41. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

122/2003 FORU AGINDUA, martxoren 10ekoa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. 2003. urtean Nafarroako Unibertsitateen III. Udako Ikastaroak egiteari buruz Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Iruñeko Udalak eta Caja Navarra Fundazioak sinaturiko Lankidetza Hitzarmenaren testua onesten du.

Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak proposamena aurkeztu du, Nafarroako Unibertsitateek eta beste erakunde laguntzaile batzuek Nafarroako Unibertsitateen III. Udako Ikastaroak egiteari buruz. Iruñean izanen dira, 2003ko uztail, abuztu eta irailean. Halaber, ikastaro horiek egiteko Nafarroako hiru erakunde horiek sinatu beharreko Hitzarmenaren protokoloa ere aurkeztu da. Erakundeak: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala eta Caja Navarra Fundazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 c) eta d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2003. urtean Nafarroako Unibertsitateen III. Udako Ikastaroak egiteari buruz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Iruñeko Udalak eta Caja Navarra Fundazioak sinaturiko Lankidetza Hitzarmenaren testua onestea. Hitzarmena agindu hori erantsi zaio.

2. Aipatu Hitzarmena eta ondoko Lankidetza Akordioak sinatzeko ahalmena ematea Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiari.

3. Gastuak, 120.202 euro bitarte, 2002tik 2003ra luzatutako aurrekontuko 440000-43000-4810-422404 kontusailaren kargura finantzatuko dira ("Nafarroako Unibertsitateen eta beste erakunde batzuen Udako Ikastaroak").

4. Foru Agindu hau eta Lankidetza Hitzarmenaren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru Agindu hau eta Hitzarmenaren testua igortzea Iruñeko Udalera, Caja Navarra Fundaziora, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Idazkaritza Nagusira eta Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hamarrean._Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Lankidetza-hitzarmena, 2003ko Nafarroako Unibertsitateen III. Udako Ikastaroak egiteari buruz Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Iruñeko Udalak eta Caja Navarra Fundazioak sinatua.

Iruñean, 2003ko martxoaren 11n.

Esku hartzen dute:

Alde batetik, Pedro Pegenaute Garde jauna, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, haren izenean eta hura ordezkatuz, martxoaren 10eko 122/2003 Foru Aginduak emandako eskumenez baliaturik.

Beste alde batetik, Vicente Etayo Garralda jauna, Iruñeko Udaleko Kultura Alorreko zinegotzi-delegatua, haren izenean eta hura ordezkatuz.

Eta bestetik, Dámaso Munárriz Díez de Ulzurrun jauna, Caja Navarra Fundazioko zuzendaria, haren izenean eta hura ordezkatuz.

Aldeek Hitzarmen hau sinatzeko gaitasuna onartzen diote elkarri. Hori horrela,

Ondokoa azaltzen dute:

Lehenbizi:

Unibertsitateak izan behar duela Nafarroako herritarren jakintzarako eta kulturarako gogoa eta jakin-mina bizitu behar dituen erakundea. Horrela, Unibertsitatea jakinduria zientifikoaren muina izanen da beti, baina bilatu beharra du, bestetik, nafar guztiak jakintza-arlo guztietara hurbiltzea etengabeko prestakuntza izan dezaten. Unibertsitateak, herritarrentzako zerbitzua den aldetik, unibertsitatea gizartera hedatzeko jarduerak bultzatu behar ditu, Nafarroa osoa aberats dadin.

Bigarren:

Horretarako baliabide egokia da udako ikastaroen eskaintza. Ikastaro horiek, gai askori buruzkoak, irekiak eta dinamikoak eta parte hartzeko bidea ematen dutenak, tresna egokiak dira giza prestakuntza osoan laguntzeko. Prestakuntza osoak, bestaldetik, aisialdiaren eta denbora librearen kulturan du batik bat bere lekua, pertsona janzteko eta aberasteko bide ezin hobea baita.

Hirugarren:

Giza harremanak eta espiritua lantzeko uda garai egokia izanik, Unibertsitatearen eragin kulturala eta bere zerbitzua Nafarroa osora zabaldu beharra dagoela oharturik, Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Caja Navarra Fundazioak Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroak bultzatu eta antolatzea erabaki dute.

Laugarren:

Horrela, bada, Nafarroako erakundeen ekimena da, eta lehenbiziko aldiz gure komunitatean, honen bidez modu orokor eta integratzailean bete nahi da gure unibertsitateetan udan beti egon den jarduera-falta. Ekimen honetara, Unibertsitateez gainera, Nafarroako beste kultur entitate batzuk ere eskuzabaltasunez bilduko dira.

Bosgarren:

Horrela, Nafarroako Unibertsitateen I. eta II. Udako Ikastaroak bidean jarri ziren, Nafarroako Gobernuko lehendakariak, errektoreek eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariak parte hartzen zutela. Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiarekin, Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziarekin eta Caja Navarra Fundazioko Zuzendaritzarekin batera, Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa ere elkartu ziren lanera, eta laguntza eman zuten Iruña eta Tuterako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko Ikastetxe Elkartuek, Culturas Millenium Fundazioak eta Nafar Ateneoak.

