69. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 2a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

CINTRUENIGOKO SAN FRANCISCO DE ASIS UDAL PATRONATUA

Deialdia, Cintruenigoko "San Francisco de Asís" zaharren egoitzako administrari-ofizial lanpostu bat bitarteko gisa betetzeko, oposizio bidez

1._Cintruenigoko "San Francisco de Asís" Patronatuak oposizio baterako deia egiten du, "San Francisco de Asís" zaharren egoitzako administrari-ofizial lanpostu bat bitarteko gisa betetzeko.

Izendapenak "San Francisco de Asís" Udal Patronatua deitutako entitate publikoaren zerbitzuko lan kontratudun bihurtuko du izendatua, bitarteko gisa jardun dezan, langileei buruzko egungo xedapenek zehaztu eskubide eta betebehar guztiekin.

"Adineko pertsonendako egoitzen eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren hitzarmena, Estatu mailakoa" deitutakoak arautuko du deialdiko lanpostuaren lan egoera.

Lanpostua lortu eta gero, izendatutako izangaia hitzarmen horretako C taldean sartuko da, eta talde horri dagozkion egitekoak bete beharko ditu.

Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen da eta hartan inskribatuko.

Izangai izendatuak Cintruenigon bizi beharko du, eta, beraz, udal mugape horretan finkatuko du egiazki bere bizilekua.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Europako Elkarteko herritarra izatea.

b) Adinez nagusi izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua ez izatea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez egotea.

2.2. Eskaerarekin batera, tituluaren ziurtagiriren bat aurkeztuko da. Gainerako baldintzak deialdi honetan aurreikusten diren epean eta moduan egiaztatu beharko ditu probak gainditzen dituen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla ulertuko da eta hautapen prozesu osoan zehar eta izendapena arte bete beharko dira.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak Cintruenigoko San Francisco de Asís zaharren egoitzako administrazioan aurkeztuko dira, hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute beharkizun guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) "San Francisco de Asís" Udal Patronatuaren kontuan 10 euro ordaindu izana frogatzen duen agiria. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa eskubideak ordainduko dira.

b) 2.1 oinarrian eskatzen den titulazioaren jatorrizko agiria edo notario batek edo administrazioak berak konpultsaturiko fotokopia.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4._Izangai onartuen eta baztertuen zerrenda.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, "San Francisco de Asís" Udal Patronatuko Batzordeko buruak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta San Francisco de Asís zaharren egoitzan argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzordeko burua.

Ordezkoa: San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzordeak izendatua.

Mahaikidea: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko ordezkoa.

Mahaikidea: Toki Administrazioko teknikaria.

Ordezkoa: Toki Administrazioko ordezkoa.

Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkoa.

Mahaikidea: Zentroko langileen ordezkarietako bat.

Ordezkoa: Zentroko langileen ordezkarien ordezkoa.

Idazkaria: Cintruenigoko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Cintruenigoko Udalak izendatua.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioaren nondik norakoak.

6.1. Ondoko ariketak egin beharko dira oposizioaldian:

6.1.1. Lehenbiziko ariketa: I. eranskineko programako gai bat idatziz garatzea.

Proba honek 0tik 10era bitarteko puntuazioa izanen du. 5 puntu baino gehiago eskuratzen ez dituzten izangaiak baztertuak izanen dira.

6.1.2. Bigarren ariketa: II. eranskineko gaiei buruzko kasu praktikoei erantzutea.

Proba honek 0tik 45era bitarteko puntuazioa izanen du. 20 puntu baino gehiago eskuratzen ez dituzten izangaiak baztertuak izanen dira.

6.1.3. Hirugarren ariketa: test psikoteknikoa.

Proba honek 0tik 20ra bitarteko puntuazioa izanen du. 10 puntu baino gehiago eskuratzen ez dituzten izangaiak baztertuak izanen dira.

6.1.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela agertu beharko dute, edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Dagokion identifikaziorik gabe agertuz gero, izangaia oposiziotik baztertuko da.

6.1.5. Ariketa bakoitza bukatutakoan, Epaimahaiak jendaurrean jarriko du Cintruenigoko San Francisco de Asís zaharren egoitzako iragarki oholean probak gainditu dituzten izangaien zerrenda haien kalifikazioekin eta, halaber, oposizioko hurrengo ariketa zein toki, egun eta ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik bederen.

