45. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2003ko martxoaren 24an hartua. Honen bidez Iruñeko "Intendentziako Orubea" izeneko parajean saltoki handi bat kokatzeko merkataritzarako baimen berariazkoa ematen zaio El Corte Inglés S.A. enpresari, eta Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala onesten da.

Nafarroako Gobernuak, 2002ko azaroaren 18an egindako bilkuran, Iruñean saltoki handi bat kokatzeko merkataritzako baimen berariazkoa "El Corte Inglés S.A." enpresari emateko espedienteari lotzea eta proiektua udalez gaindikoa dela adieraztea erabaki zuen. Bestetik, proiektua hilabetez jendaurrean jartzea erabaki zuen. Erabaki hori 2002ko 144. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, azaroaren 29an.

Aurkeztutako alegazioak azterturik, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak batera aurkezturiko proposamena Lurraldearen Antolamenduko Batzordeari eta Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileari aurkeztu zitzaien. Kontseiluak 2003ko martxoaren 11ko bilkuran aztertu zuen eta Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak hilabete bereko 19an. Biek emandako adostasun txostenean proposamena egin zuten El Corte Inglés S.A. enpresari Iruñeko "Intendentziako Orubea" izeneko parajean saltoki handi bat kokatzeko merkataritzarako baimen berariazkoa emateko eta Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala onesteko, saltoki handi hori jar dadin, enpresa sustatzaileak aurkeztutako proiektuaren arabera eta egindako alegazioei emandako erantzunen ondoriozko baldintzei jarraikiz.

I._Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egoteko aldian ez da alegazio bakar bat ere jaso Merkataritza eta Turismo Zuzendaritza Nagusian; Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, ordez, bi alegazio-idazki jaso dira. Haien edukia eta eman zaien erantzuna ondotik azaltzen da.

1. Yolanda Barcina Angulo andrea, Iruñeko Udaleko alkatea.

Edukia:

Merkataritzako batzordeak txostenean adierazten dituen ondorioek aski justifikatzen dute orubea egokia dela merkataritzarako. Gainera, bat dator, bete-betean, espediente honi dagokionez udalak aurretik egindako jarduketekin. Bestetik, udala konforme dago, orokortasunean, UPSaren edukiarekin eta ondorioekin. Dena dela, eraikuntza honen eta bere inguruaren antolamendua ahalik gehiena egokitu beharra dago hiriaren antolamendu irizpide orokorretara, hau da, garai batean tramitatu ziren Plan Orokorraren Aldaketan eta Plan Berezian ageri direnetara.

Azkenik, Merktaritzako Batzordeak eta Lurraldearen Antolamenduak batera egindako txostenean zenbait ohar egin dira, eta udalak horiei buruzko erabakia hartu behar du.

Horregatik guztiagatik, Iruñeko Udaleko alkateak alegazio hauek aurkeztu ditu.

Lehenbizikoa._Lerrokadurak eta altuerak.

Eraikinaren lerrokadurak lehenago aipatutako udal planeamendu indardunean ageri direnetara doiturik egonen dira, bai beheko solairuan bai sotoetan. (Arrapalen afera Sarbideak izeneko atalean dago azterturik).

Bigarren atikotik goitiko eraikuntza guztiak, klimatizagailuak barne, ezarritako baldintzetara egokituko dira, hau da, gehienez 3 metro luze izanen dira bigarren atikoaren gainetik.

Bigarrena._Intendentziaren eta Batzar Jauregiaren arteko lotura.

UPSaren Eranskinean ageri den bezala, oso interesgarria izanen litzateke Batzar Jauregiko Yanguas y Miranda kaleko arrapala erabili ahal izatea saltokirako ere, ibilgailu mota guztietarako, Iruñeko Udalak 2002ko apirilaren 11ko Erabakiaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatu zion bezala.

Zentzuzkoa izanen litzateke bi aparkalekuen arteko lotura bigarren sotoaren mailan izatea, betiere gainean arbolak landatzen eta azpiegiturak pasatzen uzten duen sakontasun batean.

