41. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 2a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

ERRIBERRI ALDEKO GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko famili langile izateko lau lanpostu, D mailakoak, oposizio murriztuaren bitartez betetzeko

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da famili langile izateko lau lanpostu, D mailakoak, oposizio murriztuaren bidez betetzea, Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuko plantillako lan-kontratudun finkoekin, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatzen badituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluan aurreikusi moduan.

1.2. Hautapen probak gainditu ondoan famili langile izateko lau lanpostuetarako izendatzen diren izangaiak D mailan sailkatuko dira eta maila edo talde horretako ordainsariak jasoko dituzte.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko izangaiek izendapenaren aurretik zuten lan araubide juridikoa. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko diote.

1.4. Izendatzen diren izangaiek Mankomunitatea osatzen duten herrietako batean bizi beharko dute.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara moldatuko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.6. Bere mailaren eta kategoriaren araberako eginkizunak beteko dituzte, eta lanbide maila edo talde berriari dagozkion horiez gain, lehenagotik zituzten eginkizunekin ere jarraituko dute. Lanpostua eskuratu aurretik zein alorretan egon, haiexei atxikirik jarraituko dute.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio murriztu honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuko lan-kontratudun finkoa izatea, E maila edo taldekoa.

b) Famili langilearen lanpostu baterako izendapena izatea edo lanpostu horretarako lan-kontratu finkoa esleiturik izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

e) Eskola Graduatuaren edo Lehen Graduko Lanbide Heziketaren titulua edo haien baliokidea edukitzea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan zortzi urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Mankomunitateko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, Erriberrin, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabide horiek deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio eta Udalaren erregistro orokorrean eskuratzen ahalko dira.

3.2. Eskabideari deialdiaren 2.1. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direlako egiaztagiriak erantsi beharko zaizkio.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Mankomunitatearen iragarki oholean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Mankomunitatearen iragarki oholean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazio epea iragan eta haiek ebatzi ondoan, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da izangai bazterturik ez bada; orobat, Mankomuniteko buruak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5._Epaimahaia.

Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Raquel Cabodevilla Zabalza andrea, Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Pedro Tabar Oneca jauna, Batzarreko kidea.

Mahaikidea: Angel Arnaudas Granell jauna, Batzarreko buruordea.

Ordezkoa: Jesús Angel Otazu Pejenaute jauna, Batzarreko kidea.

Mahaikidea: Cristina Ciáurriz Echecón andrea, Mankomunitateko administraria.

Ordezkoa: Matilde Donamaria Leoz andrea, Mankomunitateko gizarte langilea.

Mahaikidea: Mankomunitateko Langileen Batzordeko ordezkaria, berak hautatua.

Ordezkoa: Mankomunitateko Langileen Batzordeko ordezkaria, berak hautatua.

Mahaikide idazkaria: Mankomunitatekoa bera.

Ordezkoa: Murillo el Cuendeko Udaleko titularra.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengoa, gutxienez, bertan izan gabe.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahal ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6._Oposizioaren nondik norakoak.

6.1. Oposizioa 2003ko apirilean hasiko da, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik atzeratzen bada, eta oinarri hauetan adierazitako moduan eginen da.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean bertan adieraziko da oposizioa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

Gero, epaimahaiak jendaurrean paratuko ditu, egoki denean paratu ere, gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.

7._Oposizioa.

7.1. Oposizioak hurrengo ariketak izanen ditu:

a) Lehenengo ariketa._Ariketa teorikoa, II. eranskineko gaietatik zozketaz ateratako gai bati buruzkoa. 0tik 40 puntura bitarteko puntuazioa.

b) Ariketa hau egiteko 90 minutu emanen dira gehienez. Ariketaren puntuazioa, gehienez ere: 40 puntu.

c) Bigarren ariketa._Diktaketa: 100 bat hitzetako testua idaztea. 0tik 20 puntura bitarteko puntuazioa. Puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu.

d) Buruz buruko elkarrizketa.

Izangaiek elkarrizketa egin beharko dute epaimahaiko kideekin, gizarte zerbitzuen arloko gai orokorrez edo egin beharreko lanarekin ikusteko duten gai zehatzen gainean. 0tik 10 puntura bitarteko puntuazioa.

7.2. Oposizioan gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira.

7.3. Bazterturik geldituko da proba guztiak hartuta, gutxienez ere 35 puntu eskuratzen ez dituen izangaia.

7.4. Epaimahaikide bakoitzak bere aldetik puntuatuko ditu ariketak. Kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da ariketa atal bakoitzaren emaitza.

7.5. Ariketa bakoitza bukatu eta hamar eguneko epean, epaimahaiak Mankomunitatearen iragarki oholean iragarriko ditu lehiakideek lortutako puntuazioak eta oposizioaren hurrengo ariketaren eguna, lekua eta ordua, gutxienez ere 48 ordu lehenagotik.

7.6. Probak plika itxien sistema erabiliz eginen dira eta bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute probetara. Probetara agertzen ez direnak baztertuak geldituko dira.

8._Gainditzen dutenen zerrenda.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Mankomunitatearen iragarki oholean eta azken ariketa egin zen tokian ikusgai jarriko du izangaiek oposizioan lortutako puntuazioa.

8.2. Epaimahaiak organo eskudunari bidaliko dio puntuaziorik altuena lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena edo lanpostua haiei esleitzeko proposamena.

9._Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Aurreko oinarrian aipatu hautapen prozesua bukatutakoan, Mankomunitateko Batzarrak pertsona horiek izendatuko ditu edota, hala badagokio, kontratatzeko aginduko du, Mankomunitateko D mailako famili langile izateko lanpostuak betetzeko, deialdiko 8.2. oinarrian ezarritakoari jarraituz.

9.2. Izendapen horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

9.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu behar dute lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaienetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko kasuetan salbu, karguaz jabetzen ez badira, D mailako famili langile izateko eskubide guztiak galduko dituzte.

10._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aurrera, betiere aldez aurretik organo egileari errekurtsoa jartzeko asmoaren berri emanez; edo bestela,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazten den egunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..............., adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionala: ..........., jaioteguna: .......(e)ko .......aren .....(e)an, jaioterria: .......... (.............), helbidea: ............ (.........), karrika: .........., zenbakia: ........., posta kodea: ........, telefonoa: ..........

Zure aurrean azaldu eta adierazten dut:

Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko famili langile izateko lau lanpostu, D mailakoak, oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Eskabide hau onartu eta, beraz, D mailako famili langile izateko lau lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Erriberrin, 20....(e)ko .........aren ..........(e)an.

(Sinadura)

ERRIBERRI ALDEKO GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEKO BURUA.

II. ERANSKINA

1._Nafarroako Toki Administrazioa: toki entitate motak. Mankomunitateei buruzko aipamen berezia. Kontzeptua eta helburuak. Estatutuak. Antolaketa eta funtzionamendua.

2._Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatearen Estatutuak. Edukia eta egitura.

3._Gizarte zerbitzu oinarrizkoen lege esparrua Nafarroan.

4._Lan-taldea gizarte zerbitzu oinarrizkoetan.

5._Gizarte zerbitzuen jardun-eremuak.

Iragarkiaren kodea: A0302930