III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
G A Z T E L U B E R R I
Gazteluberriko udal mugapean onddo, ziza eta gainerako produktu naturalen aprobetxamendurako barrutia arautzen duen ordenantza
Gazteluberriko Udalak, 2002ko uztailaren 19an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Gazteluberriko udal mugapean onddo, ziza eta gainerako produktu naturalen aprobetxamendurako barrutia arautzen duen ordenantza, eta zegokion iragarkia 2002ko 102. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 23an.
Argitaratu zenetik hogeita hamar eguneko epea iragan baita espedientearen aurkako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, Gazteluberriko Udalak, 2002ko irailaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betikoz onestea. Hona hemen testua oso-osorik:
GAZTELUBERRIKO UDAL MUGAPEAN ONDDO, ZIZA ETA GAINERAKO PRODUKTU NATURALEN APROBETXAMENDURAKO BARRUTIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Oinarria: Gazteluberriko Udalak, herritarren iritzia bere eginez, uste du oso kaltegarria dela udalerrian onddo eta zizak biltzea dela eta gertatzen ari dena.
Aspaldiko denboretatik, horien bilketa egin izan dute herriko bizilagunek batez ere, bakoitzak bere etxeko kontsumorako, sekula inolako arazorik eragin gabe.
Arazoa sortu da, ordea, beste gisa bateko biltzaile mota bat agertu baita, onddo eta zizak kopuru handitan biltzen duena, gehienbat asteburuetan, klase askotako molestiak sortuz eta errespetatu gabe lur horietan egiten diren bestelako aprobetxamendu baimenduak, abeltzaintzakoa, esate baterako (atakak zabalik uzten dituzte, alanbre sareak mozten dituzte, ibilgailuak aparkatzen dituzte basoberritzen ari diren lur partikularretan, eta abar).
Ikusirik horrek guztiak herritarrei eragiten dien ezinegona, Udalak erabaki du onddo eta zizen barruti bat sortzea.
Gazteluberriko Udalak, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko Legean (abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea) eta Mendien Erregelamenduan (otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretua) aitortutako eskubidea erabiliz, arautu egiten ditu Gazteluberriko udalerrian onddo, ziza eta gainerako produktu naturalen aprobetxamenduak, herritarren aprobetxamenduetako eskubideak errespetatuz.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da onddo, ziza eta gainerako produktu naturalen aprobetxamendua arautzea Gazteluberriko udal mugapean.
2. art. Aprobetxamenduak.
Aprobetxamendu hauek eginen dira kontuan hartuz naturako baliabide berriztagarriez ari garela, haien zentzuzko erabilera dagokien kontserbazio egokiarekin uztartuz, ekosistemaren oreka eta espezieen iraupena bermatuz.
3. art. Barrutiko lurrak.
Onddo, ziza eta gainerako produktu naturalen barrutian honako lur hauek sartzen dira:
a) Gazteluberriko Udalaren herrilurretako finkak.
b) Udalak ezartzen dituen arau hauek bere egiten dituzten jabeen udal mugapeko finka partikularrak.
4. art. Onuradunen araubidea.
1._Oro har, onddo, ziza eta gainerako produktu naturalen aprobetxamenduen doako onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea edo judizialki burujabea.
b) Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urtebeteko antzinatasunez.
c) Urtean bederen bederatzi hilabetez egiazki eta jarraian bizi izatea herrilurren titularra den entitatean.
d) Udal honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.
2._Aprobetxamendu honetarako eskubidea izanen dute, zuzenean eta dohainik, baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek:
a) Udal mugapearen barrenean kokaturiko etxebizitzen jabeak, ez bizilagun ez egoiliar ez direnak.
b) Herriko seme-alabak, erroldan ez daudenak eta egoiliar ez direnak, bertan ondasunik ez dutenak.
3._Herriarekin loturarik ez duen edozein pertsonak, Gazteluberriko Udalari egokia iruditzen bazaio, egunero biltzen ahalko ditu onddo, ziza eta gainerako produktu naturalak, 6. artikuluko f) atalean aipatzen den kopuru mugatutik goiti, baldin eta aldez aurretik ordaindu badu Gazteluberriko Udalak gisa honetako aprobetxamenduetarako onetsi duen urteko kanona.
Udalak egiten duen osoko bilkura batean erabakiko da egokia ote den kanpotarrei aprobetxamendurako aukera ematea edo ez, kontuan hartuz urte horretan zenbat produktu natural izan den.
Ordaindu beharrekoa aldi batean emateko eskatuko da eta izanen da Udalak urtero ezarriko duen zenbateko finko bat.
