61. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

28/2003 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateek kirol jarduerak bultzatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Nafarroako errealitatea hain berezia eta askotarikoa delarik, ez da bidezkoa populazioaren zati batek bakarrik izatea kirola egiteko aukera. Hortaz, Nafarroako Gobernuak nahi luke aukera hori zabaldu eta udalerri edo udal elkarte guztietan eman, zenbat ere diren bertako bizilagunak.

Nafarroan kirol jarduerek duten garrantziagatik eta jarduera horretan toki entitateek duten paperagatik, Nafarroako Gobernuak neurriak eskaini nahi izan ditu toki entitateen arteko egitura diferentziak berdintzeko, bi helburu gogoan:

_Bide ematea Nafarroako populazio osoak izan dezan kirola egiteko aukera.

_Lagun egitea toki entitateak beren eskumenak hartuz eta beren kirol antolamendua garatuz joan daitezen.

Nafarroako kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea onetsi eta argitaratu zenetik, badugu Nafarroako kirola antolatzeko tresna bat. Gainera, kirolaren sailean, erakundeen eta Administrazio Publikoen artean beharrezkoak diren lankidetza eta koordinazioa ulertzeko beste modu baten hasiera izan beharko luke lege horrek.

Foru lege honen funtsezko xedeetako bat da kirola Nafarroako herritar ororen eskubidetzat hartzea, herritar guztiek izanen dutelarik eskubidea kirola ezagutu eta horretan aritzeko, libre eta nor bere borondatez, berdintasunean oinarrituta eta sexua, adina edo bestelako inguruabarrak bazterkeriarako arrazoia izan gabe; gainera, ezgaituak gizartean integratzeko garrantzizko bidea dela baloratuko da, bide batez, gure Foru Komunitateko ingurumenarekiko begirunea sustatuko da.

Kirol politikako helburu gisa, besteak beste, hauek eman ditu 3. artikuluan:

_Jendeari kirol egiteko bidea erraztea.

_Kirol jarduera eginahalean Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan zabaltzea.

_Herritarrentzako kirol zerbitzuetan kalitate sistemak ezar daitezen bultzatu eta sustatzea.

_Foru Komunitatean kirola sustatu eta garatzeko ardura duten Administrazio Publikoen artean beharrezkoak diren lankidetza eta koordinazio egokiak bultzatzea.

Aipatzekoa da Administrazio Publikoen arteko lankidetzari eta koordinazioari ematen zaien garrantzia, kontuan hartu baita Foru Komunitatean kirola sustatu eta garatzeko bide egokiak direla.

Foru agindu hau tresna egokia da administrazioen arteko lankidetzarako eta koordinaziorako, eta, beraz, toki entitateek kirol munduan sartu eta kirol sistema propio bat ezartzeko duten beharrari erantzun behar dio, Nafarroako gizartearen eskakizunak bere baitan hartuz eta horiei egokituz eta, orobat, etorkizuneko kirol erronkei egokiro aurre egiteko beharko den kirol antolamendua diseinatuz.

Hori horrela, Kirolari buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutik kirol jarduera toki entitateetan sustatzeko bideratzen diren baliabideak beste modu batean egituratu behar dira; izan ere, tamaina ertain edo txikiko toki entitateetara bideratu behar dira, oinarrizko kirol antolamendua finkatu edo sortu beharra dutenetara hain zuzen, herritarrei beharrezko diren kirol zerbitzuak eskaini ahal izateko eta, kasu guztietan, prestazioen maila hobetzeko.

Nafarroako egoera soziopolitikoa horren berezi eta heterogeneoa izanik, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eskura dituen baliabideen banaketa toki entitateek berek eskatzen dituzten benetako beharretara gehiago egokituko da, laguntzak indibidualizatuko baitira eta laguntza motak ongi bereiziko, eta, aldi berean, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari dagokion orientazio lanarekin orekatuko dira.

