41. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 2003ko martxoaren 14koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan graduatuentzako zortzi beka sortu eta haietarako deialdia egiten duena.

Idazkaritza Teknikoak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan graduatuentzako zortzi beka sortu eta haietarako deialdia egiteko proposamena egin du, tituludun gazteen prestakuntza modu eragingarrian sustatzeko lagungarria izan daitekeelakoan.

2001eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 19/2000 Foru Legearen 33.1 artikuluan xedatutakoaren babesean,

AGINDU DUT:

1. Sorrera.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan zortzi beka sortzea, honako zerbitzu hauetan aritzeko:

_Bi beka Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalean, nekazaritza ingeniari edo nekazaritzako ingeniari teknikoentzat, bata ekoizpen integratuarekin loturiko lanetarako eta bestea landare gaiarekin zerikusia duten lanetarako.

_Bi beka Abere Osasuneko Atalean Albaitaritzako lizentziadunentzat, bata "brucela ovis" delakoaren aurkako borrokan hobeki aritzeko, eta bestea, hegazti-sektoretik heldu diren zoonosien aurkako osasun-programa bat ezartzeko.

_Bi beka Nekazaritzako Egituren Zerbitzuan, nekazaritzako ingeniari nahiz nekazaritzako ingeniari teknikoentzat, bata nekazaritzako baliabide naturalen ebaluazioarekin loturiko lanetarako, eta bestea nekazaritzako baliabiden naturalak ezagutu eta baloratzearekin eta herri-lurren defentsarekin zerikusia duten praktiketarako.

_Bi beka Nekazaritzako Merkatuen Erregulazio eta Esku-hartze Atalean nekazaritzako ingeniarientzat nahiz nekazaritzako ingeniari teknikoentzat, bazka lehorrak ekoizteko eta produktu fresku eta eraldatuetarako laguntzen kudeaketaren kontrol fisiko eta administratiboen analisi eta sistematizaziorako.

Departamentuko kasuan kasuko administrazio unitateek bekadunen esku utziko dituzte lanak aurrera ongi eramateko lagungarri izan daitezkeen agiriak eta gainerako baliabide materialak.

2. Tutoretza.

Azterketa eta lanak kasuan kasuko administrazio unitateak hautatuko duen tutoreak zuzendu eta gainbegiratuko ditu. Tutoreak egin beharreko lanak aginduko ditu, ordutegiak finkatu eta bekadunek beren eginbeharrak bete ditzaten begiratuko du.

3. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek kasuan-kasuan aipatu den titulua eduki beharko dute, gehienez ere orain dela hiru urte lortua, Nafarroan bizi beharko dute deialdi hau egiten denean eta 28 urtetik beherakoak izan.

4. Eskabideak eta justifikazio-agiriak.

Deialdi honetako bekak Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman ondoko hamabost egun naturaleko epean eskatzen ahalko dira.

Dirulaguntzen eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko bulegoetan aurkeztuko dira, Iruñeko Tutera kaleko 20an, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aipatzen den edozein baliabideren bidez (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Foru Legea).

a) Eskaera-instantzia, zein beka eskatzen den edo diren aipatzen duena.

b) Curriculum vitae, egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak eta aipatu nahi dituen merezimendu guztiak adierazten dituena.

c) Espediente akademikoaren ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen dituena.

d) Lortu dituen titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.

e) Jaiotagiria edo Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

f) Familiaren bizitokia Nafarroan dela frogatzen duen ziurtagiria.

5. Ebaluazio Batzordea.

Bekadunen hautaketa ondoko hauek osatzen duten Ebaluazio Batzordeak eginen du:

a) Batzordeburua: José Luis San Agustín Marco jauna, Landareen Ekoizpen eta Osasun Ataleko burua.

b) Batzordekideak: Francisco Javier Eguiluz Sáenz jauna, Abere Osasuneko Ataleko burua, Miguel Donézar Díez de Ulzurrun jauna, Lurzoru eta Klimatologi Ataleko burua eta Paz Martínez Martínez andrea, Nekazaritzako Merkatuen Erregulazio eta Eskuhartze Ataleko burua.

c) Idazkaria: Marta Alvarez Alonso andrea, Araugintza eta Koordinazio Juridikoaren Ataleko burua.

6. Balorazio baremoa.

Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskabideak aztertu eta baloratuko ditu eta bekak emateko proposamena eginen du, izangaien lehentasun-ordena adieraziz. Zerrenda hori hamar eguneko epean argitaratu beharko du.

