61. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

462/2003 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko sistema informatikoetako ofizial izateko 13 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko sistema informatikoetako ofizial izateko 13 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da, ondoko arauei jarraikiz:

1._Arau orokorrak.

Deialdi honetako oinarriak eta ereduak www.cfnavarra.es/snso/ web orrian kontsultatu eta eskuratu ahal dira.

Deialdi hau arautuko duten xedapenak honakoak dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 464/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak (osasun arloko A mailako langileak izan ezik, A.1 eta A.2 estamentuak) hornitzeko prozeduretan aplikatuko diren merezimenduen baremoak arautzen dituena, eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Deialdi honen xedea da sistema informatikoetako ofizial izateko 13 lanpostu, lan eskaintza publikoan sartuak, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, bete gabe gelditu baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 20ko 1599/2001 eta urriaren 15eko 1242/1998 Ebazpenen bidez onetsitako deialdien bitartez egindako lekualdatze lehiaketetan. Aipatu deialdiak 2002ko urtarrilaren 25eko eta 1998ko abenduaren 16ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ziren (11. eta 150. zenbakiak).

_5 lanpostu huts Oinarrizko Osasun Laguntzan eta Adimen Osasunean, 67.866, 67.867, 67.868, 67.869 eta 67.870 zenbakikoak.

_3 lanpostu huts Zerbitzu Zentraletan, 68.069, 68.079 eta 68.080 zenbakikoak.

_2 lanpostu huts Bideko Ama Birjina Ospitalean, 67.913 eta 67.914 zenbakikoak.

_2 lanpostu huts Lizarrako Osasun Barrutian, 67.799 eta 66.642 zenbakikoak.

_1 lanpostu huts Tuterako Osasun Barrutian, 66.662 zenbakikoa.

1.2. Deialdiko lanpostuak honela beteko dira:

a) Lanpostu bat minusbaliotasunen bat duten pertsonentzat (100eko 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna).

b) Sei lanpostu igoera txandan.

c) Sei lanpostu txanda irekian.

1.3. Hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen diren txanda murriztuko lanpostu hutsak edo/eta minusbaliatuentzako txandakoak bidezko den txandari gehituko zaizkie.

Orobat, igoera txandan edo/eta minusbaliatuentzako txandan eskaintzen diren lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Lanpostu hutsak banatzeko ordena hauxe izanen da:

a) Lehendabizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandatik, Nafarroako edozein Administrazio Publikotako plantillako langile finkoentzako hautapen prozesu murriztutik alegia, beste kategoria batekoak izanik deialdiko lanpostuaren maila-talde berekoak edo txikiagokoak badira. Betiere, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eta indarrean den Hitzarmen Kolektiboak bultzatutako igoera erregulatzen duen araudiari jarraituko zaio.

b) Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekitik.

Lehendabizikotik hasiko da ordena lanpostu hutsak betetzeko, aurretik hainbat lanpostu esleitu baita.

1.4. Izendapena dela bide, izendatuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillako nominadun funtzionarioak izanen dira, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.

1.5. Deialdiko lanpostuak C maila edo taldekoak dira, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko "Administrazioko ofizialak" estamentuan eta "Informatika" espezialitatean sailkaturik daude (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena, eranskina). Lanpostuetako ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.

1.6. Hautapen probak gainditu eta deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendaturiko izangaiek, Nafarroako Administrazio Publikoko funtzionario izanik lehendik afiliaturik baldin badaude eskubide pasiboen erregimenean eta osasun eta gizarte laguntzan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, aukera izanen dute bertan segitu edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

Txanda irekiko izangaien kasuan, berriz, funtzionario egin eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, erregimen horretan aurreikusitako babesean.

1.7. Izendatutako izangaiek destinoa duten herrian bertan bizi beharra dute, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko dute bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatu ahalko dute.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dute.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiak:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko beste Estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste Estatuetako herritarren ezkontideek hartu ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Halaber, Europako Elkarteak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, haietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Adinez nagusi izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez egotea.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitakoez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioak, estatutupeko langileak edo lan-kontratatu finkoak izatea, borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez daudenak igoeraren abiaburuko lanpostuan.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo txikiagokoa izatea, baita beste kategoria batekoa ere.

c) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea eta Administrazio Publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasuna frogatzea.

