76. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A T A R R A B I A

Deialdia, Atarrabiako udaltzain izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Atarrabiako Udaltzaingorako udaltzain lanpostu bat, baina kopuru hori handitzen ahalko da, epaimahaiak aditzera ematen duenean Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, une horretan plantilla organikoan hutsik dauden plaza guztiak sartuz.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Atarrabiako Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izanen dira; Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetzeaz gain, sistema horren babespean geldituko dira.

1.3. Izendatzen diren izangaiek izanen dituzte uztailaren 5eko 19/2001 Foru Legeak aldatu zuen otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako C mailaren barrenean geldituko dira sailkaturik.

1.4. Lanaldia zerbitzuko beharretara egokituko da.

1.5. Izendatuek beren destinoko lekuan beharko dute bizi, eta horretarako, Atarrabiako udalerrian finkatuko dute beren bizilekua.

2. oinarria._Izangaien baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta 35 urte baino gehiago ez izatea.

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

d) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea eta ez egotea deialdiaren 3. eranskinean zehazten diren bazterbide medikoetan.

e) Gutxienez ere, gizonezkoak 1,70 metro luze eta emakumezkoak 1,65 metro luze izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

g) B.T.P. motako ibilgailuak gidatzeko eta A motako gidabaimenak izatea.

2.2. Baldintza horiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte, g) letrako baldintza izan ezik; azken hori, deiaren 5.2.3 oinarrian ezarritakoa betez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda publiko egiten den egunean eduki beharko dute.

3. oinarria._Eskabideak

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Atarrabiako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Eredua Atarrabiako Udaletxean egonen da eskura. Haietan, eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako oposizioan parte hartzeko eskatu baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.

3.2. Eskabidearekin batera, izangaiek aurkeztu beharko dute 1. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna dutela egiaztatuko duen ziurtagiri mediko ofiziala.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitzen denean, eta halakoak ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

5. oinarria._Oposizioaren garapena.

5.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non, zein egun eta ordutan hasiko diren. Gainerako probak egiteko iragarkiak, azkeneko proba non egin, hantxe emanen da hurrengoaren berri, baita Udaletxeko iragarki oholean ere, 48 ordu lehenagotik.

5.2. Oposizioak fase hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapen aldia; proba hauek izanen ditu:

A) Altueraren neurketa.

Probei hasiera eman aurretik, 2.1.e) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien altuera egiaztatuko da.

B) Lehen proba.

1. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak, dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren eranskinean (1996ko otsailaren 8ko 34. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) heldu diren substantziak, talde farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

C) Bigarren proba.

Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

a) Proba objektiboan, 2. eranskinean ageri diren gaien gaineko galderak erantzutea.

b) Matematikako, Fisikako edo Kimikako hamar problema ebaztea. Horretarako, aski izanen da Batxillergoko, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako edo horien pareko ezagupenak izatea.

c) Ortografiako ariketa bat.

d) Udaltzaingoaren eginkizunekin zerikusia duen gai bat idatziz garatzea.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

D) Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira erraten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

5.2.2. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroak gutxienez ere sei hilabete iraunen du eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren menpeko Segurtasun Eskolak emanen du.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu eta ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatua; izenen kopurua ez da izanen une horretan Atarrabiako Udalaren plantilla organikoan hutsik dauden udaltzain plazena baino handiagoa.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiek, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabost egun naturaleko epean, egiaztatu beharko dute 2.1 oinarriko a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako, eta, era berean, oinarrizko prestakuntza ikastarora behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen denean, aipatutako oinarri bereko g) baldintza betetzen dutela; hartarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

_Jaiotze aktaren ziurtagiria, dagokion Erregistro Zibilak luzatua, edo nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

_Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako 2. mailakoa edo baliokideren bat.

_B.T.P. eta A motetako gidatzeko baimenen fotokopia konpultsatua.

_Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Epaimahaiak izangai horien osasun azterketa egiteko agindua emanen du, 3. eranskinean zehaztutakoaren arabera, beren gaitasun fisikoa frogatzeko. Bazterturik geldituko dira eskumena duen fakultatiboak egiten duen txostenean "ezgai" agertzen diren izangaiak.

Aipatu tramiteak eginik, epaimahaiak argitara emanen du oinarrizko prestakuntza ikastarora onartutako izangaien behin betiko zerrenda. Behin-behinekoz onartutako izangairen batek ez badu eskatzen zaion dokumentazioa aurkezten edo osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, bere dokumentazioa bete eta osasun azterketa iragan ondotik.

Nafarroako Segurtasun Eskolaren funtzionamendurako Erregelamenduak arautuko du Udaltzaingoaren Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa. Ikastaroa utziz gero, izangaia deialditik baztertuta geldituko da.

Ikastaroak iraun bitartean, izangaiak Atarrabiako Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionario izanen dira, eta hilean C mailako soldata gordinaren % 75eko beka jasoko dute.

Prestakuntza ikastaroa amaiturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak izangaien kalifikazioa igorriko dio epaimahaiari.

6. oinarria._Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketak "gai" edo "ezgai" kalifikatuko dira, 1. eranskineko gutxienekoak gainditu edo ez. Bazterturik geldituko dira edozein ariketatan "gai" kalifikazioa eskuratzen ez duten izangaiak.

6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketa bakoitza 0tik 25 puntu bitarte kalifikatuko da. Proba gainditzeko, ariketa bakoitzean 12,5 puntu atera beharko dute, gutxienez.

6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoetan, 0tik 20 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaie izangaiei, eta baztertuta geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dutenak.

6.4. Oinarrizko prestakuntza ikastaroak 0tik 800 puntu bitarteko kalifikazioa izanen du. Baztertuta geldituko da ikastaroko arloren bat gainditzen ez duena, Segurtasun Eskolak ezarri arauen arabera.

6.5. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldiko puntuazioa eta oinarrizko prestakuntza ikastarokoa batuko dira.

7. oinarria._Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduera.

7.1. Ondokoek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Atarrabiako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Atarrabiako Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Atarrabiako Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Burlatako Udaltzaingoko burua.

Mahaikidea: Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideen arduraduna.

Ordezkoa: Atarrabiako Udaleko teknikaria.

Mahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkaria.

Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkaria.

Mahaikide-idazkaria: Atarrabiako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Burlatako Udaleko idazkaria.

7.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, lehendakariak deituta.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen erabateko gehiengoa, gutxienez, bertan ez bada.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira ateratako puntuazioaren arabera ordenatua, eta izangai aprobatuak izendatzeko proposamena eginen du.

8.2. Izendapen proposamena banan-banan jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, zerrenda horretako izangaiek zin egin beharko dute, edo hitz eman, Nafarroako Foru Araubidea begiratu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta Legeei men eginen dietela eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

8.3. Finkatu epearen barrenean zin egin edo hitz ematen ez duena, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, ez dute karguan izendatuko.

9. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Alkateak Atarrabiako funtzionario eta udaltzain izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposameneko izangaiak, baldin eta 8.2 oinarrian xedatutakoa betetzen badute, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

10. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, jaun alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

1. ERANSKINA

Lehen probari dagozkion ariketak

1._Urean aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik ez beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Egiteko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia urean murgildu eta 50 metro igerian egitea, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora bi metrotan urpean eginen du igeri, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen du igeri bi metrotan, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoa ukituz bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean ibiltzeko tartean burua uretik ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

Gizonezkoak, 55" baino gehiago, ezgai; 55" edo gutxiago, gai.

Emakumezkoak, 58" baino gehiago, ezgai; 58" edo gutxiago, gai.

2._Abiadura-lasterketa: 100 metro.

Abiatzeko jarrera: zutik, geldi, irteera-lerroaren atzean.

Ez da takoak erabiltzea onartuko eta ezin izanen da lurra eskuekin ukitu.

