71. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

125/2003 FORU DEKRETUA, maiatzaren 19koa, merkataritzaren sektoreari laguntzeko neurriak arautzen dituena.

Foru dekretu honek Nafarroako merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen X. tituluan aurreikusitako legezko agindua garatzea du helburu; hau da, erregelamendu bat ematea merkataritza txikiari laguntzeko neurriei dagokienez. Merkataritzako formulen arteko oreka bilatu eta merkataritza sektorearen eta haren lehiakortasuna mantendu, bultzatu eta modernizatzeaz gain, neurri hauek ondoko helburuak izanen dituzte, lehia librea ezertan ere galarazi gabe:

_Banaketako enpresa txiki eta ertainen ahalmen teknologikoa hobetzea.

_Erosketa-zentralen sorrera bultzatzea eta haiek zabaltzen laguntzea.

_Saltoki txikiak denda-kate espezializatuetan sar daitezen sustatzea, haiei marka-irudia ematearren.

_Enpresen dibertsifikazioa bultzatzea, baita bezeroarentzako arreta ere, enpresa txikiaren bereizgarria izan dadin.

_Kudeaketaren hobekuntza, modernizazio eta espezializaziora jotzeko tresnak eskuratzen laguntzea.

Foru dekretu hau garatuko duten foru aginduetan ezarriko da laguntzen zenbaterainokoa, foru dekretu honetan aurreikusitako programa eta jarduera bakoitzeko. Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak prestatuko ditu foru agindu horiek, erakunde sozial, enpresarial eta profesionalei entzun ondoren, sektorearen behar eta igurikimenari une bakoitzean erantzun ahal izateko.

Foru dekretu honetan ezarritako laguntzak "minimis" laguntzen barrenean sartzen dira, Batzordeak, 2001eko urtarrilaren 12an, 69/2001 Erregelamenduan aurreikusitakoari jarraituz, hartan zehazten baita nola aplikatu "minimis" laguntzei buruzko E.E.aren Ituneko 87 eta 88. artikuluak.

Bestalde, garapen hori bat dator Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedaturikoarekin.

Nafarroako Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 63.2.b) artikuluari jarraituz, foru dekretu honek Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu aholku-emailearen irizpena behar izan du, eta haren adostasun txostena eskuratu zuen 2002ko azaroaren 14ko bilkuran.

Orobat, eta Nafarroako Kontseiluari buruzko martxoaren 16ko 8/1999 Foru Legearen 16.1.f) artikuluan xedatutakoari jarraituz, Nafarroako Gobernuaren 2003ko urtarrilaren 27ko erabakiaren bitartez hartu da kontuan merkataritzaren sektoreari laguntzeko neurriak arautzen dituen foru dekretuaren proiektua, Nafarroako Gobernuak beharrezko txostena eman zezan. Eta 2003ko apirilaren 7an eman zuen txosten hori, bere adostasuna adierazi duena.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko maiatzaren hemeretzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru dekretu honek merkataritza txikiari laguntza emateko neurriak ezartzea du xede, tradiziozko merkataritza sektorea eta haren lehiakortasuna mantendu, bultzatu eta modernizatzeko.

2. Foru dekretu honen ondorioetarako, enpresa txikia zer den erabakitzeko, Europako Batzordeak emandako definizioari segituko zaio.

2. artikulua. Norainokoa.

1. Hauek dira laguntzaren xedeko programa eta jarduerak:

1.1. Merkataritzaren sektorea indartzeko programa.

Jarduera hauek sartzen ahal dira programan:

a) Saltokiak modernizatu, handitu, tokiz aldatu, hornitu edo berritzeko inbertsio proiektuak egitea.

b) Merkataritzako proiektu berriak ezartzea zenbait arlotan, hala nola:

_Saltoki kopuru handiko eremuak hirian, edo izaera historiko nabarmena dutenak edo hirigunean direnak.

_Nekazaritzako inguruak.

_Merkataritza bitartez berpizteko proiektua abian duten eremu behartsuak, toki entitateak edo bertako merkatarien elkarteak sustaturik.

_Udal merkatuak.

c) Frankiziapeko enpresak ezartzea.

d) Informazio eta komunikazioaren teknologiak merkataritzaren sektorean aplikatzea, kudeaketa eta produktibitatea hobetzeko.

1.2. Merkatarien elkarteak eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko programa:

1.2.1. Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa.

a) Bideragarritasunari buruzko aldez aurreko azterlanak.

b) Aktibo finkoetan inbertitzeko proiektuak.

c) Kudeatzailea kontratatzea.

