I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Legeak
29/2003 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, gaixoaren zenbait eskubide, hain zuzen ere biziaren gaineko aurretiazko borondateak egitekoa eta informazioa eta agiri klinikoak eskuratzekoa, arautzen dituen maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legea hein batean aldatzen duena.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela
FORU LEGEA, GAIXOAREN ZENBAIT ESKUBIDE, HAIN ZUZEN ERE BIZIAREN GAINEKO AURRETIAZKO BORONDATEAK EGITEKOA ETA INFORMAZIOA ETA AGIRI KLINIKOAK ESKURATZEKOA, ARAUTZEN DITUEN MAIATZAREN 6KO 11/2002 FORU LEGEA HEIN BATEAN ALDATZEN DUENA
ZIOEN AZALPENA
Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 53. artikuluari jarraikiz, barne osasunaren eta higienearen alorretan, gaur egun dituen ahalmenak eta eskumenak dagozkio Nafarroari eta, gainera, estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta betearaztea.
Maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeak (2002ko maiatzaren 13ko 58. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen) gaixoaren zenbait eskubide, hain zuzen ere biziaren gaineko aurretiazko borondateak egitekoa eta informazioa eta agiri klinikoak eskuratzekoa, arautzen ditu.
2002ko azaroaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, berriz, Gaixoaren autonomia eta informazio nahiz agiri klinikoen alorreko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legea. Lehen xedapen gehigarriaren arabera, lege hori oinarrizkoa da Espainiako Konstituzioko 149.1.1 eta 16. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Lege horiek jorratzen dituzten alorrak bat datozenez, beharrezkoa da maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legea estatuko legera egokitzea, hura oinarrizkoa baita, gaixoei eskubide berberak bermatzearren informazioari eta dokumentazioari dagokienez.
1. artikulua. Ondoko datuak sartuko dira maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeko 11. artikuluko 1. idatz-zatiko b) letran:
"_Larritasunari buruzko txostena.
_Ingresatzeko baimena.
_Anatomia patologikoaren txostena.
_Halakorik egonez gero, aurretiazko borondateen adierazpen-agiria, bai eta organo-emaile izateari buruzkoa ere.
_Erizaintzako zainketen bilakaera eta plangintza.
_Erizaintzako aplikazio terapeutikoa.
_Konstanteen grafikoa.
_Senda-agiriari buruzko txosten klinikoa."
2. artikulua. Maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeko 12. artikuluko 5. idatz-zatia aldatuko da. Honela geldituko da:
"5. Ikuskatze, ebaluatze, kreditatze nahiz plangintza arloko eginkizunak betetzen dituzten eta behar bezala kreditaturik dauden osasun-arloko langileek historia klinikoak eskura ditzakete, sorospenaren kalitatea, gaixoaren eskubideekiko errespetua edo zentroak gaixoekiko, erabiltzaileekiko edo osasun-administrazioarekiko duen beste edozein betebehar bete ote den egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituen bitartean."
3. artikulua. Maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeko 13. artikulua aldatuko da. Honela geldituko da:
"13. artikulua. Agiri klinikoak gordetzea.
1. Osasun zentroek agiri klinikoak gorde beharra dute, segurtasunez eta behar bezala mantentzen direla bermatzeko moduan hain zuzen ere, baina ez jatorrizko euskarrian nahitaez, gaixoari behar bezalako laguntza emateko kasuan-kasuan beharrezkoa den bitartean eta, gutxienez ere, laguntza-prozesu bakoitzeko senda-agiriaren egunetik bost urte igaro diren arte.
2. Edozein kasutan, historia klinikoan, gaixoa identifikatzeko datuekin batera, honako hauek gorde behar dira gaixoa hil denetik gutxienez ere bost urte igaro diren arte: argibide ondoko baimena, senda-agiria emateari buruzko txostenak, txosten kirurgikoak, erditze-erregistroa, anestesiari buruzko datuak, azterketa osagarriei buruzko txostenak eta nekropsia-txostenak.
3. Agiri klinikoak, indarreko legeriarekin bat, ondorio judizialetarako ere gordeko da. Orobat gordeko da epidemiologia, ikerkuntza edo Osasun Sistema Nazionalaren funtzionamendu nahiz antolamendu mailako arrazoiak daudenean. Ukitutako pertsonen identifikazioa ahal den neurrian ekiditeko moduan erabiliko dira agiri horiek.
4. Osasun arloko profesionalek gaixoen laguntza-prozesuari buruzko dokumentazio kliniko ordenatu eta sekuentziala sortu eta gordetzen lagundu behar dute.
5. Gaixo ospitaleratuak dituzten zentroek nahiz osasun arloko zerbitzuen irizpideari jarraikiz beste edozein laguntza mota jasotzen duten behar beste gaixo artatzen dituztenek harrera eta dokumentazio klinikoko unitatearen bidez kudeatuko dute historia klinikoa, unitate horren ardura baita historia klinikoak artxibo bakar batean biltzea. Historia kliniko horien zaintza osasun zentroko zuzendaritzaren ardura izanen da.
6. Euren jarduera banaka garatzen duten osasun arloko profesionalak dira sortzen duten laguntza-agiriak kudeatu eta zaintzeko arduradunak.
7. Dokumentazio klinikoari aplikatzekoak dira datu pertsonalak dituzten fitxategiak gordetzeari buruzko legerian eta, oro har, Datu Pertsonalak babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako segurtasuneko neurri teknikoak."
4. artikulua. Maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeko 14. artikuluari bi idatz-zati _3.a eta 4.a_ gehitzen zaizkio. Hona:
"3. Gaixoak ez du historia klinikoaren dokumentazioa eskuratzeko duen eskubidea baliatu ahal izanen baldin eta gaixoaren interes terapeutikoarengatik hartan jasotako datuen konfidentzialtasunerako hirugarren pertsonek duten eskubidearen kaltetan bada, ez eta dokumentazioa taxutzen parte hartu duten profesionalen eskubidearen kaltetan ere, profesional horiek ohar subjektiboen gaineko zuhurtasuna balia baitezakete dokumentazioa eskuratzeko eskubidearen aurrean.
4. Osasun zentroek eta banaka jarduten duten fakultatiboek hildako gaixoari familiakoak nahiz izatezko harremana izateagatik lotutako pertsonei soilik emanen diete historia klinikoa, salbu eta hildakoak espresuki debekatu badu eta hala kreditatzen bada. Edozein kasutan, hirugarren pertsona batek bere osasuna arriskuan egoteagatik historia klinikoa eskuratzerik badu, behar-beharrezkoak diren datuak baizik ez ditu eskuratuko. Ez da emanen ez hildakoaren intimitateari ez profesionalen ohar subjektiboei buruzko informaziorik, ez hirugarrenak kaltetzen dituenik ere."
5. artikulua. Xedapen gehigarri bat gehituko zaio maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeari. Hona:
"Bosgarrena._Gaixoaren senda-agiriari buruzko txostena, mediku-ziurtagiriak eta txosten tekniko, estatistiko nahiz administratiboak betetzeari buruz osasun-egintzak direla-eta profesionalek dituzten betebeharrak estatuko oinarrizko legerian ezartzen denari lotuko zaizkio."
AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA
Nafarroako Gobernuari esku ematen zaio foru lege honek ezarritakoa erregelamendu bidez garatzeko.
AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA
Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENETAN HIRUGARRENA
Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.
Iruñean, hiru mila eta hiruko apirilaren lauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
Iragarkiaren kodea: A0303741