89. ALDIZKARIA - 2003ko uztailaren 11

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

U R D I A I N

Urdiaingo herri liburutegiko arduradun lanpostua betetzeko deialdia

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Urdiaingo herri liburutegiko arduradun lanpostua oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Hautatua gertatzen den pertsona, izendapenaren bidez, lan-kontratudun finko bihurtuko da, lanaldi partzialarekin, horrek dakartzan ondorio guztiak izanik, kontratua sinatzen den une berean.

1.3. Lanpostuaren lansaria izanen da "C" mailaren zati proportzionala (ordutegiaren arabera), uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.4. Asteko lanaldia hamabost ordukoa izanen da. Aukera modura, proposatzen da egunean hiru orduz aritzea (de 5:30etik 8:30era, gutxi gorabehera), astelehenetik ostiralera, baina ordutegi hori noiznahi aldatzen ahalko du Udalak, zerbitzuaren beharren arabera.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Honako deialdi honetan onartua izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa izatea.

b) Adinez nagusi izatea.

c) L.H.2.ko titulua, Batxilergokoa edo baliokidea edukitzea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, eta administrazio baten zerbitzutik bereizia ez izana.

e) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikorik aski izatea.

f) EGA titulua edo baliokidea izatea edo 6.2.2. atalean aipatzen den euskara proba gainditzea.

2.2. Aurreko baldintza horiek deialdi honetan ezarritako epe eta moduan egiaztatu beharko ditu probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzen dituela ulertuko da.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Urdiaingo Udaleko erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, edo 30/92 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina eta azken eguneko (egun balioduna bada, bestela hurrengo baliodunean) arratsaldeko ordu biak arte.

3.2. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean. 3.3. Eskabidearekin batera ondoko agiriak ere aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionala edo parekatua.

b) Zinpeko edo aginduzko aitorpena, 2.1 oinarriko baldintzak betetzen dituela adierazten duena.

c) Baremorako alegatzen diren merezimendu guztien dokumentazioa, jatorrizkoa nahiz fotokopia konpultsatuak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate jaunak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean nahiz Urdiaingo Udalaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunean, erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta direnak ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean nahiz Udalaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du, bertan adierazita probak non eta noiz hasiko diren.

Deialdia argitaratzen denetik probak hasi arte, bi hilabeteko tartea utzi beharko da, gutxienez.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Urdiaingo Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Urdiaingo Udaleko zinegotzi bat, alkateak izendatua.

1. mahaikidea. Concepción Vidaurre Donamaría, Liburutegi Sarearen Ataleko burua.

Ordezkoa: María Carmen Martínez Pérez, Informazio Sistemen Bulegoko burua.

2. mahaikidea. María Luz Oyarbide Irigoyen, Altsasuko herri liburutegiko arduraduna.

Ordezkoa: María Carmen Salas Ibarrola, liburutegiko arduraduna, Liburutegi Sarearen Atalari atxikia.

3. mahaikidea. Jesús María Llorens. Etxarri-Aranazko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Angel Lag. Arbizuko idazkaria.

4. mahaikidea. Mariano Galarza Lizarraga. Langileen ordezkaria.

Idazkari arituko da Udaleko titularra.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da eta ezin izanen da eratu gutxienez kideen gehiengoa bertan ez bada.

5.2. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

6._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa lau fasetan eginen da, lehiaketa fasearekin hasiko baita, euskara proba izanen da gero, ondotik oposizio fasea etorriko da eta, amaitzeko, epaimahaiko kideekin elkarrizketa pertsonala eginen da, oinarri hauetan zehazten den moduan. Epaimahaiak erabakitzen ahal du fase horiek guztiak egun berean egitea.

6.2.1. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoaren arabera baloratu ere, gehienez ere 10 puntu bitarte.

_Laneko esperientzia (gehienez ere 3 puntu atal honetan):

Urdiainen pareko biztanle kopurua edo gehiago duten herrietako herri liburutegietan emandako zerbitzuak, urte bakoitzeko: 1 puntu; gehienez ere 3 puntu.

