I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
ERABAKIA, 2003ko martxoaren 17koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Iruñerrirako hornidura Nafarroako Ubidetik" izeneko Udalez gaindiko Proiektua, Iruñerriko Mankomunitateak sustatua, jendaurrean jarri eta azpiegitura horren eraginpeko eremuetako toki entitateei entzunaldia ematen diena. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete bat iraungo dute gutxienez.
Iruñerriko Mankomunitateak, 2002ko uztailaren 3an, "Iruñerrirako hornidura Nafarroako Ubidetik" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aurkeztu du, tramitatzeko. Proiektua behin betikoz onestearekin batera, obren interes orokorra deklaratzeko eskatu du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen 66. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
I._Aurrekariak.
1995eko urtarrilaren 9an (1995eko urtarrilaren 23ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 10. zk.) Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ubidetik Iruñerrirako ur hornidura egiteko lurren erreserbarako UPSa onetsi zuen, Iruñerriko Mankomunitateak sustaturik. Erabaki horren hirugarren idatz-zatiak zera dio:
"Iruñerriko Mankomunitateari adieraztea Nafarroako Ubidetik Iruñerrira ur hornidura eramateko adarra, erreserbaturiko lur hauetan barna joanen dena, egiteko behin betiko proiektua ere Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa tramitatu beharko dela".
Mankomunitateak orain aurkeztu duen UPSak 1995ean onetsitakoa ordeztuko du goitik behera. Hasiera batean aurreikusitako trazadura aldatu da, besteak beste, 1995etik aurrera lurraldean izan diren hirigintza erabilera eta garapen berriengatik eta Ekialdeko Saihesbidearen bide-bikoizketagatik. Bikoizketa horrek hornidurarako erreserbaturik zeuden lurretan eta, horrenbestez, kondukzioaren hasierako trazaduran eragin zituen aldaketak UPS berrian sartu dira eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarekin batera zehaztutako trazadurari egokitu zaizkio, bide-bikoizketaren obrak ikusita.
II._Xedea.
Proiektuaren xedea Nafarroako Ubidetik Iruñerrira edateko uraren hornidura eginen duen Tiebas-Mendillorriko Hodia instalatzeko behar diren obrak eta baldintza teknikoak zehaztea da, Edateko Uraren Araztegikoak eta Hodiaren Abiaburuko Biltegikoak barne. Hodia Mendillorri-Iruñeko Biltegiraino iritsiko da eta 1.063 l/s-ko emaria izanen du.
III._Azpiegituraren onura publikoa.
Egungo iturrien hornidura ahalmena ikusirik, proiektaturiko azpiegituraren onura publikoa eztabaidaezina da, izan ere, Iruñerriko Mankomunitatearen zerbitzupean dauden guztiei, bai herritarrei -292.262 lagun 2001eko urtarrilaren 1ean-, bai industria arloko eta bestelako jarduerei, hurrengo urteeetan hornidura kantitatez nahiz kalitatez egokia egiteko helburua baitu.
Proiektuan adierazi bezala, "egungo iturrien (Artetako Iturburua eta Eugiko Urtegia) hornidura eskas gertatzen denean, hirugarren hornidura iturri orokor bat beharko da Iruñerriko Ur Hornidurarako. Momentu hori 2002-2005 ingururako aurreikusten da." Aurrerago zera dio: "azpiegitura hori, jakina, ez da egiten hasi behar ur eskasia iristen denean; aitzitik, une horretarako erabiltzeko moduan egon beharko du".
Horri dagokionez, agirian Iruñerriak behar dituen ur-emariak ezartzen dira. Horiek ikusita, justifikatuta daude bai hornidura proiektua, bai obren onura publikoa. Hona hemen daturik garrantzitsuenak:
_Mugako urtean (2030), kontsumorik handieneko hilabetean (ekainean), egunean eskatuko den batezbesteko emaria: 2.922 l/s.
_Produzitzeko ahalmena, ekainari dagokiona, kontzesioko emaria kalkulatzeko erabiltzen dena: 1.915 l/s.
_Emariaren defizita mugako urtean: 2.922 -1.915 = 1.007 l/s.
