61. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

231/2003 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkaria izendatzen duena.

Martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea eta Kirol Diziplina arautzen ditu eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen VIII. tituluko III. kapituluan eta Foru Lege beraren IX. tituluko I. kapituluan ezarritako kirolaren arloko diziplina araubidea garatzen ditu.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea, 15/2001 Foru Legeak dioen moduan eta ematen dizkion eskumenak dituela, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kirol justiziaren gaietarako organo gorena da. Era berean, organikoki, Foru Komunitateko Kirol arloko Administrazioari atxikia dago eta, Administrazioa eta Nafarroako kirol antolamenduko gainerako entitateak direla eta, independentzia osoarekin arituko da.

Foru dekretu honek, 4. artikuluko 2. idatz-zatian, ezartzen du Batzordeak idazkari bat izanen duela lagun, hizpidea bai baina botorik izanen ez duena. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak izendatuko du idazkaria bere funtzionarioetatik kirolaren arloan eta zuzenbidean esperientzia aitortua duenen bat hautatuta.

Halaber, aipatu foru dekretuaren laugarren xedapen iragankorraren arabera, non eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 6.1 artikuluak aipatzen duen erakunde autonomoa arautzen ez den, hala gertatzen bada, foru dekretu honek Foru Komunitateko Kirol Administrazioari esleitzen dizkion eskumenak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak hartuko ditu bere gain.

Horrenbestez, eta Kirol Justiziako Batzordea eratzeari dagokionez ezarritakoa betetzeko, bidezko da lehenik eta behin idazkaria izendatzea, administrazio izapidaketa has dezan gainerako kideak izendatu ahal izateko.

Kontuan hartuta orain arte Kirol Diziplinako Batzordeko idazkari aritu den pertsona Foru Komunitateko kirol administrazioaren funtzionarioa dela eta kirolaren arloan eta zuzenbidean esperientzia aitortua eta egiaztatua duela.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea eta Kirol Diziplina arautzen dituen martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuak esleitu dizkidaten eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ricardo Ruano Enériz jauna Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkari izendatzea, Foru Komunitateko kirol administrazioaren funtzionarioa baita eta kirolaren arloan eta zuzenbidean esperientzia aitortua eta egiaztatua baitu.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, Kirol Zuzendariordetzari eta interesatuari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren hogeita zortzian._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Javier Trigo Oubiña.

Iragarkiaren kodea: A0304652