59. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

40/2003 FORU AGINDUA, apirilaren 3koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, 2003. urtean kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena.

Espainiako 1978ko Konstituzioaren 51. artikuluak ezarritako markoaren barrenean, Toki Entitateek, beren eskumeneko esparruan, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzte, besteak beste, kontsumo arloko argibide eta aholkuak ematea eta salaketak bideratzea. Horrelako jarduerak diruz lagundu ohi dira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko zerbitzuen eskumena hartu zenetik. Izaniko esperientzia ikusirik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak dirulaguntzen arloan ezartzen duen legezko esparrua kontuan harturik, komeni da dirulaguntza horiek arautzeko eta haiek jasotzeko oinarriak ezartzeko beste arau bat ematea.

Horiek horrela, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako Toki Entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Hona hemen oinarriak:

1._Xedea.

Nafarroako Toki Entitateek kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko 2003ko urtean egiten dituzten jarduerak izanen dira dirulaguntzen xede.

2._Onuradunak.

Kontsumitzaileendako Argibideetarako Udal Bulego baten bidez jarduera hori egiten duten Nafarroako Toki Entitateek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan. Haren egoitzak udal lokal batean egon beharko du.

3._Diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

Kontsumitzaileen eskubidezko interes ekonomikoak babestu eta horietaz argibideak ematea xede duten jardueren artean, honakoak izan daitezke dirulaguntzen xede:

a) Kontsumitzaileei argibideak emateko bulegoek aholkulari eta bitarteko lanetan dituzten funtzionamendu gastuak.

b) Kontsumoko gaiei buruzko argitalpenen edizioa.

c) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak informatu eta prestatzeko jardunaldi, ikastaro, mintzaldi edo beste edozein jardueraren antolamendua.

d) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko lanetan aritzen diren Toki Entitateetako langileek prestakuntza ikastaroetan eta bilera instituzional edo teknikoetan parte hartzea.

4._Aurrekontu-kreditua.

2003an ematekoak diren dirulaguntzak 851001/82120/ 4600/444200 kontusailaren bizkar finantzatuko dira eta gehienez 53.369,93 euro banatuko dira.

5._Dirulaguntzak emateko prozedura.

a) Eskaerak:

Toki entitateek 15 egun naturaleko epea izanen dute eskabideak aurkezteko, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea 1) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusiriko tokietan. Dokumentazioa Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoren batean aurkeztu beharko dute (bulegoen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren II. eranskinean ageri da), deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako gainerako moduak erabiltzeko eskubidea.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1) Aurreko urteko jarduerei buruzko memoria.

2) Kontsumitzaileendako Argibideetarako Udal Bulegoan aurreko urtean eginiko kontsulten eta horien gaien zerrenda.

3) Jendeari argibideak emateko ordutegia (hileroko egun-orduak). Urtean urterako jarduren egitaraua eta gastuen aurrekontu zehatza, eskura dituen baliabideak, ekitaldien egutegia, eta gainerako inguruabar adierazgarriak aipatuz.

Betiere, Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak eskabidea egoki ebazteko behar dituen argibide edo agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari.

6._Dirulaguntza emateko irizpideak.

Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak. Horretarako, jardueraren onuradun izan daitekeen jende multzoa, jendeari laguntzeko egiazki erabilitako denbora eta kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko gainerako eginkizunak baloratuko ditu.

7._Ebazpena.

Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuko zuzendariak proposamen bat prestatuko du, dirulaguntzaren xede izanen diren jarduerak zehaztu eta horietariko bakoitzari emanen zaion diru-kopurua finkatuko duena.

Dirulaguntza ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko da eta interesatuei jakinaraziko zaio. Espreski ebazpenik gabe bi hilabete pasatzen badira, ulertuko da eskabidea ezetsia izan dela.

8._Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Ematen diren dirulaguntzak ez dira aurkeztutako eskaeren aurrekontuaren %50 baino handiagoak izanen eta deialdiaren 6. idatz-zatian ezarritako lehentasun irizpideei jarraikiz banatuko dira, aurrekontuetan dagoen diru kopuruaren arabera.

9._Jardueren justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza bi alditan ordainduko da, egindako jardueren memoria eta diruz lagunduriko jarduerek eraginiko gastuen ordainketaren ziurtagiriak aurkeztu ondoren. Lehenbiziko aldian, ekaianren 30era bitarte egindako jardueren memoria eta gastuak aurkeztuko dira Kontsumo Atalean, uztailaren 30a baino lehen. Bigarrenean, azaroaren 30era bitartekoak aurkeztuko dira Atal berean, abenduaren 18a baino lehen. Dirulaguntza agiriak aurkeztu eta hurrengo 30 egunetan ordainduko da.

10._Dirulaguntza deuseztatzea.

Foru Agindu honetan ezarririko baldintzak betetzen ez badira, dirulaguntza osorik edo hein batean deuseztatzen ahalko da, eta harturiko dirua itzultzea erabaki.

11._Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta berau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Foru Agindu hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epearen barrenean.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren hiruan._Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: C3119947