59. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

211/2003 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Horren bidez agindu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasuneko Nazioarteko Programen Arauak aldatzen dituen Erabakia argitara eman dadila. Arau horiek Behin-behineko Gobernuko Kontseiluak onetsi zituen, 2003ko otsailaren 27an harturiko Erabakiaren bidez.

Martxoaren 13ko 68/95 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak eman dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut Behin-behineko Gobernuko Kontseiluak 2003ko otsailaren 27an harturiko Erabakia argitara eman dadila.

Ikasleen Mugikortasuneko Nazioarteko Programen Arauak aldatzen dituen Erabakia.

Gobernu Batzordeak, 2001eko uztailaren 3ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasuneko Nazioarteko Programen Arauak onetsi zituen. Horretan izaniko esperientzia dela eta, komeni da arauetako artikuluetan aldaketa batzuk sartzea eta III. Tituluari beste kapitulu bat gaineratzea, ikasle bisitariak arautzeko. Aldaketak 5, 7, 10, 15 eta 24. artikuluei dagozkie.

Horretarako, Erakundearteko eta Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetzak proposaturik, Behin-behineko Kontseiluak Erabaki hau hartu du

ERABAKIA:

Lehenbizi._Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasuneko Nazioarteko Programen Arauetako 5, 7, 10, 15 eta 24. artikuluak aldatzen dira. Honelaxe geldituko dira:

"5. artikulua. Ikastetxeko zuzendaria edo haren zuzendaritza-taldeko norbait, haren ordezkaritza hartzen duena, izanen da nagusia tituluetako nazioarteko harremanen koordinatzaileen prozesu akademikoetarako eginkizunetarako."

"7. artikulua. Titulu bateko ikasleendako proposamenak, haiek mugikortasunerako programa batean parte hartu edo, haien kalitatea dela eta, kasuan kasuko ikastetxeak eskaturiko gutxieneko irizpide akademikoak betetzen ez dituzten ikastetxeak utzi ahal izateko, tituluko nazioarteko harremanen koordinatzaileei igorri beharko zaizkio. Horrek titulazioa atxikirik dagoeneko ikastetxeko zuzendaritzara igorriko ditu. Proposamena onartuz gero, dosierra Unibertsitateko nazioarteko harremanez arduratzen den errektoreordeari igorriko zaio, onetsi eta, hala bada, ondoren izapidatu dezan."

"10. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoan indarra duten lehen, bigarren eta hirugarren zikloetako ikasketa planetan aipatzen diren ikasgaietara zabalduko dira trukaketak, Mugikortasunerako Nazioarteko Programa bakoitzean espresuki hala xedatzen bada.

Mugikortasunerako Nazioarteko Programa batean, hiru zikloetariko edozeinetan, parte hartu ahal izateko, ikasleek helmugako unibertsitatean erabiltzen den hizkuntzan erdiko maila izan beharko dute, beharrezkoa izanez gero.

Lehen eta bigarren zikloetako ikasleek berariazko betebehar hauek bete beharko dituzte:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulaturik egotea, lehen edo bigarren zikloetako ikasketa programa bat egiteko.

2. Kasuan kasuko tituluko lehen mailako kreditu guztiak gaindituak izatea.

3. Gutxienez ere azken lauhilekoko kredituak matrikulatzeke edukitzea. Muga horrek ez du eraginik izanen ikasketen bukaerako proiektua lehenbizikoz egin nahi duten ikasleengan.

Hirugarren zikloko ikasleek berariazko betebehar hauek bete beharko dituzte:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza programa batean matrikulaturik egotea.

2. Ikasketa Aurreratuetako Diploma lortu ez izana".

"15. artikulua. Ikasleak eta mugikortasun arduradunak hiru aletan aurkeztuko dute "ikasketetarako konpromisoa" deritzon agiria. Agiri horretan mugikortasunerako programako ikasgaiak agertuko dira. Azalduko ere dira ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoan nahitaez ikasi beharreko arloak eta atzerrian ikasiko dituen baliokideak. Hitz emanen zaio, hauek gaindituz gero, haiek gainditutzat hartuko direla. Gehienez ere egonaldiak diraueino Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa planean ageri bezainbat kreditu onartzen ahalko dira. Agirietariko bat mugikortasun arduradunak gordeko du. Ikasleak matrikula egitean Kudeaketa Akademikoaren Atalean aurkeztuko du beste bat. Hirugarrena ikaslearendako izanen da.

