41. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

87/2003 FORU AGINDUA, apirilaren 1ekoa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Parlamenturako Hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politiko, koalizio edo hautesle elkarteek izan ditzaketen hauteskunde gastuei muga jartzen diena.

Gobernuko lehendakariak martxoaren 31ko 1/2003 Foru Dekretuaren bitartez Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen deia eginik, bidezko da, hauteskunde horiek arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 43. artikuluan xedatutakoari jarraituz, alderdi politiko, federazio, koalizio edo hautesle elkarte bakoitzaren hauteskunde gastuei muga jartzea.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako populazio eskubidedunaren biztanle kopurua bider berrogei egin eta emaitza eguneratzetik eurotan ateratzen dena da Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetara aurkezten den alderdi politiko, federazio, koalizio edo hautesle elkarte bakoitzaren hauteskunde gastuei jarritako muga.

2. Alderdi politiko, federazio, koalizio edo hautesle elkarteek egin dezaketen gastua 284.427,14 eurokoa izanen da, propaganda posta bidez igortzeko egiten diren gastuez landara, kontuan hartu baita, alde batetik, kontseilari honek emandako otsailaren 11ko 33/2003 Foru Aginduak dioen bezala, Nafarroak 2002ko urtarrilaren 1ean 569.628 biztanle zituela, eta bestetik 16/1986 Foru Legeak indarra hartu zuenetik gaur arte kontsumoaren gaineko Prezioen Indizea % 107,7 hazi dela, hori guztia ezertan ukatu gabe ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 131.2 artikuluan ezarritako muga aplikatzen ahal dela, hala behar bada.

3. Halaber, KPIren igoera horixe (% 107,7) aplikatuko zaie alderdi politiko, federazio, koalizio edo hautesle elkarteei ematen zaizkien diru laguntzei, azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 44.1 artikuluarekin bat etorriz:

a) 9.362,27 euro, ateratako eserleku bakoitzeko.

b) 0,75 euro, gutxienez eserleku bat atera duten hautagai-zerrendari botoa eman dion hautesle bakoitzeko.

4. 16/1986 Foru Legearen 44.2 artikuluak xedatutakoa betez, puntu honetan urriaren 6ko 13/1998 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta aipatu Foru Legeak indarra hartu zuenetik hona KPI-k izandako igoera (% 16,1) aplikatu ondoren, diruz lagunduko da, halaber, propaganda, kartazalak, boto-paperak eta hauteskunde-publizitateko beste elementu batzuk zuzenean igortzeak sortzen duen kostua; hain zuzen ere 0,10 euroko diru laguntza, gutxienez eserleku bat ateratzen duen hautagai-zerrendari botoa eman dion hautesle bakoitzeko, aipatzen den jarduera benetan egin dela egiaztatzen bada, betiere.

5. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren batean._Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: a0303401