41. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2003ko martxoaren 17koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2002ko martxoaren 1eko Foru Agindua aldatzen duena. Azken honen bidez, bazka idortuen sektorearentzako laguntzak eskatu, izapidatu eta emateko prozedura arautu zen.

2002ko martxoaren 1eko Foru Aginduaren bidez, bazka idortuen sektorearentzako laguntzak eskatu, izapidatu eta emateko prozedura arautu zen. Une honetan komenigarria da Foru Agindu horretan aldaketa eta egokitzapen batzuk egitea, kontrolen eraginkortasuna gutxitu gabe, nekazarien eta eraldaketa enpresen jarduketa erraztearren eta dirulaguntzen kudeaketa hobetzearren. Horretarako, aipagarria da eraldaketa industriei lehengaiak emateko ordutegi bat ezartzea neurri eraginkor eta egokia izan dela egin behar ziren kontrolei begira. Dena den, lortutako esperientziak bide ematen du ezarritako ordutegia zabaltzeko.

Aldaketak dirulaguntzen organo kudeatzaileak proposatu ditu, hots, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak. Ondoko artikuluei dagozkie: 3., 4., 7., 10., 14. eta 15. artikuluak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra._Bazka idortuen sektorearentzako laguntzak eskatu, izapidatu eta emateko prozedura arautzen duen 2002ko martxoaren 1eko Foru Aginduaren 3., 4., 7., 10., 14. eta 15. artikuluak aldatzea.

a) 3. artikuluko 1. idatz-zatiaren b) letra honela erredaktatuko da:

"b) Instalazio teknikoen deskribapena, zehazki deshidratatze labeak eta bazka birrintzeko instalazioak _orduko lurruntze ahalmena, funtzionamenduko tenperatura eta lurrintzea lortzeko behar den erregaiaren kontsumoa adierazita_, eta birrintze eta pisaketa instalazioak, egitekoak hauek baitira: bazka berdearen deshidratatzea, eguzkitan idortutako bazken ehoketa, proteinen kontzentratuak luzerna eta belar zukutik aterata edo azken horietatik ateratako produktu deshidratatuak. Kogenerazio kasuetan, txosten teknikoa, dagokion elkargoak ikus-onetsia, erantsiko da. Bertan frogatuko da kogenerazio ekipoak tromelari orduoro igortzen dizkion kilokalorien kopurua, bai eta deshidrataziorako erabiltzen den energia portzentajea ere."

b) Lerroalde bat erantsi da 4. artikuluko i) letrako bigarren eta hirugarren lerroaldeen artean. Hona hemen:

"Ateratzeko edo nahasketa bat egiteko ordutegi ezarria aldatzen bada, jarduera horiek aldez aurretik jakinarazi diren kasuetan, eraldaketa enpresak Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, aurreko lerroaldean ezarritako baldintza berberetan. Ez dira inola ere onartuko egiaztapen bat egin beharreko momentuan ematea baliogabetze edo aldaketa horren berri."

c) 4. artikuluko i) letraren seigarren lerroaldea aldatu da. Hona hemen haren edukia:

"Organo kudeatzaileak egiaztatzen badu aldez aurretik jakinarazitako ateratzea ez dela egin edo garraiorako ibilgailua ez zegoela enpresan aipatu den denboran, 785/95 EE Erregelamenduaren 16. artikuluko zigor eta/edo zehapenak aplikatuko dira eta baimena kentzen ahalko da (otsailaren 22ko 283/1999 Errege Dekretuaren 4. artikulua)."

d) 7. artikuluko 2. idatz-zatia honela erredaktatuko da:

"2. Nolanahi ere, laborantzako lurzatien identifikazioa, lurzati horiek direlarik ekoizle bakar baten eta bazka bateko azalera jarraituak, nekazaritza lurzati hori osorik edo hein batean osatzen duten katastroko lurzatiari edo lurzatiei dagozkien erreferentzia alfanumerikoekin eginen da. Kontraturako lurzatiek bazka idortu gisa konputaturik egon beharko dute dirulaguntza bakarreko eskabidean. Adierazpen hori nahitaezkoa da kontratuetan edo adierazpenetan azaltzen diren lurzati guztietarako."

e) 10. artikuluko 3. idatz-zatia honela erredaktatuko da:

