59. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

473/2003 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Untzitibarko Zenboraingo II. lurzati berrantolamenduari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustaturik.

Ekainaren 21eko 237/1999 Foru Dekretuak, lurzati berrantolamenduko prozesuetan ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa arautzen duenak, 11.1 artikuluan ezartzen du beharrezkoa dela Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egitea tramitazioan dauden lurzati berrantolamendu publikoei buruz.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana eta Obren eta Hobekuntzen Plana aurkeztu ditu Ingurumen Departamentuan, Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedurari hasiera emateko.

Ingurumen zuzendari nagusiak otsailaren 1ean emandako 379/2002 Ebazpenaren bidez espedientea jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean. Epe horretan 28 alegazio jaso dira, Zenboraingo Kontzejuak aurkeztuak. Horien edukia eta eman zaien erantzuna Ebazpen honen eranskinean ageri dira. Proiektuaren ezaugarriak eta IEAren edukiaren laburpena ere Eranskinean azaltzen dira.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioko eginkizunak esleitzeari buruzko abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Untzitibarko Zenborain II. lurzati berrantolamenduari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustaturik. Ingurumenaren aldetik bideragarria da, baina, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean eta ingurumena zaintzeko programan aipatutako neurriez gain, beste baldintza hauek ere bete beharko ditu:

_Lurzatiak mugatzeko ezpondak eta ingurumen elementuak oso-osorik errespetatuko dira (salbu eta 96., 151. eta 210. guneak, alegazioen erantzunetan adierazi bezala), balio handiko edo oso handikoak baitira. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean banan-banan markatuta daude. Ordezkapen finka berrietan sartzen badira, lurrerauzketak egitea baimenduko da, bakar-bakarrik, finkaren barnean ezpondak bereizten duen eremu batetik bestera pasatzeko bidea egiteko.

Lurzatiak mugatzeko ingurumen elementuak -balio ertainekotzat hartuak-eta larreak, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean banan-banan adieraziak, errespetatuko dira. Haiek aldatzekotan, baldintza hauek errespetatu beharko dira:

a) Bi metrotik gorako ezpondak eta, batez beste, %20tik gorako malda duten larre utziak ezin izanen dira inola ere nekazaritzarako erabili.

b) Edozein ingurumen elementu aldatuz gero, adinako konpentsazio neurriak hartu beharko dira, ahal bada lurzati berean. Konpentsazio hori lurzatiak diseinatzeko fasean zehaztuko da.

Ezpondak desager ez daitezen, ordezkapeneko lurzatien diseinua, hasiera-hasieratik, finken egungo mugetara egokituko da, ahal den gehiena, muga gehienek egungo funtzionaltasunari eusteko.

Lurzatien arteko pasabideak irekitzea zilegi izanen da ezpondaren altuera bi metrotik beherakoa bada, zuhaitz edo zuhaixkarik ez badago eta sakanetan aldaketarik eragiten ez bada.

Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen arabera, lurzatien antolamenduaren prozesua hasten denean landu gabe dauden lurrak oihan lurtzat hartuko dira. Lurzati berrantolamenduaren aurretik eta ondotik oihan lurrak (bai zuhaiztiak, bai zuhaitzik gabeko lurrak) hartzen duen eremua berdina izanen da, kokagunea eta jabetza aldatuta ere. Hortaz, proiektuaren sustatzaileak oihan lurren behin betiko kokaguneak zehaztu beharko ditu proiektuan, eta lur jabeei adierazi beharko die, proiektuari behin betiko baimena eman ondoren, ez dela luberritze gehiagorik onartuko.

