54. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

235/2003 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Herri Lan zuzendari nagusiak emana, "Iruña-Logroño autobia egiteko, Undioko eta Muruzabalgo maileguak ustiatzeko proiektua" jendaurrean egoteko aldia ebatzi eta okupatu aitzineko aktak egiteko dei egiten duena.

"Iruña-Logroño autobia egiteko, Undioko eta Muruzabalgo maileguak ustiatzeko proiektua" jendaurrean jarri zen urtarrilaren 22ko 86/2003 Ebazpenaren bidez, egokitzat jotzen ziren ohar eta alegazioak egin zitezen. Ebazpen hori 2003ko 18. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 10ean.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du alegazio aldian honako hauek aurkeztu direla:

1. alegazioa._Yolanda Apezteguia Elso andreak, María Cruz Pérez Ollo andrearen izenean eta haren ordezkari gisa, aurkeztua.

CZ-14 lurzatia Julio Pérez-Zabalza Oroz jaunaren izenean agertzen da, baina alegazioaren arabera, ez da berea. Beraz, eskatu da ukitutako finkaren titulartasuna aldatzeko eta Esteban Pérez Ollo jaunaren eta Margarita Oroz Idoate andrearen oinordekoen izenean jartzeko.

Erantzuna:

Alegatutakoa aintzat hartu da. Hala ere, alegazio egileak, okupatu aitzineko aktak egitean, alegatutakoa egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

2. alegazioa._José Manuel Sanz Amatriain jauna, Undioko Kontzejuko alkate kontzejuburua.

1. Mailegua "Las Monjas" alderdian izatea aztertu beharko litzateke, proiektuan agertzen denaren ordez.

2. Aukera gisa, ustiapena aurreikusitako lekuan mantenduz gero, eskatu da proiektua Ustiatze Plan eta Lehengoratze Plan banarekin osatzeko, Undioko herrigunean eragozpenak saihesteko neurri zuzentzaileak hartuz eta ukitutako eremuaren baso berritzea aurreikusiz. Halaber, eskatu da lehengoratzea ongi eginen dela bermatzea, Ingurumen Departamentuaren abal nahikoarekin, bai eta Kontzejuari hitz ematea bidea lehen bezala utziko dela ere, horretarako abal ekonomiko nahikoa finkatuz. Era berean, kontsideratu da Kontzejuari legarrak ordaindu behar zaizkiola, edo bestela, ur depositua eta saneamenduko obren bidez konpentsatu.

Erantzuna:

1. Proposatutako maileguaren aprobetxatze maila aztertu da, bai eta materialak erabiltzeko lekuekiko kokapena ere. Ondorioz, aukera hori jendaurrean jarritako maileguarekin bateragarria ez dela erabaki da.

2. Undioko eta Muruzabalgo maileguak ustiatzeko proiektua Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak onetsi zuen 2003ko urtarrilaren 23ko idazkiaren bidez. Bertan, besteak beste, honako baldintza hauek ezarri ziren:

_"Maileguak ukitutako lurrak basoberrituko dira obra baino lehen zeuden bezala uzteko. Horretarako, sortzen diren larrain eta ezpondetan, belar espezieak eta zura ematen dutenak erein beharko dira.

_Ustiapena bukatzean, leku horretan zeuden zuhaitzen ordez beste batzuk jarriko dira, bai eta aziendaren kontrako babesa ere. Halaber, proiektuko eremuan zegoen bidexka ordezkatuko da".

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bermatuko du ingurumenari buruzko baimenean ezarritako zehaztapenak betetzen direla eta arduratuko da autobia eginen duen sozietateari kutsadura akustikoari eta ingurumenekoari buruzko legedi indardunak agintzen duena betearazteaz, Undioko herrigunearen inguruko ukipenak gutxitzeko.

