42. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

279/2003 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Larraungo Udalaren mugapean (Nafarroan), Astitzen, Mendukilloko leizea turismorako egokitzeko proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena. Proiektua Sociedad Cuevas de Astitz, S.L.k sustatu du.

Proiektuak leizearen barreneko aldea egokitu, harrera etxola bat eraiki, iristeko bidea hobetu eta autobus eta turismoendako aparkalekuak egin nahi ditu. Gainera, ur eta elektrizitate hornidura eta hondakin uren arazketa ere proiektatuak daude. Mendukilloko leizea Larraun ibarreko 23. poligonoko 375. lurzatian dago, eta harrera eraikina poligono bereko 376. lurzatian.

Lurzatiok eta proiektuan egin beharreko gainerako jarduketak "Aralar mendia" izeneko Europako Batasunaren Intereseko Lekuaren barrenean daude (ES2200020). 92/43/EE zuzentarauaren 6. artikuluak agintzen duenaren arabera, proiektuak BILaren gainean izanen duen eraginaren ebaluazio egokia egiteko, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura aplikatu da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 8ko 6/2001 Legeari jarraikiz.

Proiektu teknikoarekin batera, sustatzaileak dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana ere aurkeztu du, non Proiektua modu egokian azaltzeaz gainera, ingurumenean ukituko dituen faktoreak eta eragin horien balorazioa adierazten diren.

Aurreikusitako jarduketek ez dute zuzenean ukitzen Europako Batasunaren Intereseko edo Lehentasunezko Habitatik. Gainera, proiektuaren eremuan ez da atzeman 92/43/EE Zuzentarauaren II. eranskinean bildutako espezieetako bat ere, eta gerta daitezkeen eraginei neurri zuzentzaileak aplikatzen ahal zaizkie.

Ingurumen zuzendari nagusiak irailaren 2an emandako 2150/2002 Ebazpenaren bidez proiektua jendaurrean jarri zen, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozedurari hasiera emateko.

Jendaurreko aldian alegazio bat jaso da, Isaac Santesteban Sánchez jaunak egina, eta bertan eskatzen da leizea publikoari ireki baino lehen proiektuak zenbait baldintza tekniko betetzeko, lanek iraun artean eta ustiapen turistikoa izan bitartean leize barreneko giroa ez hondatzeko. Kontuan hartu beharreko alderdiak dira, batez ere, argiztapena, zoruen tratamendua, kanpoko giroaren eragina, uraren eta airearen zirkulazioa, airearen berriztapena, gangen euskarrien egoera eta deskonposizioaren edo korrosioaren ondoriozko materialen kontrola. Bai sustatzaileak aurkeztu agiri teknikoan, bai eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanak eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazio honek proposatzen dituzten neurri zuzentzaileetan ere bete-betean ematen zaio erantzuna aurreko alegazio horri.

Horrenbestez, espedientearen tramitazioa bukatua dagoela ikusirik, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuarekin bat, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak uztailaren 29ko 1028/1999 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzen arabera,

EBATZI DUT:

1. "Mendukilloko leizea turismorako egokitzeko Proiektuari" dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea. Proiektua Sociedad Cuevas de Astitz, S.L.k sustatu du. Proposaturiko soluzioa bideragarria da ingurumenaren aldetik, baina baldintza hauek bete behar ditu:

_Hezegunea lanen lehenbiziko fasean egin behar da, eraikina jardueran hasten den momentutik, eta sistema araztailearen gainerako elementuekin batera, zerbitzua eman dezan.

_Sistema araztailetik dolinara infiltratzen den isurkiaren kalitatearen autokontrola eginen da erregulazio eta kontroleko azken kutxatilatik laginak hartuz eta laborategian analizatuz. Hori guztia behar adina aldiz eginen da sistemaren funtzionamenduaren gainean kontrol nahikoa izateko.

_Autokontrolaren emaitzak eta ur kontsumoak formato egokian eta euskarri informatikoan gordeko dira, Ingurumen Departamentuak eskatzean hari igortzeko.