1.2.2. Merkataritza Jarduketaren Programak, zenbait hiri eremutan edo jarduera sektoretan merkataritza modernizatu, berregituratu eta berpizten duten prozesuak dinamizatzeko helburua dutenak.

a) Merkatuaren azterlan teknikoak eta haren ikerketa.

b) Teknika eta merkataritza arloko aholkularitza.

c) Merkataritzaren sustapena.

d) Kudeatzailea kontratatzea.

1.3. Prestakuntza programa.

a) Biltzarrak, jardunaldi teknikoak, ikastaroak, mintegi monografikoak eta hitzaldiak antolatzea, merkataritzaren sektoreari, merkataritza enpresaren kudeaketari eta profesionalen espezializazioari buruzko gaiak azaldu edo garatzeko.

b) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo antolatzen diren biltzar, jardunaldi tekniko, ikastaro, mintegi monografiko eta hitzaldietan parte hartzea.

1.4. Merkataritzan kalitatea sustatzeko programa.

Kalitate sistemak ezartzeko aholkularitza.

1.5. Eremu publikoetan Merkataritza Berpizteko Proiektuak garatzen laguntzeko programa, haien bidez merkataritzaren egitura orekatua sortzen bultzatzen bada eta merkataritza eskaera erakartzeko gaitasuna indartzen, saltoki kopuru handiko zenbait hiri eremuk, edo izaera historikokoek edo hirigunean direnek izan dezaketen hustualdia galaraztearren.

a) Burutu beharreko estrategia eta inbertsioak analizatu, diagnostikatu eta zehazteko azterlanak.

b) Hirigintza eta merkataritzako inbertsioak, hiri ekipamendua edo altzariak handitu edo berritzeko helburua dutenak, merkataritza eremuak hobetu edo egokitzearren.

2. Aurreikusitako laguntzen kasuan, programa guztietan, azterlanak eta kanpoko aholkularitza egiteko, dirulaguntzaren barrenean sartuko da laguntza teknikoaren kontratazioa, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialarekin eta aholkularitza espezializatuko beste entitate eta enpresa batzuekin egiten dena.

3. artikulua. Onuradurak.

Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izaten ahal dira:

1. Merkataritzaren sektorea indartzeko programan:

_Merkataritzaren banaketa sektoreko enpresa txikiak.

_Merkataritzako establezimendu kolektiboak, merkatari txikiek sustatu eta kudeatuak, eta merkataritza elkartuko entitateak.

2. Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programan, merkatarien elkarteak edo merkataritza elkartu edo integratuko entitateak, behar bezain errepresentatiboak, zein den ere haien forma juridikoa.

3. Merkataritza Jarduketaren Programetan, eskualdeko edo sektoreko merkatarien elkarteak eta enpresa para-komertzialen elkarteak, programa zein lurralde esparru edo sektoretan garatzen den, hango saltegien ordezkaritza nahikoa dutenak.

4. Prestakuntza programan:

a) Prestakuntza jarduerak antolatzea:

_Eskualdeko edo sektoreko merkatarien elkarteak.

_Irabazi asmorik gabeko erakundeak.

b) Prestakuntza jardueretan parte hartzea, eskualdeko edo sektoreko merkatarien elkarteak.

5. Merkataritzaren kalitatea sustatzeko programan, enpresa komertzialak eta haien elkarte eta batasunak.

6. Merkataritza Berpizteko Proiektuak garatzen laguntzen duen programan, toki entitateak eta haien erakunde, udal enpresa edo behar adinako ordezkaritza duten merkatari elkarteak.

4. artikulua. Laguntza motak.

1. Dekretu honetan jasotako laguntzak modalitate hauetan gauzatuko dira:

1.1. Merkataritzaren sektorea indartzeko programan:

a) Korritu puntuen hobaria maileguetan edo finantza errentamenduan, dirulaguntzaren xedeko inbertsioak finantzatzeko; 5 puntu, gehienez ere.

b) Zuzeneko dirulaguntzak inbertsioari, % 25 arte.

1.2. Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programan:

a) Korritu puntuen hobaria maileguetan edo finantza errentamenduan, aktibo finkoko inbertsioak finantzatzeko; 5 puntu, gehienez ere.

b) Zuzeneko dirulaguntza:

_Bideragarritasunari buruzko azterlanen kostuaren % 50 arte eta kudeatze-lanaren kontratazioarena.

_Aktibo finkoetako inbertsioen kostuaren % 25 arte.

1.3. Merkataritza Jarduketaren Programetan, dirulaguntzaren xedeko jardueren kostuaren % 50 arte.

1.4. Prestakuntza programan:

_Prestakuntza jarduerak antolatzeko defizitaren % 100 arte.