Foru agindu honek harreman eta elkarlanerako esparru berria eratu nahi du Toki Administrazioarekin eta Administrazio autonomikoarekin, zeinaren printzipio orientatzailea toki entitateen berezitasunari kasu egitea eta bakoitzaren eskumen esparrua errespetatzea baita.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 5. artikuluarekin bat.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzen deialdia onestea, kirol jarduerak bultza, lagun eta susta ditzaten, foru agindu honen eranskinean ageri diren oinarrien arabera. Argitara bedi Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 461.300 euroko gastua baimentzea. 2003. urtera arte luzatu diren 2002ko aurrekontu orokorretan "Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak" izena duen 940002-95110-4600-457100 kontusailaren kargura ordainduko da diru hori.

Hurrengo ekitaldietan, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako prestatzen den kontusailaren kargurako gastua egiteko baimena emanen du, baina dirulaguntzak emanen dira kasuan kasuko ekitaldian horretarako krediturik baldin badago betiere.

3. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten dira foru agindu honi kontra egiten dioten maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak, bereziki Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak maiatzaren 7an eman 37/2002 Foru Agindua.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2003. urterako eskabideak 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatzen hasita, eta ebatzi, berriz, 60 egun naturaleko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aitzina kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hogeian._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

Oinarriak

1._Helburua.

Deialdi honen helburua da toki entitateentzako dirulaguntzen araubidea ezartzea. Laguntza hauek izanen dira:

1.1. Kirol sistema berriak ezartzeko laguntzak, toki entitate txiki eta kirol sistemarik gabekoentzat. Laguntza honetan, bi urteko aldi bat ezarriko da proba gisa, eta berariazko laguntza ekonomiko egoki bat emanen, batetik, toki entitateari laguntzearren komeni zaion kirol sistema bilatzen eta, bestetik, hiritarrei kirol zerbitzua bermatzearren.

1.2. Herrietan egun diren kirol sistemen funtzionamendua eta garapena hobetzeko eta sistema horiek indartu eta berritzeko laguntzak, kirol teknikaria duten toki entitateentzat. Hauek izanen dira laguntzak:

1.2.1) Kirol teknikariak kontratatzeko laguntza:

Kirol teknikari bat urtean zehar kontratatzen duten edo azken bi urteetan kontratatu duten udalek izanen dute zilegi laguntza honetara jotzea, honako modalitate eta ehunekoen arabera:

Lanpostu sortu berria

Sortu berria izendapenarekin esan nahi da entitatearen plantilla organikoan lehen aldiz agertzen dela.

URTEA % GEHIENEKO MUGA

Lehena % 60 15.000 euro

Bigarrena % 45 12.000 euro

Hirugarrena % 30 6.000 euro

Lanpostua hobetzea

Izendapen horrekin esan nahi da lanpostuaren lanaldia edo maila aldatu dela eta, horren ondorioz, aurrekontua handitu. Osagarriei ez zaie aplikatuko.

URTEA % GEHIENEKO MUGA

Lehena % 60 6.000 euro

Bigarrena % 45 4.200 euro

Hirugarrena % 30 2.400 euro

Laguntza hau eskuratuko bada, lanpostuak honako baldintza hauek bete behar ditu:

_Plantilla organikoan egotea.

_A edo B mailako izatea, kirol arloko titulu berariazkoa duela.

_Lanaldi osoa.

_Finkoa izatea edo bitarteko gisa aritzea.

_Bakarrik kirol arloan jardutea.

Laguntza hau hartzen ahalko dute, orobat, kontratatzen den kirol teknikariaren kudeaketa aldia beste arlo batekin banatzen denean, baldin eta kiroletan aritzen bada kudeaketa aldiaren ehuneko 50 edo gehiago. Kasu horretan, kiroletan zenbat denboran aritzen den, hainbestekoa izanen da laguntza, kiroletan bakarrik arituz gero legokiokeenaren arabera neurtuta.

Kirol Mankomunitateek bigarren kirol teknikari bat kontratatzeko dirulaguntza emanen da, Mankomunitatean berean edo hau osatzen duten udalerri batzuetan aritzeko.

Laguntza ez dago langilearekin lotuta, lanpostuarekin baizik (hori sortu edo hobetzeko da).

Laguntza hauek kontratazio urte bakoitzerako ezarritako ehunekoen araberakoa izanen dira, jabetza hartzeko egunetik kontatzen hasita. Hori kontratazio berrietan baino ez da aplikatuko.

