59. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

2010/2003 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2003rako garraiobide egokituz hornitzeko dirulaguntzetarako deialdi publikoko arauak onesten dituena.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak argi ikusten du mugikortasunari eragiten dioten ezgaitasunak dituzten pertsona gehienen eguneroko arazo handienetako bat garraio egokitu gutxiegi izatea dela eta horrelako bitartekoak, jakina, beharrezkoak dira gizartean integratzeko. Arazo hori larriagoa da mugitzeko gurpil-aulkia erabili behar duten pertsonen kasuan, behar horietarako egokitutako berariazko garraioa behar baitute.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak parte-hartze handiagoa izan nahi du mugikortasun murriztua duten pertsonentzat garraio publikoaren kalitatea hobetzen lagunduko duten proiektuen sustapenean. Horretarako ekintzen artean lehentasuna dute erraztasuneko maila egokiak lortzera bideratzen direnek, hori ezinbesteko bitartekoa baita ezgaitasunen bat duten pertsonak gizartean eta lan munduan integratu ahal izateko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak garraiobideetarako erraztasunak ematea ere badauka xedetzat, eta dirulaguntzetarako deialdia egin du:

1. Norbanakoentzako garraiobide egokituak eskuratzeko aukera emateko.

2. Talde-garraiobide publikoetarako irispidea errazteko.

3. Toki-entitateen garraio zerbitzu arruntean integratutako taxien eskaintza zabaltzeko.

Ikusirik Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legea, elbarriak hezkuntza, lan eta gizarte arloetan integratzea bultzatzen baitu.

Ikusirik Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Foru Legea.

Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legeak zenbait neurri ezartzen ditu edozein eratako minusbaliotasun organiko edo zirkunstantziala duten pertsonek gizartearen ondasun eta zerbitzuak eskuragarriago izan eta errazago erabil ditzaten, normaltasunez moldatzea eragotzi edo zailtzen dieten oztopo eta eragozpen fisiko zein zentzumenezkoak ager ez daitezen eta lehendik daudenak kentzea susta dadin.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen du.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Atalak bere txosten teknikoan adierazi duenez, 2003rako garraiobide egokituz hornitzeko dirulaguntzak emateko oinarriak arautu beharra dago.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Zuzendaritzak, irailaren 13ko 374/99 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBATZI DU:

1. Foru Agindu honen I. eranskineko oinarrien araberako ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetarako deialdia onestea.

2. Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateekin _entitate laguntzaile direnez_ lankidetza hitzarmenak sinatzeko oinarriak onestea, 2003. urtean toki entitateetan taxi egokituen programa bultzatzeko, II. eranskineko oinarriekin bat.

3. III. eranskinean ezarritakoaren arabera eskabideak ebazteko irizpideak onestea.

4. Gastua 2002tik 2003ra luzatutako gastuen aurrekontuko "Ezgaitu fisikoen mugikortasunerako laguntzak" izeneko 923002-93200-7800- 313500 kontusailari egoztea, 270.405 euro zehazki.

5. Foru Agindu honen aurka bidezko da gora jotzeko helegitea paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1989 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedaturikoarekin bat.

6. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren zazpian._Zuzendari kudeatzailea, José María Jiménez Bolea.

I. ERANSKINA

Ibilgailu partikular eta kolektiboen dirulaguntzen oinarriak

1._Deialdiaren xedea.

Pertsona minusbaliatuentzako ibilgailu motordunak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetarako 2003. urterako araubidea ezartzea du xede deialdi honek, minusbaliotasuna dela-eta halako beharrean dauden pertsonek horiek erabiltzea errazago izan dezaten.

2._Dirulaguntza motak eta kontzeptuak.

Aurreko oinarrian aipatzen diren dirulaguntzak honako aukera hauen arabera aplikatuko dira:

2.1. Mugikortasuna murriztua duten pertsona minusbaliatuen erabilpen partikularreko ibilgailu motordunak:

_Kontzeptuak:

a) Ibilgailua erosteko dirulaguntzak.

b) Ibilgailua egokitzeko dirulaguntzak.

c) Ibilgailua erosi eta aldi berean egokitzeko dirulaguntzak.

2.2. Minusbaliotasuna duten pertsonek erabiltzen ahalko dituzten erabilera kolektiboko ibilgailu motordunetarako dirulaguntzak.

_Kontzeptua:

a) Ibilgailua egokitzeko dirulaguntza.

3._Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

Eskabideak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan eskabide-orri normalizatuetan aurkeztuko dira, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen bitartez. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluaren b) atalean aipatzen diren erregistro edo bulegoetan aurkeztea ere zilegi da.

Eskabideak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4._Betebeharrak.

