42. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 2003ko otsailaren 10ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, olibondoa eta elorri beltza landatzeko laguntza eskaeren epea eta baldintzak ezartzen dituena.

Abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko erregelamendua onesten duenak, olibondoa eta elorri beltza landatzeko laguntzak arautzen ditu 12. artikuluan.

Abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari, Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan, bere eskumenen barruan.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2. idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren arabera, olibondoa eta elorri beltza landatzeko laguntza eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. artikulua. Laguntzak eskatzeko inprimakiak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Eskualdeetako Bulegoetan eskuratuko dira, eta hantxe jakinaraziko da zein den kasu bakoitzean laguntza eskaerari erantsi behar zaion berariazko dokumentazioaren zerrenda, abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Laguntza inprimikiak, behar bezala beteta eta eskatutako agiriekin batera, aipatu epean aurkeztuko dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan edo, bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ageri diren tokietako edozeinetan.

3. artikulua. Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuak aurkeztu diren agiriak aztertuko ditu; akatsen bat baldin badago interesatuei horren berri emanen zaie, hilabeteko epean akatsa zuzendu edo datuak osa ditzaten, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean beren eskaerari uko egiten diotela ulertuko dela, beharrezkoa den ebazpena eman ondoren.

4. artikulua. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, aurkeztutako agiriak eta emandako txostenak ikusirik, laguntzak emateari buruz dagokion ebazpena emanen du, eta interesatuei jakinaraziko. Gero, landaketen inguruan Administrazioak eskatzen dizkien konpromisoak bete beharko dituzte.

5. artikulua. Eskaerak ebazteko 6 hilabeteko epea izanen da gehienez, eta denbora horren ondoren ebazpenik eman ez bada, eskaera ezetsitzat jo ahalko da.

6. artikulua. Laguntzak emateari buruzko ebazpenean baietza jaso duten landaketen kasuan, Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuak landaketak egin direla egiaztatzen duen egunetik aurrera ordainduko dira dagozkien dirulaguntzak.

Ordainketa eginen da "Nekazaritzako ustiategien eraginkortasuna hobetzea P.D.R. (FEOGA-G)" izeneko 710002 71220 7700 713100 kontusailaren kargura.

7. artikulua. 2003ko maiatzaren 30era arteko epea dago landaketak bukatzeko.

8. artikulua. Foru Agindu honetan aurreikusi ez den orotan abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

9. artikulua. Foru Agindu hau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 113. artikuluan eta hurrengoetan xedaturikoarekin bat.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren hamarrean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: C3042085