Seigarren:

Udako Ikastaroen lehenengo edizioak harrera ona izan du eta horren adierazle dira eman diren 40 ikastaroak, guztira ia 800 ordu eta 3.000 parte-hartzaile baino gehiago, 2001eko eta 2002ko uztail, abuztu eta irailean izandako jarduera eta agerraldi zientifiko eta kulturaletan.

Zazpigarrena:

Horrek, nafar gizarteari eskaintzen zaion zerbitzu hau sendotu eta sistematizatzera bultzatzen ditu entitate sustatzaileak. Beraz, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeita bian egin bilkuran erabaki zen aurten ere ikastaroen beste edizio bat egitea, bilkuraren aktan azaltzen denaren arabera: "Halaber, denek adierazi dute erakunde askoren arteko gertaera dela, Espainian aitzindaria eta berria, gure Komunitatetik kanpoko erakunde autonomiko eta unibertsitarioen interesa piztu duena, batez ere Nafarroako erakunde publiko eta pribatu guztien artean sortu den sinergi bilgunea delako, helburu bat lortzearen alde: Nafarroako herritar guztiei etengabeko eta askotariko prestakuntzaren zerbitzua eskaintzea".

Zortzigarrena:

Proposamenaren mamia eta gertaeraren oinarri diren irizpideak hobeki biltzearren (parte dira entitate sustatzaile eta finantzatzaile guztiak), Nafarroako Unibertsitateen III. Udako Ikastaroak Lankidetzarako Hitzarmen baten bitartez formalizatu dira. Horrela, hasierako protokolo honetan azalduko dira gero agertuko diren helburu, irizpide eta jarraibide guztiak; horiei esker, erakundeen, Unibertsitateen eta entitate laguntzaileen arteko harreman eta konpromisoak sendotuko dira, honako klausula hauen arabera:

K L A U S U L A K

Lehena._Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honek ezartzen ditu Administrazioak eta entitate sinatzaileak bete beharreko printzipioak, jarduketak eta ekarpen finantzarioak, Nafarroako Foru Komunitatean Nafarroako Unibertsitateen III. Udako Ikastaroak egin ahal izateko, 2003. urtean.

Bigarrena._Helburuak.

II. Udako Ikastaroek Unibertsitate bakoitzaren helburu berariazkoak betetzea dute helburu, eta horiekin batera, baliabide egokia dira unibertsitatea Nafarroako gizartera hurbiltzeko eta, aldi berean, herritarrek unibertsitateak sortzen dituen hezkuntza eta kultur ondasunak eskuratu eta iristeko. Beste alde batetik, udako jarduera hauen bitartez, Nafarroako unibertsitateek beren bokazioa berretsiko dute, alegia, irekita egotea pertsonari prestakuntza etengabea eskaintzeko, kultur aniztasunari eta herritarren kezkei erantzuteko, eta, UNESCOk dioen bezala, hezkuntzak bere-berea duen ezaugarriari eusteko, hots, "hezkuntza bizitza osoan zehar izatea" (Delors txostena, 1996).

Hirugarrena._Planteamentua eta edukia.

Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak planteamendu orokorra eginik eta koordinazioa antolaturik, jarduera erakargarriak egin nahi dira, mota askotakoak, jende talde desberdinen gogo eta kezkak asetzeko, eta, bestetik, ezinbestean, unibertsitate bakoitzaren autonomia errespetatzeko. Esan dezagun, bada, unibertsitate bakoitzak bere jardueren eskaintza eta programazioa agertu dituela, toki bakoitzeko organoek onetsiak. Nafarroako Gobernuak beste bi finantza-entitate eta entitate bultzatzaileekin batean, hau da, Caja Navarra Fundazioarekin eta Iruñeko Udalarekin, jarduerak, datak eta tokiak hautatu eta banatu ditu.

Laugarrena._Jarduerak.

Onesten diren jarduerak, iraupenaren arabera eta/edo hartzaileak kontuan harturik, ikastarotan eta gela irekietan sailkatuko dira eta, horien artean, gaurkotasuneko gaiak, doktoretza ikastaroak, ikastaro monografikoak, graduatuentzako prestakuntza etengabea, zikloak, hitzaldiak eta kultur ekitaldiak izanen dira.

Bosgarrena._Erakundeen lankidetza.

Hitzarmen hau betez, eta erakunde sustatzailearen, unibertsitateen eta entitate laguntzaileen arteko harremanak erregulatzearren, Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Caja Navarra Fundazioak Lankidetza Akordioak sinatuko dituzte III. Udako Ikastaroak egiteko finantzatzen dituzten entitateekin. Akordio horiek Hitzarmen honetan bildutako irizpide orokorrak eta konpromisoak jasoko dituzte.