4.1. Erabilera partikularreko ibilgailuak.

4.1.1. Guztiendako betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko:

a) Eskabide egunaren aurreko bi urteetan bederen Nafarroan bizi izatea.

b) Aurreko lau urteetan (1999-2000-2001-2002) mota eta kontzeptu horrexetarako dirulaguntzarik jaso ez izana.

c) Pertsona minusbaliatua edo, bestela, bere legezko ordezkaria izanen da laguntzaren eskatzaile titularra.

d) Pertsona minusbaliatuari dagokion famili unitatea ondasun higigarri edo higiezinen jabe edo erabiltzaile ez izatea, betiere horien ezaugarriek, balorazioak eta saltzeko aukerek nabarmenki erakusten badute behar hori betetzeko adina baliabide material dagoela.

e) Ibilgailua laguntzaren titularra den pertsona minusbaliatuari mugikortasun murriztuak sortzen dizkion arazoak arintzeko erabili ohi izatea.

f) Laguntza eman ondoko 4 urteetan gutxienez, ibilgailuaren titulartasuna pertsona minusbaliatuak izan beharko du edo, bestela, bere legezko ordezkariak.

g) Ibilgailua erosi edo egokitu izana aurreko deialdian eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, alegia, 2002ko ekainaren 3aren ondoren.

h) Pertsona ezgaituaren famili unitateko kide bakoitzak bere zerga betebeharrak egunean edukitzea.

4.1.2. Berariazko betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosteko:

a) Ofizialki ehuneko 33ko edo hortik goitiko minusbaliotasuna aitorturik edukitzea, zeinetan, pertsona minusbaliatuak ez duenean gidatzen ahal, adierazi beharko baita "minusbaliotasunak garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasun haundiak sortzen dizkiola".

b) Laguntzaren titularrak 65 urte baino gehiago ez izatea.

c) Frogatua izatea ibilgailua erabiltzea egiazko eta ohiko beharra dela pertsona minusbaliatuarentzat, lanaren, eskolaren, pertsonen arteko harremanen arloetan eta abarretan garapen soziala izan dezan.

d) Pertsona minusbaliatuaren famili unitatearen per capitako urteko dirusarrerek, indarra duen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren ehuneko 100 ez gainditzea (6.316,80 euro) urtean.

e) Erosi beharreko ibilgailuaren prezio osoa 18.030,36 pezetatik gorakoa ez izatea.

4.1.3. Berariazko betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak egokitzeko:

a) Minusbaliotasuna dela eta, ibilgailua egokitzeko beharra izatea.

b) Ofizialki ehuneko 33ko edo hortik goitiko minusbaliotasuna aitorturik edukitzea. Ezgaitasuna duen pertsonak ez badauka gidari aritzerik, "minusbaliotasunak garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasun handiak sortzen dizkiola" espresuki adierazi beharko da.

c) Pertsona minusbaliatuaren famili unitatearen per capitako urteko dirusarrerek, indarra duen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren ehuneko 175 ez gainditzea (11.054,04 euro) urtean.

4.1.4. Ibilgailua erosi eta aldi berean egokitzeko betebeharrak, 4.1.1., 4.1.2. eta 4.1.3. puntuetan agertzen direnak izanen dira.

4.2. Erabilera kolektibo ibilgailuak:

a) Helbide soziala Nafarroan izatea.

b) Zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Egokitzapenak ibilgailua taldean erabiltzeko erraztasunak ematea, eta egokitzapen horrek ez ekartzea berekin egokitu gabeko ibilgailuak baino tarifa garestiagoak izatea.

d) Ibilgailua erosi edo egokitu izana aurreko deialdian eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, alegia, 2002ko ekainaren 3aren ondoren.

5._Aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Erabilera partikularreko ibilgailuak.

5.1.1. Guztientzako betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko:

a) Pertsona titularraren eta/edo bere legezko ordezkariaren N.A.N.

b) Udaleko ziurtagiriak:

Bizilekua, antzinatasuna zehaztuko duena.

Laguntzaren titularrak deklaratzen duenean famili unitate bateko kide dela, famili unitatearen bizikidetasunari buruzko ziurtagiria.

c) Nafarroako Ogasun Publikoaren ziurtagiri ofiziala, zerga betebeharretan egunean dagoela egiaztatzen duena.

d) 2002ko ekitaldian bai laguntzaren titularrak bai haren famili unitateko bizikideek edozein kontzeptu dela eta izandako dirusarrera guztien zinpeko aitorpena.

e) Ordainketak transferentzia bidez egiteko eskaria.

f) Erosketa eta/edo egokitzapena eskabidea aurkeztu aurretik egina baldin badago: egindakoaren faktura zehaztua, ibilgailuaren gidatze baimena eta I.A.T.aren txartel aldatua, horrelakorik baldin bada.