Urdiainek baino biztanle gutxiago duten herrietako herri liburutegietan emandako zerbitzuak, urte bakoitzeko: 0,50 puntu, eta gehienez ere 2 puntu.

Urtebetera ailegatzen ez den denbora kontuan hartzeko, kontatuko dira bakar-bakarrik egindako hiruhileko osoak, eta horietako bakoitzarengatik emanen da alegatutako merezimenduaren urteko balioaren % 25.

_Titulazio akademikoa (gehienez ere 4 puntu atal honetan):

Lizentziatua, ingeniaria, arkitektoa edo baliokidea: 2 puntu, eta gehienez ere 4 puntu.

Diplomatua, ingeniari teknikoa, arkitekto teknikoa edo baliokidea: 1 puntu; eta gehienez ere 2 puntu.

_Prestakuntza osagarriari dagokionez, bakarrik sartzen dira baremoan zentro edo erakunde ofizialek emandako agirien bidez egiazta daitezkeen merezimenduak (gehienez ere 3 puntu atal honetan):

30 ordutik goitiko ikastaro bakoitza, liburutegien antolaketa eta/edo funtzionamenduari buruz: 1 puntu; eta gehienez ere 2 puntu.

15 ordutik goitiko ikastaro bakoitza, liburutegien antolaketa eta/edo funtzionamenduari buruz: 0,50 puntu; gehienez ere 2 puntu.

30 ordutik goitiko ikastaro bakoitza, bulegoen antolaketa eta/edo funtzionamenduari, informatikari, dinamizazioari eta antzekoei buruz: 0,50 puntu; gehienez ere 1 puntu.

15 ordutik goitiko ikastaro bakoitza, bulegoen antolaketa eta/edo funtzionamenduari, informatikari, dinamizazioari eta antzekoei buruz: 0,25 puntu, eta gehienez ere 1 puntu.

Balorazio hori amaitu ondotik, emaitzak jendaurrean paratuko dira Udalaren iragarki oholean, eta 5 egun balioduneko epea izanen da erreklamazioak aurkeztu ahal izateko.

Erreklamazioak ebatzi eta gero, behin betiko balorazioa jendaurrean jarriko da iragarki oholean.

6.2.2. Euskara neurtzeko proba

Plantilla organikoan lanposturako betebehar berariazkotzat jotzen den euskara maila frogatzeko, lehiaketaldia amaitu ondoren, Nafarroako Gobernuko Euskara Departamentuko langileek euskara proba bat eginen dute, EGA titulua edo baliokideren bat ez duten izangaien hizkuntz gaitasuna neurtzeko. Proba hori gainditzen ez bada, izangaia deialditik at geldituko da.

6.3. Oposizioaldia:

Izangaiek bi proba egin beharko dituzte.

_Lehenbiziko proba praktikoa izanen da, honako lan hauek egin beharko baitituzte:

1. 3 obra katalogatzea (epaimahaiak hautatzen dituenak), honako hauen arabera: Reglas de Catalogación-Madrid: Dirección General del Libro, Archivos y Bibliotecas, 1995; oposiziogileek arau horietako ale bat erabiltzen ahal dute.

2. a) 3 obra sailkatzea (epaimahaiak hautatzen dituenak), Sailkapen Hamartar Orokorraren arabera (C.D.U.), betiere Aenor-ek 1995ean argitaratu zuen edizioaren arabera; oposiziogileek erabiltzen ahalko dituzte kasuko taulak.

b) Obra horietako gaien izenburuak idaztea, "Lista de Encabezamientos de Materia para Bibliotecas Públicas" (Madrid: Dirección General del Libro y Bibliotecas,1993.) testuaren arabera. Oposiziogileek zerrenda horren ale bat erabiltzen ahalko dute.

Ariketa honen puntuazioa 0-20 puntukoa izanen da, probako zatietako bakoitza 0-10 puntu eginez.

_Bigarren proba teorikoa izanen da, izangaiek bi gairi buruz idatzi beharko baitute, II. eranskinean daudenetatik zozketa bidez bereizita.