"3. Eraldaketa industriei lehengaiak egun baliodunetan, hau da, astelehenetik larunbatera, emanen zaizkie, goizeko 6:00etatik arratseko 19:00etara. Uztail eta abuztuan ordutegia zabalagoa izanen da: goizeko 6:00etatik arratseko 21:00etara.

f) 10. artikuluko 7. idatz-zatiaren hirugarren lerroaldea honela erredaktatuko da:

"Laborearen egoeraren kontrolean ikusten bada ezin dela kontratatutako kopurura iritsi, kalkulatutako ekoizpenetik kenduko da ikuskapenean zehaztutako gehiegizko bazka."

g) 10. artikuluko 9. idatz-zatia honela erredaktatuko da:

"9. Oro har, eta bereziki kanpainaren bukaeran, egiaztatuko da industrian sartu diren bazka kopuruak, % 12ko hezetasunez, ateratakoak baino handiagoak direla, hezetasun berdinez. Balizko gehiegizkoak ez du laguntza eskubiderik sortuko, ez baita bazka prozesagarriaren sailean sartzen. Hala denean, Batzordearen 785/95 Erregelamenduko 16. artikuluan aipatu zigor eta zehapenak aplikatuko dira.

h) 14. artikuluko 1. idatz-zatia honela erredaktatuko da:

"1. Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, "FEOGA-Garantía"-ren laguntzen erakunde ordaintzailea den aldetik, bidezko bada, laguntzen behin-behineko zenbatekoa ordainduko du, laguntzak jasotzeko eskubidea badela egiaztatutakoan. Egiaztapena eskabidea aurkeztu eta 90 eguneko epean eginen da.

Aurrekoa hala izanik ere, ordainketa aurreratu egin daiteke eta laguntzarako eskubidea egiaztatu aurretik eman, baldin eta eraldaketa enpresak behar besteko bermea aurkezten badu, 603/95 EE Erregelamenduko 6. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz."

i) 15. artikulua honela erredaktatuko da:

"15. artikulua. Penalizazioak, itzulketak eta zehapenak.

1. Aurreikusitako kontrolen batean adierazten baldin bada laguntza-eskaeraren batean aipatutako bazka idortuen kopuruak egokitu beharra duela lortutako emaitzaren arabera, dirulaguntza, orduan, horretarako eskubidea duen bazka kopurura egokituko da, eta itzultzeko edo ordainketa osagarria egiteko espedientea irekiko da.

2. Kontrol batean ikusten denean funtzionamenduko tenperatura 676/99 EE Erregelamenduan agindutakoa ez dela, tenperatura baxuagoetan deshidrataturiko zenbatekoei dirulaguntza ukatuko zaie eta, kasua bada, Batzordearen 785/95 EE Erregelamenduaren 16. artikuluko lehen eta bigarren lerroaldeetan xedatzen diren penalizazioak eta artikulu horretako hirugarren lerroaldeko zehapenak ezarriko zaizkie.

3. Ez betetzearen arrazoia baldin bada dirulaguntza eskatzeko esandako zenbatekoak eraldaketa enpresak benetan lortutakoa gainditzen duela, 785/95 EE Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritakoari segituko zaio.

4. Halaber, 785/95 EE Erregelamenduaren 16. artikuluko lehen eta bigarren lerroaldeetan ezarritako penalizazioak aplikatuko dira, organo kudeatzaileak finkatzen dituen kasuetan, baldin eta Foru Agindu honetan eta Europako Batasunaren beste xedapen batzuetan agindutako baldintzak betetzen ez badira.

5. Laguntza jasota dagoen kasuetan, dagokion espedienteari emanen zaio hasiera eta, hala egokitzen bada, jasotako dirua itzularaziko da. Horrek horrela behar du, hala ezartzen baitute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. eta 22. artikuluek.

6. Aurrekoaz gainera, 785/95 EE Erregelamenduaren 16. artikuluko hirugarren lerroaldeko zehapenak ezarriko dira artikulu horretan aurreikusitako kasuetan, eta ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. artikulutik 31.era bitarte ezarritakoari jarraikiz.

7. Okerreko edozein aurrerakin edo ordainketa itzuli behar denean, itzuliko dira diru zenbatekoak gehi korritua, ordainketatik onuradunak dirua itzuli arte iragandako epearen arabera kalkulatua; dagokion urtean indarra duen Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean ezarritako berandutza korrituaren tasa aplikatuko da. Okerreko ordainketa Administrazioaren erruz egin bada, ez da korriturik aplikatuko."

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hamazazpian._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: C3078047