80. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

359/2003 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Herri Lan zuzendari nagusiak emana, "N-121-A errepidean (Iruña-Frantzia Belaten barna) Ostizko Saihesbidea egiteko proiektua" jendaurrean egoteko aldia ebatzi eta proiektua behin betikoz onesten duena.

Urriaren 10eko 901/2002 Ebazpenaren bidez onespen teknikoa eman zitzaion N-121-A errepidean (Iruña-Frantzia Belaten barna) Ostizko Saihesbidea egiteko proiektuari eta, horrekin batera, proiektua jendaurrean jarri zen. Ebazpen hori 2002ko 139. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, azaroaren 18an.

Ebazpen horren bitartez, proiektua bera eta hark ukitutako ondasun eta eskubideak jendaurrean jarri ziren, bidezko oharrak eta alegazioak egin zitezen.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du alegazio aldian honako hauek aurkeztu direla:

_1. alegazioa: José Betelu Zubillaga jaunak aurkeztua.

Honako hau azaltzen du:

1. Hotsa apaltzeko egingo den lur-pantailak bere lurzatiaren puska bat hartuko duela (gutxi-gorabehera 22 metro zabaleko lur-zerrenda). Horren ondorioz, desjabetzapenaren lerroa lurzati horretan duen etxetik 17 bat metrora geldituko da.

2. Lur pantaila horrek kalte handiak ekarriko dizkiola, bai finkaren bizigarritasun mailari begira, bai haren ustiapenari begira.

Eskatzen du:

Bere lurzatian okupatu nahi den eremuari, zabaletik, 10 metro kentzea, euskarri-horma bat jarriz. Konponbide horrek ez luke ikusmenerako eraginik ekarriko eta desjabetzapenaren kostua murriztuko luke.

Erantzuna:

Herrigunetik hurbileneko puntuan saihesbideak sortuko duen ezpondaren neurriak bertan dagoen lur kabailoi batek baldintzatzen ditu. Kabailoi hori zarata arintzeko eta, neurri batean, ibilgailuen trafikoa Ostizko herritarren begietatatik ezkutatzeko erabiliko da, pantaila natural gisa. Bestalde, ezpondaren malda ere kontuan hartu behar da, izan ere, geroko ereintza eta landaketetarako egokia behar du. Landaketa horiei esker, denbora gutxian, ezpondak inguruko magal osoak duen itxura berreskuratuko du.

Dena dela, malda zertxobait handitu daitekeela ikusi da, ezpondako goi-lerroa inguruko eraikinetatik metro batzuk aldentzeko. Hortaz, aldaketa hori behin betiko proiektuan jasoko da.

_2. alegazioa: Enderizko Kontzejuko alkate-kontzejuburu Francisco Oliva Calleja jaunak aurkeztua.

Eskatzen du:

Hegoaldetik etorrita, Ostitzen sartzeko adarrean, ezkerretara biratzeko aukera ematea, Enderitz aldera.

Erantzuna:

Saihesbidearen proiektuan, Hegoaldetik etorrita, Ostitzen sartzeko adarrean, ezkerretara (Enderitz aldera) biratzeko aukera sartuko da.

_3. alegazioa: Antonia Villanueva Irurita andreak aurkeztua, Ostizko Kontzejua ordezkatuz.

Eskatzen du:

1. Hegoaldetik etorrita, Ostitzen sartzeko adarrean, ezkerretara biratzeko aukera ematea, Enderitz aldera.

2. 0+900 k.p.tik 1+600 k.p.ra bitarteko trazadura aldatzea, saihesbidea biltontzi berriaren gainetik eta kloraketa etxolaren ondoan dagoen transformadorearen gainetik igaro dadin, saihesbidea herrigunetik aldentzeko eta eraginak gutxiagotzeko.

3. Kanposantura eta abeltegi batera doan bidea ez aldatzea eta Ostiztik iparraldera ateratzeko bidea irekitzea, Medianoko bidezubiaren azpitik joango litzatekeen bide baten bitartez.

4. Ultzamako errepidetik Ostitzen sartzeko bidea ahalbait gehiena zailtzea.

Erantzuna:

1. Saihesbidearen proiektuan, Hegoaldetik etorrita, Ostitzen sartzeko adarrean, ezkerretara biratzeko aukera sartu da.

2. Onetsi den proiektuaren barrenean, Ingurumenaren gaineko Eraginen Azterlana dago. Alderdi hori kontuan hartu da bai Alternatiben azterlanean, bai Eraikuntza proiektuan. Alderdi geologiko eta geoteknikoak ere kontuan hartu dira, bai eta Ostizko herrigunea handitzeko Udalak aurreikusita duen eremua ere.

3. Egungo errepidea saihesbidearen azpian eginen den biribilguarekin lotzeko bidearen trazadura mantenduko da, baina abeltegitik aldenduko da.

Bestalde, saihesbidearen proiektuan Ostiztik hegoaldera ateratzeko irteera bat sartu da, Medianoko bidezubiaren azpitik pasako den bide baten bitartez. Bide hori 30 urteko birgertatze-aldian urak hartzen ahal duen eremuan sartzen bada ere, kontuan harturik zenbateko trafikoa izanen duen eta egungo errepidea saihesbidearen azpiko biribilguarekin lotzeko adarra mantenduko dela, bidezkoa da irtenbide hori proiektuan sartzea.

4. Iruñeko bidean autoak Ostitzen barna igaro ez daitezen, galtzadan oztopoak eta errepidean seinale egokiak jartzea aurreikusiko da Proiektuan.