_Isurketarako baimena Ebroko Ur Konfederazioari eskatu beharko zaio.

_Zuhaitzik moztu baino lehen Mendi Atalaren baimena eskuratu beharko da.

_Onetsitako proiektuaren edozein aldaketatarako, harrera etxearen erabilpena eta haren zerbitzuak barne, Ingurumen Departamentuaren baimen espresa izan beharko da.

_Lanen jarraipenen txostena Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan aurkeztuko da eta hartan honako hauek zehaztuko dira: lanak gauzatzean ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazio honi egokitzen zaizkion maila, aplikatutako neurri zuzentzaileak, jarraipen arkeologikoa eta kiropteroen eta beste fauna talde batzuen presentzia leizean eta lanak iraun bitartean haiek izandako eboluzioa eta gertakariak, halakorik izan balitz.

_Orobat, leizea publikoari ireki eta gero, hurrengo bost urteetan bederen, txosten bat aurkeztuko da urtero Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, honako hauek adierazita:

a) Bisitak egiteko sistema eta urte horretan izandako bisitarien kopurua kontuan harturik, erabilera turistikoak leize barreneko egoera mikroklimatiko, fisiko, kimiko eta geoteknikoen gaineko eragina. Hala behar izanez gero, txostenetan neurri zuzentzaileen proposamena bilduko da hurrengo urtean aplikatzeko.

b) Kalkulatutako jendetza haundiena (1.200 lagun eguneko) dela eta, bisitariek harrera etxea eta leizea, egiten den bisita sistemaren arabera, erabili aurreko eta ondoko afekzioak ere adieraziko dira. Halaber, ibilgailuen sarrera hesi baten bitartez kontrolatzearen eta Astiztik oinez etorriko diren bisitarien ondoriozko afekzioak ere baloratu beharko dira.

c) Orobat, leizean kiropteroen eta beste fauna talde batzuen presentziari eta ustiapen turistikoa izan bitarteko eboluzioari buruzko datu eguneratuak igorriko dira. Hala behar izanez gero, neurri zuzentzaile egokiak bilduko dituzte txosten horiek.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Larraungo Udalari, Astizko Kontzejuari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeita hamarrean.-Ingurumen zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapen orokorra

Mendukilloko leizea Astizko Kontzejuaren lurretan dago, Larraungo Udalaren mugapeko 23. poligonoaren 375. lurzatian, Aralar Mendiko magaletan, "Aralar mendia" izeneko Europako Batasunaren Intereseko Lekuaren barrenean (ES2200020).

Leizea erabilera turistikorako egokitzeko Sociedad Cuevas de Astitz, S.L. enpresak haren sarreran eta barrenean eraikuntzako jarduketa batzuk egin nahi ditu bai eta dotazioak paratu ere. Leizearen kanpoko aldera, Larraungo 23. poligonoaren 376 lurzatian, harrera eraikin bat, zerbitzuez horniturik, eta urbanizazio biguna leizearen eta harrera eraikinaren inguruan egin nahi dute. Halaber, sarbideak hobetu nahi dituzte, autobusak eta autoak zirkulatu ahal izateko, eta bisitarien ibilgailuendako aparkalekuak sortu.

Leize barreneko jarduna bisita gidatua izanen da eta barne formazio naturalak argiz nabarmenduko dira. Bisita mugatua eta kontrolatua izanen da (gehienez ere 25 lagun 50 minutuko aldian). Aurreikusi da 5 edo 6 urtetan urtean 50.000 bisitari, gehienez ere, izanen direla eta bisitarien kopuru handieneko egunetan 1.200 lagunek bisitatzen ahalko dutela.

Iristeko bidea egungo nekazaritzako bide bat hobetuz eginen da. Bidea Lekunberritik Astitzera doan errepidetik abiatzen da, proiektua egin behar den eremuraino. Bideak 3 m zabal izanen du, asfaltatuko da, trazadura puntualki aldatuko da maldak eta autobusen bira-angeluak egokitzeko, gurutzaguneak prestatuko dira lurrak berdinduz, bide-bazterrak 1,5 m zabalekoak izanen dira, arekak 0,6 x 0,3koak eta bi ur pasabide eginen dira. Gainera, bidea aprobetxatuko da leizea eta harrera eraikina elektrizitatez hornitzeko behar den tentsio altuko linea zangan eramateko. 15 zuhaitz moztu behar da eta bide-bazterrak eta gurutzaguneak soilduko dira. Gero 1.200 m²-ko ezpondak basoberrituko dira eta 50 zuhaitz eta 50 zuhaixka landatuko dira.