2.1.3. Minusbaliatuentzako txandako izangaiek, txanda irekikoek bete behar dituzten baldintzez gain, egiaztatu beharko dute beren ezintasuna % 33koa edo handiagoa dela.

2.2. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte beharkizun horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatu arte.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, 31008 Iruña), edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorren bulegoetako edozeinetan (95. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abuztuaren 7koa) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako erregistro eta bulegoetan.

Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute beharkizun guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera 12 euro ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa eskubideak ordaintzen dira.

Azterketa eskubideak ordain-gutun baten bidez pagatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan, edo bestela, banku transferentziaren bidez, Banco Santander Central Hispanoko 00491821012110580351 kontura, transferentziaren agirian datu hauek ezarriz:

_Izangaiaren izen-deiturak.

_Ordainketa egin behar deneko kontu-zenbakia.

_Kontzeptua: oposizioak.

_Lanpostua.

Daturen bat eman gabe utziz gero, izangaia bazterturik geldituko da.

Ordain-gutunak Nafarroako Foru Komunitateko banku-entitateetan ordaintzeko balio du, ez kanpokoetan. Gainontzeko erkidegoetan ordainketa banketxe transferentziaren bidez eginen da.

Azterketa eskubideak ordaintzeak ez du inola ere aldatuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasatik salbuetsirik daude:

a) %33koa edo handik goitiko minusbaliotasuna dutenak.

b) Deialdi hau argitaratu baino hilabete bat lehenago, gutxienez, enplegu-eskatzaile gisa agertzen direnek. Salbuespen honetaz baliatu ahal izateko nahitaezkoa izanen da uko egin ez izana bidezko lan eskaintzei, edo lanbidearen sustapeneko edo prestakuntzako edo eraberritzeko ekintzei, eta, halaber, lanbidearteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik ez izatea hilabetean. Hori dena Enplegu Bulegoak luzaturiko agirien bidez egiaztatuko da.

3.3. Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, gainera, 2.1.2. oinarrian aipaturiko betebeharren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

3.4. Minusbaliatuen txandan parte hartzea eskatu duten izangaiek beraien minusbaliotasuna frogatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, betiere organo eskudunek luzatutakoa.

3.5. Minusbaliotasunak dituzten izangaiek ariketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahal dituzte, beharrezkoa izanez gero. Eskabidean adierazi behar dute zer-nolako minusbaliotasuna duten eta zein egokitzapen behar den.

3.6. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek gainerako beharkizunak dokumentuen bidez egiaztatu beharko dituzte lanpostua eskuratzen dutenean, deialdi honen 8. oinarrian ezarri den epe eta moduan.

4._Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko. Zuzenketa eskaeren onarpena edo ezespena behin betiko zerrendaren ebazpenari lotuta egonen da.

4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanda dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.5. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesatuek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5._Epaimahaia.

5.1. Ondoko kideek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Antolaketaren Garapenerako zuzendariordea.

Ordezko mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren eta Lan Harremanen zuzendariordea.

Mahaikidea: Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Antolaketa eta Informazio Sistemen Zuzendaritza Nagusiko sistema informatikoetako erdi mailako teknikaria.

Ordezko mahaikidea: Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Antolaketa eta Informazio Sistemen Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa Informatikorako atalburua.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Zuzendaritzako Euskarri Informatikoaren Unitateko burua.

Ordezko mahaikidea: Bideko Ama Birjina Ospitaleko Euskarri Informatikoaren Unitateko burua.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezko mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Nafarroako Ospitaleko Zerbitzu Informatikoen Unitateko burua.

