I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
38/2003 FORU AGINDUA, apirilaren 9koa, Osasun kontseilariak emana, Nafarroako lan osasunaren sarietarako deia egiten duena.
Arlo horretan aurrera egiten laguntzeko, interesgarritzat jo da sari batzuk ezartzea lan osasunari buruz Foru Komunitatean egiten diren ekintzetarako. Ekintza horiek, arauen betetze formal hutsean gelditu gabe, Nafarroako gizarte osoa izanen dute xede, eta, bereziki, enpresa eta langileak ohartzea zer garrantzitsuak diren laneko segurtasuna eta osasuna. Hori guztia Nafarroako Lan Osasunaren Planeko 1.3 helburuarekin bat etorriz eginen da.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
Lehenbizikoa.-Deia egitea "Nafarroako lan-osasunaren sariak 2003" emateko, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarriei jarraikiz.
Bigarrena._1. Sari horiek banatzeko ardura izanen duen epaimahaia izendatzea, ondoren azaldu bezala:
_Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria.
_Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Laneko Segurtasun eta Higienerako eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendaria.
_Lan zuzendari nagusiak izendatutako kide bat.
_Osasun zuzendari nagusiak izendatutako kide bat.
_Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak lan osasunaren arloan historia profesional kreditatua duten pertsonen artean izendatutako mahaikide bat.
2. Epaimahaiko burua eta idazkaria hautatuko dituzte mahaikideen artean.
3. Bilerak egin eta erabakiak hartzeko quoruma hiru kidekoa izanen da.
4. Epaimahaiak sariak banatzeko proposamenak igorriko dizkio Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, bi mila eta hiruko azaroaren hamalaua baino lehen.
5. Epaimahaiak zilegi izanen du sariren bat edo guztiak eman gabe uztea.
Hirugarrena._1. Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak sariak emanen ditu ebazpen bidez eta epaimahaiak egindako proposamenari jarraikiz.
2. Sariak jendaurreko ekitaldi batean emanen dira.
Laugarrena._Sari hauek emateko diru kopurua 2002ko ekitalditik 2003ra luzatutako gastuen aurrekontuko "Nafarroako Lan Osasunaren Sariak" izeneko 513001-53000-4810-413904 kontusailean dagoena da (23.595 euro).
Bosgarrena._Ezin dira aurreko deialdietan aurkeztutako jarduketak errepikatu.
Seigarrena._Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren bederatzian._Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.
E R A N S K I N A
"Nafarroako Lan Osasunaren Sariak 2003" deialdiaren oinarriak
1._Xedea.
Nafarroako Lan Osasunaren Sariak 2003ren helburua da laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan ondoren azaltzen diren ekintzak sustatzea:
a) Lan arriskuei aurrea hartu, lan baldintzak hobetu eta langileen segurtasuna eta osasuna babesteko ekintzarik egokienak.
b) Prebentzio gaietako konponbide eta berrikuntza eraginkorrak.
c) Enpresetan prebentzioaren aldeko kultura sartzeko balio duten ikerlan, argitalpen eta artikulu interesgarri eta garrantzitsuak.
Ekintzak, den-denak edo gehienak, Nafarroako Foru Komunitatean eginak izanen dira.
1995eko azaroaren 10az geroztik hasi eta 2003ko urriaren 1a bitarteko jarduketak sarituko dira.
Arauen betetze formal hutsa gainditzen duten jarduerak baloratuko dira bakarrik.
2._Sarien modalitateak eta zenbatekoa.
Sariak ondoko modalitateen arabera emanen dira:
a) Erakundeentzako saria.
Sari hau jaso ahalko dute sindikatuek, enpresa elkarteek, fundazio publiko eta pribatuek, administrazio publikoek, profesionalen elkarteek eta irabazi asmorik gabeko bestelako entitateek, baldin eta lehenbiziko oinarrian azaldutako ekintzetakoren batean nabarmendu badira. Entitate horien plantillako langileei zuzendutako jarduketek enpresentzako sarira baizik ez dute aurkezterik.
b) Enpresentzako saria.
Sari hau jaso ahalko dute, Nafarroan kokaturik egonik, beren zentroetan laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan ekintza garrantzitsuak burutu dituzten enpresek, lehenbiziko oinarrian azaldutakoari jarraikiz.