7._Azken puntuazioa.

Oposizioko hiru probetan eskuratutako puntuak zenbatu ondoren, epaimahaiak gaindituen zerrenda bat eginen du, izangaiak puntuazio handienetik txikienera ordenaturik, eta zerrendako lehenaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio San Francisco de Asís Udalaren Patronatuko buruari. Hark proposamen hori argitaratuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

8._Agirien aurkezpena.

Proposaturiko izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Cintruenigoko San Francisco de Asis egoitzaren administrazioan, 25 egun naturalean, proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen edo banan banako jakinarazpena egiten denetik aitzina:

a) Zinpeko aitorpena edo hitz ematea daukan aitorpena, Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udaletako edo autonomia erakundeetako inolako kargu, lanpostu edo eginbeharretatik egotzia ez dela izan, eta eginkizun publikoetan aritzeko gabetua edo ezgaitua ez dagoela dioena.

b) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea guztiz eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duena.

8.1. Zuzenbidean ezarritako bestelako frogabideak ere onartuko dira, eskatzen diren agiriak aurkezteko arrazoizko ezintasunik gertatuz gero.

8.2. 8. oinarrian esandakoa ez bada betetzen han bertan ezarritako epeetan, ezin izanen da ez izendapenik ez egiazko kontrataziorik egin, eta, horrenbestez, eskubidea ere galdu eginen da. Horrela gertatuz gero, gainditu dutenen puntuazioen zerrendan hurrena datorren izangaiari luzatuko zaio izendapen proposamena.

9._Kontratazioa.

Izendatuak 15 egun naturaleko epean sinatu beharko du kontratua, izendapena jakinarazten zaionetik aitzina, baitan lanean berehala hasi ere. Hala egiten ez badu, epe berean ezinbestekoren bat frogatu ezean, izendapenaren eskubide guztiak galduko ditu, eta 8.2 oinarrian aipatu bezala jardunen da.

ESKABIDE EREDUA

Izena adinez nagusia

NAN zenbakia

Sorteguna

Sorlekua .................................................... Probintzia

Bizilekua ................................................... Probintzia

Karrika ..................................................................... zenbakia

Telefonoa

Honako hau azaltzen dut:

Cintruenigoko "San Francisco de Asís" zaharren egoitzako administrari-ofizial izateko lanpostu bat bitarteko gisa oposizio bidez betetzeko deialdiko, ....... eguneko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu hartako, baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Horrenbestez, lanpostu hori eskuratzeko hautaprobetan onartua izatea eskatzen dut.

Cintruenigon, 2003ko .........................aren ............(e)an.

Stua. Eskatzailea

jauna/andrea

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1._Jendea hartzea: harrera eta informazioa. Administrazioaren informazio eta erreklamazio zerbitzuak.

2._Agirien erregistroa: kontzeptua. Sarrera eta irteeren erregistroa: nola funtzionatzen duen Udaletan. Bulego publikoetan eskabideak eta beste agiri batzuk aurkeztea. Erregistroen informatizazioa.

3._Artxiboa: Kontzeptua: Artxibo motak eta haiek nola funtzionatzen duten. Ordenatzeko irizpide nagusiak. Kudeaketa artxiboaren aipamen berezia. Herritarren eskubidea, artxiboetara eta erregistroetara jotzeko.

4._Administrazio prozedura: ezaugarriak eta printzipio orokorrak. Hasiera eta bulkada. Legitimazioa. Txostenak eta alegazioak. Interesatuak. Amaiera. Ebazpena. Atzera egitea eta uko egitea. Iraungitzea. Jakinarazpenak: argitalpena. Administrazioaren isiltasuna. Betearazpena.

5._Administrazio errekurtsoak eta jurisdikzionalak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

6._Udal aurrekontuak Nafarroan. Dirusarreren eta gastuen egitura eta sailkapena. Onetsi eta aldatzeko bideak. Gastuak eta ordainketak: tramitazioa eta kontu hartzea, dirusarreren kontrola. Gerakinen kontua.

7._Gizarte Ongizate Departamentuak zaharren egoitzendako ematen dituen prestazio eta zerbitzuak.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1._Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra.

2._Testu prozesadorea, kalkulu orria, datu basea eta Internet.

3._Nominak.

4._Aseguru sozialak.

Iragarkiaren kodea: A0304578