Ordezko mahaikide idazkaria: Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzako Zerbitzu Orokorren Ataleko burua.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia nork osatzen duen izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera emanen da aditzera.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatu horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da kide hauek biltzea: mahaiburua eta mahaikide idazkaria edo horien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahal ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan izanen dira: lehenbizi oposizioaldia, eta gero, hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean adieraziko da oposizioa zein toki, egun eta ordutan hasiko den. Beharrezkoa bada, behar den garaian, epaimahaiak hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako proba edo ariketak.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Ondoko ariketa hauek egin beharko dira oposizioaldian:

a) Lehenbiziko ariketa: deialdi honetako III. eranskineko gaitegiarekin zerikusia duen galdera sorta bat, test modukoa, idatziz erantzun beharko da. Galdera kopurua eta probarako gehienez ere zenbat denbora izanen den, epaimahaiak ariketa hasi baino lehen adieraziko du.

b) Bigarren ariketa: praktikoa, izangai guztientzat berdina. Epaimahaiak zehaztuko du eta deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko jakin beharreko kontuekin zerikusia izanen du. Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, zehaztuko du gehienez ere zenbat denbora izanen den, probari zenbat puntu emanen zaion, eta, hala erabakitzen bada, nolako azalpena nahi den.

6.3.2. Oposizioaldian gehienez 60 puntu lortzen ahal dira, honela banatuak ariketen arabera:

a) Lehen ariketa: 30 puntu lor daitezke gehienez ere.

b) Bigarren ariketa: 30 puntu lor daitezke gehienez ere.

Oposizioko ariketa bakoitza baztergarria izanen da eta kasuan kasuko ariketari esleituriko gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten lehiakideak baztertuak izanen dira. Halaber, ariketaren batean puntu bat ere lortzen ez duten izangaiak baztertuak izanen dira. Oposizioaldiko azkeneko puntuazioa oposizioko ariketa guztietan lorturiko puntuazioen batura izanen da.

6.3.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela agertu beharko dute, edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat.

Ariketetara agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuak geldituko dira.

6.3.4. Hauta-probetan, beharrezkoa izanez gero, elbarrientzako egokitzapenak egin ahalko dira, elbarriek aurretiaz hala eskatzen badute beren eskabideetan.

6.3.5. Ariketa bakoitza bukaturik, epaimahaiak ariketa gainditu duten izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak jendaurrean jarriko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean edo ariketa egiteko erabilitako lokaletan. Halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko lekua, eguna eta ordua ezarriko ditu, hura hasi baino 48 ordu lehenago gutxienez.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaikoek lehiaketaldia abiatuko dute oposizioa gainditzen duten izangaiekin.

Oposizioa gainditzen duten izangaiek merezimenduak alegatu beharko dituzte eta agiri bidez frogatu, epaimahaikoek eskatu eta hamabost eguneko epean. Horretarako, jatorrizko agiriak aurkeztuko dituzte, edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopiak, deialdian ezarritako baremoaren arabera.

6.4.2. Lehiaketaldian kalifikatu eginen dira izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak, deialdi honi erantsitako baremoen arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu bildu ahalko dira.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Administrazioko ofizial" estamentuan eta "Informatika" espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubideari buruzkoa, eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileen arduradunak emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri behar dira:

_Lantokia.

_Estamentua eta/edo espezialitatea.

_Zerbitzuen iraupena, behar bezala adierazita hasiera eta bukaera egunak eta guztira zenbat egun diren.

_Zerbitzuak lanaldi partzialean eman baldin badira, honako hau erantsi:

a) Egunean, astean, hilabetean edo urtean egindako orduen kopurua eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia,

b) edo, bestela, ohiko lanaldiaren aldean zein portzentaje osatzen duten.

Enpresa pribatuetan eginiko zerbitzuak izanez gero, ziurtagiri horrez gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lan bizitzari buruz egindako txostena ere aurkeztu beharko da.

6.4.5. Epaimahaiak edozein momentutan eska ditzake lehiatzaileek aurkeztutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.

6.4.6. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaien merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Behar bezala egiaztatu gabeko merezimendurik alegatzen bada, epaimahaiak erabaki dezake epe bat ematea, interesatuek akatsak zuzen ditzaten.