UPSak afera hori zehazten ez duenez gero, horri dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Hirugarrena._Sarbideak.

UPSak arrapalak kaleetan kokatu ditu, eta ez lurzatian. Esan beharra dago, horri dagokionez, ez dituela betetzen planeamendu indardunak beheko solairuko eta sotoetako lerrokadurei buruz dioena; betetzen ditu, ordea, beste erabaki bat, hau da, zer kaletan egonen diren sarbideak (Tutera kalea eta Gartzia Ximenez).

Orube barreneko arrapalen soluzioa aztertu ez denez, ezin da gaur den egunean jakin irtenbide horrek nolako eragina izan lezakeen zirkulazioan (auto-ilarak, autoen zirkulazioak eta oinezkoenak elkarri oztopo egitea, etab.), edo planteatatuko saltoki-ereduan berean. Ezinbestekoa litzateke, hortaz, UPSak aukera hori aintzat hartzea inguruabar hauek kontuan hartuta:

1. Ez dakigu arrapalak lerrokaduretatik kanpo jartzea zenbateraino den 500 ibilgailu aparkatzeko tokia jartzeko asmoaren ondorio, gutxienez 377 aparkatzeko tokia exijitzen baita. Balorazio horrek berebiziko garrantzia du Udalarentzat, gaur eguneko irizpidea hirian ahalik aparkaleku eskaintza handiena lortzea baita. Horren harira, bada, positiboa da aparlaleku kopuruak eskatzen dena gainditzea.

2. Ez da txostenik aurkeztu saltokiak eta Batzar Jauregiak aldi berean funtzionatzeak trafikoan eta, horregatik, zeharka gai honetan izanen duen eragina aztertzen duenik.

3. Ez da kontuan hartu Gartzia Ximenez kalea _Yanguas y Mirandatik Antso Nagusia kalerako tartean_ eta Tutera kalea _Lizarra kaletik Oliveto Kondearen etorbiderako tartean_ oinezkoentzat jartzeko aukera, Udal Plan berrian bildurik dagoen aukera hain zuzen. Horregatik, bada, kanpoan arrapalak jarri beharrik baldin balego, kale tarte horiek oinezkoentzat jartzeko aukera bermatu beharko litzateke. Horren harira, aztertzekoa da, bestetik, komeni ote litzatekeen Yanguas y Mirandatik ezkerrera Gartzia Ximenezera jotzeko biragunea eta kaleko aparkalekuak ezabatzea.

4. Kontuan hartzekoa da, bestaldetik, Gartzia Ximenez kaleko arrapalak eragina izan dezakeela gaur egun Autobus Geltokia den eraikinaren gero bateko erabileran, baita geltokia bere toki berrira eraman ondoko eraikinean edo orubean. Horregatik, bada, afera hau aztertu beharko litzateke, kanpoko soluzio hori erabakiko balitz.

5. Gartzia Ximenezko arrapalak aztarna arkeologikoak uki litzake, eta horregatik komenigarria litzateke UPSaren erabakiak lotzaileak ez izatea arrapalen kokaleku zehatzari dagokionez. Horrek bidea emanen luke datu hori jakin ondoren kokaleku zehatza erabakitzeko.

6. Oroitarazi nahi dugu, azkenik, UPSaren erabakiek ez luketela baldintzatu behar arrapalek okupatutako azalera besterentzeko behin betiko ebazpena, afera hori beste espediente baten xedea izanen baita.

Erantzuna:

Alegazio hauei dagokienez, sustatzaileak zenbait dokumentu aurkeztu ditu, zeinetan, alegazioen aspektu guztiak jorratzeaz gain, aztertzen baititu, simulazio modelo baten bitartez, orube barreneko arrapalen soluzioak nolako eraginak izanen lituzkeen zirkulazioan _kontuan hartuz, aldi berean zirkulazioarentzako eragina zein den alegazioak aipatzen dituen kale tarteak oinezkoentzat jarriz gero eta Yanguas y Mirandatik ezkerrera Gartzia Ximenezera biratzeko aukera ezabatuz gero_. Bertan, bestetik, adierazi egiten dira xedapen horrek nolako eragina izanen lukeen garai batean aurkeztutako proiektuan proposatzen zen eredu komertzial eta funtzionalean.

