak erabiltzea.

_Utzi zaien azpiegitura era egokian baliatzea.

_Bertan diren altzariak zaintzea eta egokiro erabitzea.

_Iortia Kultur Guneko langileek esandakoa egitea, haiek oharrik eginez gero.

VI. KAPITULUA

Erabilera: uzteko eta erabiltzeko irizpideak

18. art. Gure Etxeako espazioak uzteko, baldintza hauek ezarri dira:

a) Jarduera egin baino hiru egun lehenago, eskabide idatzia aurkeztea, Iortia Kultur Gunean horretarako diren inprimakiak erabilita.

b) Ordenantza honetako 17. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

19. art. Adjudikatzeko orduan, lehentasuna izanen dute Altsasun kokatu eta antolatutako elkarte eta taldeek.

20. art. Kultur Gunearen erabilerari dagokion arlo ekonomikoan, Udalak baimentzen dituen doako erabilera kasuetan izan ezik, ordainduko dira kasuan kasuko ordenantza fiskalean aipatzen diren tarifak.

VII. KAPITULUA

Zehapenak

21. art. Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.

Erabiltzaileek erantzun beharko dute, maltzurkeria edo utzikeria direla medio bertan eragindako kalte eta galerengatik.

Erabiltzaileak bat baino gehiago badira, denek elkarrekin eta solidarioki ordainduko dituzte bai tasak, bai aretoetan, instalazioetan eta bertan dauden ondasunetan egiten dituzten kalteak eta galerak, bai ezartzen zaizkien zehapenak, halakorik bada.

22. art. Honako hauek arau-hausteak izanen dira:

a) Udalaren baimenik gabe joan eta gelak hartzea.

b) Aretoetan, instalazioetan, ekipoetan eta erabilitako geletako ondasun higigarrietan kalteak egitea.

c) Eraikinean sartzeko giltzen kopiak egitea Udalaren baimenik izan gabe.

d) Eraikinean sartzeko giltzak ez itzultzea jarduera bukatu eta gero.

23. art. Espazioak behar ez den bezala erabiltzea eta 17. artikuluan xedatutakoa ez betetzea, kanpora botatzeko arrazoia izaten ahal da.

24. art. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak jarriko dira kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte.

25. art. Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak bide exekutiboaren bitartez gauzatu eta betearaziko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Ordenantza osoa edo haren zati bat aldatzeko, Kultur Batzordea biltzeko deia eginen da, testua aldatzeko asmoaren berri emanda dei horretan bertan. Agertzen diren kideen bi herenek eman beharko dute aldeko txostena.

Bigarrena._Ordenantza hauetan aipatzen ez diren kasuetan, Kultur Batzordeak hartuko du erabakia.

Iragarkiaren kodea: A0306051