I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Legeak
27/2003 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailearen osaketa arautzekoa.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela
NAFARROAKO TXIKIZKAKO MERKATARITZAKO KONTSEILU AHOLKU-EMAILEAREN OSAKETA ARAUTZEKO FORU LEGEA
Nafarroan merkataritza arautzeko uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak ezarri zuen, 63. artikuluan, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailea eratuko zela, Nafarroako Foru Komunitatean gai honen gaineko aholkuak emateko organo eskuduna. Gisa berean, osaketa, eraketari eta funtzionamenduari dagokionez, erregelamenduzko garapena ere ezarri zuen. Aipatu artikuluko 3. idatz-zatiak aurreikusi zuenez, Kontseilu Aholku-emailean behar bezala ordezkatuta egonen dira sektoreko ordezkaritza duten eragile ekonomiko eta sozialak, alegia, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Merkatari Elkarteen Federazioa, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak, eta sektorean presentzia duten erakunde sindikalak.
Nafarroako Gobernuaren 2002ko apirilaren 15eko akordioaren bidez, aintzat hartu zen Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailearen osaketa, eraketa eta funtzionamendua arautzen duen Foru Dekretuaren proiektua, Nafarroako Kontseiluak nahitaezko txostena eman zezan. Txosten hori 2002ko ekainaren 10ean eman zen, aldeko iritziarekin.
Uztailaren 22ko 174/2002 Foru Dekretuak Txikizkako Merkataritzako Nafarroako Kontseilu Aholku-emailearen osaketa, eraketa eta funtzionamendua arautzen du eta, gure ustez, zehazten duen osaketa ez da proportzionala eta ez ditu ordezkatzen Nafarroako merkataritza sektoreko eragile ekonomiko eta sozialak.
Artikulu bakarra._Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailearen osaketa.
Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak honako osaketa izanen du:
_Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko kontseilari titularra, lehendakari izanen dena.
_Ekonomia eta Ogasun Departamentuko, Toki Administrazio Departamentuko eta Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Departamentuko ordezkari bana, dagokien kontseilariak izendatuak.
_Merkataritza eta Turismoko zuzendari nagusia.
_Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuko zuzendari nagusia.
_Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko hiru ordezkari.
_Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak hautaturiko bi ordezkari.
_Merkatari Elkarteen Federazioak hautaturiko hiru ordezkari.
_Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak hautaturiko bi ordezkari.
_Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek proposatuen artean, bi ordezkari, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak izendatuak.
_Sektorean presentzia duten erakunde sindikalek proposatuen artean, hiru ordezkari, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak izendatuak.
_Administrazio publikoko teknikaria (lege alorrekoa), Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak izendatua. Kontseiluko idazkaria izanen da, hitzarekin baina botorik gabe.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Foru lege honen aurka doazen xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira.
AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA
Aplikatzea
Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau aplikatzeko behar diren erregelamenduzko xedapenak emateko.
AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA
Indarra hartzea
Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.
Nik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.
Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren lauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
Iragarkiaren kodea: A0303743