Bestetik, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundearen txosten bat jaso da, 2003ko urtarrilaren 16koa, zeinetan aztertzen baita nolako eragina izan lezaketen saltokia eraikitzeko obrek San Nikolaseko bastioia eta San Anton bastioia lotzen zituen harresian. Bertan adierazten da indusketa arkeologikoak egin behar direla Gartzia Ximenez kalean, eta harresiaren arrastorik agertuko ez balitz, orube aldera zabaldu beharko liratekeela lan horiek, erabaki ahal izatearren zer neurri hartu Ondare Historikoa kontserbatzeko. Arrapalek eraginik baldin balute harresian, haien trazadura aldatu beharko litzateke aurrena.

Aurrera egin baino lehen, eta sarbideei dagokienez _saltokia kokatzerakoan hori baita aspektu nagusietako bat_, komenigarria da, aurrenik, gai honetarako erantzuna baldintzatu duen premisa bat finkatzea: eginahalak egin behar direla erabakitzen den sarbideen sistemak apal dezan inguruko zirkulazioan izanen duen eragina, oso faktore garrantzitsua baita hori.

Badago, halaber, beste afera bat, sarbideei buruzkoa hori ere, aintzat hartu beharrekoa. Alegazioan, Udalak adierazi du, hasteko, UPSean proposatutako arrapalek, lerrokaduretatik kanpokoek alegia, ez duela betetzen udal planeamendu indarduna, baina, alegazio osoa ikusirik, badirudi prest dagoela egoera hori onartzera baldin eta, orube barreneko arrapalen soluzioa azterturik eta aukera horrek eraikinean eta inguruko zirkulazioan izanen lituzkeen ondorioen berri izanik, ezinbestekoa bada hori erabakitzea, eta gehitzen du udalak, beste baldintza batzuen artean, aukera hori onartuz gero kale tarte batzuk oinezkoentzat jartzeko aukera ziurtatu beharko litzatekeela.

Azkenik, entzutealdiak eta espedientearen jendaurrealdiak agerian utzi dute adostasuna dagoela ondoko erabakietan:

1._Sartzeko eta ateratzeko arrapalak orubearen lerrokaduretatik kanpo jartzeari buruz:

Ezinbestekotzat jotzen da, proiektuan proposatu zen bezala, sartzeko eta ateratzeko arrapalak orubearen lerrokaduretatik kanpo jartzea, honako arrazoiongatik:

a) Zirkulazioari buruzko azterlanen arabera frogatua dago arrapalak orube barrenean jarriz eragin handiagoa izanen lukeela saltokiak inguruko zirkulazioan beste edozein alternatibatan baino, baita alegazioan aipatzen den kaleak oinezkoentzakoak bihurtuta ere. Aukera horrek halako ondorioa izanen luke, ezen inguruko zirkulazioa ezinezkoa izanen bailitzateke.

b) Horren harira, bidezko da nabarmentzea aukera horren ondorioz sartzeko asmoz sortzen diren auto-ilaren parte handiena sartzeko kaleetan geldituko litzatekeela, salbu eta barreneko arrapalek, beren luzera dela-eta, ilara horien parte dexentea hartzeko gauza baldin balira.

c) Horrela eginez gero, bestetik, ikuspuntu funtzionaletik bateraezina izanen litzateke soluzio hori oinezkoentzako kale tarteekin, zeren, logikoa den bezala, oinezkoentzako kale tarteak izateko beharrezkoa baita ahalik interferentziarik gutxien izatea autoen zirkulazioaren eta oinezkoen zirkulazioaren artean.

d) Orube barreneko arrapalen kokaera horrek proiektatu den eraikinean izan lezakeen eraginaren gainean egindako azterlanean, ondoriotzat hau ageri da: kokaera hori ez bide da bateragarria proposatutako modelo komertzial eta funtzionalarekin, hein handian mugatuko lukeelako aurreikusitako saltokia jartzeko aukera, eta eragin handia izanen luke eskaintza horri emandako balorazioan. Gainera, konpontzen zaila izanen litzateke zenbait gairen gaineko araudi indardunari dagokionez (saltokia nola hustu larrialdietan, suteen kontrako neurriak, aireztapena, keak nola atera, etab.), arrapalek hesi fisiko bat eratuko luketelako beheko solairuko eta zorupeko lehenbiziko solairuko barreneko banaketan.