Hortaz, mugako urtean (2030. urtea) Iruñerriko Mankomunitatearen pean dauden udalerrien hornidura egiteko, Nafarroako Ubidetik ekarri beharreko kontzesioko emaria 1.000 l/s-koa da, azpitik jota. Emari hori da, hain zuzen, aurkeztu den proiektuaren elementu guztiak diseinatu eta dimentsionatzeko erabili den kalkulu-oinarria.
Laburbilduz, eta aurkeztutako datuak ikusirik, proposaturiko jarduketaren onura publikoa erabat justifikatuta dagoela uste dugu.
IV._Egin beharreko obren azaleko deskribapena.
Honako obra hauek eginen dira:
_Nafarroako Ubidean hartunea eta handik Araztegirainoko kondukzioa.
_Edateko Uraren Araztegia (EUA) Tiebasen.
_EUAtik erregulazio biltegirainoko kondukzioa.
_Tiebasko Erregulazio Biltegia.
_Erregulazio biltegitik Tiebas-Mendillorri hodirainoko kondukzioa.
_Hormigoi armatuzko hodia, xaflazko atorra duena eta giltzadura soldatua, 1.400 eta 1.000 mm-ko diametrokoa, tartearen arabera, ura Mendillorriko biltegira eramanen duena.
Obra horien osagarri, eta Tiebas-Mendillorri Hodia instalatzearen ondorioz datozen abantailak handitzearren, etorkizun hurbilean obra hauek egin nahi dira:
_800 mm-ko hodia Mendillorriko eta Irigaraiko biltegien artean. Urtasungo Araztegitik Irigaraiko biltegia grabitatez elikatzen ahalko da.
_600 mm-ko hodia Irigaraitik Noainera (Elortzibar), Iruñerriko hegoldeko eta hego-ekialdeko hornidura hobetzeko.
Dena dela, Tiebas-Mendillorri Hodiko obrak eta Urtasungo hodia Mendillorritik Irigaraira luzatzekoak hornidura unitate berekoak dira.
Bestalde, Proiektuan, egin gogo den Tiebas-Mendillorri Hodiaz gainera, hots, Eskualdeko horniduraren lehenbiziko fasea, etorkizunean eginen diren beste bi faseetako hodien kokapena ere finkatzen da. Horrela, azpiegitura garrantzitsu honen babes eremua finkatzen ahal da eta, horrenbestez, etorkizunean, gizarteak eskatzen duenean, handitzeko bidea irekita gelditzen da; babes eremuak 8 eta 27 metro bitarteko zabalera du, hiru tarteetan izan ezik, hots, A-15 autobideko zerbitzugunea, Imarkoainen sartzeko tartea eta Mutiloagoitiko tartea, horietako tarte batzuetan 53 metro zabal ere izanen baita.
Nafarroako Ubidetik eta Araztegitik egin behar den hartunea Ubidearen ezkerreko bazterretik abiatuko da, Ubidearen eta Arrizabalaga-Urrotz errepidearen arteko puntu batean. Erregulazio Biltegia errepide horren iparraldean kokatuko da, errepidearen eta A-15 Autobidearen artean, araztegitik 600 bat metrora. Instalazio horiek 70.870 metro koadro hartuko dituzte.
Tiebas-Mendillorri hodiari dagokion proiektuan hiru tarte aurreikusi dira: Lehenbiziko tarteak, 6.150 metro luze baita, 1.400 mm-ko hodia izanen du. Tiebasko Erregulazio Biltegitik Noaingo Muinoraino (Elortzibar) doa, Taxoareko mendilerroko mendebaldean. A-15 Autobidearekin nahiko paralelo joanen da, egokitzapenak egin behar diren puntuetan izan ezik (Noaingo lotunea eta zerbitzugunea, Elortzibarren). Garraioaren hiria mendebaldetik inguratzen du, izan ere, hango UPSan kondukziorako behar ziren lur erreserbak aurreikusi baitziren.