Ariketa honetan 0-15 puntu emanen dira.

6.4. Elkarrizketa pertsonala epaimahaiarekin, egin beharreko lanaren gorabeherei buruz. Gehienez ere 5 puntu lortzen ahal dira, eta ez da baztertzailea izanen.

6.5. Epaimahaiko kide bakoitzak bere aldetik emanen du kalifikazioa, eta guztien banaz-bertzeko aritmetikoa izanen da ariketa zati bakoitzaren puntuazioa.

6.6. Probak egiteko egutegia: 2003ko azaroa-abendua.

7._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, Udalaren iragarki oholean, izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren hurrenkeran, haietako bakoitzak ariketetan atera dituen kalifikazioak batuz, eta Udalari puntuaziorik altuena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalean:

a) NANaren fotokopia.

b) Tituluaren edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzen duen agiriaren fotokopia konpultsatua.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Eskualdeko osasun etxeak luzatutako ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion akats fisiko edo psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

7.3. Aipatu epearen barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbu, arestiko agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta bere egintza guztiak deuseztatuak geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela medio etor dakiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Udalak beteko du hutsunea probak gainditu dituztenen zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin, eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8._Kontratazioa.

8.1. Udalak aurreko oinarrian ezarritakoa bete duen izangaia kontratatzeko agindua emanen du.

8.2. Izangai hautatuak kontratua sinatu behar du Udalak horretarako erraten dion egunean. Egun horretan agertzen ez bada, ezinbesteko kasuetan salbu, Udalaren lan-kontratudun izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

8.3. Izangaiak ez du eskubiderik izanen ordainsaririk hartzeko, kontratua formalizatzen ez duen bitartean.

Urdiainen, bi mila eta hiruko maiatzaren zortzian. Alkatea, Iñigo Etxeberría Martínez.

I. ERANSKINA

Izen-deiturak ..............................., NANaren zenbakia ............., sorteguna ...................., sorlekua .........., bizitokia (herria, kalea, posta kodea) ..................................., telefonoa:..........,

Honako hau azaltzen dut:

_Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

_Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

_Ez naizela diziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

_Deialdiko oinarrietan adierazten den titulazioa badudala.

_Urdiaingo herri liburutegiko enplegatu lanpostu bat betetzeko deialdian, argitaratu baitzen ......... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ........... egunean, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko aipatzen den epea amaitzen den egunean.

Horiek horrela,

Eskatzen dut, eskabide hau tenorez eta moduz aurkeztutzat hartuta, onar nazazun Urdiaingo herri liburutegiko enplegatu lanpostu bat betetzeko deialdian (argitaratu baitzen ......... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ........... egunean) aipatzen diren probak egiteko.

Urdiainen, ................ ko ............... ren ........ (e)an.

II. ERANSKINA

1. Herri liburutegia. Kontzeptua eta eginkizuna. Herri liburutegi prototipoak.

2. Nafarroako Gobernuko Liburutegi Nagusia eta Herri Liburutegien Sarea.

3. Bildumak herri liburutegian: plangintza, hautapena, erosketa eta garapena. Orrazketa.

4. Fondo bibliografikoen prozesu teknikoa eta antolaketa: erregistroa, katalogazioa eta sailkapena.

5. Fondo bibliografikoen biltegiratze eta kontserbazioa.

6. Herri liburutegiko zerbitzuak: dokumentua eskuratzeko zerbitzuak (kontsulta, mailegua eta erreprodukzioak)

7. Herri liburutegiko zerbitzuak: informazio eta erreferentzi zerbitzuak; informazioaren hautazko zabalkundea eta erabiltzaileen prestakuntza.

8. Liburutegietako marketina eta irakurketaren sustapena herri liburutegian.

9. Liburutegietako kudeaketaren eta zerbitzuen automatizazioa.

10. Informazioaren teknologia berriak eta haien aplikazioa liburutegietako zerbitzuetan.

11. Liburuen deskribapenaren normalizazioa: kontzeptua eta eginkizuna. ISBD direlakoak eta MARC formatoa.

Iragarkiaren kodea: A0305954