g) Erosketa edo egokitzea eskabidea egin baino lehen egin ez bada, erosi nahi den ibilgailuaren edo egin nahi den egokitzapenaren aurrekontua, prezio osoa, BEZa barne, marka, modeloa eta ezaugarri bereziak aipatuz.

h) Ibilgailua erosten bada egokitzapena fabrikan berean eginda, faktura edo aurrekontua (kasuaren arabera) aurkeztu beharko da, bereizita jarririk oinarrizko ibilgailuaren prezioa eta egokitzapenean jarritako gehigarriena.

i) Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoaren txostena, zeinetan zehaztuko baitira pertsona minusbaliatuak ibilgailua erabiltzea egiazko eta ohiko beharra duela frogatzen duten datuak, betiere, lanaren, eskolaren, pertsonen arteko harremanen arloetan eta abarretan garapen soziala izan dezan.

j) Eskatzaileak bere eskabidearen alde interesgarritzat jotzen duen zeinahi agiri.

5.1.2. Berariazko betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosteko:

a) Pertsona minusbaliatuaren gidatze karnetaren fotokopia bi aldeetatik, edo bera ez bada gidaria, ibilgailuaren ohiko gidariaren gidatze karnetaren fotokopia eta pertsona minusbaliatuarekin duen bizikidetasun eta ahaidetasun harremana.

5.1.3. Berariazko betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak egokitzeko:

a) Pertsona minusbaliatua baldin bada gidaria: gidatze karnetaren fotokopia bi aldeetatik; bertan egokitzapena beharrezkoa dela adieraziko da.

b) Pertsona minusbaliatua ez baldin bada gidaria: ibilgailuaren ohiko gidariaren gidatze karnetaren fotokopia eta pertsona minusbaliatuarekin duen bizikidetasuna eta ahaidetasuna.

5.1.4. Ibilgailua erosi eta aldi berean egokitzeko betebeharrak, 5.1.1., 5.1.2. eta 5.1.3. puntuetan agertzen direnak izanen dira.

5.2. Erabilera kolektiboko ibilgailuak.

5.2.1. Erabilera kolektiboko ibilgailuak egokitzea:

a) Nortasuna egiaztatzen duen agiria.

b) Lizentzia fiskalaren fotokopia, halakorik behar denean.

c) Eskatutako dirulaguntzarekin lortu nahi den onura soziala frogatzen duen txostena.

d) Zinpeko aitorpena, bertan hitz emanez tarifa bera mantenduko dela nahiz ibilgailu egokituz nahiz egokitu gabez emandako zerbitzuen aldera.

e) Eskabidea aurkeztu baino lehen egina baldin badago egokitzapena:

_Faktura xehea, jatorrizkoa eta bere gastu-frogagiriarekin

_Proiektu teknikoa, arauzkoa.

_I.A.T., egindako egokitzapena azalduko duena.

f) Eskabidea aurkeztu baino lehen egina baldin badago egokitzapena:

_Aurrekontu zehaztua, bere proiektu teknikoarekin.

g) Xede berbererako beste erakunde publiko eta/edo pribatu batzuei eskatu eta haiek emandako dirulaguntzei buruzko zinpeko aitorpena.

h) Eskatzaileak bere eskabidearen alde interesgarri jotzen duen zeinahi agiri.

II. ERANSKINA

Ibilgailu / Taxi egokituetarako dirulaguntzaren oinarriak

A._Lankidetza-hitzarmenen formalizazioa.

1._Deialdiaren xedea.

1.1. Ebazpen honen xedea da Foru Komunitatean taxi egokituen programa bultzatzea, toki entitateei dirulaguntzak emanez, beren eremuan taxi-ibilgailuak egokitzeko. Bultzatu nahi da, beraz, taxi egokituen programa toki entitateetan sartu edo zabaltzea.

1.2. Dirulaguntza hauek emateko, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak eta toki entitateek sinaturiko lankidetza akordioak eginen dira.

2._Dirulaguntza motak eta kontzeptuak.

Aurreko oinarriak aipatzen dituen dirulaguntzak emateko modalitate bakarra izanen da, ibilgailu-taxiak egokitzeko dirulaguntzak izenekoa.

3._Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

Aipatu hitzarmenak sinatzeko interesa duten toki entitateek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari jakinarazi beharko diote, eskabide orri normalizatua erabiliz, honako hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean.

4._Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa eta datuak.