Bigarren tartea Noaingo Muinotik (Elortzibar) aurrera doa. 5.630 metroko luzera du eta 1.000 mm-ko hodiekin eginen da. Mendillorriko hegoaldean dagoen puntu batean bukatuko da, Iruñeko eta Arangurengo udalerrien arteko mugan ia-ia. Hasieran, puska txiki batean, A-15 Autobidetik paralelo joan ondoren, tarte honek ipar-ekialdeko norabidea hartuko du, Caceco eta Club Atlético Osasunaren instalazioak inguratuz, eta Taxoareko errepidea gurutzatu ondoren, errepide horren eta Ekialdeko Saihesbidearen arteko lotunetik 300 bat metro hegoaldera dagoen puntu batean, aipatu Saihesbidera hurbilduko da eta horren norabide beretik joko du, Mutiloabeititik tarte honen bukaeraraino, lerroz lerro nola edo hala. Azkeneko metroetan, kondukzioa Sankingo mugapeko mendebaldetik joanen da. Ekialdeko Saihesbidea bikoiztu ondoren, hoditik galtzadaren kanpoko ertzerainoko tartea 20 eta 120 metro bitartekoa izanen da.
Kondukzioaren hirugarren tartea, 1.069 metro luze, 1.400 mm-ko hodiekin eginen da. Ekialdeko Saihesbidetik abiatuko da eta, Mendillorriko auzoberriko hegoaldeko mazela inguratu odoren, Mendillorriko Biltegiko hegoko aldean bukatuko. Tarte honi dagokionez, adierazi beharra dago 2001. urtean, Ekialdeko Saihesbidea bikoizteko obrak direla eta, kaxoi bat prestatu zela eta barrenean bi hornidura hodi sartu zirela. Kaxoia 50 metro luze da eta 5,00 x 2,50 metroko sekzioa du. Hornidura hodi horietako bat 1400 mm-koa da eta kaxoiaren hegoaldean dago, Tiebas-Mendillorri kondukziorako; bestea 800 mm-koa da eta iparraldean dago, Mendillorri-Irigarai kondukziorako. Eremu honetan, zanga sakona ireki beharko da eta horrrek auzoberriaren alde batean dauden zuhaitzak ukitzen ahal ditu; horregatik, zuhaitzak birlandatzea aurreikusi da.
V._Lurraldeko eta hirigintzako zehaztapenak.
Jatorrizko trazadura eta orain proposatu dena konparatuz gero, ikusi da Araztegitik Erregulazio Biltegira doan hodiaren trazadura aldatu dela, A-15 autobidetik aldentzen baita. Trazadura hori, nolanahi ere, onargarria da.
Kondukzioaren lehenengo tartearen trazaduran, Tiebasko Erregulazio Biltegitik Noaingo Muinora (Elortzibar) doan puskan, bi aldaketa egin dira jatorrizko trazaduraren aldean: lehenbizikoa, A-15 Autobideko zerbitzugunetik Imarkoaingo sarbidearen artean, eta bigarrena, A-15, N-121 eta Iruña-Huesca errepidea elkartzen diren tokian.
Lehenbiziko aldaketa, A-15etik Garraioaren Hirira sartzeko bideen ondorioz egin behar izan da. Inguru horretan, ikusten da, halaber, Imarkoaingo sarbidea gurutzatzeko tokian ere aldatu dela trazadura, herrigunetik hurbilago eginen baita. Aldaketa hori, antza denez, eraikuntza arloko arrazoiengatik egin da.
Aipatu bide-lotuneetan egin gogo den aldaketaren ondoriozko trazadura, itxura batean, jatorrizkoa baino egokiagoa da, izan ere, besteak beste, hartan aurreikusten ziren angelu zuzeneko bi ukondoak kenduko baitira. Nolanahi ere, aipatu beharra dago inguru horretan bat eginen dutela A-15 Autobiak, Pirinioen hegoaldeko Autobiak, N-121 errepideak eta Iruñerriko Ekialdeko Bigarren Ingurabideak; hortaz, azpiegitura horien obrak koordinatu beharko dira, bai eraikuntza proiektuari dagokionez, bai exekuzioari dagokionez.