Enpresek aurkeztuko dituzte proposamenak, Segurtasun eta Osasuneko Komiteak adostasuna eman ondoren.
50 langile baino gutxiago dituzten enpresetan, azken betebehar horren ordez, Prebentzioko delegatuen adostasuna beharko da.
c) Banako saria.
Pertsona fisikoek hartu ahalko dute sari hau, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan informazio, zabalkunde edo ikerketa alderdiak landu baldin badituzte. Enpresa edo entitateren batekin kontratu-harremanen batean oinarriturik egindako jarduketek, ez dute sari mota horretara aurkezterik, aurreko bietara baizik.
Erakunde publiko, elkargo profesional, sindikatu, enpresa elkarte edo profesionalen elkarte batek abalatu beharko ditu haien proposamenak.
Kanpo gelditzen da Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko langileria edo bertako partaide izan dena jarduketaren uneren batean.
d) Sari berezia.
Aurreko bi modalitateetako lehen sarietako bati eman ahalko zaio, bere garrantzi berezia dela eta.
Sariek ondoko diru kopuruak izanen dituzte:
a) Entitateentzako sariak:
Lehen saria._6.000 euro.
Bigarren saria._2.500 euro.
Hirugarren saria._1.000 euro.
b) Enpresentzako sariak:
Lehen saria._6.000 euro.
Bigarren saria._2.500 euro.
Hirugarren saria._1.000 euro.
c) Banako saria.
Lehen saria._2.500 euro.
d) Sari berezia.
2.095 euroko osagarria, aurreko hiru modalitateetako lehen sarietako batentzat.
Nafarroako Foru Komunitateak eta haren erakunde autonomoek jaso ditzakete sariak, ez, ordea, dirua.
Epaimahaiak zilegi izanen du sariren bat edo guztiak eman gabe uztea.
Sari baten bozketan berdinketa gertatuz gero, haren zenbatekoa horien artean banatuko da.
Halaber, modalitate bakoitzean ohorezko bi aipamen eman ahalko dira, gehienez, diru saririk gabe.
3._Irizpideak.
Sariak emateko ondoko irizpide nagusi hauek hartuko dira kontuan:
a) Lehenbiziko oinarrian azaldutakoari egokitzea.
b) Bukaturiko ekintzak izatea.
c) Izaera berezia eta berritzailea edukitzea.
d) Borondatez egitea, eta ez bakarrik legezko aginduek hala esaten dutelako.
e) Haien jasangarritasuna baloratuko da.
f) Bestelako enpresetan egiteko ahalbidea baloratuko da.
g) Haren eragina eta iraupena baloratuko dira.
h) Enpresako jarduera eta estamentuetan prebentzioa zenbateraino dagoen sartua baloratuko da.
i) Enpresaren jardueren koordinazioa baloratuko da.
j) Langileen partaidetza baloratuko da.
k) 2002. urtean lanerako bajarekin izandako laneko istripuen tasa gainditu duten enpresak ez dira onartuko, ez eta urte horretan nahiz 2003an heriotza-istripuren bat izan dutenak ere.
4._Deialdia.
Eskabideak Nafarroako Lan Osasunaren Institutuan aurkeztuko dira, 2003ko urriaren 1a baino lehen.
5._Eskabideak.
Eskabideetan ondoko datu hauek bilduko dira:
a) Ekintzaren izena.
b) Enpresaren, erakundearen edo pertsonaren helbide osoa (posta helbidea, IFK, telefonoa, fax zk. eta posta elektronikoa, baldin badu). Harremanetarako pertsonaren izena ere azalduko da.
c) Erakundea baldin bada, haren mota.
d) Zein sari modalitatetara aurkezten den.
e) Ekintzaren laburpena (250 hitz gehienez) eta haren data garrantzitsuak.
f) Ekintzaren edukia (10 folio gehienez).
g) Abal eta erreferentziak, horrelakorik izanez gero.
h) 2002. eta 2003. urteetan lanerako bajarekin izandako lan istripu eta eritasunen kopurua, haien larritasunaren arabera.
i) Sarien oinarriak onartzea.
j) Emandako datuak aztertu eta egiaztatzeko baimena.
Komeni da interesgarriak izan daitezkeen prentsako artikuluak, argitalpenak, argazkiak, material grafikoak, liburuxkak edo antzekoak eranstea.
Iragarkiaren kodea: C3103855