4.1. Entitate lankidearen izena.

4.2. Ekitaldi honetan egokitu nahi diren taxi-ibilgailuen kopuruaren proposamena.

4.3. Izena, NAN, eta dirulaguntza jaso nahi duten taxi-gidarien lizentzia-zenbakia.

4.4. Egokitze bakoitzaren aurrekontua; zehaztuko da ibilgailuaren marka eta modeloa eta egitekoa den egokitzapena.

4.5. Entitate lankidearen IFZren fotokopia.

4.6. Alkate-udalburuaren edo lankidetza hitzarmena sinatzeko pertsona eskudunaren izena eta NANa.

4.7. Taxi egokituak ezartzeko estatu mailan egin den azken deialdiko programarako eskariaren fotokopia. Eskari hori egin ez bada, egin ez izanaren arrazoiak azaltzen dituen txostena aurkeztuko da.

4.8. Toki-entitate lankideari transferentziaz ordaintzeko eskaera.

5._Taxi egokituen profesionalek bete beharreko baldintzak.

5.1. Helbide soziala Nafarroan izatea.

5.2. Zerga betebeharrak egunean izatea.

5.3. Egokitzapenak "guztientzat egokituak" kontzeptua betetzea, eta bai ebazpen honen "Taxi egokituen betebehar teknikoak" izeneko B puntuarekin ere.

5.4. Ibilgailua aurreko deialdiko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren egokitua izatea.

5.5. Diruz lagundutako taxi egokituaren zerbitzua lau urtez mantentzea, ezinbesteko arrazoiak izan ezik.

5.6. Mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonen eta gurpil-aulkiak erabiltzen dituztenen eskariei lehentasuna emate horrek ez du inolaz ere goratuko legez ezarritako tarifa.

6._Toki-entitate lankideen konpromisoa.

Lankidetza akordioak sinatu nahi dituzten toki entitateek ondoko ekarpena eginen dute:

6.1. Taxi egokituaren zerbitzua gutxienez lau urtez mantentzea finantziatutako ibilgailua erabiliz; horretarako, taxi egokituaren lizentziaren titularrak konpromiso hauek hartu beharko ditu:

_Diruz lagundutako taxi egokituaren zerbitzua lau urtez mantentzea, ezinbesteko arrazoiak izan ezik.

_Mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonen eta gurpil-aulkiak erabiltzen dituztenen eskariei lehentasuna ematea, eta horrek ez goratzea inolaz ere legez ezarritako tarifa.

6.2. Taxi egokituaren profesionalei urtero dirulaguntza bat emanen zaie, ibilgailu horien kostu handiagoa kofinantzatzeko, honako hauek izaten baitira garestiagoa izatearen arrazoiak:

_Bidaiarien nahitaezko aseguru garestiagoa.

_Errekanbio-piezak eta ibilgailua konpontzeko zerbitzuak gehiago kostatzea.

_Erregai gehiago kontsumitzea.

6.3. Ezgaitasunak dituzten pertsonei laguntza emanen zaie, taxi-bonoen edo antzeko laguntzaren bidez, garraiobide hori erabiltzen laguntzeko.

6.4. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren aurrean frogatzea emandako dirulaguntza lankidetza-hitzarmenetan ezarritako baldintzen arabera erabili dela.

7._Lankidetza hitzarmenak egiteko gutxieneko baldintzak.

7.1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak taxi-ibilgailu bakoitza egokitzeko kostu osoa lagunduko du diruz, gehienez ere 12.020,24 euro ibilgailuko. Salbuespenez, egiten den egokitzapenari esker gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten bi pertsona batera garraia badaitezke, dirulaguntza egokitzapenaren egiazko kostura arte handitu ahalko da.

7.2. Hitzarmen bakoitza sinatutakoan, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak dirulaguntza toki entitateari emanen dio zuzenean, eta hark, berriz, hitzarmenean ageri diren taxi-ibilgailuak egokitzeko erabiliko du.

8._Froga-agiriak.

Hitzarmenetan ezarriko dira emandako dirulaguntzen xedea frogatzeko epeak eta baldintzak.

B._Taxi egokituen betebehar teknikoak.

Betebehar teknikoak ezartzeko, arlo horretan zuzenean aplikatzen diren ISO eta UNE arauak kontsultatu dira; horretaz gainera, CEAPATeko Teknologi Garapenaren Arloan ageri diren irizpideak.

_ISO-7193 araua. "Gurpil-aulkiak. Gehieneko neurri osoak".

_ISO-111-915 araua. "Gurpil-aulkiak. Gehieneko neurri osoak".

_UNE-26-437 araua. "Errepideko ibilgailuak. Gurpil-aulkia erabiltzen duen pertsona bat bidaiari gisa eta bakarka (aulkia utzi gabe) garraiatzeko ibilgailuak egokitzeko ezaugarri teknikoak".

_CEAPATen irizpideak: "Ibilgailuak M.M.P.entzat egokitzea".

1._Sartzea.

Ibilgailuak sartze erraz, eroso eta segurua izanen du gurpil-aulkia erabiltzen dutenentzat (aulkia utzi gabe).