6.4.7. Lehiaketaldia bukatzen denean epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean jendaurrean jarriko du balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioak adierazita.

6.4.8. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, espres eskatuz gero, izendapena jakinarazi eta sei hilabete igaro ondoko hilabeteko epean, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu, hala izanez gero agiriak luzaroago gordetzen ahal baitira egiaztapenak eta probak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

7._Azken puntuazioa.

Azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuazioarik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Hala ere berdinketak irauten badu, izangai zaharrena lehenetsiko da.

8._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortu dituzten puntuazioen araberako hurrenkeran, jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean. Gero, probak gainditu eta puntuazio handiena lortu eta lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Proposatutako izangaiak, izendatzeko proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, agiri hauek aurkeztu beharko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Sarrera eta Barne Igoera Zerbitzuan:

8.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Titulazioaren jatorrizko agiria, edo haren kopia, notario edo administrazio bidez konpultsatua.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesatuak karguari dagozkion eginkizunetan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

e) Zin egite edo promesa, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela dioena.

f) Europako Batasuneko herritarra izanez gero, Espainian bizitzeko egoitza-txartela.

g) Europako Batasunetik kanpokoa bada, Espainian bizi eta lan egiteko baimena.

8.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratatu finkoa dela frogatzen duen ziurtagiria, baita bere espediente pertsonaleko gainerako inguruabarrena ere.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesatuak karguari dagozkion eginkizunetan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

8.3. Eskabidean ehuneko 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna dutela adieraziz gero, izangaiek, aurreko agiriez gainera, minosbaliotasunak deialdiko lanpostuan aritzea ez diela eragozten frogatu behar dute, eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek emandako agiriaren bitartez.

8.4. Aipatu epearen barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbu, arestiko agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta bere egintza guztiak deuseztatuak geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela medio etor dakiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

8.5. Aurreko atalean azaldutako kasuetan administrazio organo eskudunak 8.1. oinarrian aipaturiko zerrendara joko du, oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrendara alegia, eta hurren-hurrena dagoen izangaia jarriko du baztertutakoaren lekuan.

9._Lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Izendapen proposamena argitaratu baino lehen adjudikatuko du administrazio organo eskudunak laneko tokia, probak gainditzen dituzten eta deialdiko lanpostu bat lortu ahal duten izangaien eskaerak kontuan hartuta. Betiere, oinarri hauetan ezarri baldintzak beharko dituzte bete, eta hautapen probetan lortu ordenari jarraituko zaio. Lanpostua igoera txandan lortzen dutenei ematen zaie lehentasuna, eta gero txanda irekikoei. Halaber, minusbaliatuentzako lanpostuak gordeko dira, dagokien txandan lehentasuna izanen baitute.

Izangai minusbaliaturik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, minusbaliotasunarekin hobeki egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gaineko txostena aztertutakoan.

9.2. Laneko tokia aukeratzeko, aditzera emanen diren lekuan, egunean eta orduan agertu beharko dute. Epe horretan aukeratzen ez duten izangaiek, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan salbu, eskubide guztiak galduko dituzte oposizio-lehiaketaren xedeko lanpostuetan jarduteko. Hori gertatuz gero, 8.5 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

10._Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Administrazio-organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu ebazpen bidez, sistema informatikoetako ofizial lanpostuak bete ditzaten.

10.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan salbu, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa izateko eskubide guztiak galduko ditu.

Hori gertatuz gero, 8.5. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

10.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 8.5. atalak agintzen duen moduan.

10.5. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

10.6. Izendapenean eragina izan lezakeen helegiteren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoen edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan helegiteari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta mende geldituko da.

11._Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak.

11.1. 2001eko urtarrilaren 9ko Erabakian xedatutakoaren arabera prestatuko dira sistema informatikoetako ofizialak aldi baterako kontratatzeko zerrendak, akordio horretan onetsi baitzen Osasun Administrazioak eta AFAPNA, CEMSATSE, CC.OO, ELA, LAB, SAE eta UGT sindikatuek sinatutako ituna Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro eta establezimenduetan aldi baterako langileak hautatzeko, eta 2001eko abuztuaren 20ko 101. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu.