Ustiategiko bidea konponduko da ibilgailu astunak pasa daitezen. Kontuan hartuta, gaur egun, bidearen zati handi bat zoladurarik eta drainatzerik gabe dagoela, askoz hobeki geldituko da egungo bidea baino. Ustiapena amaitzean, autobia eginen duen sozietateak bidea utziko du zirkulatu ahal izateko moduan.

Legarren balioaren ordainketari dagokionez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 115. eta 116. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, desjabetzapen prozesuan zehar pagatuko dira mailegu gisa erabili bitartean okupatutako lurrak produzitu ez dituen errentak eta lurzatietan gerta daitezkeen demerituak. Ezin dira aurreikusi Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarenak ez diren eskurantzei dagozkien konpentsatzeko neurriak.

3. alegazioa._Silvestre Belzunegui Otano jaunak, helbidea Legardan baitu, aurkeztua.

Eskatu du Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak ardura izan dezala "Fuenteabajo" iturriko bidetik 3. poligonoko 222. lurzatiraino doan edateko uraren hartunean gerta daitezkeen kalteetan.

Erantzuna:

Hasiera batean, ez da aurreikusi ur hartunea ukituko denik. Mailegua ustiatzean ukipenik gertatuz gero, konponduko litzateke.

4. alegazioa._María Dolores Amatriain Bacáicoa andreak aurkeztua, Balbina eta María Carmen Bacáicoa Sanz andreen izenean.

1. Legardako udal mugapeko 3. poligonoko 255. lurzatian lau metro eta erdi hondeatzeak kalte larria eta konponezina sortuko du, gaur egun finka laua baita guztiz.

2. Proiektuaren arabera, lurzatiko alderik estuenean ez da mailarik egonen zorua maldan dagoelako. Baina hori ez da posible harekin muga egiten duen bidearen ondoko zatia altuera berean baitago.

3. Finka sartuta dago Nafarroako Ubideko I. sektoreko lehorreko lurrak ureztalur bihurtzeko proiektuan. Lurra ateratzeak ez luke galarazi beharko proiektuan sartzea.

4. Irurtzun-Faltzes gasbidearen proiektuak ukituko du finka.

5. Undioko maileguan, hori ere proiektukoa baita, larreak erabiltzen dira eta Legardakoan, berriz, alorrak dira.

6. Proiektuaren arabera lurzati hori egokia da material mailegurako, baina ez da zehaztu arrazoia zein den. Arrazoi ekonomikoak aipatuz gero, ibilbide luzeena da zulaketa unera iristeko, sarbidetik hasita azken aurrekoa baita.

7. Bere finkari dagokionez, mailegu proiektua baliogabetzeko eskatu du.

Erantzuna:

1. Administrazioak aldi baterako okupazioak sortzen dituen kalte guztiak ordainduko ditu, bai lurzatiak produzitzeari uzten dizkion errentak bai lurzatiak egun duen nekazaritzako erabileraren ustiapenak sortzen ahal dituen demeritoak.

2. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak mailegu baimenerako ezarritako baldintzei jarraikiz, bideak oraingo egoera berean segitu behar du, kota berean, aldaketaren ondorioz sortzen diren ezpondak arinduko direlako. Izan ere, alde zorrotzenak kendu eta malda leuna geldituko da. Desjabetu ondoren, finkak aldapatxo bat izanen du ekialderantz, alde horretan gainerako lurrarekin parekatuko baita.

3. Lurzatia aldi baterako okupatzeak ez du galaraziko Nafarroako Ubideko I. sektoreko lehorreko lurrak ureztalur bihurtzeko proiektuan sartzea.

4. Irurtzun-Faltzes gasbiderako proiektuak ez du izan Administrazioaren onespena jasotzeko prozesurik. Beraz, izapidatzen denean, mailegu honetako ustiatze proiektuari egokitu beharko zaio, zer edo zertan ukituz gero.