1.1. Mugikortasun murriztua duten pertsonak (M.M.P.) gurpil-aulkiarekin sartzeko tartearen gutxieneko garaiera 1.300 mm-koa izanen da (gutxienez 1.350 mm-koa izatea gomendatzen da).

1.2. Aipatu tartearen gutxieneko zabalera 700 mm-koa izanen da (gutxienez 800 mm-koa izatea gomendatzen da).

1.3. Gurpil-aulkia erabiltzen duena sartzeko atea edo ateak ardatz bertikaleko eraisgarriak badira, irekitzeko angelua 90º-koa izanen da gutxienez.

1.4. Mugikortasun murriztua izanik gurpil-aulkia erabili behar duen pertsona sartzeko atea edo ateak modu batean edo bestean irekitzen direla ere, katigatze gailu bat izanen dute, atea edo ateak sartu-irteeretan ustekabean ez ixteko.

2._Egoteko tokia.

Gurpil-aulkian dagoen bidaiari bat behintzat sartzeko behar den tokia izanen du ibilgailuak barnean.

2.1. Barneko toki horren gutxieneko neurriak:

_Luzera: 1.200 mm.

_Zabalera: 700 mm (800 mm gomendatzen dira).

2.2. Ibilgailu barneko garaiera libreak, gutxienez 400 mm-ko erradioa duen zirkulu baten gainean (erdigunea gurpil-aulkian behar den tokian kokaturik dagoen bidaiariaren buru gainean), 1.400 mm-koa izanen da gutxienez.

2.3. Ibilgailu bat egokitzen bada gurpil-aulkia erabiltzen duen bidaiari bat eramateko, bidaiariak ibilgailuaren norabide berean jarrita joan beharko du. Segurtasun arrazoiak direla eta, ez da inoiz ere zeharka jarriko, ibilgailuaren luzera-ardatza oinarri hartuta.

3._Gurpil-aulkia erabiltzen duten bidaiarien segurtasuna.

3.1. Ibilgailuan gurpil-aulkia lotuta eramateko euskarri bat jarriko da, eta gai izan beharko du gurpil-aulkiak izan ditzakeen trakzio, bihurdura eta flexio mugimenduei eta traslazio eta biraketakoei eusteko.

Euskarriaren bidez gurpil-aulkia lotu beharko da txasiseko elementuetan, eta ez erraz deformatzen direnetan (esate baterako, gurpiletan). Euskarria bera automobilaren txasis edo bastidoreari lotuko zaio.

3.2. Gurpil-aulkian doan bidaiariak berak euskailu bat izan beharko du (segurtasun-uhala); ez da inoiz ere izanen gurpil-aulkiaren euskarriaren osagai aktiboa.

3.3. Bidaiariarendako buru-euskarri bat ere izan beharko da, dela finkoa dela desmuntagarria.

4._Mugimendu murriztua izan arren gurpil-aulkia erabiltzen ez dutenak.

4.1. Ardatz bertikaleko ate eraisgarrien irekitze angelua 90º-koa izanen da gutxienez.

4.2. Behar den tokian jarritako heldulekuak, sartu-irteerak eta eseritze-jaikitzeak errazteko.

4.3. Galtzadatik taxiaren zorurainoko tartearen garaiera ohiko taxiena baino handiagoa bada (monobolumenen kasuan), maila osagarri bat jarriko da garaiera hori murrizteko, ate batean behintzat.

5._Sartzen laguntzeko elementua: arrapala.

_Automobilean sartzen laguntzeko osagarri gisa nahikoa izan ahalko da arrapala bat eramatea; galtzadako bermapuntuaren horizontalarekin eginen duen malda ez da % 20tik gorakoa izanen.

_Arrapalak baoaren erdian, bermatuta, 250 kiloko masaren indarrari eusteko modukoa izan beharko du.

_Kanpoko zabalera 700 mm-koa izanen da gutxienez (800 mm-koa gomendatzen da). Arrapalak bi erreten baldin baditu, barneko tartea 200 mm-koa izanen da gehienez.

_Erretenik baldin badago, kanpo eta barneko aldeek gutxienez 80 mm-ko garaierako ertza izan beharko dute.

6._Normalizazioa.

Imsersoren politikari jarraikiz, ibilgailu horien homologazioan ez dira aipatu irizpide teknikoak soilik ezarriko; aitzitik, Espainian taxi arrunta denaren parametroen barneko normalizazio irizpideak ere hartuko dira kontuan.

Puntu hori argitzearren, furgoneta erako ibilgailuak edo mendi ibilgailuak, neurriengatik baldintza teknikoak bete ditzaketen arren, Nafarroako Gobernuak ez ditu taxi gisa homologatuko, normalizazio eta integrazioaren oinarritik aldentzen baitira, non eta eremu bateko ezaugarri geografikoengatik komeni ez diren. Furgoneta erako ibilgailuak edo mendi-ibilgailuak taxi baten ezaugarrietatik oso urrun daude.

