71. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E T X A U R I

Deialdia, autotaxirako lizentzia lehiaketa bidez esleitzeko

Udal honek, 2002ko maiatzaren 2an egin bilkuran, deialdia onetsi zuen autotaxirako lizentzia lehiaketa bidez esleitzeko, oinarri orokor hauei jarraikiz:

"Lehenbizikoa._Deialdi honen xedea da autotaxirako lizentzia bat lehiaketa bidez esleitzea, bidaiarien hiriarteko garraio zerbitzua emateko, alokatzeko ibilgailu taximetrodun arinetan, gidari eta guzti. Plegu honetan xedatzen ez den orotan, Etxauriko Autotaxien zerbitzu publikoaren udal erregelamenduak ezarritakoari jarraikiko zaio, aplikatzekoa den heinean.

Bigarrena._1. Baldintza orokorrak.

1) Espainiarra izatea, edo Europako Batasuneko Estatu batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko hitzarmen baten ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerrriko bertze herri batekoa.

2) 18 urte bete izana, eta Zirkulazioaren Kodeak edo gisa honetako jardueretarako indarra duten legeek finkatzen duten gehieneko adina baino gehiago ez izatea.

3) Zerbitzu egiteko duen autoa gidatzeko baimenaren jabe izatea, Trafikoko Probintziako Buruzagitzak luzatua.

4) Lanbidean aritzeko galarazten dion eritasun infekto-kutsagarririk edo eragozpen fisikorik ez izatea.

5) Zigor-aurrekaririk ez izatea.

2. Baldintza berariazkoa:

Turismo kategoriako ibilgailuaren ekarpena egiteko konpromisoa. Gehienez ere bortz plaza izanen ditu, gidariarena barne, eta gehieneko edukiera horrek agertu behar du bai zirkulatzeko baimenean, bai ezaugarrien egiaztagirian. Ibilgailuak ez du bortz urte baino gehiago izanen, lehen aldiz matrikulatu zenetik hasita.

Hirugarrena._1. Interesatuak eginen du lizentzia eskaria. Hartara frogatu beharko ditu bere baldintza pertsonal eta profesionalak, baita erabiliko lukeen ibilgailuaren marka eta modeloa ere, eta horrekin batean zazpigarren klausulak aipatzen duen lehentasunari dagokionez bere egoera zein den egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Horiek guztiak Udalak baloratuko ditu, osoko bilkuran batzartuta.

2. Eskariak alkateari zuzenduko zaizkio, eta Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira. Epea hogei egun baliodunekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik.

Laugarrena._Eskabideak aurkezteko epea amaituta, lizentziak eskuratzeko izangaien zerrenda argitaratuko da bai iragarki oholean bai Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, interesatuek eta enpresaburu eta langile elkarteek nahi dutena alega dezaten beren eskubideen alde. Horretarako, hamabortz egun izanen dira.

Borzgarrena._Aitzineko klausulak aipatzen duen iragarkia argitaratzeko epea bukaturik, aurkeztutako eskariak Udalaren zerbitzu juridikoen esku geldituko dira. Zerbitzuok zortzi eguneko epea izanen dute txostena egiteko.

Seigarrena._Behar den informazio batzordeak prozeduraren gaineko txostena egin ondotik, Udalak berak osoko bilkuran ebatzi eta lizentzia esleituko du.

Zazpigarrena._Etxauriko Autotaxien zerbitzu publikoaren erregelamenduaren 10. artikuluari jarraikiz, Udalak azterketa eginen die lizentziarako izangaiei, honako hauen gainean:

a) Etxauriko Autotaxien zerbitzu publikoaren erregelamendua.

b) Etxauribar eta inguruak, eta hotelak, leku historikoak, eritetxe eta ospitaleak, etab.

c) Trafiko erregulazioa ibarrean.

d) b) atalean aipatutako tokietara iristeko zuzeneko bideak.

e) Ariketa praktikoak eta test psikoteknikoak.

f) Ibilgailuen mekanika eta zirkulazio seinaleak.

Zortzigarrena._Autotaxien plaza eskuratzeko, izangaiak plegu honetan ezarritako baldintzak bete, eta ondoko hautaprobetan puntuaziorik hoberena erdietsi beharko du.

A._Azterketa teorikoa eta idatzizkoa gai hauetaz:

a) Etxauriko Autotaxien hiri zerbitzu publikoaren erregelamendua.

b) Etxauribar eta inguruak, eta hotelak, leku historikoak, eritetxe eta ospitaleak, etab.

c) Trafiko erregulazioa ibarrean.

d) b) atalean aipatutako tokietara iristeko zuzeneko ibilbideak.

e) Ariketa praktikoak eta test psikoteknikoak.

f) Ibilgailuen mekanika eta zirkulazio seinaleak.

Puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu.

B._Taxilari lanbideko esperientzia: puntu 1 antzinatasuneko urte oso bakoitzagatik, edo dagokion proportzionaltasuna urtea baino laburragoko aldietarako. Puntuazioa, gehienez ere: 8 puntu.

C._Test psikoteknikoa: gehienez ere 2 puntu.

D._Buruz buruko elkarrizketa: gehienez ere 5 puntu.

Bederatzigarrena._1. Izangaiei ez zaie eskatuko 2. klausulan finkatutako baldintza orokor eta berariazkoen egiaztagiriak aitzinetik aurkeztea.

2. Lizentziaren esleipen hartzaileak hilabeteko epea izanen du aitzineko atalak aipatzen dituen agiriak aurkezteko. Halaberean, lizentzia esleitzen zaionetik hiruretan hogei egun natural izanen ditu, dagokion ibilgailuarekin zerbitzu egiten hasteko".

Etxaurin, bi mila eta hiruko maiatzaren hemeretzian. Alkatea, Alexander Irujo Labiano.

Iragarkiaren kodea: A0305283