2._Sartzeko eta ateratzeko arrapalen kopuruari eta haien kokalekuari buruz.

a) Gure ustez saltokiak bi gune desberdin izan behar ditu, ibilgailuak sartu eta ateratzeko bina arrapalarekin, eta, ondorioz, jatorri eta helmuga desberdinetarako sartzeko eta ateratzeko lerro orokorretarakoak, eta, horregatik, halaber, Plan Bereziak eskainitako aukerekin. Hori dena hala egin beharko litzateke, deusetan ukatu gabe sartzeko eta ateratzeko sistema koordinaturik egon litekeela Yanguas y Miranda kaleko Auditorioko aparkalekuko arrapalen erabilerarekin, hala erabakitzen bada.

b) Saltokirako arrapalak, lehentasunez, Tutera eta Gartzia Ximenez kaleetan jarriko dira.

c) Aurretik esandakoa gorabehera, orain ez dakizkigun faktoreak sortzen ahal direnez (aztarna arkeologiko interesgarriak konparazio batera), eta horiek direla-eta arrapalak beste nonbait jartzea erabakitzen bada ere, egokia ematen du Iruñeko Udalari ahalmena ematea horren gaineko azken erabakia har dezan, sistemaren funtsa diren oinarriei jarraikiz betiere: bi gune, bakoitza bere sartzeko eta ateratzeko arrapalarekin; sartzeko eta ateratzeko zirkulazioa bereiztea, eta alegazioan deskribatutako kale tarteak oinezkoentzakoak bihurtzea.

d) Azkenik, eta Gartzia Ximenez kaleko arrapalek Autobus Geltokiko eraikinaren eta/edo orubearen gero bateko erabileran izan lezaketen eraginari buruz, uste dugu haientzat proposatzen den kokaerak bide emanen lukeela, itxuran behinik behin, ondoren ere Autobus Geltokiaren gaur eguneko orubean egin litekeen eraikin berriaren aparkalekurako sarbideak egiteko, lehenbiziko sotoaren mailan. Hala balitz, orubearen azalera dela-eta eta sotoaren edukieraren arabera, eraikinerako sarbideen dotazioaren osagarri izanen lirateke arrapala horiek. Gaur eguneko Autobus Geltokiaren eraikinaren gero bateko erabilerari buruz, bistan da ezinezkoa dela orain zehaztea zein eragin izanen lituzketen arrapalek, nahiz eta, kalea oinezkoentzakoa bihurtuta, ez duen ematen bereziki larriak izanen liratekeenik.

3._Auditorioko aparkalekutik Yanguas y Miranda kalera ateratzeko arrapala saltokiko aparkalekutik ateratzeko ere erabiltzeko aukeraz:

a) Zirkulazioari buruzko azterlanak ondorio hauek izan ditu: aterabide hori erabiltzeko aukerak, Auditorioko erabiltzaileek izanda pasatzeko lehentasuna, nabarmen hobetzen ditu inguruko kaleetako zerbitzu-maila; modu erabakigarrian laguntzen du sarbideen egituraren funtzionamenduan; Tutera kaletiko aterabideak ematen duen garrantzi funtzionalari (Iruñaren ipar-mendebaldera eta hegoaldera itzultzeko bideak bereizten baititu Navas de Tolosa kaletik eta Yanguas y Mirandatik), beste arrapala bat jartzearen hobekuntza gehitzen zaio. Arrazoi horiengatik, dio azterlanak, soluzio osagarri hau on-ontzat hartzen da zirkulazio irizpideen ikuspuntu esklusibotik.