Egiteko modua: irteera-agindua emanda, izangaiak, eman zaion kaletik atera gabe, 100 metroko tartea albait azkarren bete beharko du.

Balio gabeko bi irteera egiten duena edo kalez aldatzen dena kanporatua izanen da.

Gizonezkoak, 15" baino gehiago, ezgai; 15" edo gutxiago, gai.

Emakumezkoak, 16" baino gehiago, ezgai; 16" edo gutxiago, gai.

3._Baloi medizinala jaurtitzea.

Abiatzeko jarrera: zutik, jaurtitzeko marraren atzean, simetrikoki jarrita, baloia buruaren atzean, bi eskuekin helduta.

Gizonezkoek 5 kilogramoko baloia jaurtikiko dute eta emakumeek 2 kilogramokoa.

Jaurtiki ondoren, ezin da lurra ukitu marra aurretik gorputz atal bakar batekin ere.

Bi saio egin daitezke, bata bertzearen ondotik, eta bietatik hoberena puntuatuko da.

Gizonezkoak, 6,50 metro baino gutxiago, ezgai; 6,50 metro edo gehiago, gai.

Emakumezkoak, 7,50 metro baino gutxiago, ezgai; 7,50 metro edo gehiago, gai.

4._Erresistentzia lasterketa (Cooper testa).

Abiatzeko jarrera: abiadura lasterketan bezalakoa.

Egiteko modua: lasterka, oinez, nahiz bi moduak tartekatuz, 12 minutuan albait tarterik luzeena egitea.

Gizonezkoak, 2.600 metro baino gutxiago, ezgai; 2.600 metro edo gehiago, gai.

Emakumezkoak, 2.300 metro baino gutxiago, ezgai; 2.300 metro edo gehiago, gai.

2. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1._Europar Batasuna: sorrera eta bilakaera. Europar Batasuneko erakundeak: Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea eta Justizia Auzitegia. Europako Kontseilua eta beste organo batzuk. Batasuneko zuzenbidea: haren iturburuak. Amsterdamgo Ituna: ideia orokorrak.

2._Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubideak: bermeak. Auzitegi Konstituzionala. Erregeren eginkizunak Konstituzioaren arabera. Gorte Nagusiak. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera.

3._1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.

4._Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

5._Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna. Nafarroako Kontuen Ganbera: izaera eta eginkizunak. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa.

6._Foru Komunitateko Administrazioaren organo nagusiak. Foru Komunitateko administrazioaren egitura organikoa. Erregelamenduzko xedapenen eta ebazpen administratiboen araubidea.

7._Toki entitateak. Tipologia eta antolaketa. Toki erakundeen autonomia. Toki erakundeen eskumenak.

8._Nafarroako Toki Entitateak. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

9._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileria. Funtzionarioak, estatutupeko langileak eta lan-kontratudunak: haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.

10._Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Guztiendako administrazio prozeduraren faseak. Prozedura bereziak.

11._Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

12._Atarrabiaren hiri geografia eta historia.

3. ERANSKINA

Baztertze taula

1._Garaiera.

Gutxieneko altuera: 1,70 metro gizonezkoek, 1,65 emakumezkoek.

2._Loditasuna.

Ondoko formula erabiliz, pisu teorikoa baino ehuneko 15 gehiagoko loditasuna:

Pisu teorikoa = (altuera cm-tan-100) x 1,1

3._Behin-behineko baztertzeak.

Ondoriorik izaten ahal duten eritasun edo kalte larriak, azterketa egiten den momentuan ageri direnak, poliziaren eginkizunak egin ahal izatea oztopatu edo galaraz dezaketenak. Kasu hauetan, eritasuna nolakoa den eta hautapen prozeduraren arabera, azterketarako beste epe bat ematen ahal da.

4._Behin betiko baztertzeak.

