41. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

22/3003 FORU LEGEA, martxoaren 25ekoa, oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, OZTOPO FISIKO ETA ZENTZUMENEZKOEI BURUZKO UZTAILAREN 11KO 4/1988 FORU LEGEA ALDATZEKOA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, 44.1 eta 2 artikuluan Foru Komunitateari eskumen osoa eman zion lurralde antolamendu, hirigintza eta etxebizitzaren arloan, bai eta erkidegoan interesa eta eragina duten herrilanen arloan ere.

Ezgaitasun fisiko iraunkor edo aldi baterakoa duten pertsonek administrazio publikoek ematen dituzten ondasunak eta zerbitzuak eskuratu ahal izatea, erdietsi beharreko helburua ez ezik, gaur egungo gizartean errealitatea izan behar duen herritarren eskubidea ere bada.

Nafarroan hogeita hamaika mila ezgaitu baino gehiago bizi dira, hau da, populazioaren ehuneko 6, eta kezkaz ikusten dute gizartean haiekiko dauden gabeziak zuzendu beharrean, lege indardunak behin eta berriz bete gabe gelditzen direla. Kontuen Ganberak berak halaxe adierazi du ezgaituei buruz 1995-1999 eperako eginiko txostenean, legeak ez baitira betetzen ez ezgaitu fisikoentzako lanpostuak erreserbatu beharrari dagokionez ezta eraikin berrietara, aparkalekuetara eta abarretara iristeko erraztasuna bezalako gaiei dagokienez ere.

Berriki, Nafarroako biztanleen bizi baldintzei buruz gure erkidegoko Estatistika Institutuak 2001ean egindako inkesta batek agerian utzi du biztanleak ez daudela batere ados oztopo arkitektonikoen arazoa oraindik gainditu ez izanarekin.

Urte asko iragan dira oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko foru legea onetsi zenetik, eta denbora horretan Nafarroako gizartea Europako erregio garatuenetara hurbiltzen eta arlo askotan haiekin bateratzen joan da. Horrexegatik iruditzen zaigu ongizate orokorraren maila berriak islatu behar direla gure erkidegoko herritar guztien irisgarritasun baldintzetan. Foru lege indarduna onetsi zenetik iragandako denbora, zenbait arlotan hura nahikoa zehaztugabea izatea eta jarraipen eta kontrolerako mekanismorik eza hura behin baino gehiagotan ez betetzeko arrazoiak izan dira.

Gurea bezalako gizarte batean, zeinetan bizitzeko itxaropena gero eta handiagoa den, batetik eta, bestetik, mugitzeko eta komunikatzeko gaitasuna, _dela istripu baten ondorioz dela gaixotasun batengatik_ neurri batean galdu duten pertsonen kopurua ere handitzen doan etengabe, irisgarritasunaren baldintzak hobetu beharrak arduradun publikoen kezka iraunkorra izan beharko luke.

Proposamen honen asmoa ez da egun indarra duen foru legearen aldaketa orokorra egitea _nahiz eta hala egin beharko den lehenbailehen eta zerikusia duten eragileen partaidetzarekin_, baizik eta gure iritziz premiazko esku-hartzea eskatzen duten puntu zehatz batzuei heltzea bizkitartean.

Horretarako onesten da foru lege proposamen hau, Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, 10, 12 eta 14. artikuluetan eta lehen xedapen gehigarrian aldatzekoa.

1. artikulua. Uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legearen 10. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzen da. Honela geldituko da:

"3. Erregelamendu bidez ezarriko da erreserbatu beharreko tokien kopurua, mugikortasun urritua duten pertsonak garraiatu behar dituzten ibilgailuen kasurako, bai eta horien diseinuan eta exekuzioan kontuan hartu beharko diren baldintzak eta ezaugarriak ere, bai ibilgailu arinetarako planeatu, proiektatu edo egiten diren aparkalekuetan, bai egun daudenetan. Edozein kasutan, toki horien kopurua ez da izanen kopuru osoaren ehuneko 6tik beherakoa."

2. artikulua. Uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legearen 12. artikuluari 7. idatz-zatia, berria, gehitzea. Honela geldituko da:

"7. Etxebizitzetarako eraikin berriek bere irisgarritasuna bermatu egin beharko dute, irizpide hauen arabera:

a) Etxebizitza kolektibo guztietan aurreikusi egin beharko da tokia, gutxienez, eraikinaren bizian zehar igogailua paratu ahal izateko aurrerago.

b) Eraikinaren solairuen kopurua beheko planta gehi beste bi baino handiagoa denean, eraikin publiko edo etxebizitza kolektiboko eraikin horietan garatzen den komunikazio bertikaletako gune bakoitzean, gutxienez igogailu bat proiektatu eta eginen da."

3. artikulua. Uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legearen 14. artikuluari 3. idatz-zatia, berria, gehitzea. Honela geldituko da:

"3. Etxebizitzetarako orubeak adjudikatzeko lehiaketetan puntuatu eginen da, baldintzen pleguaren bitartez, etxebizitzen diseinuak aintzat hartzea ezgaitasun fisiko larria duen pertsona baten beharretara aise egokitzeko aukera. Halaber, dagokien lehiaketetan puntuak emanen zaizkie beheko solairuko etxebizitzak lehentasunez horrelako ezgaitasunak dituzten pertsonentzat egiten dituzten proposamenei.

Etxebizitzetarako eraikinetan, behekoa gehi beste bi solairu izan eta beheko solairuetan sustapen publikoko etxebizitzak egiteko aukera badute, etxebizitza horiek, lehentasunez, ezgaitasun fisiko larria duten pertsonentzat izanen dira."

4. artikulua. Uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legearen lehen xedapen gehigarria aldatzekoa. Honela geldituko da:

"Lehendabizikoa._1. Foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuko departamentuek, zeinek bere eskumenen esparruan, txosten bana prestatuko dute, haien menpeko eraikin, zerbitzu eta instalazioen egokitzapen planak noraino bete diren ebaluatzeko oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Legea betetzeari begira.

2. Foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuko departamentuek jarduketa plan bat aurkeztuko dute Foru Biltzarrean, bertan finkatuz herritar guztien irisgarritasun eskubidearen inguruan egun dauden gabeziak ahal den eperik laburrenean zuzentzeko behar diren neurriak, egutegia eta diru zenbatekoak."

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta sei hilabeteko epean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hogeita bostean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0303309