b) Esandakoak esanda, alegazioan aipatzen den Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza hitzarmenaren arabera, kontuan hartuta Nafarroako Gobernuak bere duela gai honen gaineko ahalmena, Auditorioko eta El Corte Ingléseko sotoen arteko loturari buruzko puntuari dagokionez, uste dugu onartzeko modukoa dela El Corte Inglések aurreikustea eta egitea, bere arrisku eta menturara, teknikoki egokienak iruditzen zaizkion soluzioak bi aparkalekuen arteko lotura egiteko, ibilgailu partikularrak balia daitezen. Nolanahi den, gero batean lotura hau erabili ahal izateko _El Corte Ingléseko aparkalekua martxan dela eta behar adina denboran erreparatuta praktikan bi aparkaleku horiek nolako funtzionamendua duten_, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da. Aurretik El Corte Inglések horretarako eskaera arrazoitua aurkeztu beharko du, justifikatzearren bi aparkalekuen arteko lotura erabiltzeak ez diola kalte nabarmenik egiten Auditorioko aparkalekuaren funtzionamendu behar bezalakoari.

c) Bi aparkalekuen arteko loturaren diseinuak eta exekuzioa egiterakoan Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak hitzartutako baldintzei segituko zaie, eta, betiere, ziurtatuko dute arbolak landatu ahal izatea eta, batik bat, azpiegiturak sartu ahal izatea. Aspektu horiek guztiak Exekuzio Proiektuan zehaztuko dira.

4._Yanguas y Miranda kaletik Gartzia Ximenez kalera ezkerrera biratzeari buruz:

Frogatua dago komeni dela bira hori ezabatzea, aztertutako soluzio guzti-guztietan, zirkulazioak hobera eginen lukeelako, are gehiago Gartzia Ximenez oinekontzakoa bihurtzen bada, zeren, kasu horretan, ezker hartzeak aparkalekura sartzeko baizik ez luke balioko. Jakina, biratze horrek auto-ilarak besterik ez luke sortuko. Egokia da, beraz, kentzea.

5._Kale tarteak oinezkoentzat jartzea eta horrekin loturiko beste zenbait kontu:

a) Zirkulazioaren gaineko azterlanak agerian uzten du kale tarteak oinezkoentzat jarriaz hobera eginen dutela, nabarmen, aparkalekura sartzeko eta bertatik ateratzeko baldintzek, baita hurbileko kaleetako funtzionamenduak ere.

b) Horregatik, alegazioan proposatu bezala, kale hauek jarriko dira oinezkoentzat: Gartzia Ximenez (Yanguas y Mirandatik Antso Nagusiaren kalerako tartea) eta Tutera (Lizarra kaletik Oliveto Kondearen etorbiderako tartea). Kalitateari eta ezaugarriei dagokienez azken urteoetan oinezkoentzat jarritako kaleen antzera eginen da. Kale tarte horiek oinezkoentzakoak bihurtzeko gastua El Corte Inglés, S.A.ren bizkar egonen da.

c) Oinezkoentzako kale tarteei dagokienez, komenigarria izanen litzateke honako hauek egin litezkeen edo komeni litezkeen aztertzea: arrapala bakarra egitea _sartzeko bidea eta ateratzeko bidea biak bikoitzak_, Tuterako kaleko arrapalak integratuz; Gartzia Ximenez kaletik ateratzeko arrapala luzatzea Tutera kalearekiko bidegurutzea pasatu arte.

d) Kale tarteak oinezkoentzat jartzeko obrak saltokia ireki aurretik egonen dira buruturik. Bukatu edo jarri gabe geldi litezke hiri altzarietako batzuk edo oinezkoak ibiltzea galarazten ez duten elementu ez garrantzitsuak.

e) El Corte Inglés, S.A. enpresak egin beharreko urbanizazio obrek oinezkoentzat jarri beharreko kale tarteak zein eraikinaren inguru guztiko espaloiak hartuko dituzte, baita lur azpian egindako edozein lanek ukitutako espazioak lehengoratzeko behar diren egiteko guztiak ere.