C._Lankidetza-hitzarmenaren eredua.

LANKIDETZA-HITZARMENA

Iruñean, 2003ko ....aren ....n.

Bildurik

Alde batetik, José María Jiménez Bolea jauna, Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Bestetik ................ j/a, ...............................ko alkate-udalburua.

Bi aldeek aitortzen diote elkarri Hitzarmen hau formalizatzeko ahalmena, eta horregatik

Azaltzen dute:

Besteak beste, helburu berariazkotzat duela Nafarroako Gobernuak, Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, pertsona minusbaliatuak hezkuntza, lan eta gizarte arloetan integratzeko programa egokiak garatzea.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak parte-hartze handiagoa izan nahi duela mugikortasun murriztua duten pertsonentzat garraio publikoaren kalitatea hobetzen lagunduko duten proiektuen sustapenean. Horretarako ekintzen artean lehentasuna dute erraztasuneko maila egokiak lortzera bideratzen direnek, hori ezinbesteko bitartekoa baita ezgaitasunen bat duten pertsonak gizartean eta lan munduan integratu ahal izateko.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak argi ikusten du mugikortasunari eragiten dioten ezgaitasunak dituzten pertsona gehienen eguneroko arazo handienetako bat garraio egokitu gutxiegi izatea dela eta horrelako bitartekoak, jakina, beharrezkoak dira gizartean integratzeko. Arazo hori larriagoa da mugitzeko gurpil-aulkia erabili behar duten pertsonen kasuan, behar horietarako egokitutako berariazko garraioa behar baitute.

Bi erakundeen helburua dela garraio publikoa normalizatzea taxi-ibilgailuak eskainiz toki entitateetako ohiko garraio zerbitzuan integraturik, pertsona guztiek erabili ahal izateko, edozein dela beren egoera fisikoa; horrela ez dira garraiobide bereziak ezarri beharko, bereizleak eta garestiagoak baitira.

Zerbitzu honek duen eskaera ikusirik, aldeek beharrezkotzat jotzen dute Lankidetza Hitzarmen bat sinatzea 2003rako, toki-entitate honetan dauden taxi egokituen premiak asetzeko lagungarri izan dadin.

Horretarako argitaratu zela Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako............. Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duena, 2003. urtean lankidetza hitzarmenen bidez toki entitateetan taxi egokituen programa bultzatzeko.

Beraz, aipatu ordezkariek,

ERABAKI DUTE:

Lehena._Helburua.

Hitzarmen honen helburua da taxi egokituaren bidezko zerbitzua zabaldu eta hedatzea, toki-entitate titularren sarera zerbitzu hau gehituz:

Toki-entitatea:

............. taxi-ibilgailu egokituz:

Lizentziaren titularra:

Izena:

NANa:

Ibilgailuaren ezaugarriak:

Marka:

Eredua:

Bigarrena._Finantzaketa.

Aipatu Ebazpena oinarri hartuz, toki-entitatea, entitate lankide den aldetik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari eskatu dio, dirulaguntza bat taxi-ibilgailuak egokitzeko, eta ibilgailu egokitu bokoitzeko aurrekontu bat aurkeztu du, guztira ....... euro egiten duena.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak hitzarmen hau sinatzean toki-entitateari ....... euro ordainduko dizkio entitate lankide den aldetik, zeinak diru hori aipatu egokitzapena finantzatzeko erabiliko baitu.

Hirugarrena._Toki-entitateen konpromisoa.

Toki-entitateak, hitzarmen hau sinatzean, konpromiso hauek hartzen ditu:

_Taxi egokituaren zerbitzua gutxienez lau urtez mantentzea finantziatutako ibilgailua erabiliz; horretarako, taxi egokituaren lizentziaren titularrak konpromiso hauek hartu beharko ditu:

.Diruz lagundutako taxi egokitua zerbitzuan lau urtez mantentzea.

.Mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonen eta gurpil-aulkiak erabiltzen dituztenen eskariei lehentasuna ematea, eta horrek ez goratzea inolaz ere legez ezarritako tarifa.

_Ezgaitasunak dituzten pertsonei laguntza ematea, taxi-bonoen edo antzeko laguntzaren bidez, garraiobide hori erabiltzen laguntzeko.

_Taxiaren profesionalari, ..............................................................j/ ari, urtero taxi egokitu bakoitzeko dirukopuru bat eskaintzea, ibilgailu horien kostuak finantzatzeko, konbentzionalak baino garestiagoak izaten baitira, honako arrazoi hauek direla medio:

_Bidaiarien nahitaezko aseguru garestiagoa.