_4. alegazioa. José María Zubillaga jaunak aurkeztua.

Eskatzen du:

1. Bere finkaren titulartasunari dagozkion datuak zuzentzea, proiektuan oker daude eta.

Erantzuna:

1. Ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko ekitaldian, titulartasuna aldatzeko behar diren agiriak ekarri beharko dira.

_5. alegazioa. Francisco Javier Juaristi Cascales jaunak aurkeztua.

Eskatzen du:

1. Saihesbidearen trazadura aldatzea, zehazki, biltontzi berriaren ondotik pasatzen den aldean, hango bihurgunea kentzeko eta trazadura biltontziaren ekialdetik eramateko.

Erantzuna:

Ikus 3. alegazioaren 2. puntuari emandako erantzuna.

_6. alegazioa. Miguel Juvera Irurita jaunak aurkeztua.

Honako hau azaltzen du:

Proiektuak kalte larriak ekarriko dizkiola bere abeltegiari eta jarduera hori utzi beharko duela, izan ere, abeltegia Ostiztik biribilguan sartzeko bidetik oso hurbil dagoelako eta egungo lurzatia bitan banatuko dutelako, saihesbidearen ezker-eskuin.

Eskatzen du:

1. Kanposantura eta, abeltegiaren paretik, biribilgura doan bidea ez aldatzea eta Ostiztik iparraldera ateratzeko bidea irekitzea, Medianoko bidezubiaren azpitik joango litzatekeen bide baten bitartez.

2. Abereek saihesbidea gurutzatzeko pasabide egoki bat egitea.

3. Saihesbideko obren faseak dirauen bitartean, abeltegiko ur hornidura bermatzea.

Erantzuna:

1. Ikus 3. alegazioaren 3. puntuari emandako erantzuna.

2. Eraikuntza proiektuan saihesbidearen azpiko pasabide bat ageri da, trafikoa nolakoa den gorabehera abereak gurutzatzea ahalbidetzen duena.

3. Obra fasean ur hornidura bermatzea aurreikusita dago proiektuan.

_7. alegazioa: Antonio Vergara Segura jaunak aurkeztua.

Eskatzen du:

1. Bere finkaren titulartasunari dagozkion datuak zuzentzea, proiektuan oker daude eta.

Erantzuna:

1. Ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko ekitaldian, titulartasuna aldatzeko behar diren agiriak ekarri beharko dira.

_8. alegazioa: Pedro María Baigorri Yoldi jaunak aurkeztua.

Honako hau azaltzen du:

1. Bere finkaren titulartasunari dagozkion datuak gaizki jaso direla proiektuan. Behar denean frogatuko du.

2. Proiektuari onespen teknikoa emateko Ebazpenaren 3. atalean adierazitakoa ez dela bete, izan ere, egunkari bakar batean argitaratu zen iragarkia, eta ez bitan, atal horretan ezarritakoaren aurka.

3. Hautaturiko trazadura desegokienetariko bat dela eta hautapenean arlo ekonomikoari eman zaiola lehentasuna, beste alderdi batzuk kontuan hartu gabe, konparazio batera: lurraren ezaugarri geoteknikoak, herria zabaltzeko aurreikuspenak, etxeen gaineko ukipenak, ingurumena, e.a. Horregatik, uste du eskualdea, azaletik bada ere, ezagutzen duen edonork, zentzuz jokatuta, saihesbidea herriaren eta ibaiaren artetik eramango lukeela edo, bestela, hautatu den trazaduraren gainetik.

Erantzuna:

1. Ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko ekitaldian, titulartasuna aldatzeko behar diren agiriak ekarri beharko dira.

2. N-121-A errepidean (Iruña-Frantzia Belaten barna) Ostizko Saihesbidea egiteko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideen desjabetzapen espedienteari hasiera emateko eta proiektua jendaurrean jartzeko urriaren 10eko 901/2002 Ebazpena 2002ko azaroaren 12an, asteartearekin, argitaratu zen Diario de Navarran, 70. orrialdean, eta egun berean Diario de Noticiasen, 12. orrialdean. Horren egiaztagiriak Proiektuaren espedienteari erantsi zaizkio eta eskuragai ditu alegazio-egileak, ikusi nahi izanez gero.

3. Ikus 3. alegazioaren 2. puntuari emandako erantzuna.

Horiek horrela, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi eta proposaturikoarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7ko 3912/1999 Foru Aginduaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan adierazitakoari jarraikiz, Zuzendaritza Nagusi honek

EBATZI DU:

1. "N-121-A errepidean (Iruña-Frantzia Belaten barna) Ostizko Saihesbidea egiteko proiektua" jendaurrean egoteko aldia ebaztea, aurkeztutako alegazioei Ebazpen honen xedapen zatian adierazitako erantzunak emanez.

2. "N-121-A errepidean (Iruña-Frantzia Belaten barna) Ostizko Saihesbidea egiteko proiektua" behin betikoz onestea. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 5.313.974,98 eurokoa da.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari, Olaibarko, Odietako eta Anueko Udalei eta alegazio egileei, bidezko ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, ebazpen honek Administrazio Publikoendako administrazio bidea amaitzen du. Dena den, Administrazioek ebazpenaren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko dute Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Aukeran, epe horretan berean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan aurreikusitako errekerimendua egin dezakete, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu baino lehen.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita seian._Herri Lan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: C3169225