80. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

109/2003 FORU DEKRETUA, maiatzaren 12koa, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 9ko 326/1998 Foru Dekretua, gehitu behar baitzaizkio ingurumen arloan Kontrol Erakunde Baimendunak Nafarroan jarduteko dituzten baldintzak.

Uztailaren 16ko 21/1992 Legeak, Industriari buruzkoak, berretsi egin zuen irailaren 26ko 2135/1980 Errege Dekretuak ezarritako liberalizazio industrialaren prozesua, bateragarri egin nahi baitzituen politika industrialeko teknikak konkurrentzia librearenekin eta salgai eta produktuen zirkulazio librearekin; industria-segurtasunari eta arauzko kontrolari dagokienez, beharrezkoa da segurtasun-arautegien menpean dauden instalazioak abian jartzeko premiazko tramite administratiboak gutxitu eta erraztea.

Bestalde, abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuak, Industriako Kalitate eta Segurtasunerako Azpiegituraren Erregelamendua onetsi zuenak, garatu zuen, abiapuntu gisa, uztailaren 16ko 21/1992 Legea, Industriari buruzkoa.

Azkenik, azaroaren 9ko 326/1998 Foru Dekretuak, zeina eman baitzen abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretua garatzeko, arautu ditu Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan industria-segurtasun eta kontrolerako jarduketak, eta horretarako ezarri ditu kontrol erakunde baimendunek Nafarroan beren jarduera egiteko bete behar dituzten baldintzak.

Ingurumenaren babesaren arloko arauzko kontroleko jarduketen berezitasunek beharrezko egiten dute baldintza batzuk ezartzea arlo horretan jardun behar duten kontrol erakunde baimendunentzat.

Nafarroako Kontseiluak, 2003ko apirilaren 7ko bilkuran, adostasun-txostena eman dio foru dekretu honi, uste baitu edukia legeei lotzen zaiela.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko maiatzaren hamabian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Aldatu egiten dira azaroaren 9ko 326/1998 Foru Dekretuaren 6. eta 8. artikuluak. Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan arauzko industri segurtasunaren eta kontrolaren arloko jarduketak araupetzen ditu.

"6. artikulua Kontrol-erakundeen bitartekoak.

1. Kontrol erakundeek, Nafarroaren esparruan jardutez gero, gutxienez honako langileak eta baliabideak eta izan behar dituzte Foru Komunitatean.

a) Lokalak: Bulego iraunkor eta atenditua, ohiko lan-orduetan bederen. Horniduratzat telefonoa eta faxa izan beharko ditu, eta erregistroak, espedienteak eta egiten diren kontrolen dokumentazioa kudeatzeko behar diren baliabideak.

b) Baliabideak: Baimenduak dituen jarduketa motarako une bakoitzean behar diren baliabideak eduki beharko dituzte Nafarroan.

c) Nafarroako lantokiko langileak: Baimenduak dituen jarduketa guztietara iristeko behar diren adina teknikari tituludun kreditatu izanen dituzte plantillan, bi gutxienez. Lana modu egokian egiteko beharrezkoak diren teknikari laguntzaileak edo administrariak ere izan behar dituzte, bi gutxienez.

Aurrekoa gorabehera, eta salbuespen gisa, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baldintza horiek edo horietako zenbait bete gabe ere baimena eman dezake, baldin eta, jardueraren zer-nolakoak edo Nafarroan sorrarazten duen lanaren urria direla-eta, ezein Erakunde Baimendunek adierazi ez badu artikulu honetan eskatzen diren baliabideak Nafarroan ezartzeko asmoa. Beste Kontrol-erakunderen batek beharkizun horiek betez Nafarroan jarduteko asmoa duela adierazten ez duen bitartean iraunen du salbuespen horrek.

2. Aurreko atalean adierazitakoa gorabehera, kontrol-erakundeek Nafarroako Foru Komunitateko Kontrol Erakundeen Erregistro Berezian inskribatzea eta Ingurumen Kalitatearen arloan bakarrik jardutea eskatzen dutenean, aski izanen da honako baliabideak izatea:

a) lokal edo bulego iraunkorra, ohiko lan-orduetan bederen atenditua, eta horniduratzat telefonoa, faxa eta posta elektronikoaz gain, jarduerak Nafarroan sortzen dituen espedienteak eta dokumentazioa kudeatzeko behar diren baliabideak ere izanen dituena.

b) Kontrol-erakundearen jarduketen arduradun bat Nafarroako Foru Komunitatean.

c) jarduketa bakoitzean behar diren baliabide teknikoak izanen ditu, eta Kontrol-erakundeak berak jarduketa horretarako prestatutako langileak."

"8. artikulua. Eskaeren tramitazioa.

1. Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eskaera aztertu du, eta egiaztaturik betetzen dituela 2200/1995 Errege Dekretuak eta foru dekretu honek ezarritako betebehar eta baldintzak, kontrol erakundea Departamentu horretan horrelako erakundeentzat dagoen Erregistro Berezian inskribatuko da, horren berri jakinaraziko zaio interesatuari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

2. Kontrol erakundearen eskaera Ingurumen Kalitatearen esparruari buruzkoa besterik ez bada, beharrezkoa da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren adostasun-txostena.

3. Eskaerak edo aurkeztutako dokumentazioak ez baditu eskatutako betebehar eta baldintzak betetzen, gehienez ere hamar eguneko epean akatsak zuzendu behar dituela jakinaraziko zaio interesatuari. Epe hori bete eta ez baditu zuzendu, behar bezala arrazoitutako ebazpenaren bidez uko eginen zaio aurkeztutako eskaerari."

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak foru aginduz ezarriko ditu Ingurumen Kalitatearen arloko arauzko kontroleko jarduketen baldintzak.

Bigarrena._Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hamabian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: C3146881