11.2. Erabaki horretan xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa bidezko deialdi honen emaitzetan oinarrituko dira aldi baterako zerrendak, irizpide hauei jarraituz:

a) Deialdi honetako probak gainditu bai baina lanposturik erdietsi ez duten izangaiek izanen dute lehentasuna aldi baterako kontrataziorako.

Izangai horiek, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzari eskabidea igorrita, kontratazio zerrendetatik kentzeko eskatu ahalko dute, kontratazio zentro edo unitate batean edo gehiagotan.

b) Aurreko atalean adierazitako izangaien ondotik, oposizio-lehiaketa bidezko deialdi honetara aurkeztu eta hautapen probak gainditu ez dituzten izangaiak jarriko dira kontratazio zerrendetan. Kasu horretan, proba gehien gainditzen dituztenen zerrendak erabiliko dira lehenik, gainditutako probetan lortzen duten puntuazio osoaren arabera ordenatuta beti.

c) Aurreko idatz-zatiaren arabera egindako izangai zerrendari 2001eko urtarrilaren 9ko Erabakiaren 2. puntuko c) atalean aipatzen diren izangaiak gehituko zaizkio, baremoan lortutako puntuazioaren araberako ordenan.

11.3. Izangaiek zentro bakar bat aukeratuko dute A, B eta C atal bakoitzean daudenen artean. Ez da nahitaezkoa atal guztietan aukera egitea.

A atala:

f Nafarroako Ospitalea.

f Bideko Ama Birjina Ospitalea (Emakumeari Laguntzeko Zentroak barne).

f Iruña eta Iruñerria.

_Iruña eta Iruñerriko Osasun Etxeak.

_Nafarroako gainerako Osasun Etxeak.

_Larrialdietarako zerbitzuak (Iruña eta Tafalla).

_Adimen Osasuneko baliabideak (OPUak izan ezik).

f Iruñeko eta Tafallako anbulatorioak.

B atala:

f Ubarmin Klinika.

f Odol Bankua.

f Osasun Publikoaren Institutua.

f Nafarroako Iparraldeko Osasun Etxeak.

C atala:

f Tuterako Osasun Barrutia.

f Lizarrako Osasun Barrutia.

Esparru horietako bakoitzean bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta iraupen luzeko kontratuetarako bestea.

Kontratu motzak izanen dira jardunean dauden plantillako langileen ordez aritzeko egiten direnak, eta, oro har, hasierako aurreikuspenen arabera, sei hilabeteko iraupenera ailegatzen ez direnak. Kontratu motzak izanen dira, halaber, lanaldi partzialean aritzeko, hala nola etengabeko edo guardiako osasun laguntza emateko egiten direnak, alde batera utzirik zenbat irauten duten.

Iraupen luzeko kontratuak dira lanpostu hutsak bitarteko gisa eta plantillako langileentzat erreserbatutako lanpostuak betetzeko egiten direnak eta, oro har, sei hilabeteko edo gehiagoko beste edozein kontratazio.

Izangai bakoitzak bere eskaeran adierazi beharko du iraupen luzeko kontratazio zerrendan egoteaz gain, iraupen laburrekoan ere egon nahi duen ala ez.

Zentroa onarpenerako eskaeran hautatu behar da. Dena dela, behin betiko emaitzak argitaratutakoan, interesatuek, argitaratu eta biharamunetik bost eguneko epean, hasieran hautatukoa aldatu ahalko dute.

Aipatu esparruetatik bakar bat ere hautatzen ez dutenek oinarri honen arabera prestatzen diren aldi baterako kontratazio zerrendetan sartzeari uko egiten diotela ulertuko da.

11.4. Kontratazio zerrenden funtzionamendua 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioan xedatutakoaren arabera arautuko da.