Harrera eraikina 300 m²-koa da. Iristeko bidearen iparraldean dago, sarbidea lauzatua izanen da eta haren inguruan zuhaitzak, jarlekuak eta iturri bat egonen dira. Ataripea kristalez hornituko da eta bertatik harrera gelara, ostatura eta erakusketara, ikusentzunezkoen gelara, administrazio bulegora eta komunetara, hurrenez hurren, sartzen ahalko da. Arazketa sistema digestore bat da, iragazki biologikoarekin eta putzuarekin (hezegunea). Eraikinaren barrenean ingurumen kudeaketaren arloko neurriak hartuko dira, hau da, produktu biodegradagarriak erabiltzea, komunetako ur kontsumoa murrizteko mekanismoak, gasezko berokuntza, e.a. Eraikuntzako materialak, ahal dela, proiektuaren beste jarduketa batzuetan eginen diren eraispenetatik eta erauzketetatik jaso eta berriz erabiliko dira.

Harrera eraikineko egonaldia, batez beste, ordubetekoa izanen dela kalkulatu da eta 90 bisitari egoten ahalko dira batera gehienez ere.

Ura punpa batek lagundurik eramanen da 1.000 l-ko erregulazio-biltegiraino, eta herritik leizeko bidean dauden aska batzuetara doan hoditik hartuko da. Harrera eremuan 50.000 l-ko biltegia eginen da eta bertaraino ponpatuko da.

Harrera eraikinetik leizarainoko bidea ere hobetzea planteatu da.

1,2 m zabaleko bidea prestatuko da kutxa moduko egiturekin, zagorrez beteak.

Leizeko sarreragunetik aurrera ibilbidean kanpoan prefabrikatutako zaldain, eskailera eta egitura metalikoak paratuko dira, eta lurreko arrokari atxikiko zaizkio zirga eta torlojuen bitartez.

Ibilbideko salak argiz, soinuz eta segurtasun neurriez hornituko dira.

Hezetasuna, tenperatura eta CO2 neurtzeko sentsoreak paratuko dira, bisiten ondotik parametro horien gora-beherak ezagutzeko.

Ukitu behar ez diren eremuak hesituko dira eta aireztapen artifiziala erabiliko da.

Lanak bukatutakoan zerrakura eginen da kiropteroendako sare iragangarria erabiliz. Sareak 90 m² izanen ditu eta bere gelatxoak 60 x 20 cm-koak izanen dira. Euskarriak tailerrean prestatuko dira eta galbanizatuak izanen dira.

II. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren laburpena

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak ustiapena, harrera eraikinaren lekua, edateko ura nola eraman, arazketa sistema eta energiaren hornidura, eta horietako bakoitzak dituen alternatibak biltzen ditu.

Toki hori aukeratu da zeren eta, beste inora eramanez gero, aparkalekuak egiteko lurrearauzketak eta lubetak handiagoak izanen baitziren, ibarreko magaletan eginez gero, bistaren gaineko eragina altua izanen baitzen eta herrietatik ikusiko baitzen, puntu horretatik leizera sobera luzea (2.300 m joan-etorria), desnibel handikoa eta zaila izanen baitzen erakarri nahi den bisitari mota zabalarendako, eta elektrizitate eta zerbitzuen instalazioak bikoiztu beharko baitzen, bata eraikinean eta bestea leizean, alegia. Halaber, aipatu egiten da arazketa Astitzekin batera eginez gero, garestitzen dela eta arazketa osoa eta autonomoa egokiagoa, koherenteagoa eta, hezkuntzaren aldetik, aberasgarriagoa dela.

