I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.4. Ebazpenak
476/2007 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Kultura zuzendari nagusiak emana, dokumentuak kontserbatu eta deuseztatzeko irizpideak eta segurtasun eta konfidentzialtasunerako jarraibideak onesten dituena, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak ekainaren 22an egindako bilkuran proposatutakoari jarraikiz.
Dokumentu Ondarea Kudeatzeko Atalak egindako txostena ikusirik, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren ikus-onespena izanik.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen maiatzaren 16ko 73/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Dokumentuak kontserbatu eta deuseztatzeko irizpideak onestea.
2. Dokumentuak deuseztatzen direnean segitu beharreko segurtasun eta konfidentzialtasunerako jarraibideak onestea.
3. Bi erabaki horien testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzura, Dokumentu Ondarea Kudeatzeko Atalera eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea.
Iruñean, 2007ko uztailaren 17an._Kultura zuzendari nagusia, Camino Paredes Giraldo.
DOKUMENTUAK KONTSERBATZEKO ETA DEUSEZTATZEKO IRIZPIDEAK
Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 2ko 14/2005 Legeak debekatzen du dokumentu ondare diren ondasunak deuseztatu edo suntsitzea, ez publikoak, ez eta pribatuak ere, organo eskudunaren ebazpena izan ezean. Gainera, 40 urtetik gorako antzinatasuna duten dokumentuei babes berezia aitortzen die.
Hortaz, urriaren 30eko 75/2006 Foru Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak ondoko irizpideak onetsi ditu artxiboko dokumentuak deuseztatu edo etengabe kontserbatzeko, gero artxiboen arloan eskumena duen organoak onets ditzan:
1._Etengabe kontserbatzeko irizpideak.
Oro har, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak dokumentu hauek etengabe kontserbatzea erabakiko du:
a) Erakunde baten sorreraren inguruko gorabeherak ezagutzeko bidea ematen duten dokumentuak.
b) Erakunde baten antolaketa egituraren bilakaera, haren eginkizun politiko eta administratiboak, kudeaketa estrategiak (plan estrategikoak, politikoak eta programak), jarduera eta, orobat, estrategia eta jarduera horien garapena eta eragina ezagutzeko bidea ematen duten dokumentuak.
c) Lege, erregelamendu eta bestelako arauak prestatu eta onesteko bidea erakusten duten dokumentuak.
d) Pertsonen eta entitate publiko eta pribatuen eskubideak abalatzen dituzten dokumentuak, dela erakundearen beraren eskubideak, dela beste batzuekiko harremanei buruzkoak.
e) Pertsonen arteko harremanei buruz eta pertsonen eta erakundeen arteko harremanei buruz informazio garrantzitsua ematen duten dokumentuak.
f) Erakundearen memoria historikoa osatzeko garrantzitsuak diren dokumentuak.
g) Aurrerapen sozial, teknologiko eta zientifikoei buruzko informazioa ematen duten dokumentuak.
2._Deuseztatzeko irizpideak.
2.1. Oro har, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak dokumentu hauek deuseztatzea erabakitzen ahalko du:
a) Oso hondatuak egoteagatik, informazioa berreskuratzeko aukerarik ez duten dokumentuak.
b) Informazio nagusia beste dokumentu batzuetan jasota duten jatorrizko dokumentuak.
c) Jatorrizko agiri ugari dituzten dokumentuak, erakunde sortzaileak jatorrizko agiri bat gordetzen baldin badu espediente nagusian.
d) Administrazio Publiko baten eskura dauden bigarren jatorrizko dokumentuak edo kopia bakarrak, jatorrizko dokumentuak beste administrazio bati igorri baldin badizkio, legez edo erregelamenduz araututako jarduera baten barrenean.
e) Nabarmenki balio galkorra duten jatorrizko dokumentuak edo entitate sortzailearen inolako administrazio prozeduraren parte ez direnak.
f) Pertsonen edo entitate publikoen eskubideak eta beharkizunak egiaztatzeko balioa duten artean ez da inolako dokumenturik deuseztatuko.
2.2. Deuseztatzen diren jatorrizko dokumentu guztien lekuko bat gorde beharko da. Kasuan kasuko ebaluazio batzordeak erabakiko du azterturiko seriearen ezaugarriak hobekien finkatzen dituen laginketa-teknika.
2.3. Oro har, dokumentu hauek deuseztatzeko ez da baimenik beharko:
a) Dokumentuen erreprodukzioak edo kopia bakunak, jatorrizko dokumentua erakundean berean egoera onean gordeko delako bermea baldin badago.
b) Informazioa osatzeko helburua duten dokumentuak, espediente baten parte ez direnean.
c) Zirriborroak, kopiak, minutak eta, oro har, jatorrizko agiriak prestatzeko prozesuan erabiltzen den dokumentazioa.
SEGURTASUN ETA KONFIDENTZIALTASUNERAKO JARRAIBIDEAK
Urriaren 30eko 75/2006 Foru Dekretuaren 9.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak honako jarraibide hauek proposatu ditu dokumentazioa suntsitzeko orduan segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko:
a) Isilpeko datuak (pertsonalak, ekonomikoak edo industrialak) dituzten dokumentuak suntsitu behar direnean, urrats hauek segituko dira:
_Suntsitu beharreko dokumentazioa biltontzi opakuetan sartuko da, kontsultatzerik ez izateko.
_Suntsitu baino lehen, dokumentazioa toki erreserbatu eta seguruetan gordeko da.
_Suntsitzeko orduan, gizakiak manipulatu ezin dituen sistemak erabiliko dira.
_Suntsiketaren ziurtagiria beti eskatuko da, eta bertan honako datu hauek jasoko dira: enpresaren izena, suntsiketaren eguna, suntsitzeko prozedura eta gainbegiralearen identifikazio datuak.
b) Isilpeko datuak (pertsonalak, ekonomikoak, industrialak) dituen dokumentazioa (jatorrizkoa edo kopia) euskarri elektronikoan baldin badago, hori deuseztatzeko prozedura seguru bat erabili beharko da, edukiaren arrastorik uzten ez duena.
c) Administrazio publikoek dokumentazioa ingurumena babesteko araudiari jarraikiz suntsitzen dela begiratuko dute, eta hori helburu, informazioa biltzen duen materiala egoki birziklatzeko sistema aukeratuko du.
Iragarkiaren kodea: F0711839