I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Legeak
24/2003 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, Nafarroako sinboloei buruzkoa.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela
NAFARROAKO SINBOLOEI BURUZKO FORU LEGEA
ZIOEN AZALPENA
Armarria, bandera eta ereserkia dira herrien nortasuna adierazteko sinbolo nagusiak.
Sinboloen eta, gehien bat, banderaren esanahia eta garrantzia pentsalari, historialari, soziologo eta politikarien eztabaidagai eta hizpide izan dira beti. Bestetik, banderek sekulako indarraren sortzaile dira edonon, munduko herri guztietan.
Sinboloek, batik bat banderek eta armarriek, herri baten nortasuna, batasuna, elkartasuna eta bihotza adierazten dute. Sinbolismo horrek, gizarteak onetsia eta onartua denean, balio zibil nabaria bereganatzen du: herria jende-talde anitz baina barren-loturadun bihurtzen du, bere nortasuna kontzeptu positibo eta irekitzat hartzen laguntzen dio, partekide den beste eremu batzuetan parte hartuz aberasgarri eta hobera-egingarri zaio.
Nafarroak, historian hain erro sendoak dituen herriak, neurri txikian bada ere, arbuioa edo iraina sentitzen duenean komunitate berezi, bereki eta bereizia izateko ahaleginean, bere sinboloak gizartearen zinezko adierazgarritzat hartzen ditu eta ezin du onartu haiek gutxietsiak izatea, zeren batzuek beste nortasun kontrajarri batzuen sinboloak inposatu nahi baitituzte, eta izaera ofiziala eman nahi diote nekez gauza litekeen beste alternatiba komunitario baten formula baizik ez denari.
Gai honi buruzko aurreko lege-arautzeek ez dute izan Nafarroan behar adina elementu juridiko botere publikoek modua izan zezaten eragingarritasunez zuzendu ahal izateko afera honetan izan diren eta gaur egun ere izaten diren irregulartasun ugari: zenbait udaletan Euskadiko Autonomia Erkidegoko bandera ofiziala baizik ez dute jartzen, beste batzuetan Euskadiko Autonomia Erkidegoko bandera Espainiakoarekin eta Nafarroakoarekin batera, nahiz eta ageri-agerikoa den Nafarroa ez dela autonomia erkidego horretako parte. Euskadiko erkidegoaren sinboloa agertzeak irudi okerra eman dezake, erakundeen aldetiko errealitate faltsu batena hain zuzen.
Nafarroan, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzkoak, tradizio historikoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitatearen armarria, bandera eta bereizgarriak definitu zituen bere 7. artikuluan. Ereserki ofiziala, aldiz, artean legez erabaki gabea zen, Nafarroako sinboloak arautu zituen maiatzaren 28ko 7/1986 Foru Legea onetsi zen arte.
Foru lege honek Nafarroako Foru Komunitatearen hiru sinbolo oinarrizkoen erabilera arautzen du, haien presentzia areagotzearren gure gizartearen bizitza ofizialean zein egunerokoan, eta Nafarroaren nortasunari buruzko mezuari euste aldera. Aldi berean, foru lege honek botere publikoei egintza jurisdikzional eta administratiboetarako aukerak eskaini nahi dizkie sinbolo horien erabilera sustatzeko eta, bereziki, babesteko.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatearen sinboloak
Nafarroako Foru Komunitateak hauek ditu nortasun-sinbolo bere-bereak: Nafarroako bandera, armarria eta ereserkia.
2. artikulua. Nafarroako sinboloen erabilera.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta erakundeen sinbolo edo logotipo nagusi gisara gordeko dira Nafarroako bandera eta armarria. Bestetik, debeku da banderan edo armarrian beste edozein sinbolo, sigla edo logotipo sartzea.
2. Produktuen edo salerosketa gaien jatorriaren adierazgarri gisa erabiltzeko aukera, hala nola alderdi politiko, sindikatu, enpresari-elkarte edo entitate pribatuen sinbolo edo logotipo gisa erabiltzekoa, erregelamenduz arautuko da. Erregelamendu hori Nafarroako Gobernuak ezarriko du.