1.2.2) Azterketa teknikoak egiteko laguntza:

Kirol jarduerei buruzko azterketa teknikoetarako laguntzak emanen dira, horiek herrietako kirolaren alderdi zehatzen gainekoak badira eta, hortaz, toki entitateak kirolaren arloan hobeki jarduteko balio badute. Bideragarritasunari buruzko azterketa guztiak hemendik kanpo daude.

Adjudikatuko den zenbatekoaren % 50 jasoko da gehienez ere atal honetan, eta betiere 6.000 euroko muga igaro gabe.

1.2.3) Kirol federazio batekiko hitzarmena:

Nafarroako kirol federazioekin elkarlanean, beste kirol mota batzuei ekitea, bi urtetarako eta klub bat osatzeko helburuarekin.

Hitzarmen osoaren edo edukiaren zati baten % 50ekoa izanen da laguntza; gehienez ere, 3.000 euro hitzarmen bakoitzeko eta 9.000 euro, guztira.

1.2.4) Kalitate sistemak ezartzeko laguntza:

Zerbitzu kartak edo kalitatea kudeatzeko beste edozein sistema ezartzeko dirulaguntza eskatzen ahalko da.

Adjudikazio zenbatekoaren % 25ekoa izanen da laguntza; gehienez ere, 6.000 eurokoa.

1.2.5) Sustapenerako berariazko programa:

Udalerria eta bertan indar gutxi duen kirol mota bat lotzeko ekintzak lagunduko dira. Udalak, kirol klubak, Nafarroako Federazioak eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak interesatuak egon eta parte hartu beharko dute.

Aurkeztutako eskaerak ikusi eta erabakiko da horietatik zeinen bideragarritasun azterlana egin den. Lau entitate horietako ordezkariek osatutako talde batek eginen du azterlana.

Azterlan hori izanen da Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak laguntza zeini eman erabakitzeko oinarria. Atal honengatik har daitekeen gehieneko kopurua 12.000 eurokoa izanen da.

1.2.6) Jarduera arrunten programa:

Atal honetan kirol teknikaria duten kirol mankomunitateei emanen zaie laguntza, modu iraunkorrean garatzen ari diren eta tradizioz Mankomunitatearen programazioan egon izan diren jardueretarako. Gehienez ere 30.000 euroko laguntza emanen da.

1.2.7) Kirol ikuskizunak.

Aurkeztutako eskaeren artean zeini laguntza eman erabakitzeko, kontuan izanen dira Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren ustez duen interesa, ikuskizunaren kirol maila, herrian izanen duen oihartzuna eta eragin ekonomikoa.

Nafarroako toki entitate guztiek eskatzen ahalko dute atal honetako laguntza.

Atal honetan, ikuskizuna hasi baino hamabost egun lehenago arte aurkezten ahalko dira eskabideak, eskaera orokorrean ageri ez badira.

1.2.8) Hirugarren adinekoentzako jarduera fisikoaren planean sartzea:

Aurkeztutako eskaeren artean erabakiko da zeintzuk sartuko diren Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak hirugarren adinekoentzat diseinatutako planean eta, halaber, ondorengo laguntza hauetatik zeintzuk izanen dituzten: erakusleentzako prestakuntza berezia, taldearen jarraipen teknikoa eta laguntza ekonomikoa.

1.2.9) Emakumearen jarduera fisikoa:

Emakumearen kirola sustatzeko, aurkeztutako eskaeren artean laguntza emanen zaie zenbait proposameni, Nafarroako Emakumearen Institutuak eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak sinatutako hitzarmenean oinarriturik. Proposamenek berariazko kirol programak garatu beharko dituzte, eta ezarritako xedeekin bat etorriko dira proposamen hauek eta populazioaren zati honi laguntza ematen dioten beste udal arlo batzuekin koordinatuko dira.

2._Xedea.

2.1. Dirulaguntzak 1. oinarrian aipatzen diren ekintzak burutzeak sortutako gastuak partez berdintzeko erabiliko dira, baldin eta titulartasuna toki entitateari badagokio eta urte naturalean egiten badira.

Inoiz ez da zilegi izanen inbentarioko materiala erosteko erabiltzea.

Foru agindu hau aplikatzeko, dirua eskuragai egon beharko da Nafarroako gastuen aurrekontu orokorretan, foru agindu honek berez duen indarraldian. Eskuragai dagoen zenbatekoaren arabera, laguntzak adjudikatzeari begira, deialdi honetako ekintzetako batzuei lehentasuna ematen ahalko zaie.

