59. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

89/2003 FORU DEKRETUA, apirilaren 22koa, "Orotz-Beteluko hodi igorleen eta hondakin uren tratamenduen lanak" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapena egiteko, presakoa dela adierazten duena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak urtarrilaren 22an emandako 7/2003 Ebazpenaren bidez, "Orotz-Beteluko hodi igorleen eta hondakin uren tratamenduen lanak" izeneko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedurari hasiera eman zitzaion. Bidenabar, proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean paratu ziren hamabost egunez.

Jendaurreko aldiaren epea bete delarik, Toki Administrazioko kontseilariak apirilaren 2an emandako 196/2003 Ebazpenaren bidez, behin betiko onespena eman zitzaion aipatu proiektuari, eta ebatzi ziren aurkeztutako alegazioak Ebazpen horren xedapen-zatian adierazitakoaren arabera.

Lan horiek garrantzi handikoak eta presakoak dira, Orotz-Beteluko udalerriari hondakin uren saneamendurako azpiegitura egokiak eman behar baitzaizkio.

Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko Departamentuak alegatutako arrazoiak ikusirik, bidezkotzat jo du desjabetzapenak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako eskumenak erabiliz, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko apirilaren hogeita biko bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz, "Orotz-Beteluko hodi igorleen eta hondakin uren tratamenduen lanak" izeneko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

2. artikulua. Toki Administrazioko Departamentuak proiektuak ukituriko ondasunak desjabetzeko prozedura izapidatuko du, bukatutzat eman arte.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren hogeita bian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: C3122937