Denboraldi bakoitza hasi aurretik, Udalak interesatuei banatuko dizkie kasuan kasuko kuota ordaindu izanaren agiriak. Udaletxean bertan hartuko dira txartel horiek, bilketa sasoia hasi aurretik edo horrek dirauen bitartean. Interesatuek aldean eraman beharko dute nahitaez produktu naturalen bilketarako baimen-txartela, aprobetxamendu horretan ari diren aldiro.
5. art. Onartzen da mendiak aisiarako erabiltzeko eskubide orokorra, horren bidez inolako aprobetxamendurik egiteko ahalik eman gabe.
6. art. Betebeharrak.
Onddo eta zizen aprobetxamenduan baldintza hauek bete behar dira:
a) Onddoek eta zizek beren ziklo biologikoa bete ahal izan dezaten, karpoforoak bildu beharko dira txapela erabat irekita dutela eta azpiko orriak edo esponja bururaino garaturik eta koloreztaturik, espezie bakoitzari dagokion bezala.
b) Bakar-bakarrik biltzen ahalko dira Nafarroako Gobernuak baimentzen dituen espezieak. Baimentzen ez diren espezieak errespetatu beharko dira.
c) Hondatuak dauden karpoforoak mendian utziko dira, espeziea zabaltzeko balio baitute.
d) Karpoforoak kontu handiz hartuko dira, mizelioari kalterik ez egiteko. Hankak moztu eta motzondoak orbelen azpian sartuko dira, espeziea zabaltzen laguntzeko.
e) Helburu zientifikoa bada, interesatuaren eskariz Ingurumeneko zuzendari nagusiak espresuki emandako baimenean zehazten diren kopuruak biltzen ahalko dira, baina, betiere, Gazteluberriko Udalaren baimena ere beharko da.
f) Barrutian sartuak ez dauden pertsonek gehienez ere hamar ale biltzen ahalko dituzte, dohainik, pertsona eta egun bakoitzeko, barrutiak hartzen dituen espezieetatik.
g) Gainerako produktu naturalei dagokienez, haiek biltzerakoan begiratu behar da kalterik ez egiteko zuhaitzei, zuhaixkei edo inguruneari.
h) Oihan administrazioak egiten dituen ikuskapenez aparte, Gazteluberriko Udalak begiratuko du, aipatutako espezieen aprobetxamendua modu ordenatuan egin dadin.
7. art. Onddo, ziza eta gainerako produktu naturalen aprobetxamenduaren onuradunen beharkizunak.
a) Errespetatu beharko dituzte barruti honek hartzen dituen lurretan egiten diren larre aprobetxamendu baimenduak, erabat debekaturik baitago aziendak molestatzea, atakak irekita uztea eta hesiko alanbrea moztea. Alanbrezko hesia pasatuko da horretarako espres jarritako ataketan eta pertsonendako pasaguneetan barna.
b) Erabat debekaturik dago ibilgailuak aparkatzea nekazaritzarako edo oihan basoberritzeetarako lurretan. Halaber, errespetatu beharko dira basoberritutako finkak mugatzen dituzten itxiturak.
c) Gazteluberriko landa bideetan barna zirkulatzeko, ibilgailuen abiadura egokitu beharko da, bideen egoeraren eta ezaugarrien arabera, eta mantsotu beharko da, baldin eta ikusten badira ibilgailu bereziak, ibilgailu motelak, azienda taldeak edo jendea.
8. art. 1._Eskubiderik izan gabe legez kanpoko aprobetxamendua egiten duenari isuna paratuko zaio, 30,05 eurotik 300,51ra bitartekoa, nolako aprobetxamendua egiten duen, eta ordainaraziko zaizkio eragindako kalte-galerak; horretaz gain, konfiskatuko zaizkio hartu dituen ondasun eta produktuak.
2._Zehapen espedientearen kopia bat igorriko zaio Guardia Zibilari, erantzukizun penalik ote dagoen ikus dezaten.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Gazteluberriko Udalak hilabeteko epean aztertuko ditu paratzen diren kartelak, leku agerietan kokatuak, zeinetan ohartaraziko baita onddo, ziza eta gainerako produktu naturalen aprobetxamendua debekaturik dagoela onuradun ez diren edo behar den baimena ez duten pertsonentzat. Horretaz gain, zaintza sistema bat paratuko da, ordenantza hau betetzen dela bermatzeko.
AZKEN XEDAPENA
Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatutakoaren aurka jotzen dute usadio eta ohitura guztiak.
Ordenantza honetan xedaturik ez dagoen guztian, Nafarroan indarra duen legeriak aginduko du, zehazkiago honako testu hauek: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak (6/1990 Foru Legea), Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduak (280/1990 Foru Dekretua) eta Mendien Erregelamenduak (59/1992 Foru Dekretua).
Gazteluberrin, bi mila eta biko irailaren hogeita seian. Alkatea, José Hernández Aristu.
Iragarkiaren kodea: A0306117