71. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

68/2003 FORU DEKRETUA, apirilaren 7koa, haize-energia argindar bihurtzeko instalazioak autokontsumorako edo saialkuntzarako ezarri eta erabiltzeko arauak ematen dituena.

Energia berrriztagarriak aprobetxatzea Nafarroako Foru Komunitateko energia politikaren ardatz nagusietakoa izan da. Alabaina, abenduaren 24ko 685/1996 Foru Dekretuak ohartarazi zuen bezala, Nafarroan haize-energia garatzearen aldeko apustua egiteak ez du oztopo izan behar premiazko bi helburu bete ahal izateko, alegia, energia mota horren ezarpena lurraldean egoki antolatzeko eta ondasun natural garrantzitsuenen iraupena bermatzeko. Parkeen ugaritzeak hartaraturik, bertan behera utzi ziren Nafarroako parke eoliko berrien tramitazioa eta onespena, Energia Plana berrikusteko zain. Geroztik egoera ez da aldatu. Hala ere, haize-energiatik argindarra ateratzeko ekipo eta osagaiak diseinatu eta fabrikatzen dituen industriak, Nafarroan etengabe hedatzen ari den sektoreak, instalazio egokiak behar ditu bere produktuetan sartzen dituen berrikuntzak egoera atmosferiko desberdinetan saiatu eta probatu ahal izateko.

Otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuak parke eolikoen ezarpena arautu zuen. Dekretu horrek ere aintzat hartu zuen autokontsumorako instalazioei baimena emateko aukera, baina horretarako eskatu behar diren baldintzak garatu gabe.

Foru dekretu honek saiakuntza eta autokontsumorako diren instalazio eolikoen ezarpena eta erabilera arautzen ditu. Haren xedea, beraz, instalazio mota horiek garatzea da, alegia, horrelakoak ezarri ahal izateko modua egon dadin abenduaren 24ko 685/1996 Foru Dekretuan aipatzen diren parke eolikoak tramitatu eta onesteko etendura urratu gabe, harik eta Nafarroako Energia Plana berrikusten den arte.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta aurrez Nafarroako Kontseiluak aldeko txostena eman duelarik 2003ko martxoaren 26an,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da arauak ematea haize-energia argindar bihurtzen duten instalazioak ezarri eta erabiltzeko, autokontsumorako nahiz saiakuntzarako.

2. artikulua. Autokontsumorako instalazioak.

1. Autokontsumorako instalazio eolikotzat jotzen dira beren sustatzaileen energia beharrak zuzenean asetzeko direnak.

2. Instalazioen produkzio ahalmenak ez ditu gainditu behar sustatzaileen energia kontsumoaren beharrak, eta ezarritako potentzia ez da inola ere izanen 5 megawatt-etik gorakoa.

3. Horrelako instalazioak ezartzeko baimenaren baldintza gisa, betekizunak, zehaztapenak edo mugak betearazi ahal izanen dira ondoko hauek direla eta:

_Instalaziotik kontsumo tokira gehienez zenbateko distantzia egon daitekeen, ingurumenaren gaineko eraginen arabera.

_Instalazioetan bestelako energia iturriak osagarri gisa erabiltzeko aukera eta baldintzak.

_Gehieneko potentzia, ustez izanen diren kontsumo beharren arabera.

3. artikulua. Saiakuntzarako instalazioak.

1. Nafarroan egoitza izan eta sorgailu eolikoak proiektatu, diseinatu eta fabrikatzen dituzten enpresek instalazio eolikoak sustatu ahal izanen dituzte helburu esperimentaletarako, hau da, beren prototipoekin proba, saio, neurketa eta esperimentuak egiteko, energia ekoitzi eta metatzeko sistema hibridoak ere barne harturik, halakorik badute. Ezin izanen zaio enpresa bati baimena eman saiakuntzarako instalazioak hiru tokitan baino gehiagotan kokatzeko, ezta toki berean sorgailu eolikoen lau prototipo baino gehiago instalatzeko ere, eta prototipoek desberdinak izan beharko dute. Makina edo sistema hibrido bakoitza gehienez ere hiru urterako jarriko da, salbu eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak berariaz epea luzatzeko baimena ematen duenean.

Hori dela eta, prototipotzat joko da edozein makina edo sistema hibrido, baldin eta ohiko sistemen aldean berrikuntza garrantzitsuak badakartza edo ohiz kanpoko potentziak eragiten baditu.