6._Ezabatuko diren kaleko aparkalekuei buruz:

a) Kale tarte batzuk oinezkoentzat bihurtzearen ondorioz tarte horietan gaur egun dauden kaleko aparkalekuak desagertuko dira. Aparkaleku horiek kentzea, dena dela, bat dator Iruñeko Udalak 2002ko apirilaren 11n hartutako Akordioaren 6. puntuarekin, hots, enkante publikoaren bidez orubea besterentzeari buruzko puntuarekin, zeinak esaten baitu ezarritako gutxieneko aparkalekutik goitiko aparkaleku kopurua (kasu honetan 123 ibilgailu) ahalik hurbileneko tokitik kenduko direla kalean.

b) Kale tarteak oinezkoentzat jartzearen ondorioz kentzen diren aparkarlekuez gain, komeniko litzateke kentzea, gure ustez, gaur egun Lizarra kalean, Antso Nagusitik Tutera kalera birtartean, baterian daudenak. Beste aukera batzuk ere azter litezke.

7._Oztopo fisiko eta zentzumenezkoak ezabatzeari buruz:

Lurzoru publikoan oinezkoentzat egiten den edozein gune edo ibilbide oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko foru lege indardunari jarraikiz proiektatu eta gauzatuko dira. Foru lege hau aplikatu behar dela diogunean, saltokiaren diseinuaz eta exekuzioaz ari gara, aparkalekua barne delarik, lehiaketa publikoaren xede baita.

8._Beheko solairuko lerrokadurei buruz (lerrokaduratik kanpoko zutoin borobil baten kokalekua):

Afera honi dagokionez ezin zaio eragozpenik jarri: proiektatutako eraikinak beheko solairurako ezarritako lerrokaduretara egokituko da.

9._Zorupeko lehenbiziko solairuan eraikineko lerrokadurek duten okupazio-soberakinari buruz:

Kontuan hartuz, alde batetik, Plan Bereziak baimentzen dituen aukeren arabera, esandakoaz gain beste soto batzuk egin gogo direla, eta, bestetik, eraikina egitean soto guztien eraikuntza-logikari segitu behar zaiola (eustormen eta egitura orokorraren etenik eza), uste dugu onartzeko modukoa dela proiektuan planteatzen den lehenbiziko sotoa okupatzea, non eta horrek ez duen galarazten horri buruz Plan Bereziak dituen helburuak lortzea, hau da, arbolak landatu ahal izatea eta, batik bat, azpiegiturak pasatu ahal izatea (bi aspektu horiek Exekuzio Proiektuan zehaztuko dira), eta oinezkoentzako kaleko espazioa publikoa izan dadila ziurtatzea.

10._Eraikinaren guztirako altueraren gainetiko eraikuntzei buruz:

Bigarren atikotik goitiko eraikuntzei buruz, klimatizagailuak barne, ez dute 3 metro pasatu behar bigarren atikotik goiti. Horri buruz ezin da deus alegatu: eraikina horretarako ezarritako neurrietara egotikuko da.

11._Arrapalek okupatutako azalera besterentzearen gaineko behin betiko ebazpenari buruzko alegazioaz:

Afera hau ondoko alegazio-idazkiari eman zaion erantzunean jorratuko da, edukia oso loturik baitago harekin.

2. Roberto Urtasun Uriz jauna, arkitektoa.

Edukia:

Alegatzaileak adierazten du proiektuak ez duela betetzen hirigintzari buruzko araudia, eta ez-betetze hori argia eta nabarmena dela, arrapalak gune publikoan daudelako, Iruñeko Udalak enkante bidez esleitutako orubetik kanpo.

Adierazten du, bestetik, ez-betetze hori oso garrantzitsua dela eta ez dela zuzentzen hirigintzako agiriak aldatuz, gune publikoa erabiliz konpondu nahi baitira orube pribatu batean jarri beharreko beharrak, izaera publikoa izaera pribatuaren menpe utziaz. Horrela, hiri gunearen balioak gutxitzen dira eta hiriko ingurumen aldeko ezaugarriak hondatzen. Beraz _gehitzen du_, planteatutako soluzioak ez ditu konpontzen espedientean aipatutako problema, aurreikusitako espaloien zabaltasuna hain zuzen, eta gainera, arrapalek tokia kentzen diete espaloiei Tutera eta Gartzia Ximenez kaleetan.