_Errekanbio-piezak eta ibilgailua konpontzeko zerbitzuak gehiago kostatzea.

_Erregai gehiago kontsumitzea.

Laugarrena._Frogagiriak.

Gehienez ere sei hilabeteko epean, arrazoi zentzuzkoak direla medio epea luza daitekeen arren, ..........................ko (udalak/kontzejuak) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren aurrean frogatu beharko du, zertan erabili duen jasotako dirua, agiri bidez forgatuz erabilpen hori, honako hauen bidez:

_Zerbitzua nola ematen den adierazten duen txostena.

_Ibilgailua egokitzeari dagokion faktura jatorrizkoa eta ordainketaren agiria, ibilgailuaren marka eta modeloa adieraziz.

_Taxistaren izena eta zerbitzuaren lizentzia-zenbakia.

_Ibilgailuari egokitzapenaren ondoren IATa egin zaiola frogatzen duen agiria.

.Ibilgailu hauen kostu handiagoa dela medio, kofinantzakerako taxista bakoitzari hirugarren puntuan adierazten den dirukopurua eman zaiola frogatzen duen agiria.

Bosgarrena._Erabiltzekoak diren ibilgailuak.

Taxi egokituaren zerbitzuan erabilitako ibilgailuen eskarmentuak erakusten duena ikasirik, eta kontuan hartuz azken urteetan egin diren ikerketak, erantsiriko dokumentuan jasotzen diren baldintza teknikoetan zehazten direnak betetzen dituzten ibilgailuak beharko dute izan erabiltzen diren modelo eta egokitzapenek.

Ez dute dirulaguntzarik jasotzerik izango furgoneta edo mendi-ibilgailuek, salbu eta eskualdearen ezaugarri geografikoek halakoen komenentzia adierazten ez badute.

Seigarrena._Hitzarmenaren ezeztatzea.

Hitzarmen hau ezeztaturik geldituko da, bi aldeetako edozeinek bere klausuletan jasotako betebeharrak betetzen ez baditu. Kasu horretan, kaltea jasan duen aldeak bere lankidetza eten dezake.

Hitzarmen honen hiru eta laugarren atalak betetzen ez badira, toki-entitateak itzuli egin beharko du Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak halako edo halako kontzeptuarengatik aurreratutako dirua.

Aldeek hitz ematen dute beren artean konponduko dituztela Hitzarmen hau gauzatzean edo interpretatzean sor litezkeen zalantza edo eztabaida guztiak. Halaber, eta Hitzarmenean ezarri ez den guztirako, aldeen arteko harremana bien arteko adostasunez erabakitzen denak aginduko du.

Eta aurrean dagoenarekin ados izatearen frogagarri, aldeek Hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan, ondorio bakarrez, burualdean adierazten diren leku eta egunean.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Jiménez Bolea.

Toki-entitateko burua ......................................j/a

III. ERANSKINA

Eskabideak ebazteko irizpide bateratuak

1._Balorazioa.

Balorazioa eta ebazpen-proposamena organo kolegiatuak egingo du, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko baitu.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, eskabideak baloratzeko, Nafarroako Gobernuko Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren esku dagoen informazio osagarria eskatuko du organo kolegiatuaren bitartez eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 105. artikuluko d) idatz-zatiari jarraikiz. Eta horrez gain zilegi du dokumentazio osagarria eskatzea eta eskabideak ebazteko behar dena egiaztatzea, honako hauek kontuan hartuz:

1.1. Erabilera partikularreko ibilgailuak.

a) Famili unitatearen per capitako dirusarrerak. Deialdi honetan famili unitatetzat hartuko dira:

1._Legez berezi gabeko senar-emazteek osatua, eta adin txikiko seme-alabarik izanez gero, haiek ere bai, salbu eta gurasoen baimenarekin aparte bizi direnak.

2._Bikote iraunkor batek osatua, berariazko legeriaren arabera, baita adin txikiko seme-alabek ere, salbu eta hauek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

3._Aukeran, famili unitateko kidetzat hartuko dira, 18tik 24 urtera bitarteko seme-alabak, baldin eta haien irabaziak LGSa baino txikiagoak badira.

4._Legezko banakuntzaren kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko idatz-zatietan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

b) Garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasun maila.

c) Ibilgailua erabiltzea egiazko eta ohiko beharra izatea pertsona minusbaliatuarentzat, lanaren, eskolaren, pertsonen arteko harremanen arloetan eta abarretan garapen soziala izan dezan.

d) Inbertsioaren bideragarritasuna eta aurrekontua egokitasunez tajutua izatea.

e) Aurkeztutako eskabideen kopurua.