12._Helegiteak.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, ebazpen honen kontra, berau garatzeko ematen diren behin betiko ebazpenen kontra eta gaiaren muinean zuzenean edo zeharka eragiten duten, prozedurak aurrera egitea galarazten duten edo defentsarik eza edo legezko eskubide eta interesentzako kalte konponezina eragiten duten tramite-egintzen kontra, gora jotzeko helegitea jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, helegindako egintza argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren seian._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Victor Manuel Calleja Gómez.

I. ERANSKINA

Eskabidea

......................... jaunak/andreak, adin nagusikoak; Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (edo horren baliokidea den nortasun-agiriarena): ..........., jaioteguna: ..........., jaioterria: ............., nazionalitatea: ................, gaurko helbidea: .............., herria: ...................., probintzia: ................................, posta kodea: ................., etxeko telefonoa: ..............................., harremanetarako telefonoa: ...............................

Honako hau azaltzen dut:

_Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko .............. izateko ..... lanpostu betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)koan), txanda honetan:

f Txanda irekia.

f Igoera txanda.

f Minusbaliatuentzako txanda murriztua.

_Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

_Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

_Ez naizela diziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

_Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

_Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala. Betebehar horiek agiri bidez frogatuko dira, deialdian ezarririko epean eta moduan.

f Badudala minusbaliotasuna, eta horregatik egokitzapena eskatu nahi dudala (minusbaliotasunaren nondik-norakoak eta behar diren egokitzapenak aparteko orrian azalduko dira).

f Euskaraz jakitea frogatzen dudala, jatorrizko agiri baten bitartez, edo notario nahiz administrazio bidez konpultsatu kopiaren bitartez.

f Onartzen du euskarazko probetara aurkeztea.

f Eskabide honi erantsitako orri kopurua.

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean, ........(e)ko .........................aren ...................(e)an.

(Izenpea)

I. ERANSKINA (BIS)

........................... jauna/andreak, NAN: .............., ....................... izateko oposizio-lehiaketan onar dezatela eskaturik,

Adierazten dut:

Behar diren baldintzak betez gero, aldi baterako kontratatzeko zerrendetan egon nahi duela, ondoko esparruotan:

A atala:

f Nafarroako Ospitalea.

f Bideko Ama Birjina Ospitalea (Emakumeari Laguntzeko Zentroak barne).

f Iruñea eta Iruñerria.

_Iruñeko eta Iruñerriko Osasun Etxeak.

_Nafarroako gainerako Osasun Etxeak.

_Larrialdietarako zerbitzuak (Iruña eta Tafalla).

_Adimen Osasuneko baliabideak (OPUak izan ezik).

f Iruñeko eta Tafallako anbulatorioak.

B atala:

f Ubarmin Klinika.

f Odol Bankua.

f Osasun Publikoaren Institutua.

f Nafarroako Iparraldeko Osasun Etxeak.

C atala:

f Tuterako Osasun Barrutia.

f Lizarrako Osasun Barrutia.

f Iraunaldi luzeko eta laburreko zerrendetan egon nahi duela

Lauki hori bete ezean, iraupen luzeko kontratueetarako zerrendan baizik ez da sartuko.

Iruñean, ........(e)ko .........................aren .........(e)an.

(Izenpea)

II. ERANSKINA

1. atala._Egindako zerbitzuak. Ondokoak baloratuko dira:

1. Deialdiko lanpostuen estamentu eta espezialitatean emandako zerbitzuak, edozein Administrazio Publikorenak edo haien erakunde autonomoenak diren zentroetan: 1,8 puntu urte bakoitzeko.

2. Beste estamentu eta espezialitate batzuetan emandako zerbitzuak, edozein Administrazio Publikorenak diren zentroetan: 1,3 puntu urte bakoitzeko.

3. Lehiatzaileak lortu nahi duen lanpostuaren kategoria berean enpresa pribatuan, Gizarte Segurantzan alta emanik eta haren kotizazioak ordaintzen, besteren kontura egindako zerbitzuak: 0,70 puntu urte bakoitzeko.