Seigarrena._Entitate laguntzaileak.

2003. urtean Nafarroako Unibertsitateen III. Udako Ikastaroetan parte hartzen ahal duten entitate publiko eta pribatuak kalifikatu ahal izateko, sailkapen hau ezarri da:

_Entitate sustatzaile eta finantzatzaileak: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala eta Caja Navarra Fundazioa.

_Nafarroako Unibertsitateak.

_Entitate laguntzaileak: irabazi asmorik gabeko erakunde eta entitate kultural eta zientifikoak eta beste udal batzuk.

Zazpigarrena._Ekarpen ekonomikoak.

Hitzarmen hau betetzeko sinadura jarri duten entitateen ekarpen ekonomikorako konpromisoak 360.606 euro artekoak dira hasiera batean, zati berdinez fintzatzekoak.

Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontu arrunten bitartez, 120.202 euro arte jarriko ditu.

Diru horren kargura, 30.050 euro bitarte erabiliko dira marketin eta publizitateko kanpaina finantzatzeko (Caja Navarra Fundazioan dagokion departamentuaren gain izanen da). Gastu horiek Caja Navarra Fundazioari ordainduko zaizkio, beharrezkoak diren frogagiriak aurkeztu eta gero.

Zortzigarrena._Publizitatea.

Nafarroako Unibertsitateen III. Udako Ikastaroei buruz publizitatea egiteko dokumentazio guztia jarduerak hasi baino bi hilabete lehenago argitaratuta eduki behar da. Liburuxka bat argitaratuko da eta bertan bilduko jarduerari buruzko argibide nagusiak, bai eta unibertsitateek eta kultur entitate laguntzaileek garatu behar dituzten ikastaroen laburpena ere. Dokumentazioak honako testu hau inprimatua izanen du: "Nafarroako Unibertsitateen III. Udako Ikastaroak, 2003", eta "Ezagutzaren gizartea" gai orokorrari buruzko eslogan komun bat.

Bederatzigarrena._Proposamenen aurkezpena.

Gertaera honen oinarri diren izpiritua eta irizpideek kultur adierazpen guztietan izanen dute tokia, jarduerak irauten duen hiru hilabeteetan. Horretarako, zabaltzen den dokumentazio eta informazio guztian -baita komunikabideei iristen zaienean ere-informaziorako formatu berbera erabili beharko da, ikus dadin Nafarroako unibertsitate batek edo besteak edo entitate laguntzaileak bere aldetik garatzen duen ikastaro edo jarduera nafar erakundeen esparru orokorrean txertatuta dagoela, nafar gizarteari kultur zerbitzu bat eskaintzearen helburuaren bidean.

Hamargarrena._Komunikabide laguntzaileak.

Aurreko klausulan aipatu helburuak lortzen laguntzeko asmoz, komunikabideren batek horretarako eskaria egiten badu, II. Ikastaroen zabalkunderako "laguntzaile" deklara daiteke, erakunde sustatzaileak ados badaude, betiere informazio ahalik eta objektiboena, homogeneoena eta integratuena eman nahi dela kontuan izanda.

Hamaikagarrenra._Informazioaren koordinazioa.

Nafarroako unibertsitateetako harreman publikoen eta publizitatearen arduradunek beren ideiak eman ahalko dituzte kanpaina eta informaziorako dokumentazioa hobetzeko eta ideiak zabaltzeko. Horri begira, entitateek lantalderako ordezkariak izendatuko dituzte. Lantaldearen koordinatzailea Carmen Mier Gómez andrea izanen da, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari atxikitako teknikaria.

Hamabigarrena._Jarraipen Batzordea.

Lankidetza Hitzarmen honetan ezarritakoa betetzen den begiratzeko, Jarraipen Batzorde bat osatuko dute erakunde eta pertsona hauek:

_Nafarroako Gobernuaren aldetik, Pedro Pegenaute Garde jauna, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, eta José Remigio Múgica Navarro jauna, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

_Iruñeko Udalaren aldetik, Vicente Etayo Garralda jauna, Kultura Alorreko zinegotzi-delegatua.

_Caja Navarra Fundazioaren aldetik, Dámaso Munárriz Díez de Ulzurrun jauna, erakundeko zuzendaria.

_Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, José López Guzmán jauna, Irakaskuntza Antolatzeko Errektoreordea.

_Nafarroako Unibertsitatearen aldetik, Manuel Casado Velarde jauna, Irakasleen errektoreordea.

Eta adostasunaren adierazgarri, Lankidetza Hitzarmen hau sinatzen dute lehentxeago esandako egunean eta tokian._Nafarroako Gobernuaren izenean, Pedro Pegenaute Garde._Iruñeko Udalaren izenean, Vicente Etayo Garralda._Caja Navarra Fundazioaren izenean, Dámaso Munárriz Díez de Ulzurrun.

Iragarkiaren kodea: A0302748