1.2. Erabilera kolektiboko ibilgailuak.

a) Pertsona minusbaliatuek, egokitzapenari esker, ibilgailuak zein mailatan dituzten eskuragarri eta erabilgarri.

b) Eskatzailearen jarduketek gizartean duten eragina.

c) Inbertsioaren bideragarritasuna eta aurrekontua egokitasunez tajutua izatea.

d) Aurkezten diren eskabideen kopurua.

1.3. Taxi-ibilgailuak.

a) Pertsona minusbaliatuek, egokitzapenari esker, ibilgailuak zein mailatan dituzten eskuragarri eta erabilgarri.

b) Eskatzailearen jarduketek gizartean duten eragina.

c) Inbertsioaren bideragarritasuna eta aurrekontua egokitasunez tajutua izatea.

d) Aurkezten diren eskabideen kopurua.

1.4. Salbuespen-arrrazoiak.

Organo kolegiatuak dirulaguntzak emateko ebazpenak proposatzen ahalko ditu, eskabidean behar bezala arrazoitutako salbuespenezko ingurabarrak baloratutakoan, betebeharren bat betetzea eragozten badute.

2._Ebazpena.

2.1. Eskabideen ebazpena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskabideak aurkezteko epea akitu eta hurrengo lau hilabeteetan.

2.2. Ezarritako epea iraganda ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da, Administrazioaren isiltasunaz. Haren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko ekainaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan xedatu bezala.

2.3. Ebazpenean, baiezkoa baldin bada, dirulaguntzaren xedea, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira.

2.3.1. Partikularrak eta kolektiboak.

Onuradunak, aurretik egin ez badu, faktura, ibilgailuaren dokumentazioa eta/edo IAT eguneratua aurkeztu beharko ditu, Ebazpena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean. Esandakoa betetzen ez badu, justifikatutako arrazoia izan ezik, emandako dirulaguntzari uko egiten diola ulertuko da eta, beraz, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zenbateko hori erabili ahalko du beste laguntza batzuk emateko.

Dirulaguntza ordainduko da puntu honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten den bezain laster.

Erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetan gehieneko zenbatekoak honako hauek izanen dira:

Famili unitatearen urteko per capita sarrerak (l.g.s. indarduna):

_LGSaren %85 baino gutxiago.

Erosketarako dirulaguntza gehienez ere: 2.500 euro. Egokitzapenerako dirulaguntza gehienez ere: 7.000 euro.

_LGSaren %85etik %100era bitartekoak:

Erosketarako dirulaguntza gehienez ere: 1.250 euro. Egokitzapenerako dirulaguntza gehienez ere: 7.000 euro.

_LGSaren %100etik %175era bitartekoak:

Erosketarako dirulaguntza gehienez ere: 0 euro. Egokitzapenerako dirulaguntza gehienez ere: 7.000 euro.

2.3.2. Taxi egokituak.

Taxi egokituak diruz laguntzeko, zuzendari kudeatzaileak lankidetza-hitzarmenak formalizatzea onesteko emandako ebazpenaren ondoren, hitzarmen horiek dokumentu administratiboan formalizatuko dira, II. eranskinena ezarritako oinarri eta baldintza gutxienekoen arabera.

3._Kontusaila.

Laguntzaren zenbatekoa, betiere, 2003ra luzatu den 2002ko aurrekontuko "Ezgaitu fisikoen mugikortasunerako laguntzak" izeneko 923002-93200-7800-313500 kontusailean xede honekin dagoen kredituaren kopuruari.

4._Emateko lehentasunak.

Aurrekontuan dauden mugak, eta aurkeztutako eskabideak zenbat diren kontuan harturik, balorazio eta ebazpenean honela finkatuko dira lehentasuna: lehenik erabilera partikularreko ibilgailuetarako eskabideak, hurrena taxi-ibilgailuetarako dirulagunza-eskabideak eta azkenik ibilgailu kolektiboetarako eskabideak.

5._Betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek eskabidean azaldutako xedea betetzeko erabili beharko dute laguntza, baita betetze hori agiriekin justifikatu ere. Halaber, Administrazioak eskatzen dizkien egiaztapen guztiak onartu eta erraztu egin beharko dituzte.

6._Ez-betetzea.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoaren ez-betetzea edo emandako datuen faltsukeria egiaztatzen bada edo dirulaguntzaren xedea aldatu dela frogatzen, dirulaguntza baliogabetzen ahal da Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen Ebazpenaren bidez, eta, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoa.

7._Helegite administratiboak.

Deialdi honen oinarrien eta hori aplikatzeko egintzen kontra, gora jotzeko helegite paratu daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean paratu ere, jakinarazpena gertatu eta biharamunetik, hori guztia Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluei jarraikiz.

8._Ordezko arautegia.

Foru Agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako araubideari jarraituko zaio, lege hartan ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

Iragarkiaren kodea: C3101686