Aldaketarik nabarmenenak bigarren tartean eginen dira: hodiak A-15 autobidearekin eta Ekialdeko Saihesbidearekin parelelo eraman nahi ziren hasieran. Orain, berriz, tartearen hasieratik beretik, kondukzioa A-15etik aldentzen da, Caceco eta Club Atlético Osasunaren instalazioak ekialdetik inguratzeko. Aldaketa horiek justifikatzeko adierazi da, oro har, kondukzioaren trazadura azken urteotan lurraldean sorturiko erabilera berriei eta Ekialdeko Saihesbideko bikoizketari egokitu beharrez egin direla, besteak beste.
Erabilera berrien eta Ekialdeko Saihesbideko bikoizketaren ondorioz, ikusi da jatorrizko trazaduraren punturen batean, zehazki Caceco aldetik eta Berroako poligono berritik (2001ean onetsia) pasatzean, zailtasunak sortzen ahal zirela, lurraldean onarturiko erabilera berriengatik baino gehiago linea elektriko batzuen euskarriengatik. Bestalde, Ekialdeko Saihesbidea bikoiztu ondoren, kondukzioak Club Atlético Osasunaren instalazioen eta Saihesbidearen artetik eramateko bidea aski estua izanen litzateke, kondukzioak eramateko behar den tokia muga dezaketen elementu batzuk baitaude bertan. Hori horrela izanik ere, ingurune horretan jatorrizko trazadura mantentzea desegokia litzatekeela justifikatzeko zehaztapen gehiago eman beharko liratekeela uste dugu.
Orain proposaturiko trazadura edo antzekoa onartu beharko balitz ere, trazadura berria ere berraztertu beharko litzatekeela uste dugu, Osasunaren instalazioak igaro ondoren Ekialdeko Saihesbideari egokitzeko, ahal izanez gero; nolanahi ere, instalazio horien hegoaldetik, aurreikusitako bi ukondoen artean, doan kondukzio tartearen trazadurak Berroa poligonora hegoaldetik baldintza egokietan sartzeko aukera eman beharko luke.
Bigarren tarteko azkeneko zatian ere, Mutiloabeiti eta Mendillorri artean, zenbait aldaketa egin dira jatorrizko trazadurarekin alderatuta, kondukzioa Ekialdeko Saihesbideko bikoizketa lanei egokitzeko, eta, orobat, hango zerbitzugunearen kokapenaren eta oinezkoentzat egiten ari diren bi pasabideen ondorioz. Horregatik, kondukzioa ingurabidetik aldenduko da (tokirik urrutienean 120 metrora), eta horrek eragin nabarmena izanen du Sankin alderdiko lurretan, Eskualdeko Arau Subsidiarioen arabera etxebizitzetarako erreserbatuak baitira. Alabaina, adierazitako guztia kontuan harturik, eragin hori saihestezina dela dirudi.
Hirugarren tarteari dagokionez, adierazi beharra dago orain onartutako trazadura jatorrizkoaren antzekoa dela, eta aldaketek ez dutela hirigintza arloko ondoriorik ekarriko.
Ondare historikoari dagokionez, uste dugu ondare arkeologikoaren inguruan Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalak eskatutako datuak eta jarduketak bildu direla proiektuan. Ondare arkitektonikoari dagokionez, aurkeztu den agirian jakitera ematen da Arkitektura Ondarearen Atalari ahozko kontsulta bat egin zaiola, obrek Noaingo Ubidearen (Elortzibar) lur azpiko aldean eraginen lituzkeen kalteei buruzkoa, eta Atalak obraren zilegitasunaz eta exekuzio baldintzei buruz eman beharreko erantzunaren esperoan daudela.
VI._Ingurumen arloko zehaztapenak.
Kalitate Zerbitzuak emandako txostenean adierazten da, ingurumenari dagokionez, proposamena onargarria dela, betiere Proiektuan eta Ingurumenaren gaineko Eraginen Azterlanean ezarritako prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatzen badira, hala nola ondoko zehaztapen hauek:
_Dokumentazio osatzeko, Vianako Printzea Erakundearen txostena ekartzea, kondukzioak "Noaingo Ubidea (Elortzibar)" izeneko Interes Kulturaleko Ondasunaren gainean izanen dituen eraginei buruzkoa.