4.1. Begiak eta ikusmena.

4.1.1. Begi zolitasuna, zuzenketarik gabe ohikoa den ikusmenaren bi herenak baino txikiagoa bi begietan.

4.1.2. Keratomia erradiala.

4.1.3. Erretina erortzea.

4.1.4. Estrabismoa.

4.1.5. Hemianopsiak.

4.1.6. Diskromatopsiak.

4.1.7. Bestelako prozesu patologikoak, begi zolitasunari nabarmen traba egiten diotenak, epaimahai medikoaren ustetan.

4.2. Belarria eta entzumena.

Belarri zolitasunari dagokionez, 35 dezibeliotan 1.000 eta 3.000 hertzio bitarteko galera izatea edo 45 dezibeliotan 4.000 hertziokoa.

4.3. Bestelako baztertzeak:

4.3.1. Lokomozio aparatua. Ibiltze aparatuaren akatsak, polizi lanean aritzeko eragozle edo trabagarri izan daitezkeenak, edo lanpostuan aritzearen ondorioz, epaimahai medikoaren ustetan, areagotzen ahal direnak (gorputz-adarretako hezur patologia, artikulazio edo giharretan sorburu duten atzerapen edo funtzio mugapenak, bizkarrezurreko akatsak eta hezur, gihar edo artikulazioetako beste gaitz batzuk).

4.3.2. Digestio aparatua: epaimahai medikoaren ustetan lanpostuan aritzea galarazten duen digestio-gaitza.

4.3.3. Bihotz-hodietako aparatua. Edozerk eragindako arteria-hipertentsioa; atsedenean hartutako zifrek ez dute presio sistolikoan 145 mm Hg.-tik goitikoak izan behar, ezta presio diastolikoan 90 mm Hg.-tik goitikoak ere; barize edo zain-gutxiegitasun periferikoa, baita epaimahai medikoaren iritziz lanpostuan aritzeko trabagarri izan daitekeen beste patologia edo lesio kardiobaskular guztiak ere.

4.3.4. Arnas aparatua: bronkioetako asma, bronkopatia kroniko eragozlea, biriketako tuberkulosi aktiboa, eta bestelako gaitz patologikoak, polizi lanean aritzeko eragozle edo trabagarri izan daitezkeenak.

4.3.5. Nerbio sistema: epilepsia, depresioa, migrainak, edozerk eragindako dardara, alkoholismoa, toxikomaniak eta bertzelako gaitz patologikoak, polizi lanetan aritzeko trabagarri izan daitezkeenak.

4.3.6. Larruazala eta fanerak: psoriasia, ekzema, mugapen funtzionala sortzen duten orbainak eta bestelako gaitz patologikoak, polizi lanetan aritzeko trabagarri izan daitezkeenak.

4.3.7. Bestelako gaitz patologikoak: diabetesa, aktibo dauden eritasun kutsakorrak, sexu bidezko gaitzak, gaitz inmunologiko sistemikoak, intoxikazio kronikoak, hemopatia larriak, sortzetiko malformazioak, psikosiak eta bestelako gaitz patologikoak, hain zuzen ere epaimahai medikoaren ustetan polizi lanetan aritzeko trabagarri izan daitezkeenak.

4. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................., N.A.N.: ..........., bizilekua (herria, karrika, zenbakia, solairua): ....................., telefonoa: ..............

Honako hau azaltzen dut:

Atarrabiakoko udaltzain izateko lanpostu bat betetzeko deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala,

Eskari honekin batera aurkezten dudala deialdian aipatzen diren proba fisikoak egiteko egoera onean nagoela ziurtatzen duen egiaztagiri mediko ofiziala. Gainera, N.A.N.aren kopia erantsi dut eta kanert tamainako argazkia ere bai.

Horiek horrela,

Eskatzen dut:

Eskabide hau epearen barrenean eta behar bezala aurkeztutzat harturik, onartua izatea Atarrabiako udaltzain izateko lanpostu bat betetzeko oposizioan.

(Eguna eta sinadura)

ATARRABIAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA

Iragarkiaren kodea: C3156730