3._Onuradunak.

Nafarroako Udalek eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen arabera eratu diren Mankomunitateek hartzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak.

Zilegi izango dute deialdi honetako helburu diren banakako laguntzetara jotzea kirol teknikaria duten eta mankomunitate baten barruan dauden udalek, nahiz eta mankomunitateek ere laguntza jaso.

Aldi batez, kirol mankomunitate bihurtzeko izapidaketak egiten ari diren entitate edo elkarteen hitzarmen eskabideak kontuan hartuko dira, baina jarduera arruntetarako laguntzak hartzen ahalko dituzte bakarrik eta gehienez ere 15.000 euro egin arte.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira berariazkoagoko deialdien helburu diren kirol jarduerako eta kirol ikuskizunetako programak.

4._Agiriak.

4.1. Eskabideak.

4.1.1. Dirulaguntza eskaera Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak ematen dituen orrietan edo eredu horren arabera aurkeztuko da, eskabide orokorrarekin batera.

4.1.2. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Dagokion legezko ordezkariak edo dirulaguntzaren onuradun titularrak aurkeztuko dituzte eskabideak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko erregistroan, urte bakoizeko otsailaren 20a baino lehen.

Eskaera posta elektronikoaren bidez ere egin ahalko da, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren web-orrian dagoen dokumentazioaren bitartez, baina eskaturikoaren laburpen-orria posta arruntaz bidali beharko da eskaera kautotzeko, idazkariak eta alkateak sinatua.

4.1.3. Agiriak.

Eskaerekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Kirol sistema berriak ezartzeko, A inprimakia erabiliko da eta bertan zehaztuko dira garatuko den edukia, justifikazioa eta harremanetarako pertsona.

b) Toki entitateetan kirol teknikariak lanpostu sortu berrietarako kontratatzeko edo orain diren kirol teknikarien lanpostuak hobetzeko kasuetan, behin betiko dokumentazio gisa edo urtean zehar bukatu beharreko prozedura hasteko abisu gisa, B inprimakia erabiliko da, eta harekin batera beste agiri hauek aurkeztuko dira:

_Lanpostuaren ezaugarriak azaltzen dituen agiri ofiziala.

_Lanpostuaren kontratua edo lanpostuaren jabetza hartzearen dilijentzia.

_Zenbateko ekonomikoaren ziurtagiria.

c) Azterlan teknikoak egiteko, C imprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira edukia, aplikazio esparrua, azterlanaren iraupena, zer enpresak eginen duen eta adjudikazioaren zenbatekoa.

d) Federazioekiko hitzarmenetarako D inprimakia erabiliko da, eta hitzarmenaren kopia bat erantsiko zaio.

e) Kalitate sistemak ezartzeko, E inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira edukia, aplikazio esparrua, noiz hasi eta noiz bukatuko den, enpresa aholkuemailea, adjudikazioaren zenbatekoa eta beste laguntza batzuen xehetasunak, baldin eta horrelakorik badago.

f) Sustapeneko programa berezirako F inprimakia erabiliko da, eta bertan eskaera arrazoitu eginen da, eta inplikatutako entitateak eta harremanetarako pertsonak zein diren aipatuko.

g) Jarduera arrunten programarako, G inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira herria, kirol jarduera, mota, adina, sexua, noiz hasi eta noiz bukatuko den, parte hartzaileak, dirusarrerak eta gastuak.

h) Kirol ikuskizunetarako, H inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira izena, arrazoia eta deskribapena, kirol mota, datak, parte hartzaileak, dirusarrerak eta gastuak.

i) Hirugarren adinekoen jarduera fisikorako, I inprimakia erabiliko da, eta bertan deskribatuko dira jarduera eta parte hartzaileak.

j) Emakumearen jarduera fisikorako, J inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira programaren xedeak, jarduerak, zer arlok lagunduko duten, dirusarrerak eta gastuak.

Oro har, kirol gaietarako gastu eta dirusarreren aurrekontuen gaineko informazioa aurkeztuko da, kapituluka xehetua (K inprimakia).