2. Enpresa bakoitza Nafarroan gehienez ere hiru baimenaren titular izan daiteke aldi berean, eta kopuru hori ezin da gainditu ez enpresa batean ez elkarri lotutako enpresen multzoan. Betiere, foru dekretu honetan xedatutakoari dagokionez, bi enpresa elkarri lotuta daudela uste izanen da enpresa batak edo haren bazkideek bestean %25etik gorako partaidetza izanez gero, salbu eta partaidetza hori inbertsio enpresa publikoetatik badator, edo arrisku-kapitaleko enpresetatik, edo erakunde inbertsio-egileetatik, eta baimena eskatzen duen enpresaren gain inolako kontrolik ez badute, ez bakarka ez denek batera.

3. Saiakuntzarako instalazio eolikoak ezartzeko baimena jasotzen duten enpresek ez dute zilegi izanen beste enpresa batzuen prototipoak haietan instalatzea.

4. Saiakuntzarako instalazio eolikoak ezartzeko baimena jasotzen duten enpresek energia berriztagarriak ikertu eta garatzeko gastuen finantzaketan erabili beharko dituzte instalazioetan ekoitzitako energia salduz lortzen dituzten dirusarrerak, instalazioa ezarri eta mantentzeko gastuak kenduta.

4. artikulua. Kokalekuak.

1. Nafarroako Foru Komunitateak baimena eman ahal izanen du saiakuntzarako edo autokontsumorako instalazioak lurzoru urbanizaezin mota hauetan koka daitezen: baso lurzorua, nekazaritza edo abeltzaintza produkzio ertainekoa, eta generikoa.

2. Sekula ere, eta araudi zehatzean xedatzen dena alde batera utzi gabe, ez da baimenik emanen parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren lurretan instalaziorik ezartzeko. Orobat instalazioei aplikatu beharrekoa da aipatu artikuluko 3 eta 4. idatz-zatietan xedatutakoa.

5. artikulua. Baimena.

1. Saiakuntzarako edo autokontsumorako instalazioak eraiki, handitu, berritu eta ustiatzeko, beharrezkoak dira ondoko administrazio baimenak:

a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren administrazio baimena, lurraldearen eta ingurumenaren gaineko eraginak aurrez azterturik eman beharrekoa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan edo haren ordezko arauan xedatzen denari jarraikiz.

b) Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren baimena. Hura eman aurretik, foru dekretu honetan ezarritako gainerako betekizunak betetzen ote diren aztertuko da eta azaroaren 27ko 14/1997 Legean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta instalazio mota honi buruzko gainerako arauetan xedatutakoa betetzen dela egiaztatu beharko da. Baldin eta eremu berean instalazioak jartzeko hainbat eskaera jaso, eta instalazio guztiek batera ingurumenean gehiegizko eragina izanen luketela irizten badio, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aukera izanen du lehia prozedura sustatzeko, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan edo haren ordezko xedapenean aurreikusitakoaren antzekoa.

c) Jarduera sailkaturako lizentzia.

2. Baimen horiek hurrenez hurren, aldi berean edo batera tramitatu ahal izanen dira.

6. artikulua. Proiektuaren dokumentazioa.

Instalazioaren proiektuak agiri hauek bilduko ditu:

a) Memoria. Bertan zehatz azalduko da zein behar ase behar diren, zein irizpide erabili diren lurrak hautatzeko, nola bete diren foru dekretu honetan ezarritako baldintzak, azalera osoari dagokiona barne dela, eta zein eraikin eta instalazio egin asmo diren. Lur mugimenduak egin behar badira, horien deskripzioa eta arrazoiak azalduko dira. Sarbide, energia instalazio eta bestelako instalazioei buruzko aurreikuspenak zehaztuko dira.

b) Informazio eta antolamendu planoak. Haietan ageriko dira instalazioen kokalekuak eta mugak, lurzoruaren kategoria, topografia, egitekoak diren eraikinen kokalekuak eta zerbitzu sareak.

c) Instalazioa egiteko proiektua.

d) Paisaiaren gaineko eraginari buruzko azterlana. Bertan zehaztuko da zer nolako neurriak hartu behar diren instalazioak eta hura seinaleztatzeko elementuek ingurua nabarmen desitxuratu ez dezaten, eta hegaztiei kalte egiteko arriskua aztertuko da.

e) Energiaren produkzioa eta, kasua bada, kontsumoa bidezkoak direla frogatzeko agiri teknikoak, eta urtebetean, gutxienez, etenaldirik gabe, tokian bertan haizearen abiaduraren neurketa teknikoak egin izan direla frogatzen dituztenak, horrela instalazioen egokitasuna eta bideragarritasuna ziurtatu ahal izan daitezen.