Proiektuak eta eraginaren azterlanak kobazuloaren lurrazpiko ondasunaren balorazio orokorra eta hark izanen dituen afekzioen deskribapena egiten dute. Gainera, kiropteroek egiten duten leizearen erabileraren gaineko azterlana, geoteknia eta argiztapen azterlana eta txosten arkeologiko bat ere aurkeztu dira.

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean eragin nabarmenik ez dela izanen aipatzen da lurpuska txikia hartzen duelakoz, paisaiaren gaineko eragina txikitu egin delakoz eta landareekin dagoen afekzioa urria delakoz. Kobazuloak duen balio aipagarri bakarra egitura litogenikoak dira, barrenean ur lasterrik ez dago, ez da fauna interesgarririk atzeman, ez aztarnategi arkeologikorik, ez eta paleontologikorik ere.

Leizea eta harreragunea "Aralar mendia" izeneko Europako Batasunaren Intereseko Lekuaren barrenean daude, ez dute zuzenean ukitzen Europako Batasunaren intereseko habitatik, ez eta espezie mehatxaturik edo eremu hau BIL izatera eraman duten espezierik ere. BIL horren beste baliorik ere ez du ukitzen.

Astizko herriko eta Larraungo ibarreko alor ekonomiko eta sozialetan eragin positiboa izan daitekeela kontsideratu da.

Proposatutako neurri zuzentzaile eta babesleak honako hauek dira:

Lanek iraun bitartean leize barrenean aireztapen artifizialeko sistema bat paratuko da eta zaldainetako soldadurak kanpoan eginen dira, leizeko atmosferaren kutsadura saihesteko.

Lan eremua mugatuko da egitura litologikoak babesteko eta lanen jarraipen arkeologikoa eginen da leizeko ondare geologikoa eta izan litezkeen ondare arkeologiko, paleontologiko eta etnografikoak zaintzeko.

Lur mugimenduak konpentsatuak izaten saiatuko da.

Leize barrena prestatzeko lanak alderanzgarriak direla erran daiteke eta, behar izanez gero, desegin daitezke.

Leizezuloko aire zirkulazioaren eta beste balore mikroklimatiko batzuen jarraipena eginen da. Aukeratutako argiak algak ugaritzea galaraziko du. Bisita bakoitzeko bisitarien kopurua eta leize barreneko soinuaren denbora mugatzen dira eta, halaber, barne giroa, kutsadura, CO2 kontzentrazioa, argia, asotsak, e.a. kontrolatzeko portaera arauak ezartzen dira.

Leizeko zerrakuraren diseinuak kiropteroak pasatzen utzi behar du.

Eremuko landareak lanek iraun bitartean babestu behar dira eta lanak bukatutakoan ukitutako alderdietan landaketak eginen dira. Lurrak berdindu edo azalera ukitu behar den tokietako zuhaitzek 2 m-ko babes zerrenda izanen dute beren inguruan.

Ingurumenaren Zainketako Programa prestatu da eta hartan adierazten da lanak izan bitartean leizean jarraipen arkeologikoa eta bizitzaren eta mikroklimaren baldintzen jarraipena eginen dela. Lanak proiektuari lotzen zaizkion eta proposatutako neurri zuzentzaileak betetzen diren begiratu behar da, eta lanak gaizki egitearen ondorioz sor daitezkeen gorabeherak eta istripuak kontrolatu. Horretaz gainera, kontrolatu beharko da leize barrenean soldadurarik ez egitea, hondakinik ez botatzea, lanen plangintzan leize barrenean egonen diren langileen koopurua mugatzea, proposatutako trazaduraren ondoko egiturak ez ukitzea, kanpoko sarbideetako zabalera edo trazaduran aldaketarik ez egitea, pasarelak modu egokian paratzea gour-ak eta istilak ez ukitzeko, eta lanak bukatu ondotik leize barrena eta kanpokoa garbitzea. Kanpoaldean, obren inguruko landaretza ez hondatzen saiatuko da eta birlandaketak egitea kontrolatuko da.

Iragarkiaren kodea: A0301248