Egiaztatzeko osagarrizko dokumentazioa:

Luzenez 30 eguneko epean, oro har, kirol ekintzak bukatzetik kontatuta, eta betiere urteroko abenduaren 31 baino lehen dirulaguntza hartzekotan dauden toki entitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren erregistroan:

a) Idazkariaren edo kontu hartzailearen ziurtagiria, alkatearen ikus-onespenarekin, zeinetan jasoko baita gastu eta sarreren balantze ekonomikoa, ezarritako ereduaren arabera.

b) Egindako jarduerak eta programak aipatzen dituzten inprimakiak.

c) Ikuskizun bakoitzaren fitxa betea eta harekin batera idazkariak emandako gastu-sarreren gaineko ziurtagiria. Abenduan ospatzen diren ikuskizunetarako, aurkezteko epea hurrengo urteko urtarrilaren 10ean bukatuko da.

Justifikazio ekonomiko eta teknikoa dirulaguntza eskaeran aurreikusten zena baino txikiagoa denean, dirulaguntza gutxituko da, laguntzaren ehunekoek bere horretan iraun dezaten.

5._Balorazioa.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak baloratu eta behar adina egiaztapen eginen ditu dirulaguntza eskaerak ebazteko, hartarako jarri den prozedurari jarraikiz.

Eskaerak hobeki ebaluatzeko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kirol Zuzendariordetzak zilegi izanen du toki entitate eskatzaileei eskatzea aurkeztu dituzten dokumentuetako informazioa zabaldu edo hobe dezatela.

6._Ebazpena.

Laguntza hauen helburuak kontuan harturik, zilegi izanen da Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren eta toki entitateen artean elkarlan hitzarmenak sinatzea kirola zabaldu eta bultzatzeko, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen II. tituluko II. kapituluan xedatzen denarekin bat.

Ekintza konkretu eta banakatuak izanen dira, eta laguntza bakoitzaren desberdintasun, berezitasun eta banakakotasun printzipioetatik abiatuko dira, eta, hala ere, beste toki entitateek ezin izanen dute esan konparaziozko bidegabekeriarik jasan dutenik.

6.1. Eskaerak ebazteko eskumena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendariari dagokio.

6.2. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak zilegi izanen du adituen edo aholkularien batzorde bat izendatzea, eskaerak ebazten aholku emateko.

6.3. Eskaerak honela ebatziko dira:

a) Urteroko apirilaren 20a baino lehen, oro har kirol jardueren programak badira.

b) Dokumentazio osagarria aurkezteko gehienezko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean, kirol ikuskizunak badira.

Eskaerak ukatutzat hartuko dira ezarritako epean ebazpen espresurik ematen ez bada.

6.4. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenetan, helburuak eta dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko dira, eta dirulaguntzaren % 75 bitarte aurreratu ahalko da.

6.5. Betiere, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko aurrekontuetan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da dirulaguntzaren zenbatekoa.

7._Betebeharrak.

7.1. Dirulaguntza hartzaileek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute eta hala egin dela dokumentuen bidez justifikatu. Gainera, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuak eskatzen dituenak ere bai.

7.2. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharretan egunean egon beharko dute; dirulaguntzen ordainketa harekiko zorrak kitatuz egin daiteke, halakorik badago.

7.3. Dirulaguntza hartzen duten toki entitateek Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak hartarako jartzen duen logotipoa eta anagrama erabili beharko dituzte diruz lagundutako jardueren publizitatean eta zabalkuntzan eta Institutu horrek laguntza edo babesa eman diela agertzera eman.

7.4. Toki entitateek berek kontratatuko dituzte kirol teknikariak, eta Nafarroako Gobernuak ez du kontratazio horretan erantzukizun subsidiariorik izanen.

8._Ez betetzea.

Deialdi honen oinarrietan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ukatzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

9._Lankidetza hitzarmena.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak lankidetza hitzarmenak ezartzen ahalko ditu interesatuarekin dirulaguntza horien kontu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedaturikoaren arabera.

10._Dirulaguntza nola eta noiz pagatuko den.

Emandako dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena eman eta bi hilabeteko epean gehienez.

11._Errekurtsoak.

Foru agindu honen eta haren aplikazio egintzen kontra zilegi izango da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: A0303187