Azpiatal hauetako bakoitzaren puntuazioa proportzionalki kalkulatuko da urtebetetik beherako kasuetan.

Atal honetako puntuazioa 17 puntu izanen da gehienez.

Bateraezinak dira aurreko azpiatalengatik emandako puntuazioak, denboraldi berekoak direnean; halakoetan, handiena bakarrik emanen da.

Baremo honetan aipatutako zerbitzuak urriaren 3ko 464/2001 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako arauei segituz zenbatuko dira.

2. atala._Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baino ez dira baloratuko:

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo kreditatutako prestakuntza ekintzetan ikasle gisa parte hartzea. Kreditu akademiko edo haren balio bereko bakoitzarengatik (10 ikastordu), 0,1 puntu. Ordu kopuru zehatzik agertzen ez denean, kreditu bateko balioa emanen zaio agiriari, eta denbora ikasturte batekoa dela dioenean, 12 kreditu kontatuko dira. Gehienez ere 10 puntu, denbora zatiak hainbanatuz.

Orobat, nahiz erakunde antolatzailearen beharkizuna ez bete, prestakuntza ekintzak baloratu eginen dira Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean sartzen dira sindikatuek "Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen" barrenean antolatuak.

2. Biltzar edo jardunaldietan aurkezturiko ponentzia edo komunikazioak: 0,4 puntu, nazioartekoa bada, 0,3 puntu, nazionala bada, eta 0,2 puntu soilik eskualdea edo herria hartzen badu; gehienez ere 2 puntu.

3. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten lan zientifiko edo ikerlanak: 0,75 puntu, nazioartekoa bada, 0,5 puntu, nazionala bada, eta 0,2 puntu autonomia erkidegokoa bada; gehienez ere 2 puntu.

4. Aldizkari espezializatuetan argitaraturiko lanak: 0,2na puntu lehen hiru sinatzaileei, gainerakoei 0,05na puntu; 2 puntu gehienez.

5. Prestakuntza beka edo egonaldiak: 0,1 puntu hilabeteko, puntu 1 gehienez.

6. Sektore publikoan edo unibertsitatean prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo horietan irakasle gisa parte hartzea: kreditu akademiko bakoitzeko edo 10 orduko, 0,2 puntu, gehienez ere 3 puntu; zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira. Iraupenik adierazten ez duten ziurtagiriak 2 ordukotzat joko dira.

7. Europar Batasunean erabilera ofizialekoak direnen artetik, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogatuz gero: 1,6 puntu hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez izatera, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzari dagokion gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio.

Bateragarria da 2. eta 4. azpitatalei emandako puntuazioa, lan edo ikerketa berari edo antzekoari buruzkoa denean.

Deialdiko lanpostuan aritzeko gaitasunik ematen ez duten titulu ofizialak ez dira prestakuntzako merezimendutzat hartuko.

Atal honetako puntuazioa 19,8 puntu izanen da gehienez.

3. atala._Euskaraz jakitearen balorazioa:

1. Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea beste batzuen artean baloratu beharreko merezimendu kualifikatua denean, balorazio hori ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 10 gehiago.

2. Eremu mistoan euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen denean, balorazio hori ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 5 gehiago.

3. Bi kasu horietan, hizkuntz eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da Hizkuntz Eskola Ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko eta, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, gehieneko puntuazioaren hamabirena, gainditutako urrats bakoitzeko.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

Informatika orokorra:

1. Ordenagailu pertsonalaren egitura eta osagaiak (goi maila).

2. Zerbitzarien hardwarea (oinarrizko maila).

3. Ordenagailu pertsonalaren periferikoak eta konexioak: txartelak, atakak, pantailak, inprimagailuak, eskanerrak, kamera digitalak, eta ordenagailu pertsonal bati konektatu ahal zaizkion gainerako elementuak (goi maila).

4. Sareen hardwarea: kableatuak, txartelak, sareko elektronikako hardwarea, lotura eta konmutazioko hardwarea (erdi maila).