Ondorioz, alegatzaileak eskatzen du alda dadila proposatutako soluzioa, saltokiko sotoetarako sarbideak Iruñeko Udalak esleitutako orube barrenean konpon daitezen.

Erantzuna:

Alegazioak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren zerbitzu juridikoek emandako txostena ikusirk, eta aurreko alegazioetan behar bezala arrazoitua dagoenez sartzeko eta ateratzeko arrapalek orubearen lerrokaduretatik kanpora egon behar dutela, honakoa ondorioztatzen da:

a) UPS batek nahitaez esparru neurtua edo neurtzeko modukoa izan behar du, eta aurreikusitako sarbideak nola ziurtatuko diren zehaztu beharra dauka. Horri dagokionez, bidezko da UPSaren dokumentazioari sustatzaileak emandako planoa gehitzea, bertan mugatzen baita saltokia, sarbideak, eta sotoak, eta bestelako obra eta azpiegiturak egiteko esparrua. Bertan sartua dago, orobat, zer espazio utziko den oinezkoentzat, inola ere ukatu gabe espazio horretan gaur egun diren azpiegiturekin lotzeko obrak egin daitezkeela beharrezkoa baldin bada.

b) Sartzeko eta ateratzeko arrapalak ziurtatze aldera, udalak haiek okupatutako lurraren titulartasuna galdu gabe eta haiek kontserbatzeko inolako obligaziorik hartu gabe, dena saltokiaren jabearen kontu gelditzen baita, uste dugu soluzio hoberena zera dela: bide-zor bat sortzea erabakitzea, horri dagokion toki publikoaren desafektazioa egin ondoren.

c) Bide zorrari dagokionez, esan beharra dago hori Kode Zibilaren 530. artikuluan eta harekin bat datozenetan arautua dagoela, eta Foru Berriari buruzko 400 Legean aurreikusitako berezitasunen arabera zabaldu daitekeela gero batean.

d) Lurren desafektazioari buruz, bide-zorra eratu aurrekoa izan behar baitu ezinbestean, hauxe da gure ondorioa: UPSak indarra hartzen duen une berean aldatzen duenez udal planeamendua, eta udal planek automatikoki desafektatzen ahal dituztenez jabari publikoko ondasunak, UPSak ongi aurreikusten ahal ditu sartzeko eta ateratzeko arrapalek eta orubearen inguru guztiko gaur eguneko espaloiek okupatu beharreko gune publikoak eta proiektuari edo azkenean baimentzen diren beste obra proiektuei segituz saltokiak okupatu edo erabiltzen dituen beste gune batzuk desafektaturik geldituko direla automatikoki eta, beraz, ondare-ondasun bihurtuko direla.

e) Azkenik, bide-zorrak eratzea borondatezko kontua denez, UPSak horretarako epe bat aurreikusi behar du eta, bestetik, hori ez betetzeak izanen lituzkeen ondorioak, bete-betean berma daitezen behar diren sarbideak. Horregatik, bidezko da ixteko klausula gisara, falta baita aurreikusitako epean bide-zorra eratzeari buruzko akordioa (edo, bestela, erosteko edo lagatzeko akordioa, hori erabakiko balute), lurrak edo haien gainean behar diren eskubideak, azken batean, apirilaren 13ko 6/1998 Legearen III. eta IV. tituluen eta haiekin bat datozen xedapenen arabera lortzea.

II._Lehiaren Defentsarako Auzitegiaren irizpena.

2002ko abenduaren 13an Lehiaren Defentsarako Auzitegiaren irizpena jaso da, honela dioena:

"Espedientean ageri den merkataritzako proiektuari buruzko informazioa azterturik, uste dugu El Corte Inglés enpresak Iruñean ireki nahi duen saltokiak ez duela ondorio txarrik izanen lehiari dagokionez. Horregatik, auzitegi hau El Corte Inglés, S.A.k saltoki hori jartzeko proiektuari baldintzarik gabeko baimena ematearen alde dago".