5., 6. eta 7. "Iruña-Logroño autobia, 4. fasea: Gares-Lizarra" proiektuan aztertu zen maileguaren egokitasuna. Mailegu horren antzeko zerbaitetarako beste aukera egokirik, larreetan edo laborantzakoak ez diren lurretan, ez dago. Beraz, ezin da baliogabetu mailegu hori ustiatzeko proiektua.

5. alegazioa._Juan José Eraso Olaso jaunak aurkeztua.

Honako hau azaldu du:

1. 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 1. artikulua aldatu zuen maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen arabera, proiektuak ez du ingurumenaren gaineko eraginari buruz indarra duen araudia betetzen.

2. Haren jabetzako finka Lurzati Berrantolamenduko Planak ukitzen du, ureztalur bihurtu behar baitu.

3. Jabetza hori ez da larre bat, alorra baizik. Beraz, nekez konpentsatzen ahalko den ahalegin eta jardueraz gain, lur hori ustiatu, iraunarazi, kontserbatu, berriro sorrarazi eta mantentzeak balore kalkulaezina du. Horregatik, ukipena neurriz kanpokoa da, sortuko duen kaltearen eta xede duen obrari eginen dion mesedearen arteko oreka zehaztu ez delako.

4. Aurkeztutako konparazioa, edo antzeko egoerak, ez dira justifikatu. Beraz, botere desbideraketa eta arbitrarietatea egon dira.

5. Nekazaritza eta abeltzaintzako desjabetzapenek, gure legediaren arabera, laguntza berezia jasotzen dute, baina kasu honetan ez datoz bat egin nahi den erabilerarekin, etekin handiak ematen dituen ustiapen bat aprobetxamendurik gabe utziko baitu.

6. Ebazpenak ez du baliorik, Muruzabalgoko mugapean sartu baititu Legardarenak diren lur batzuk.

7. Lur puska horrek ukipena galarazten duen karga tasa bat du, ehiza barruti batean dagoelako.

8. Arestian aipatutakoaz gain, gogoratu behar dira pasabide eta sarreretan sortuko duen kaltea, herritarrek jasan beharko duten eragin akustikoa, aisialdietarako guneen okupazioak herritarren elkar bizitzan eraginen dituen kalteak, etab.

9. Ez du jaso obrari, azterketei eta arrazoiei buruzko jakinarazpen edo justifikaziorik.

10. Bat egiten du Legardako Udalak aurkezten duen edozein alegaziorekin.

Erantzuna:

1. Ingurumenaren gaineko eraginari buruz agertu dituen kezkak direla-eta, jakinarazten zaio Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ingurumenaren gaineko ukipenak baloratu dituela eta aldeko txostena aurkeztu duela. Izan ere, txosten horretan adierazi du proiektuak ustiatze eta lehengoratzeari buruzko baldintza batzuk bete beharko dituela.

2. Lurzatia aldi baterako okupatzeak ez du galaraziko Nafarroako Ubideko I. sektoreko lehorreko lurrak ureztalur bihurtzeko proiektuan sartzea.

3., 4., eta 5. "Iruña-Logroño autobia, 4. fasea: Gares-Lizarra" proiektuan aztertu zen maileguaren egokitasuna. Mailegu horren antzeko zerbaitetarako beste aukera egokirik, larreetan edo laborantzakoak ez diren lurretan, ez dago. Beraz, ezin da baliogabetu mailegu hori ustiatzeko proiektua.

Administrazioak aldi baterako okupazioak sortzen dituen kalte guztiak ordainduko ditu, bai lurzatiak produzitzeari uzten dizkion errentak bai lurzatiak egun duen nekazaritzako erabileraren ustiapenak sortzen ahal dituen demeritoak.

6. "Iruña-Logroño autobia, 4. fasea" proiektuan egindako maileguko materialak ateratzeari buruzko azterketan eremu handi bat hartu da, Muruzabal eta Legardako mugapeak ukitzen dituena. Azterketa zehatzago batek erabaki du Legardako mugapea mailegua kokatzeko lekurik egokiena dela. Horregatik, hasierako izendapena mantendu da.