Bide sare berria egungoari egokituko zaio. Bideen trazadura eta zabalera malguak izanen dira; malda handiko eremuetan eta landaredi ongi zaindua dutenetan, bide-tarte estuagoak izanen dira, A10 bideko erdiko tartea esate baterako. Beharrezkoa izanez gero, tarte jakin batzuetan, bide-bazter bakar bateko landaredia kentzen ahalko da. Uraren igarobidea errazteko arekak eginen dira eta zuhaitzak dituzten bide-tarte sentiberenetan zeharkako kalteak saihestuko dira. Bide-bazterrak lehengoratuko dira, ereintzaren edo hidroereintzaren eta landaketen bidez, higadura saihesteko, batez ere aipatutako A10 bideko tarte horretan sortuko diren ezpondetan. A2-1 bideko trazadurari dagokionez, ekialdeko muturrean, 150 metroko tarte batean, landare-hesia eta Untzitiko bide zaharra, ezker-eskuin hormatxoak baititu, kontserbatu beharko dira. Beraz, bide-tarte horretan trazadura paraleloa diseinatu beharko da. A2-1 bideko ezpondak, mendebaldeko bigarren erdian, mugakide diren finken aldean maldarik handiena dagoen tarteetan, 3 H:2 V diseinua izanen du, edo berma bat egin beharko da; ezponda hori, Ingurumenaren gaineko Afekzioen Azterlanean adierazi bezala, berriro landareztatuko da (beharrezkotzat jotzen da hidroereintza egitea eta ezpondaren oinarrian zuhaitzak landatzea).

Sakan baten ondo-ondotik paralelo joateko diseinatu diren bideetan, konparazio batera A2 bideko tarte bat Mendi sakanaren ondotik, eta B bideko tarte bat La Iguala sakanaren ondotik, gutxienez 2 metro zabaleko zerrenda utzi beharko da, egun dagoen berezko landaredia hasten den tokitik. Obra faseak iraun bitartean, zerrenda paralelo horretan maila berean mantenduko da lurra, eta zerrenda bidearen okupaziorako zabalean hartzen denetik aparte geldituko da. Gero, uhaldeko zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira bertan.

Egin den inbentarioari dagokionez, IEAn, ingurumenaren aldetik, oso balio handikotzat hartutako elementu berezien kontserbazioa bermatu beharko da: gorputz handiko zuhaitzak (bi haritz eta makal bat) eta hiru baltsa.

_Bide sarea egiteko behar diren agregakinak ateratzeko legar-hobiek ingurumen aldeko baimena izan beharko dute, obra egiten hasi baino lehen.

Aurreikusi den zabortegi eta mailegu eremua Zuzendaritza Nagusi honetan tramitatu beharko da, obrak hasi aurretik.

Bideen eta drainatzeen sareko obrak bukatutakoan eta ordezkapen finka berriak emandakoan, Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko dira obra garaian ingurumenean egindako jarraipenari buruzko txostena eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoko hondarreko ingurumen-eraginen balorazioa.

Lehengoratzeko neurriei dagokienez, sakanetan ondoko hauek hartu beharko dira kontuan:

1) La Iguala sakana: sakaneko tokirik estuenean, 184. lurzatiaren inguruan, bi metro zabaltzea eta urbazterretako landareak sartzea.

2) Zaizuri sakana: beheko zatia lehengoratzea (143. gunea) urbazterretako zuhaitzak landatuz. Zati hori 4 metro zabal izanen da gutxienez.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Untzitibarko Udalari, Zenboraingo Kontzejuari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren lauan._Ingurumen zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

E R A N S K I N A

Proiektuaren eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren laburpena

Zenboraingo nekazaritza lur zelaienen lurzati berrantolamendua egina dago jadanik. Orain aurkezten den II. lurzati berrantolamendurako proiektua mendialdeari dagokio, %20tik gorako maldak dituen inguru bati.

Lurzati berrantolamenduaren eremuan 9 jabe daude, herrilurrak barne. Guztira, 365 hektarea berrantolatuko dira.

Obren eta Lurralde Hobekuntzen Planean 10 kilometroko bideak egitea aurreikusi da, zoru sendokoak.

Mosaiko itxurako paisaia da, alorrak, larre utziak, ezpondak, sastrakak eta zenbait erreka dituena. Horregatik, paisaia, oro har, kalitate handikotzat hartu da IEAn.

Lurzati berrantolamenduak hartzen dituen lurren eremuan ez dago naturgune babesturik, ez eta 2.000 Natur Sarean sartzeko proposaturiko Batasunaren Intereseko Lekurik ere.

Zenboraingo mugapean ez dago flora mehatxatuaren katalogoan sarturiko espezie botanikorik bat ere.

IEAn, landarediari dagokionez homogeneo diren 245 gune identifikatu dira, eta 1:2.000. eskalako ortofotoetan islatu. Gero, 245 gune horiek 11 ingurumen unitatetan bildu dira, eta 1:5.000 eskalan adierazi.

Elementu bereziak ere adierazi dira, 18 hain zuzen (gorputz handiko zuhaitzak, harrizko etxolak, harrizko hormak, ixtegiak...).

