61. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

427/2003 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Barne zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foruzaingoaren eskalafoia behin-behinekoz argitaratzea erabakitzen duena.

Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren 18.2 artikuluak ezarri du "eskalafoia Foruzaingoko Zerbitzuen iragarki oholetan argitaratuko dela, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan".

Eskalafoia da Foruzaingoko funtzionario guztien zerrenda, hierarkiaren arabera ordenatua eta 57/2002 Foru Dekretuko 17.1 artikuluan ezarritako irizpideen arabera sailkatua. Foruzaingoko kideek, lanpostu hutsak betetzea dela-eta, jakin behar dute zein den beren egoera, eta horregatik, hain zuzen, argitaratzen da eskalafoia.

Gaur egunean eskalafoiak duen informazioa luzea denez, zaila da paperean ezartzea hedatzeko bide horretan kontsultatzeko. Guztiarekin ere, komeni da hura ezagutzea, dakarren informazioa zuzendu edo osatzeko, bereziki interesatuek egiten dituzten ikastaro interesgarriak direla eta.

Behin-behinekoz egin den eskalafoiak dakarren informazioa informatikako datu base batean dago eta informatikako eta telematikako bideak erabilita posible da hartan sartzea, datuak egiaztatzeko.

Horrenbestez, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak urriaren 13ko 204/1999 Foru Aginduan emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Informatikako euskarrian ezartzea Nafarroako Foruzaingoaren behin-behineko eskalafoia. Hartara, datu basea begiratu ahalko da telematikako baliabideak erabilita, Foruzaingoaren ataletako kudeaketa bulegoetan eta liburutegi gisa baliatzen diren lekuan.

2. Interesatuek hilabeteko epea izanen dute bidezko juzgatzen dituzten alegazioak eta zuzenketa eskaerak egiteko. Agirien bidez frogatuko dituzte sartu nahi lituzteken datu guztiak; horretarako, idazki bat igorriko diote Barne Zuzendaritza Nagusiari (Karlos III.a etorbidea, 2-behea) eta Nafarroako Gobernuaren erregistro orokorrean aurkeztuko dute edo, bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean baimendutako beste edozein erregistrotan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea foruzainburuari, Foruzaingoaren unitate organikoen arduradunei eta langileak ordezkatzen dituzten sindikatuei, alegia, Foruzaingoan errotuta daudenei.

4. Argitara bedi Nafarroako Foruzaingoaren bulegoetako iragarki oholetan eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hamazazpian._Barne zuzendari nagusia, Alfredo González Echarren.

Iragarkiaren kodea: A0303028