3. artikulua. Babes juridikoaren araubidea.
Nafarroaren sinboloek estatuko legeak estatuaren sinboloei ematen dien babes juridiko bera dute, eta haietarako aurreikusten diren kasu berberak aplikatzen zaizkie.
4. artikulua. Foru legearen aurkako egintzen deuseztasuna.
1. Foru lege honetan xedatutakoaren kontra doazen egintzak eta ebazpenak, edozein korporazio edo aginterenak, erabat deusezak izanen dira. Horien inpugnaziorako ekintza publikoa izanen da eta Nafarroako Gobernuak administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan inpugnatu ahalko ditu, errekerimendua egin ondotik betiere, toki araubideari buruzko legerian ezarritako baldintzetan.
Nafarroako Gobernuak eta udal agintariek bermatu beharko dute lege honetan xedatua betetzen dela eta xedapenen arau-hausteak zuzendu beharko dituzte, lege ordena berrezartzeko.
2. Administrazio arau-haustetzat hartuko dira lege honetan jasotako aginduak urratzea dakarten jokabideak, eta 3. artikuluan aurreikusitako araubidearen araberako zehapenen xede izanen dira.
II. KAPITULUA
Nafarroako bandera
5. artikulua. Nafarroako banderaren deskribapena.
Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 7.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako bandera ofiziala gorria da, Nafarroako armarria du erdian, luzera eta zabalera aldakor baina proportzionatuak dituen ehun angelu-zuzen batean.
6. artikulua. Nafarroako banderaren erabilera.
1. Nafarroako Foru Komunitateak bere bandera ofiziala erabil, zabal eta erakuts dadin nahi du, Nafarroaren nortasunaren eta Foru Komunitatearen batasunaren adierazgarri baita, eta bertan bizi direnen arteko eta Espainiako gainerako herritarrekiko elkartasun ikur.
2. Eraikuntza edo egoitza administratiboetan Nafarroako bandera bereizgarri gisa publikoki erabiltzeak ezinezko bihurtzen du haren ondoan aldi berean besterik jartzea, non ez den Espainiakoa, Europakoa, eta Nafarroako toki entitate bakoitzak duena, legez hori bidezko denean, salbu eta 8.3 artikuluan ezarritakoa.
3. Foru Komunitateko herritar guztien eskubide zibikoa da Nafarroako bandera eraikin hauetako aurrealdean jarrita egotea: foru erakundeetako egoitza administratiboak eta zerbitzuak, Nafarroako zuzenbide publikoko erakundeak, toki administrazioa osatzen duten entitateak, eta politikoki eta administratiboki herritarren ordezkaritza dutenak. Botere publikoek eta epaitegiek legeetan diren bitartekoak erabiliz babestuko dute eskubide hau.
7. artikulua. Erakunde eta korporazio publikoen erabilera publikoa.
Nafarroako bandera lehentasuneko tokian egonen da, ikusteko moduan, betiere Espainiakoari lehentasuna kendu gabe, foru erakundeetako eta Nafarroako zuzenbide publikoko erakundeetako egoitza administratibo guztien eta zerbitzu-eraikin guztien aurrealdean.
8. artikulua. Nafarroako toki administrazioaren erabilera-araubidea.
1. Nafarroako toki administrazioa osatzen duten entitate guztiak behartuta daude Nafarroako bandera edukitzera beren egoitzetan eta beren menpeko zerbitzu publikoetarako eraikinetan. Behartuta daude, halaber, Nafarroako bandera jartzera beren agintarien bulego ofizialetan eta osoko bilkuretarako aretoetan, gau eta egun barrenean eta goizeko 8etatik arratseko 8ak arte gutxienez kanpoaldean.
Nafarroako Gobernuko lehendakariak dolu-egun ofiziala dekretatu duenean baizik ez da paratuko Nafarroako bandera haga erdian edo armarrian dolu-xingola duela, eta betiere hark agindutako epean.
2. Normalean, toki entitate bakoitzeko bandera ofizialarekin batera, udalaren eraikinetan, Nafarroako bandera ofiziala egonen da, Espainiakoa urriaren 28ko 39/1981 Legean ezarri bezala, eta Europakoa horrela erabakitzen denean, baina ez beste ezein.