IEArekin batera, azterlan arkeologikoa aurkeztu da, teknikari eskudunek egina.

ALEGAZIOEN EDUKIA ETA ERANTZUNA

Proiektua jendaurrean egoteko epean 28 alegazio jaso dira, Zenboraingo Kontzejuak aurkeztuak. Kasu guztietan, inbentarioan agertzen diren gune batzuei ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean eman zaien ingurumen balorazioak apaltzea eskatu da.

Erantzuna:

Sustatzaileak alegazioei emandako erantzuna kontuan harturik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak uste du Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean egin den balorazioa zuzena dela. IEAn, ingurumen unitateak mugatzeko orduan landaredia aipatzen da bereziki, baina badira beste parametro batzuk kontuan hartu behar direnak, izan ere, gerta daiteke gune batzuk edo guneen zati batzuk, bertan dagoen landarediari dagokionez, unitateari emandako definizioarekin bat ez etortzea. Konparazio batera: IEAn adierazten da 5. unitatean ("oso balio handiko harkadi-ezponda" gisa sailkatua) zuhaitz-landarerik gabeko gune batzuk daudela, baina beste arrazoi batzuk direla kausa (ekologikoak, ehizaren ingurukoak, paisajistikoak...) oso balio handikoen sailean mantentzea erabaki da.

Azaldu beharra dago, orobat, guneak zenbat eta handiagoak izan haien homogeneotasuna txikiagoa izaten dela, baina IEAn lanak arrazionalizatzeko asmoz, unitateak bateratu beharra zegoen.

Horrenbestez, alegazioak banan-banan aztertu direlarik, 1., 13., 14., 15., 23. eta 24. alegazioetan alegaturikoa aintzat hartzen da, honela:

_1. alegazioari emandako erantzuna: larre gisa erabiltzeko eskatutako zatia 5. gunetik bereiziko da. Gainerako zatiari, "sastrakak eta zuhaitzak" kalifikazioa emanen zaio.

_13. alegazioari emandako erantzuna: 118. guneari emandako sailkapena aldatu da, alegazioan hori eskatu baita. Beraz, 6. ingurumen unitatearen barrenean izanen da.

_14. alegazioari emandako erantzuna: 119. guneari emandako sailkapena ("sastraka") aldatzea eta 100. gunearen jarraipen gisa hartzea (hortaz, 119. gunea desagertuko da).

_15. alegazioari emandako erantzuna: 122-A gunea 11. unitatearen barrenean sartuko da (alorrak). Gainera, 122-B gunearen sailkapena zuzendu behar da, izan ere, alor gisa sailkatuta dago baina "sastraka-multzoa" da (bi gune horien sailkapena trukatu egin zen).

_23. alegazioari emandako erantzuna: 174. gunea "sastraken" sailean sartuko da (7. mota).

_24. alegazioari emandako erantzuna: 178. gunearen ekialdeko zatia bereiziko da, eta alorren sailean sartuko. Era berean, alor zerrenda hori 177. gunetik bereizten duen eremua adierazi beharko da; gune berri bat izanen da, 5. motakoa, hots, "oso balio handiko harkadi-ezponda".

Gainerako alegazioei dagokienez, IEAn egindako balorazioari eusten zaiola adierazi behar da. Beraz, alegazioak ezetsi dira. Dena dela, 23B, 57, 85, 96, 151, 185, 187, 189 eta 210 guneetan (3., 6., 8., 9., 10., 21., 25., 26., 27. eta 28. alegazioetan aipatuak), kontuan harturik landarediari dagokionez ez direla erabat homogeneoak, finkak hobetzeko eskaera egiten ahalko da, gune osoari eman zaion ingurumen balorazioa zein den, balio horren galerarik ez dakarren zatian. Nolanahi ere, zati horiek luberritzeko baimena lortzeko, Ebazpen honen 1. baldintzako b) letran adierazitako konpentsazio neurriak bete beharko dira. Azkenik, 5. alegazioari dagokionez, adierazi beharra dago bertan aipatzen den tokia (41. gunearen zati bat) ezpondaren bukaera dela eta, garrantzi txikikoa izanda, ez dela planoetan berez adierazi, 42. gunearen barrenean baizik ("alorrak").

Iragarkiaren kodea: A0302565