5. Multimedia fitxategi motak (irudia, bideoa, audioa) (oinarrizko maila).

Sistema eragileak lan-estazioetan:

6. Microsoft Windows NT 4.0 Workstation (erdi maila).

7. Microsoft Windows XP, lan-estazioetan (goi maila).

8. Lan-estazioak instalatu, konfiguratu eta parametrizatzea NT eta XPn (goi maila).

9. Lan-estazioen administrazioko utilitate eta atazak, aipatutako Windowseko inguruneetan: kontrol-panela, atazen administratzailea, diskoen kudeaketa, inprimagailuen konfigurazioa, gainerako gailuen konfigurazioa (goi maila).

10. ODBC datu-iturrien konfigurazioa aipatutako Windowseko inguruneetan (erdi maila).

Zerbitzariak eta bestelakoak:

11. Microsoft Windows NT Server 4.0 (erdi maila).

12. Microsoft Windows 2000 Advanced Server (erdi maila).

13. Sareen kudeaketa aipatutako Windowseko inguruneetan: taldeak, erabiltzaileak, baliabideak, baimenak (goi maila).

14. Domeinuak eta direktorio aktiboa aipatutako Windowseko inguruneetan (erdi maila).

15. Microsoft Exchange, Microsoft Internet Information Server eta Microsoft BackOfficeko bestelako osagaiak (oinarrizko maila).

16. TCP/IP eta komunikazio-protokoloak (erdi maila).

17. Urruneko administrazio eta lanerako tresnak: SMS, Terminal Server (oinarrizko maila).

Outlook eta Internet Explorer:

18. Microsoft Outlook 2002ren instalazioa, konfigurazioa eta parametrizazioa (goi maila).

19. Outlook 2002ren elementuak: liburuak, postontziak, karpetak, baimenak, sinkronizazioa eta zerikusia duten bestelako elementuak (goi maila).

20. Outlook 2002ren elementuak: segurtasun-kopiak, inportazioa eta esportazioa, inprimakiak, Interneterako konfigurazioa, Exchange zerbitzuak, eta zerikusia duten bestelako elementuak (goi maila).

21. Microsoft Internet Explorer 6.0ren instalazioa, konfigurazioa eta parametrizazioa (goi maila).

22. Internet: segurtasuna, cookieak, gune seguruak, bestelako ezagutza orokorrak (erdi maila).

SQL:

23. Microsoft SQL Server 2000: adminstratzaile korporatiboa eta haren barruan: SQL Server delakoaren administrazioa eta kudeaketa, erabiltzaileen administrazioa, segurtasun-kopiak, datu-baseak berreskuratzea, mantenimenduko planak (erdi maila).

24. SQL Server: DTS eta kontsulten analizatzailea (erdi maila).

25. SQL lengoaia (erdi maila).

Office XP:

26. Microsoft Access XP: goi mailako ezagutzak, taulen, imprimakien eta txostenen diseinua barne, baina programazioa kanpo utzita.

27. Microsoft Excel XP: goi mailako ezagutzak, makro errazak barne, baina VBA programazioa edo makro konplexuak kanpo utzita.

28. Microsoft Word XP: erdi maila.

29. Microsoft PowerPoint XP: oinarrizko maila.

30. Access, Excel, Word eta PowerPointen instalazioa eta konfigurazioa.

Informazioaren segurtasuna:

31. Informazioko azken fitxategia eta segurtasun-kopietarako gailuak eta euskarriak (erdi maila).

32. Segurtasun-kopien softwarea: NT Backup eta ARC Server (erdi maila).

33. Sarbide segururako elementuak: segurtasuna posta elektronikoan, ziurtagiri eta sinadura elektronikoak, datu-kodeketa (oinarrizko maila).

34. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, 1999ko 298. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratua, abenduaren 14an.

35. Gaixoaren zenbait eskubide, hain zuzen ere biziaren gaineko aurretiazko borondateak egitekoa eta informazio eta agiri klinikoak eskuratzekoa, arautzen dituen maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legea, 2002ko 58. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, maiatzaren 13an.

Iragarkiaren kodea: A0303005