3. Salbuespen gisa, aipatu banderekin batera, baina ez bakarrik, beste estatu, autonomia erkidego edo toki entitate batzuetako banderak jar litezke, estatu, autonomia erkidego edo toki entitate harenganako begirunezko ekitaldi batean, lurralde anfitrioiko agintari eskudunak ofizialki gonbidatuak direnean, eta bisita ofizialetan, edo toki entitateen arteko adiskidantzaren ospakizunetan, betiere ospakizunak dirauen bitartean.
9. artikulua. Nafarroako banderaren lehentasunezko tokia.
Nafarroako bandera foru erakundeetako, Nafarroako zuzenbide publikoko korporazioetako eta Foru Komunitateko administrazio publikoetako egoitza eta eraikinen kanpoaldean zein barrenean erabiltzen denean, 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, bandera lehentasuneko tokian egonen da, betiere Espainiako banderari duen lehentasuna kendu gabe. 10. artikulua. Banderak jartzeko ordena.
1. Nafarroako bandera, bakarrik Espainiako banderarekin batera dagoenean, lehendakariaren edo bandera kokatu duenaren ezkerraldean jarriko da, eta ikusleen edo kalean haiei begira dagoenaren eskuinaldean. Udaletako banderekin edo Nafarroako toki administrazioa osatzen duten beste entitate batzuek erabiltzen dituztenekin jartzen denean, Espainiakoaren eskuinaldean egonen da, banderen kopurua bakoitia denean, eta ezkerraldean bikoitia denean.
Ez da zilegi Nafarroako bandera jartzea enpresa, marka komertzial, auzo-elkarte edo entitate pribatuetako banderen maila berean.
2. Jartzen den Nafarroako bandera ezin izanen da Espainiakoa baina handiagoa izan, ez eta haiekin batera jarrita dauden beste entitate batzuenak baino txikiagoa.
11. artikulua. Nafarroako banderari omenaldia egitea eta Nafarroako sinboloen sustapena.
1. Urtero, Nafarroaren Eguneko jardueren artean, Nafarroako Foru Komunitateko erakundeek bultzaturik, Nafarroako banderari omenaldia egiteko ekitaldi bat eginen da, eta banderaren erabilera sustatuko da mota askotako lehiaketa, erakusketa, entzunaldi, sariketa edo norgehiagoken bidez.
2. Nafarroako sinboloen ezagutza eta erabilera sustatuko dira azterlan eta ikerlanak eginez eta mota askotako lehiaketa, erakusketa, entzunaldi, sariketa edo norgehiagokak antolatuz. Nafarroako Foru Komunitateko erakundeek sustatuko dute, halaber, Nafarroako sinboloen irudi korporatiboaren publizitatea lantzea komunikabideetan, herritarrak sentsibilizatzeko Nafarroako nortasunaren ikurrekiko begirunean.
12. artikulua. Nafarroako sinboloen sustapena hezkuntzaren arloan.
1. Orobat, urtero, Nafarroaren Egunaren aurreko edo ondoko egunetan, eta ikastetxeetan lanegun diren egunetan, ekitaldi akademiko eta kultural xumeak eginen dira Nafarroako banderaren eta Nafarroaren beste nortasun-erakutsi batzuen balio eta esanahiari buruz. Ekitaldi horiek ikastetxeko zuzendaritza-taldearen eta irakasleen ardurapean eginen dira ikastetxe publiko eta itundu guztietan, haur hezkuntzan, lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan eta unibertsitate-mailan.
2. Jardunaldi edo ekitaldi horietan Nafarroako banderaren, armarriaren eta ereserkiaren kopiak banatuko zaizkie, dohainik, nahi duten ikasleei. Kopia horiek Nafarroako Gobernuak emanen dizkio dohainik ikastetxeari, ikastetxeak edo bertako irakasleek eskatuta.
13. artikulua. Sinboloak toki erakundeetan sustatzea.
