80. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

135/2003 FORU DEKRETUA, ekainaren 9koa, etxebizitza arloko jarduketa babesgarrietarako mailegu kualifikatuei aplikatuko zaien korritu-tasa efektiboa finkatzen duena, 1997an finantza-entitateekin eginiko lankidetza hitzarmenen gerizan.

Ekainaren 23ko 167/97 Foru Dekretuak etxebizitza arloko jarduketa babesgarrietarako mailegu kualifikatuen baldintzak arautu zituen, 1997an sinatutako lankidetza hitzarmenen gerizan. Eta 2. artikuluan dioenez, urtero berrikusiko da mailegu horien korritu-tasa efektiboa (TAE), uztailaren 1ean indarra duena, 1998ko uztailaren 1etik aitzina, harik eta maileguak amortizatu arte. Horretarako, han jasotako formula bat baliatuko da eta foru dekretu bat emanen.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko ekainaren bederatzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. % 3,708 izanen da urteko korritu-tasa efektiboa, laguntzarik gabea, 1997an finantza-entitateekin eginiko lankidetza hitzarmenen gerizako mailegu kualifikatuentzat, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko. Finantza-entitateek ezin izanen dute, inola ere, urteko tasa efektibo altuagorik aplikatu, zein diren ere ordaintzeko aplikatzen diren mugaegunen arteko epea.

2. Korritu-tasa berria bizirik dauden mailegu kualifikatuei aplikatuko zaie, eta 2003ko uztailaren 1etik aitzina hartuko du indarra.

3. Berrikusitako tasa efektiboa mailegu-hartzaileari dagokion tasa laguntza gabea baino txikiagoa bada, korritu-tasa efektibo bi horietako lehena aplikatuko da bakar-bakarrik.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko ekainaren bederatzian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: C3185387