_Jardueretan parte hartzeko kostuaren % 50 arte.

1.5. Merkataritzaren kalitatea sustatzeko programan, aholkularitza kostuaren % 50 arte.

1.6. Merkataritza Berpizteko Proiektuak garatzen laguntzeko programan:

_Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak kooperazio akordioak edo lankidetza hitzarmenak egiten ahal ditu toki entitateekin eta haietako erakunde, udal enpresa edo behar adinako ordezkaritza duten merkatarien elkarteekin, Merkataritza Berpizteko Proiektu horiek sustatzeko.

_Merkatarien elkarteek kooperazio akordioetan parte hartzen dutenean, Departamentuak 5 puntu arteko laguntza ematen ahal die korrituetan, merkatari elkartuek beren ekarpenak finantzatzeko eskatzen dituzten maileguetan.

2. Mailegu eragiketetan eta finantza errentamendukoetan korrituen hobariak arautzearren, urtero, lankidetza hitzarmenak eginen dituzte Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eta Nafarroan kokatuta dauden Finantza Errentamenduko kreditu entitateek eta sozietateek.

5. artikulua. Minimis.

Laguntza hauek "minimis" dira, Europako Batzordearen 69/2001 Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz; beraz, aurreko hiru urteetan "minimis" gisa enpresak hartutakoari gehituta, ez du 100.000 eurotik gora eginen.

Ondorio horrekin, enpresak behartuta daude araubide honi jarraituz aurreko hiru urteetan eskatu edo hartutako laguntzak adieraztera, eskaera aurkezteko momentuan.

6. artikulua. Prozedura.

1. Foru dekretu hau arautuko duten foru aginduetan ezarriko da 2. artikuluan deskribatutako programa eta jarduera bakoitzeko laguntzen zenbaterainokoa, ekitaldi bakoitzean dagoen aurrekontuaren arabera. Foru dekretuaren lehen azken xedapenean oinarrituz emanen ditu agindu horiek Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak.

2. Garapeneko foru aginduetan ezarriko den moduan tramitatuko dira laguntzak eta, dirulaguntzak korritu puntuetako hobariak direnean, finantza entitateekin sinatutako lankidetza hitzarmenen arabera.

3. Laguntza ematen den edo ez erabakitzeko sei hilabete izanen dira, gehienez ere, eskaera organo eskudunaren erregistroan sartzen denetik.

Organo eskudunak argibideak eta agiri osagarriak eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa betetzen duen arte, edo, bestela, ematen den epea bukatu bitarte.

4. Aipatu epea ebazpen espresurik eman gabe iragandakoan, ezetsitzat hartu beharko da eskaera.

7. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 8.2 artikuluan, oro har, aurreikusitakoaz gain, onuradunak betebehar hauek ditu:

a) Zer helburutarako ematen den laguntza, hartarako erabiltzea.

b) Emandako dirulaguntzen jarraipena eta kontrola egiteko komenigarritzat hartzen diren datuak, dokumentazioa eta frogak Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren esku uztea.

c) Dirulaguntza eman duen organoari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako dirulaguntzen berri ematea.

8. artikulua. Laguntzak bertan behera uztea, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Aurreko artikuluan azaldu diren betebeharrak betetzen ez badira edo enpresa onuradunak datu eta informazio faltsuak edo desitxuratuak ematen baditu, edo ikuskatze lana oztopatzen badu edo laguntzak ematean eta ordaintzean erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak ezkutatuz gero, enpresaren hobariak deuseztatuko dira, eta, hala dagokionean, eskuratuak dituenak itzultzeko eta berandutza-korrituak ordaintzeko eskatuko zaio.

2. Bidezko izanen da, halaber, itzulketa hori, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluan jasotako kasuetan, eta han esandako ondorioak izanen ditu.

3. Onuradunak aipatu 8/1997 Foru Legeko 27. artikuluan aurreikusitako edozein arau-hauste eginez gero, 28. artikuluko zehapenak ezarriko dira, zehapen espedientea tramitatu ondoren.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru dekretu honetan aurreikusitako laguntzei dagozkien garapen arauak eman bitartean, aurreko arautegiaren arabera gobernatuko dira egiten diren eskaerak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen da urtarrilaren 16ko 4/1995 Foru Dekretua, Nafarroako merkataritzako enpresa txikien lehiakortasuna hobetzeko laguntzak arautzen dituena, baita foru dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo gutxiagoko beste xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena._Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hemeretzian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: C3153088