Eskaerekin batera aurkeztutako merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira:

a) Espediente akademikoa, karrera-bukaerako lana izan ezik: 5 puntu bitarte.

b) Karrera bukaerako lana: 2 puntu bitarte.

c) Deialdiarekin zerikusia duten beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk: 2 puntu bitarte.

d) Deialdiarekin zerikusia duten lanetako esperientzia: 0,5 puntu bitarte.

e) Hizkuntzak: 0,5 puntu bitarte.

7. Laguntzak ematea.

Bekak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren Foru Aginduaren bidez emanen dira. Hautatuen zerrenda Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko iragarki oholean emanen da jakitera (Tutera kalea, 20).

8. Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunek hamar eguneko epea izanen dute praktikak egiten hasteko, beka eman zaiela jakinarazten zaienetik hasita. Horrela egiten ez badute, bekari behin betikoz uko egiten diotela ulertuko da.

Emandako bekari uko eginez gero, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari jakinarazi beharko zaio.

Edozein arrazoi dela medio bekari uko eginez gero, batzordeak zehaztu duen zerrendako ordenaren arabera hurrengoa denari emanen zaio.

9. Dotazio ekonomikoa.

Beka bakoitza 6.492 eurokoa izanen da, urtebeterako. Diru hori hilabetero ordainduko da, 541 pezeta aldian, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Beka hau ezin jasoko da aldi berean beste beka, ordainsari edo laguntza jasotzen baldin bada.

10. Iraupena.

Bekek hamabi hilabete bitarteko iraupena izanen dute eta 2004ko apirilaren 30ean izanen dute bukaera. Bekak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak luzatzen ahal ditu, unitate administratiboek hala eskatzen badute, beste hamabi hilabetez.

11. Jarduera.

Bekadunek aipatu unitate horien egoitzetan jardungo dute, astean gehienez ere 30 ordu.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaie bekadunei.

12. Jabetza intelektuala.

Prestatzen diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea izanen.

13. Ez-betetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egiten ardurarik jartzen ez badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi bateko edo betiko galduko du, kasuan kasuko unitateak proposatu eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hala erabakita, eta horrekin batera dotazio ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du.

14. Lan-edo administrazio-harremanik eza.

Bekadunek ez dute inolako lan-edo administrazio-harremanik edo antzkeo eskubiderik bereganatuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarekiko edo haren aurrean, emandako beka dela medio bereganatutakoez aparte.

15. Auzien interpretazioa eta ebazpena.

Oinarri hauek aplikatzean sortzen diren auzi guztiak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ebatziko ditu.

16. Gora jotzeko errekurtsoa.

Foru Agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin bat.

17. Gastu-baimena.

Foru agindu honetan agindutakoa betetzeko asmoz, baimena ematen da 51.936 euroko gastua egiteko, zeinetatik 34.624 euro 2003ra luzatutako 2002ko aurrekontuaren kargura ordainduko diren eta 17.312 euro 2004koaren kargura.

Ordainketak ondoko kontusail hauen kargura eginen dira:

_Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalerako diren bi beken kasuan, 8.656 euro 2003rako luzatutako 2002ko aurrekontuko "Bekak" izeneko 710000-71200-4809-713100 kontusailaren kargura ordainduko dira eta 4.328 euro 2004ko aurrekontuetan dagokion kontusailaren kargura.

_Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzurako bi beken kasuan, 8.656 euro 2003rako luzatutako 2002ko aurrekontuko "Graduatuen prestakuntzarako Bekak" izeneko 720001-72100-4809-531200 kontusailaren kargura ordainduko dira eta 4.328 euro 2004ko aurrekontuetan dagokion kontusailaren kargura.

_Abere Osasuneko Atalerako diren bi beken kasuan, 8.656 euro 2003rako luzatutako 2002ko aurrekontuko "Bekak" izeneko 711000-71300-4809-713200 kontusailaren kargura ordainduko dira eta 4.328 euro 2004ko aurrekontuetan dagokion kontusailaren kargura.

_Nekazaritzako Merkatuen Erregulazio eta Esku-hartze Atalerako diren bi beken kasuan, 8.656 euro 2003rako luzatutako 2002ko aurrekontuko "Bekak" izeneko 721000-72200-4809-716100 kontusailaren kargura ordainduko dira eta 4.328 euro 2004ko aurrekontuetan dagokion kontusailaren kargura.

18. Jakinarazpenak eta argitalpenak.

Foru Agindu hau jakinaraztea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalari, Araugintza eta Koordinazio Juridikoaren Atalari, Abere Osasuneko Atalari, Nekazaritzako Azpiegituren Atalari, Nekazaritzako Merkatuen Erregulazio eta Esku-hartze Atalari eta Afera Ekonomikoen Bulegoari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hamalauan._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: C3078750