f) Instalazioari buruzko aurreikuspen ekonomikoak. Banaka azaldu behar dira ekipoen kostuak, instalazio elektrikoenak, obra zibilarenak eta ingurumenaren gaineko eragina zuzentzeko neurrienak.

g) Ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterlana, ekainaren 19ko 229/1993 Foru Dekretuan eskatutako edukia eta gainerako betekizunak biltzen dituena. Gutxienez ere, instalazioak, sarbideak, nahiz eta behin-behinekoak izan, eta linea elektrikoak izan behar ditu aztergai.

h) Ingurumenaren zaintza eta jarraipen programa, eta instalazioak ixteko proiektua, ingurumena lehengoratzeko neurriak zehazten dituena, besteak beste.

7. artikulua. Baimenak eskualdatzeko aukera.

Foru dekretu honen babesean jasotako baimenak eskualdatzea zilegi izanen da, Administrazioak berariaz horretarako deklarazioa eginez gero, instalazioak osorik buruturik egon eta behar diren lizentzia guztiak dituztenean. Gainera, titular berriak indarra duen araudian eskatutako baldintzak bete beharko ditu.

8. artikulua. Baimenen ezeztapena eta iraungipena.

1. Baimenak iraungi eginen dira horretarako ezarrita duten epea iragandakoan.

2. Foru dekretu honetako baldintzak edo baimenarenak betetzen ez badira, eta baimenak ematen dituzten departamentuei informazio eta datuak ukatu edo gezurrezkoak ematen bazaizkie, zilegi izanen da iraungitzeko epea amaitu baino lehen baimenak kentzea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa._1. Nafarroako Plan Teknologikoan aurreikusi bezala, Cener-Cietmat Fundazioak Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala sortu du Nafarroan, energia berriztagarrien arloko ikerketan eta garapen teknologikoan jardun dezan. Zentro horrek badu gaitasun eta esperientzia egokia eta berak sustatu eta kudeatu ahal izanen ditu saiakuntza parkeak bere kabuz, edo bestela sozietate instrumentalen bitartez, baldin eta haien kapital sozialaren %51ren titularra bada, gutxienez. Parke horietan saio, neurketa, proba eta esperimentuak eginen dira sorgailu eolikoekin eta energiaren ekoizpenari eta metaketari buruzko azterlanetarako sistema hibridoekin.

2. Parke horien ezarpena otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 3. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerakoetan xedatutakoaren arabera izapidetu eta ebatziko da, eta, hala behar denean, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko araudian xedatutakoa ere beteko da. Horrelako parkeen erabiltzaile izan eta gorago aipatu diren makina eta instalazioak haietan instalatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren baimena eskuratzea. Betiere, ohiko sistemen aldean berrikuntza garrantzitsuak dakartzaten instalazioak izanen dira, edo ohiz kanpoko potentziak eragiteko gai direnak. Parkea sustatzen edo kudeatzen duen erakundearen saiakuntza eta esperimentazio beharrak betetzeaz gain, lehentasuna emanen zaie saiakuntza parkearen sustatzailearen zerbitzuak erabili ohi dituzten enpresei. Gainerako enpresen baimen eskaerak, berriz, instalatu nahi duten makinak edo ekipoak dakarren berrikuntzaren interesa kontuan izanik ebatziko dira. Baimena lau urterako emanen da, gehienez ere, eta epe hori amaitu aurretik kendu ahal izanen da, erakunde kudeatzaileak ezarritako baldintzak ez betetzeagatik edo foru dekretu honen 8. artikuluan zehazten diren arrazoiengatik.

Erabiltzaileek parkea kudeatzen duen erakundeari kanon bat ordaindu beharko diote bertan instalaturik duten makina edo ekipo bakoitzeko, ezarpen eta mantentze gastu komunetarako erabil dadin. Gainera, energia salduz lortzen dituzten dirusarrerak energia berriztagarriak ikertu eta garatzeko gastuen finantzaketarako erabili beharko dituzte, behin kanona eta beren gastuak kenduta.

Bigarrena._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak zilegi izanen du energia eolikoa sortzeko instalazioetarako baimenak foru dekretu honetan saiakuntza instalazioetarako ezarritako baldintza berekin ematea, baldin eta helburua instalazioek hegaztien gain duten eragina eta hura gutxitzeko neurriak ikertzea bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 1. artikuluko 2. idatz-zatia eta lehenbiziko xedapen gehigarria, baita foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta aplikagarria izanen da indarra hartzen duenean ebatzi gabe dauden eskabideetarako.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren zazpian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: C3134370