_Landare-lurrak eta bereizten diren beste gai batzuk non pilatuko diren planifikatzea, ustekabeko eurialdietan sortzen ahal diren kontrolik gabeko hustubideen ondoriozko higadurari aurrea hartzeko.
_Garbiketen, desinfekzioen eta beste arrazoi batzuen ondoriozko emarien ihesbideei behar bezalako luzera ematea eta horien xehetasunak proiektatzea, higadurak saihestearren.
_Ahal den neurrian, lurzoru ez-urbanizagarrietan, kutxeten gainaldeen eta inguruko lurraren arteko kotaren diferentzia gutxitzea.
_Irigaraiko biltegiaren inguruetan, jarduketa eremuaren lur zerrenda gutxitzea, ingurumen arloko arrazoiengatik eta aldapa handia dagoelako, eta obrak exekutatu bitartean, ahalik eta jokaerarik zuzenena izatea.
_Ingurumena Zaintzeko eta arlo horretako Segimendua eta Kontrola egiteko Plan bat ezartzea, bai obra faserako, bai lehenengo ustiapen faserako. Gainera, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari honako alderdi hauen berri eman beharko zaio: ingurumean eragin nabarmena izan dezaketen ustekabeko gorabeherak, 2.000 metro luzeko tarte jarraietan egiten diren jarduketak, abian jartzeko lehenengo probak eta baterako azken txostena.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2003ko martxoaren 11n emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. "Iruñerrirako hornidura Nafarroako Ubidetik" izeneko Udalez gaindiko Proiektua, Iruñerriko Mankomunitateak sustatua, jendaurrean jartzea eta azpiegitura horren eraginpeko eremuetako toki entitateei entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete bat iraungo dute, gutxienez.
2. Iruñerriko Mankomunitateari adieraztea, UPSa onetsi baino lehen, behar bezala justifikatu beharko duela ez dela bidezkoa hornidura hodien jatorrizko trazadura mantentzea Berroa poligonoaren inguruan eta Club Atlético Osasunaren instalazioen inguruetan.
Toki horietarako orain proposatu den trazadura hautatzea egokia dela justifikatzen bada, Erabaki honen azalpen zatiko V. atalean, "Lurraldeko eta Hirigintzako zehaztapenak" izenekoan, horretaz adierazitakoa aintzat hartu beharko da.
3. UPSa onetsi aurretik, halaber, proiektaturiko azpiegiturak ondare arkitektonikoaren gainean eraginen dituen afekzioei buruzko txostena aurkeztuko da.
4. Eraikuntza proiektuan eta exekuzio eta segimendu proiektuan, Erabaki honen azalpen zatiko VI. atalean, "Ingurumen arloko zehaztapenak" izenekoan, bildu diren zehaztapenak bete beharko dira.
5. Iruñerriko Mankomunitateak proposatu den azpiegituraren inguruan burutzen dituen jarduketak, hala eraikuntza proiektuari dagozkionak, nola obren exekuzioari dagozkionak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "Noaingo (Elortzibar) bide-lotune berria: A-15 Autobidearen, Pirinioen Hegoaldeko Autobiaren, N-121-errepidearen eta Iruñerriko Ekialdeko Bigarren Ingurabidearen lotura" izeneko proiektuaren barrenean burutu behar dituen jarduketekin koordinatuko dira.
6. Espedientea hilabetez jendaurrean jartzea, Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik aitzina, eta hilabetez ere entzunaldia ematea beren mugapeetan proiektuko azpiegiturak dituzten Udalei.
Hartarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alondegi kalea 1-2.a, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.
7. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoari eta Hezkuntza eta Kulturakoari jakinaraztea, baita Tiebas-Muru Artederretako, Noaingo (Elortzibar), Aranguren Ibarreko, Eguesibarko eta Iruñeko Udalei eta Iruñerriko Mankomunitateari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hamazazpian._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.
Iragarkiaren kodea: A0303022