I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Agintariak eta Langileak
EBAZPENA, 2003ko maiatzaren 26koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2003. urteko lan eskaintza publikoaren zein lanpostutarako eskatuko den espainiar naziotasuna edukitzea adierazten duena.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2003. urteko lan eskaintza publikoa onesten duen otsailaren 17ko 33/2003 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ahalmena ematen zaio Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, kasuan kasuko hauta probetako deialdiak onetsi aurretik, aginte publikoa erabiltzea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak gordetzeko erantzukizuna hartzea eratxikita duten lanpostuak finkatzeko, horietan sartzeko espainiar naziotasuna edukitzea eskatzeko.
Hori horrela, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 7. artikuluak, gaur egun duen testuaren arabera, maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legearen bidez finkatua, hain zuzen, ezartzen du Europako Batasuneko beste estatuetako kide diren herritarrak espainiarren baldintza berberetan sartzen ahalko direla lanpostu publiko guztietan, salbu eta aginte publikoan zuzenean edo zeharka parte-hartzea eratxikita dutenetan eta Estatuaren edo Administrazio Publikoen interesak gordetzeko helburua duten funtzionario-lanpostuetan.
Horrenbestez, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak urriaren 13ko 201/1999 Foru Aginduan emandako eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Finkatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2003. urteko lan eskaintza publikoaren zein lanpostutarako eskatuko den espainiar naziotasuna edukitzea, honakoetarako hain zuzen:
_Administrazio Publikoaren teknikaria (arlo ekonomikoa).
_Administrazio Publikoaren teknikaria (arlo juridikoa).
_Osasun Publikoaren ikuskatzailea.
_Ogasuneko teknikaria.
_Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea.
_Foruzaina.
_Ingurumenzaina.
_Mendi zaindariordea.
2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita seian._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.
Iragarkiaren kodea: A0305634