7. Maileguetako eremua guztiz laua eta landarerik gabea denez, ez dugu uste ehiza barruti edo erreserba gisa zuen funtzioa mailegua ustiatu ondoren murriztuko denik.

8. Sozietate esleipen hartzaileak bete beharko ditu indarra duen legediak segurtasun eta ingurumenaren gaineko kutsadurari buruz ezarritako baldintzak, bateragarri eginez maileguaren ustiapena eta erabiltzen diren bideetako nekazaritzako trafiko arrunta.

9. "Iruña-Logroño autobia, 4. fasea: Gares-Lizarra" proiektua, non mailegu eremuei buruzko azterketak ageri baitira, eta Undioko eta Muruzabalgo maileguen ustiapenen proiektu zehatza jendaurrean egon ziren.

10. Legardako Udalaren 6. alegazioari erantzun zaion berbera esaten zaio.

6. alegazioa._Silvestre Belzunegui Otano jaunak, Legardako Udaleko alkate udalburua baita, aurkeztua.

Alegazioaren xedapen zatian honako hau adierazi du:

_Ingurumenaren gaineko eragina oso handia izanen den arren, ez da lehengoratze neurririk zehaztu.

_Paseatzeko gehien erabiltzen diren bideetako batean dago.

_Kamioiek erabiliko duten hormigoizko bidea hondatzen ahalko da.

_Azienda pasatzeko baimenduta dagoen bide bakarra Udalak errentan ematen duen lurzati batera sartzeko erabiliko da.

_Nekazaritzako makineriak askotan erabiltzen du Laniaingo bidea. Gainera, baratze gisa errentan emandako udalaren lurzatira sartzeko pasabidea da. Halaber, aisialdiko eremuetarako sarbidea da.

_Kamioien pisua jasanen ez duen zubi txiki bat dago, bai eta hausteko arriskua izanen duen ur hoditeria ere.

_Mailegu eremua Nafarroako Ubideko ureztalurren eta Irurtzun-Faltzes gasbidea pasatzen den lurren parte da.

_Hautsa, zarata eta segurtasuna direla-eta, pertsonentzako eragozpenak sortuko lirateke.

_Autobia egiteko proiektuan ez zen mailegua aipatu.

_Autobiaren ondorioz partikularrek desjabetzapen nahikoak izan dituzte. Beraz, mailegua produktibitate gutxiko herrilurretan egin beharko litzateke.

_Mailegua Legardako udal mugapean eginez gero, partikularrei eta Udalari konpentsatzeko neurriak ezarri beharko dira.

_Mailegurako aurreikusi den eremua ehiza barrutiko erreserba da.

Horiek horrela, Udalak eskatu du mailegua errepidearen beste aldera pasatzeko eta herrilurrak baino ez hartzeko.

Horretaz gain, Udalak eranskin bat aurkeztu du arestian aipatutako konpentsazioak zehazteko, baldin eta ezinbestekoa bada mailegurako beste aukerarik ez dagoelako. Hona hemen: berriro ezartzea lurzatietako jatorrizko kotak, bideko kotak eta zabalerak; bideak konpontzea, hormigoia edo asfaltua erabiliz; obrak hasi baino lehen Legardako hegoaldeko sarbidea hobetzea; zuhaitzak landatzea eta bankoak jartzea; errekaren gaineko zubia konpontzea, lurzati batzuetako maldak leuntzea; ermita zaharberritzea eta dagoen zuhaiztia mantentzea.

Erantzuna:

_4. alegazioko 5., 6. eta 7. puntuetan adierazi bezala, ez dago "Iruña-Logroño autobia, 4. fasea: Gares-Lizarra" proiektuan aurreikusitako Muruzabalgo maileguaren ordez ustiatzeko bestelako mailegu aukerarik.