Ikasleak helmugako unibertsitatera igorriko du agiria, bertan matrikulatu ahal izateko. Ustekabeko aldaketarik egonez gero, ikaslea bere mugikortasun arduradunarekin jarriko da harremanetan, ikasketetarako konpromisoan behar dena aldatzeko. Aldaketak hitzartu ondoren, mugikortasun arduradunak Kanpoko Harremanetarako Atalari jakinaraziko dizkio, ondoren izapidatu ditzan. Helmugako unibertsitatean eskola hasi eta hilabete iraganik, ez da aldaketarik egiteko proposamenik onartuko."

"24. artikulua. Kanpoko Harremanetarako Atalari dagokio, atzerritar ikaslearen matrikula ofiziala egin baino lehenagoko zuzemenetarako laguntza ematea ez ezik, atzerritar ikasleen, mugikortasun arduradunen eta ikastetxeetako tituluetako nazioarteko harremanen koordinatzaileen artean koordinatzea, mugikortasunaren kontu akademikoak antolatu ahal izateko. Ostatua bilatzen, gaztelania ikastaroak antolatzen eta argibideak ematen ere arduratuko da. Egonaldia bukatzen denean, Kanpoko Harremanetarako Atalak kalifikazioen ziurtagiria igorriko du abiapuntuko unibertsitatera. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kanpoko Harremanetarako Atalak, ikastetxeetako tituluetako nazioarteko harremanen koordinatzaileek lagundurik, konpromisoa hartzen du urtero ECTS gidaliburua eguneratzeko, atzerriko unibertsitateei argibide gaurkotuak eman ahal izateko."

Bigarren._Arauetako III. Tituluari beste kapitu bat gaineratzen zaio, eduki hau izanen duena:

"Lehenbiziko kapitulua: Mugikortasunerako programetako ikasleak (20, 21, 22, 23 eta 24. artikuluak bilduko ditu).

BIGARREN KAPITULUA

Ikasle bisitariak

25. artikulua. Europako Batasuneko estatuetako herritarrak ez diren atzerritar ikasleak hartuko dira ikasle bisitaritzat, mugikortasunerako programetan edo trukaketetarako bi aldeko hitzarmenetan sartzerik ez badute eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak onartzen baditu hein bateko ikasketak egiteko, baldintza hauek baldintza:

Ikasle bisitariek eskubidea dute klasera joateko eta matrikulaturik daudeneko ikasgaietako azterketak egiteko, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoak luzatu beharreko ziurtagiri bat lortzeko ere, non lorturiko kalifikazioak agertuko baitira.

26. artikulua. Abiapuntuko unibertsitateak luzaturiko ziurtagiri ofizialaren bidez azken atzerriko unibertsitatean hasiriko tituluko lehen mailako ikasgai edo kredituak gainditu dituztela frogatzen dutenak bakarrik izan daitezke ikasle bisitariak, baldin eta gaztelaniazko erdi maila frogatzen badute edo "Español como Lengua Extranjera" izeneko diploma badute.

27. artikulua. Ikasle bisitarien ikasketek bakarrik ikasturte bat iraunen dute. Gutxienez ere 30 kreditutan matrikulatuko dira eta gutxienez ere 80 kreditutan. Hein bateko ikasketa mota honetan matrikulatzeagatik pagatu beharreko prezioa zerbitzu akademikoengatik pagatu beharreko prezio publikoak arautzen dituen Foru Aginduan xedatzen denarekin bat zehaztuko da.

28. artikulua. Prozedura honen bidez egiten diren ikasketek ez dute bide emanen Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulu ofizialik eskuratzeko.

29. artikulua. Onartuak izateko eskabideak Kanpoko Harremanetarako Atalera igorriko dira, urtean urteko abenduaren 31 baino lehen, ikastetxe bakoitzeko edukiera doitu ahal izateko. Erakundearteko eta Nazioarteko Harremanetarako zuzendariordeak ebatziko du onartzen dituen, ikastetxeko zuzendaritzak txostena eman ondoren.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizi._Baimena ematen zaio errektoreari arau hauek garatzeko behar diren jarraibideak eman ditzan.

Bigarrena._Erabaki honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra."

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren hogeita zortzian._Errektorea, Antonio Pérez Prados.

Iragarkiaren kodea: A0302566