I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Legeak
28/2003 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, Nafarroako Ingurugiro arloko Kontseilua sortu zuen otsailaren 17ko 1/1993 Foru Legea aldatzekoa.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela
FORU LEGEA, NAFARROAKO INGURUGIRO ARLOKO KONTSEILUA SORTU ZUEN OTSAILAREN 17KO 1/1993 FORU LEGEA ALDATZEKOA
ZIOEN AZALPENA
Nafarroako Ingurumen arloko Kontseilua otsailaren 17ko 1/1993 Foru Legearen bidez sortu zen. Lege horren zioen azalpenean adierazten denez, hartan partaide izanen da Foru Komunitateko administrazioaren funtzionarioez gainera, ikerkuntzako, natura babestu eta ikertzeko erakundeetako edo elkarteetako eta naturari lotutako kirol elkarteetako profesionalen ordezkaritza zabala ere.
Martxoaren 11ko 1/1996 Foru Legearen bidez, 1/1993 Foru Legea aldatu eta ezarri zen Nafarroako Mendi, Ehiza eta Arrantza federazioek ordezkari bana izanen zutela Kontseiluan. Gure ustez, Nafarroako Ehiza Federazioak gaur egun ehiztari nafarren parte bat baizik ez du ordezkatzen; izan ere, haren estatutuen arabera, lehiaketazko ehiza-kiroleko ehiztari federatuak baizik ez ditu ordezkatzen eta, hortaz, beharrezkoa da ehiztariek kontseiluan duten ordezkaritza handitzea, kontseilukide eginez ehiztari nafarren gehiengoa ordezkatzen duten beste elkarte batzuk, ehiza aisialdiko kiroltzat dutenak hain zuzen ere.
Nabarmendu beharrekoa da Nafarroako Ehiza Federazioa zela ehiztarien ordezkari bakarra legea onetsi zenean; gaur egun, ordea, badira beste elkarte batzuk hark baino hiru bider gehiago bazkide dituztenak, baina, hala ere, Ehizari buruzko Batzorde Aholku-emailean eztabaidatzen diren gaiak ezin dira defenditu ingurumenaren arloko kontseiluan, ez baitaude bertan ordezkatuta.
Nafarroako Ehiztarien Elkarteak (ADECANA), besteak beste, ondoko helburuak ditu: erakunde publiko eta pribatuetan gure erkidegoko ehiztarien herri-elkarteak, ehiztari-taldeak nahiz ehiztari independenteak ordezkatzea, ehiza-aberastasuna kontserbatu, sustatu eta zentzuz aprobetxatzea bilatzen duten jarduketak, bai eta ehiza-aberastasuna hobeki babestu, kontserbatu eta sustatzea ere. Elkarteak ehiztarien herri-elkarteetako ehiztari nahiz ehiza-barruti ugari ordezkatzen ditu.
Horregatik guztiagatik proposatzen da 1/1993 Foru Legeko 3. artikuluko 1. idatz-zatiko g) letra aldatzea.
Artikulu bakarra._Nafarroako Ingurugiro arloko Kontseilua sortu zuen otsailaren 17ko 1/1993 Foru Legeko 3. artikuluko 1. idatz-zatiko g) letra aldatzen da:
"g) Mendi, ehiza eta arrantza federazioek izendatutako ordezkari bana eta Nafarroako Ehiztarien Elkarteak (ADECANA) izendatutako ordezkari bat."
Nik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.
Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren lauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
Iragarkiaren kodea: A0303742