1. Nafarroako Egunaren inguruko jardunaldiekin batean, bultzatuko da udal eta kontzejuek beren herritarrei Nafarroako bandera, armarria edo ereserkia dohainik bana diezaieten.
2. Bultzatuko da, herriko festak edo jai edo festaburuak direla-eta, alkate eta kontzejuburuek materiala bana diezaieten herritarrei Nafarroaren nortasunaren adierazgarriekin apain ditzaten etxeaurre eta balkoiak.
3. Nafarroako Gobernuak alkate eta kontzejuburuei bandera, armarri eta ereserkiak emanen dizkie, dohainik, aurreko idatz-zatietan ezarritakoa bete dadin, eta kale eta plazak apaintzeko. Bandera, armarri eta ereserkiz hornitzeak dakarren gastua Nafarroako aurrekontu orokorren kargura finantzatuko da.
III. KAPITULUA
Nafarroako armarria
14. artikulua. Nafarroako armarriaren deskribapena.
Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 7.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako armarria urrezko kateez osaturik dago, hondo gorri gainean, esmeralda bat erdian, beronen kate-mailazko zortzi besoen elkargune gisa, eta haien gainean errege-koroa, Nafarroako antzinako erreinuaren sinboloa.
Hori horrela delarik ere, Nafarroako Gobernuak Nafarroako armarri ofizialaren logotipo bat hartzen ahal du erakundearen irudi gisa, hau da, diseinu grafiko errazago eta gaurkotua, garaian garaiko gustu estetikoen araberakoa.
15. artikulua. Nafarroako armarriaren erabilera publikoa.
Nafarroako armarria edo bere logotipoa, Nafarroako banderaren barrenean ez ezik, hauetan ere egonen da:
a) Foru Komunitateko erakundeetako agintarien langeletan eta egoitzetako bilera-geletan.
b) Foru Komunitateko erakundeen Ibigailuen Parkeko ibilgailuetan.
c) Foru Komunitateko erakundeen ordezkari diren agintariek luzatutako edozein diploma, ziurtagiri edo titulutan.
d) Foru Komunitateko erakundeetan ofizialki erabiltzen diren agiri, inprimaki, zigilu eta idazpuruetan.
e) Foru Komunitateko erakundeen argitalpen eta iragarki ofizialetan.
f) Foru Komunitateko erakundeen ordezkari diren agintariek erabiltzen dituzten adierazgarri ofizialetan.
g) Erabilera ofizialeko beste zenbait toki edo objektutan, haien esanahai edo adierazgarritasunagatik hala erabakitzen denean.
h) Nafarroako Gobernuak erregelamenduz ezartzen duen kasuetan.
IV. KAPITULUA
Nafarroako ereserkia
16. artikulua. Nafarroako ereserkia.
Nafarroako ereserkia "Gorteen ereserkia" deritzona da.
17. artikulua. Ekitaldi ofizialetan jotzea.
Nafarroako ereserkia Foru Komunitateko erakundeek antolatzen dituzten ekitaldi ofizial esanguratsuen hasieran edo bukaeran aditu behar da.
18. artikulua. Bertsio ez ofizialen erabilera debekatzea.
Debeku da Nafarroako ereserkia erabiltzea bere goi-goiko esanahia gutxiesten duten ekitaldi, modu edo bertsioetan.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA
Sinbolo frankistak kentzea
Foru lege honek indarra hartu eta urtebeteko epean, bertan aipatutako agintariek Francoren erregimenaren sinbologia kendu eta ordeztu eginen dute. Eraikin historiko artistiko deklaraturikoetan dauden sinboloak kendu eta Vianako Printzea Erakundera bidaliko dira, haren zaintzapean uzteko, kentzea ezinezkoa denean salbu.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Indarrik gabe gelditzen dira maiatzaren 28ko 7/1986 Foru Legea eta foru lege honetan ezarritakoari kontra egiten dioten lerrun bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENETAN LEHENA
Erregelamendu bidezko garapena
Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege honetan ezarritakoa aurrera eraman, garatu eta betearazteko behar diren arauzko xedapenak agindu ditzan.
AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA
Indarra hartzea
Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.
Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren lauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
Iragarkiaren kodea: A0303746