_Xedapen zatian ingurumenaren gaineko eraginari buruz agertu dituen kezkak direla-eta, jakinarazten zaio Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ingurumenaren gaineko ukipenak baloratu dituela eta aldeko txostena aurkeztu duela. Halaber, adierazi du proiektuak ustiatze eta lehengoratzeari buruzko baldintza batzuk bete beharko dituela.

_Erabili behar den bidearen egokitze lanak esleipena hartzen duen sozietateak eginen ditu. Izan ere, maileguaren ustiapena bukatzean, sozietate horrek kontserbazio egoera egokian utzi beharko du.

_Okupazioa bukatutakoan ukitutako lurzatiak jabeen eskuetara itzuliko dira, ustiatzeko baldintza egokiak betetzen dituztela. Jarduketak Nafarroako Ureztalurrak, S.A.rekin koordinatu direnez, esan daiteke aldi baterako okupazioak ukitatako eskualdeak ureztalur bihurtzeko proiektuetan mantenduko direla.

_Irurtzun-Faltzes gasbiderako proiektuari dagokionez, 4. alegazioko 4. puntuan erantzundako berbera mantentzen da.

_Sozietate esleipen hartzaileak bete beharko ditu indarra duen legediak segurtasun eta ingurumenaren gaineko kutsadurari buruz ezarritako baldintzak, bateragarri eginez maileguaren ustiapena eta erabiltzen diren bideetako nekazaritzako trafiko arrunta.

_Maileguetako eremua guztiz laua eta landarerik gabea denez, uste izan da ehiza barruti edo erreserba gisa zuen funtzioa mailegua ustiatu ondoren ez dela murriztuko.

_Eranskinean proposatutako neurriei dagokienez, jakinarazten da indusketatik sobrante gelditzen dena ezin izanen dela mailegua berdintzeko erabili, ekonomikoki bideragarria ez delako, denbora asko galduko litzateke eta. Dena den, ukitutako ingurua konponduko da oraingo baldintzetan edo hobeagoetan geldi dadin.

Nafarroako Gobernuak, abuztuaren 5eko 182/2002 Foru Dekretuaren bidez, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa zela adierazi zuen.

Horiek horrela, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi eta proposaturikoarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7an emandako 3912/1999 Foru Aginduaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan adierazitakoari jarraikiz, Zuzendaritza Nagusi honek

EBATZI DU:

1. "Iruña-Logroño autobia egiteko, Undioko eta Muruzabalgo maileguak ustiatzeko proiektua" jendaurrean egoteko aldia ebatzi, Ebazpen honen xedapen zatian adierazi moduan, aurkeztutako alegazioei erantzuna emanez.

2. Ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea, maiatzaren 5ean Zizur Zendeako eta Legardako udaletxeetan ager daitezen, ukituriko ondasun eta eskubideak okupatu aitzineko aktak eta, beharko balitz, behin betiko okupaziokoak, egiteko.

3. Egintza horretara norberak joan beharko du, edo bere izenean aritzeko behar bezala ahalordetutako pertsona batek; titularra dela frogatzen duten agiriak eraman beharko ditu (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzo, peritoak edo/eta notarioa eraman ditzake, baina, betiere, norberak ordaindu beharko die.

4. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Komunitateko bi egunkaritan eta Zizur Zendeako eta Legardako udaletxeetan. Halaber, ohartaraztea honako hau argitaratu dela Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 59.5 artikuluan xedatzen diren ondorioetarako.

5. Ukituriko titularrei dei egitea banakako zitazio zedula baten bidez.

6. Ebazpen hau igortzea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzura, Bide eta Eraikuntza Zerbitzura, Desjabetzapen Atalera, esleipena hartu duen Autovía del Camino, S.A. sozietatera, Zizurko Zendeako eta Legardako Udaletara eta alegazio egileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, Ebazpen honek Administrazio Publikoendako administrazio bidea amaitzen du. Dena den, Administrazioek Ebazpenaren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Aukeran, epe horretan berean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan aurreikusitako errekerimendua egiten ahalko dute, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu baino lehen.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren lauan._Herri-lan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: C3099531