59. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

247/2003 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, 2003-2004 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko arauak onesten dituena.

Ikusirik, 2003-2004 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko arauak onesteko, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak emandako adostasun txostena.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30eko 339/1999 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2003-2004 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko arauak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Atalera eta Musika Ikasketen Unitate Teknikora, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, argitara eman daitezen.

3. Ebazpen honek eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren zortzian._Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

E R A N S K I N A

Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek 2003-2004 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko arauak

1._Egutegia.

Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuei eta dantzako ikasketa ez-arautuei dagokien 2003-2004 ikasturteko eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu:

1. Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.

2. a) 1/1990 Lege Organikoaren araberako musika ikasketa arautuak edo Dantzarako Berariazko Eskolaren Plan Pedagogikoan ezarritako dantza ikasketak egiten dituzten ikasleen kasuan, berriz, klaseak, beranduenik, irailaren 25ean, ostegunez, hasiko dira Oinarrizko Mailan eta Erdi Mailan, edo urriaren 1ean, asteazkenez, Goi Mailan, eta ez dira bukatuko ekainaren 8a, asteartea, baino lehen Oinarrizko Mailan eta Erdi Mailan, edo maiatzaren 31n, astelehena, Goi Mailan.

b) Ikasturtea egun horietan hastea eragozten duten arrazoi objektiboak daudenean, ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseiluak edo, hori ez bada, Zuzendaritza Taldeak, beste proposamen bat eginen du, betiere eranskin honetako 3.a) baldintzan ezarritako eskola egunen kopurua errespetatzen baldin bada.

c) Irailaren 1etik klaseak hasi bitarteko egunetan azterketak, programazio lanak, departamentuetako bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

d) Klaseak bukatu eta ekainaren 30a arte, azterketak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lanak, programazioak, amaierako memoria eta beharrezko diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

e) 2003-2004 ikasturtean, LOGSEren arabera araututako Musikako Erdi Mailako hirugarren zikloko bigarren kurtsoa egiten duten ikasleek, ebaluazioaren ondorioetarako, ikasturtea maiatzaren 28an bukatuko dute. Ikasturte horretako azken probak eta ebaluazio batzordearen bilerak egiten diren egunak eskola eguntzat hartuko dira. Kurtsoen azken ebaluazioa eginik, irakasleek eskolak ematen segituko dute, ikasleei izan litzaketen probak prestatzen laguntzeko. Kurtsoa gainditu ez duten ikasleak ere joaten ahal dira eskola horietara.

3. a) 1/1990 Lege Organikoaren araberako musika ikasketa arautuak edo Dantzarako Berariazko Eskolaren Plan Pedagogikoan ezarritako dantza ikasketak egiten dituzten ikasleen kasuan, berriz, egutegiak 160 eskola egun izanen ditu gutxienez Oinarrizko Mailan eta Erdi Mailan eta 150 Goi Mailan, larunbatak kenduta.

b) Ikasturtea ezin izanen da bukatu 150 edo 160 eskola egun egin gabe, kasuan-kasuan.

c) Egutegia berregokitu egin behar denean, lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, errespetatuta, betiere, gutxieneko eskola egunak eta, hala behar denean, langileen lan eskubideak.

d) Eskola egun horietan ezin izanen da nahikotasun probarik edo azken errekuperaziorik egin. Era berean, ezinezkoa izanen da eskolaldia etetea azterketa edo ebaluazio aldiak ezartzeko, ez eta ebaluazio bilerak edo klaustroak egiteko ere. Eskola eguntzat har daiteke ikasturtea aurkezteko eguna: tutoreak, irakasleak, programak, helburuak, ordutegiak eta abar.

e) Ikasleren batek edo denek eskolaren batera huts egiteak ez du galaraziko ikastetxeak programaturiko ordutegi ofizialen araberako eskolak eskaintzen segitzea.

4. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean ere halakoak direnak, herriko zaindariaren jaieguna eta hezkuntza maila horretako zaindariarena.

b) Herriko zaindariaren jaieguna eskola eguna ez den batean izaten denean, ikastetxeek horren ordezko beste egun bat aukeratu ahal izanen dute. Ikastetxe horietako Eskola Kontseiluek edo, hala denean, Zuzendaritza Taldeak, herriko zaindariaren jaiegunaren ordezkoa proposatuko diote Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari.

c) Musika ikasketak ematen dituzten ikastetxeei dagokien zaindariaren jaieguna 2003ko azaroaren 21ean ospatuko da, ostiralarekin. Dantza Eskolako ikasketei dagokien zaindariaren jaieguna dantzaren nazioarteko eguna ospatzen den egunean izanen da.

5. Eguberrietako oporrak 2003ko abenduaren 23an hasiko dira, eta 2004ko urtarrilaren 7a arte, hori barne, luzatuko.

Aste Sainduko oporrak 2004ko apirilaren 8tik, osteguna, apirilaren 18a arte, igandea, biak barne.

6. Egutegia prestatzean, ikastetxearen eragin esparruan dauden araubide orokorreko beste ikastetxeen egutegia kontuan hartuko da, ahal den neurrian bat egin dezaten.

7. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

2._Tramitazioa.

1. Eskola Kontseiluek edo, bestela, ikastetxeko Zuzendaritza Taldeek 2003ko maiatzaren 28 baino lehen bidaliko diote 2003-2004 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, eta, horrekin batera, eredu ofiziala eta onespena eman zion bilkurako aktaren kopia.

2. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak egutegi guztiak onetsiko ditu, horiek aztertu ondoren. Onetsitzat joko dira ikastetxeetako egutegiak, baldin eta 2003ko ekainaren 18aren aurretik inolako jakinarazpenik jasotzen ez badute.

3. Ikastetxeren batek bere egutegiaren proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, ofizioz esleituko dio egutegia Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak.

4. Egutegiak, onetsi ondoren, ikastetxe guztiek nahitaez bete beharko dituzte. Ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien ezarpenaren gainbegiratzea eta kontrola, aldiz, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren gain egonen da.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia bertako iragarki oholean ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Eskola Kontseiluak edo Zuzendaritza Taldeak eskatu eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ez duen horretarako baimena ematen idatziz.

3._2003-2004 ESKOLA EGUTEGIA - NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO MUSIKAKO IKASKETA ARAUTUAK ETA DANTZAKO IKASKETA EZ-ARAUTUAK

Iragarkiaren kodea: A0303957