41. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

57/2003 FORU DEKRETUA, martxoaren 24koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamendua aldatzen duena.

Azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamendua onetsi zen. Geroztik hainbat aldaketa partzial izan ditu martxoaren 14ko 85/1986, abuztuaren 3ko 172/1989, urriaren 5eko 283/2000, ekainaren 15eko 186/1998 eta uztailaren 31ko 220/1989 Foru Dekretuen bidez.

2002ko apirilaren 15ean Administrazioak eta CC.OO, UGT eta CEMSATSE sindikatuek (azken honek lan-kontratudunei dagokienean bakarrik) Akordioa sinatu zuten Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2002-2003rako lan baldintzei buruz. Akordio horretan azaltzen dira, besteak beste, barne-mugikortasuneko prozesuei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko atalburutzak eta bulegoburutzak merezimendu-lehiaketaz betetzeari buruzko zenbait gorabehera, Erregelamendu hori eskatzen dutenak.

Bestalde, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailak 2001eko uztailaren 19an emandako epaiak, partez ezeztatu egin zituen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zenbait lanpostutarako sarrera eta hornidura prozedurak, ez baitzuen arrazoi objektiborik aurkitu balio desberdina emateko, langile finko edo aldi bateko gisa emandako zerbitzuei. Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamenduak ere bereizketa hori egiten duenez, bidezko da, Auzitegiaren epaiak iradokitzen duen ildotik, hark dioena aldatzea, sindikatuen ordezkariak ere ados baitira.

Kontuan harturik aldaketa horrek eragina duela Nafarroako administrazio publiko guztietan, eta, beraz, bai toki-entitateetan ere, Toki Araubideko Foru Batzordearen aurrean tramitatu da, eta han, 2002ko azaroaren 22an egindako bilkuran, aldeko txostena eman dio proiektuaren edukiari.

Nafarroako Kontseiluak 2002ko martxoaren 11n emandako txostenak dioenez, Foru Dekretuaren edukia lege-antolamenduari lotzen zaio.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko martxoaren hogeita lauan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 11. artikuluko 1. idatz-zatia honela erredaktaturik geldituko da:

"11. artikulua. 1. Administrazio publikoei emandako zerbitzuak honako hauek kontuan hartuz baloratuko dira:

a) Maila, eskatutako titulazioa eta lan egindako lanpostuen izenak.

b) Administrazio publikoei emandako zerbitzuen iraupena, lanaldi partzialean emandakoei dagokiena kendurik.

Gorabehera horien ordez baliagarri izanen da deialdi bakoitza argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasunari bakarrik kasu eginez egindako emandako zerbitzuen balorazioa."

2. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 14. artikularen 2. idatz-zatia ezeztatu da.

3. artikulua. Azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 19. artikulua honela erredaktaturik geldituko da:

"19. artikulua. 1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Hirugarren Xedapen Gehigarriak ezarritakoa gorabehera, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan eta haren menpeko erakunde autaonomoetan dauden atalburutzak eta bulegoburutzak betetzea, eta bai antzeko unitateenak ere, atal honetako aurreko artikuluetan ezarritakoari lotuko zaio, artikulu honetako hurrengo idatz-zatietan jasotako xehetasunak kontuan hartuz, betiere.

2. Merezimendu-lehiaketa bidez lortutako burutzak sei urte naturalerako izanen dira. Hura bukatu eta izendapen espresik izan ezean, bitarte baterako beteko da burutza, harik eta, gehienez ere, urtebeteko epean egin beharreko beste merezimendu lehiaketa baten bidez bete arte. Edozein modutan ere, horrek ez du galarazten izendatuak kargugabetzeko Departamentuko titularrak duen ahalmena eta, hala behar denean, bitarte baterako beste funtzionario bat izendatzekoa, bulegoburuen kasuan, edo Nafarroako Gobernuari norbait proposatzekoa, atalburuen kasuan.

3. Merezimendu lehiaketa bidez atalburutza edo bulegoburutza baten titulartasuna lortzen duen pertsona ezin izanen da beste burutza bat betetzeko merezimendu lehiaketa batera aurkeztu, hiru urte naturaleko aldia bukatu baino lehen.

Muga hau aplikatuko da, halaber, titularrak izendatu zuteneko epea bete baino lehen burutza bati uko egiten badio.

4. Merezimendu lehiaketaz lortutako burutza baten titular den funtzionarioak jardun horretan aritzeari utziko dio, erreserba-eskubiderik gabe eta dagozkion lansariak galduz, honako kasu hauetan:

a) Sei urte naturaleko kargualdia bukatzen denean.

b) Departamentuaren nahiz erakunde autonomoaren egitura organikoa aldatzearen ondorioz unitate organikoa kentzen denean.

c) Norberak propio eskatuta.

d) Kargua hartu eta gero, lanpostuaren eginkizunak behar bezala betetzeko edo karguan egoki aritzeko gauza ez izateagatik edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio, behar adinako errendimendurik eza nabarmentzen bada, betiere interesatuari entzutea eman eta kasuan kasuko partaidetza organoak bere txostena egin ondoren.

e) Zerbitzu berezietara edo eszedentziara pasatzeagatik, dela borondatezkoa dela nahitaezkoa nahiz berezia.

f) Diziplina-espediente baten barnean, hutsegite larri edo oso larriaren ondorioz zehapena jartzen zaionean, edo prozesu penal batean inhabilitazio zigorra jartzen zaionean.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen artetik izendapen libreko kargu baterako izendatzen dutenean.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan ez ezik baita beste edozein administrazio publikotan ere, zerbitzu eginkizunetan kargu baterako izendatzen dutenean."

4. artikulua. 26. artikuluko 2. idatz-zatiari beste lerroalde bat erantsiko zaio. Honelaxe geldituko da:

"Lekualdatze lehiaketetan ez dira eskainiko izangaiek lehiaketan lanpostua lortu ondoren haiek utzitako lanpostu hutsak, bete beharrekoak ez direnean, "iraungitzeko" diren lanpostuak direlako, edo titularrek nahiz ordezkoek betetzen ez dituztelako."

5. artikulua. 35. artikuluko 3. idatz-zatiari beste lerroalde bat erantsiko zaio. Honelaxe geldituko da:

"Hala ere, ez da administrazio publikoetan emandako zerbitzuen atalari buruzko merezimendurik frogatu behar, baldin eta, haren balorazioa egiteko, deialdia argitaratzen den egunean onetsitako antzinatasunari baizik begiratzen ez bazaio."

6. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamenduan Xedapen Gehigarri bat sartu da, honako erredakzioarekin:

"Lehena._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileek, zerbitzuko zuzendari, atalburu edo bulegoburuek edo aurrekoekin parekatutako unitateburuek, lekualdatze lehiaketetan parte har dezakete beren jatorrizko lanpostutik. Horrelako kasuetan, beste jatorrizko lanpostu bat adjudikatzen bazaie ez dute, horregatik, dagokien zuzendaritzan edo burutzan lanean segitzeko eragozpenik izanen."

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lanpostuak betetzeko merezimendu lehiaketetarako deialdiak, Foru Dekretu honek indar hartu baino lehen eginak badira, lehen indarra zuten arauei jarraikiz eginen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Bigarrena._Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hogeita lauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0303283