III._Kontuan hartzeko beste batzuk.

Sustatzaileak alegazioei buruz aurkeztutako txostenean salgaiak saltokira eramateko sarrerei buruzko atal bat dago. Bertan adierazten da sarrerak behar bezala funtziona dezan kendu beharko liratekeela gaur egun horri jarritako mugak (gaueko orduak eta Auditorioko sarbidetik garraiatu beharreko salgai motak).

Horrela, bada, afera horiek Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak izenpeturiko hitzarmenaren argitan aztertu dira. Bertan arauturik daude salgaiak El Corte Inglésera sartzeko baldintzak, eta kasu honetan ez zaio gordetzen Nafarroako Gobernuari _ibilgailu partikularren kasuan bezalaxe_ alde bakar batek erabakita hitzarmenean aurreikusitakoez besteko baldintzak baimentzeko ahalmena. Beraz, ondorioztatu beharra dago El Corte Inglések, egoki juzgatuz gero, eskaera hori hitzarmeneko parteei aurkeztu beharko diela, bi parteek, egokia iruditzen bazaie, hitzarmena alda dezaten, UPSaren ebazpenaren bidez ezin baitira aldatu bertan ezarritako baldintzak.

Hori horrela, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2003ko martxoaren 11n eta Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak hilabete bereko 19an emandako txostenak kontuan hartuz, Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea eta aplikatu beharreko gainerako arauak ikusirik, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

Erabaki du:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea Erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. El Corte Inglés S.A. enpresari Iruñeko "Intendentziako Orubea" izeneko parajean saltoki handi bat kokatzeko merkataritzako baimen berariazkoa ematea. Guztira, salmentarako azalera garbia 25.988 m²-koa izanen du eta salmenta efektiboko azalera garbia 24.994 m²-koa (azalera garbiko 25.988 m² ken 994 m², "bestelako ondasun ohikoak eta ez ohikoak").

3. Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala onestea, saltoki handi hori jar dadin, enpresa sustatzaileak aurkeztutako proiektuaren arabera eta egindako alegazioei emandako erantzunen ondoriozko baldintzei jarraikiz.

4. Enpresa sustatzaileari adieraztea Ondare Historikoa babesteari buruzko guztian Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak 2003ko urtarrilaren 16an emandako txostenaren edukiaren arabera jokatu behar duela.

5. Gaur egun orubeak inguru guztian dituen espaloiak, automatikoki, desafektaturik gelditzen dira jabari publikotik. Sartzeko eta ateratzeko arrapalek okupatu beharreko espazio publikoak, hala nola obra proiektuaren arabera establezimenduak okupatzen edo erabiltzen dituztenak, jabari publikotik desafektatuak geldituko dira automatikoki eta Iruñeko Udalaren ondare-ondasun izatera pasako dira, Iruñeko Udalak obra proiektuekiko edo haien aldaketekiko adostasuna adierazten duenean.

6. Sarbideak eginen direla bermatuko da, bide-zorraren bidez edo sarbideei eusteko bidea eman eta Iruñeko Udalak enpresa sustatzaileak adosten duten beste formularen baten bidez.

Halaber, proiektua egiteko behar diren erabilera-eskubideak eratuko dira.

7. Erabaki hau argitaratu eta beranduenez lau hilabeteko epean, oraindik ere aurreko puntuak aipatzen dituen hitzarmenak sinatu ez badira, apirilaren 13ko 6/1998 Legearen III. eta IV. tituluetan eta haiekin bat datozen xedapenetan aurreikusitakoari jarraikiz joka liteke.

8. Aditzera ematea Erabaki honen kontra zilegi dela, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzea Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluek agintzen dutenaren arabera; edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan inpugnatzea, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duenaren arabera.

9. Argitara bedi erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta eman bedi haren berri Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, Iruñeko Udalari, El Corte Inglés S.A.ri eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hogeita lauan._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0303300