45. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

13/2003 FORU AGINDUA, otsailaren 10ekoa, Osasun kontseilariak emana, Sortzetiko Metabolopatiak Garaiz Atzemateko Programa berrantolatzen duena.

Osasun kontseilariak 1988ko irailaren 14an emandako Foru Aginduaren bidez, Elbarritasun Psikikoei Aurrea Hartzeko Programa ezarri zen, Foru Komunitate osoan aplikatzekoa, eta programaren barrenean sartu zen Sortzetiko Metabolopatiak Garaiz Atzemateko Programa, honako helburuekin (6. artikulua):

_Bizitzaren lehenbiziko egunetan atzematen ahal diren sortzetiko metabolopatiengatiko elbarritasun psikikoen maiztasuna gutxitzea.

_Nafarroako jaioberri guztiei laborategiko teknikak eskaintzea, odola ateratzekoak eta aztertzekoak.

_Populazioari informazioa ematea.

_Atzemandako kasu guztien tratamendua eta segimendua ziurtatzea.

_Erregistro sistema bat ezartzea etengabeko ebaluazioa egiteko.

Bestetik koordinatzailearen kargua ezarri zen (8.b artikulua), ardura hauek izanen dituena: teknikariak eta behar diren baliabide teknikoak bateratzea eta koordinatzea, eta helburu eta eginkizunak betetzea. Gainera, Batzorde Aholku-emaile bat eratu zen (8.c artikulua), programaren jarduketa arloan lanean ari diren hiru profesionalek osatua.

Urte batzuk joan dira eta programak sendo eutsi dio bere izaerari eta indarrez errotu da populazioan. Horregatik, beharrezkoa da programa berrantolatzea, ondotik azaltzen den moduan.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Sortzetiko Metabolopatiak Garaiz Atzemateko Programa Iruñeko Bideko Ama Birjina ospitaleko Pediatria Zerbitzuari atxikirik gelditzen da. Pediatria Zerbitzua da programa koordinatzeko eta kudeatzeko ardura, baita atzemandako patologien segimendua eta tratamendua egitekoa ere. Horretarako, Pediatria Zerbitzuak fakultatibo bat izendatuko du programaren arduradun.

2. artikulua. Lagina haurra jaio den ospitalean aterako da.

3. artikulua. Laginak Nafarroako Ospitaleko Biokimika Laborategian aztertuko dira.

4. artikulua. Programa ebaluatzerakoan, koordinatzaileak Osasun Publikoaren Institutuko Jarduera Mediko-prebentiboen eta Antzemate Goiztiarraren Atalaren laguntza izanen du.

5. artikulua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak programa egoki garatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak eskainiko dizkie zerbitzu guztiei.

6. artikulua. Sortzetiko Metabolopatiak Garaiz Atzemateko Programaren Segimendu Batzordea eratzen da, honako hauek osatua:

_Batzordeburua: Programaren koordinatzailea.

_Idazkaria: Programari atxikitako OLT/EDU bat, koordinatzaileak izendatua.

_Batzordekideak:

_Hipotiroidismoa eta/edo fenilzetonuria duten gaixoen segimenduaz arduratzen diren bi pediatra, Bideko Ama Birjina ospitaleko zuzendariak izendatuak.

_Lizarrako García Orcoyen ospitaleko pediatra bat, erietxeko zuzendariak izendatua.

_Tuterako Reina Sofía ospitaleko pediatra bat, erietxeko zuzendariak izendatua.

_Nafarroako Ospitaleko Analisi Klinikoetako Laborategiko fakultatibo bat, erietxeko zuzendariak izendatua.

_Osasun Publikoaren Institutuko Jarduera Mediko-prebentiboen eta Antzemate Goiztiarraren Ataleko fakultatibo bat, atalburuak izendatua.

7. artikulua. Segimendu Batzordeak programaren bilakaera gainbegiratuko du eta, horretaz gain, aztertu ere bai. Ezagupen zientifikoak gaurkotzearen ondoriozko gomendioak eginen ditu.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren hamarrean._Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: C3039048