41. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

19/2003 FORU LEGEA, martxoaren 25ekoa, aurtengo otsailean Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako uholdeak direla-eta kaltetuendako laguntza neurriak ezartzen dituena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, MARTXOAREN 25EKOA, AURTENGO OTSAILEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN GERTATUTAKO UHOLDEAK DIRELA-ETA KALTETUENDAKO LAGUNTZA NEURRIAK EZARTZEN DITUENA

Aurtengo otsailean izandako uholdeen ondorioz, Foru Komunitateko udalerri batzuek jarduera ekonomikoko zenbait arlotan kalteak eta galerak jasan zituzten. Horrek behartzen gaitu pertsona eta entitate horiek jasandako kalteak arintzeko neurriak hartzera.

Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz, Nafarroako toki entitateen tributuetako zerga hobariak foru lege horretan edo beste foru lege batean baino ezin dira onartu. Halaber, ezartzen du, toki entitateen tributuei dagokienez, aipatu foru legean xedatutako zerga hobariak ez beste ezartzen dituzten foru legeek konpentsazio formulak finkatu beharko dituztela.

Foru lege honetan aurreikusi da uholdeen ondorioak jasan zituzten herri jakin batzuetako kaltetuak salbuetsirik egonen direla 2003ko kontribuzioko kuotak ordaintzetik.

Era berean, hainbat neurri ezarri da azpiegitura eta ekipamenduak konpondu edo berriro jartzeko obren, horniduren eta laguntzen kontratazioa eta finantzazioa erraztearren, baldin eta uholdeek kaltetuak badira.

Otsailaren 21eko 1/2003 Errege Dekretu Legean jasotzen den bezala, kaltetutako labore eta lurraldeetan uholdeek eragindako produkzio-galerak, kalteen handia dela eta, hondamendi naturalaren pareko egoera batekin parekatu daitezke, estatuen nekazaritza sektorearentzako laguntzei buruzko Europako zuzentarauetan ezarritako terminoetan.

Europako Erkidegoaren Eraketa Itunaren 87. artikuluak 2. idatz-zatiko b) letran ezarri zuen merkatu komunarekin bateragarriak direla hondamendi naturalek edo aparteko izaerako duten beste gertakari batzuek eragindako kalteak arintzeko laguntzak.

Gertakari horiek guztiz babesturik ez daudenez nekazaritza aseguru konbinatuetan, neurri aringarri egokiak ezarri beharko dira, kaltetutako lurraldeetako produkzioetan eta nekazarien errentetan sorturiko kalteen izaeraren eta eraginaren arabera.

1. artikulua. Foru lege honen xede da otsaileko uholdeek kaltetutako pertsona eta entitateen aldeko neurri batzuk ezartzea, euriteek kalteak eragin baitituzte Nafarroako Foru Komunitateko herri batzuetan. Nafarroako Gobernuak onetsiko duen zerrendan agertuko dira udalerri horiek.

2. artikulua. 1. Aurtengo otsaileko uholdeak direla-eta kalteak jasan dituzten ondasun higiezinak, aurreko artikuluan aipatu udalerritakoak izanez gero, salbuetsirik egonen dira 2003ko kontribuziotik.

Landa-lurreko ondasunen kasuan, salbuespena aplikatuko da enpresa jardueraren bati lotutako higiezin, uzta edo aziendan kalteak gertatu badira, eta horretaz gainera, ezbeharra inolako aseguru-etxe publiko zein pribatuk babesten ez badu.

Hiri-lurreko ondasunen kasuan, salbuespena aplikatzeko frogatu beharko da bertako pertsonak edo ondasunak, guztiak edo bakar batzuk, beste etxebizitza edo lokal batzuetara eraman behar izan direla izandako kalteak konpondu arte.

Kasua bada, salbuespenak barne hartuko ditu legeak baimendutako errekarguak.

2. Aurreko ataleko salbuespena izanik 2003ko ekitaldiko erreziburen bat ordaindu duten subjektu pasiboek pagatutako zenbatekoak itzultzeko eskatzen ahalko dute.

3. Arestian xedatutakoaren ondorioz udaletan gertatzen den dirusarreren murrizpena konpentsatzen ahalko da ondokoei jarraikiz: Toki tributuen zerga onurak onestearen ondorioz toki erakundeek eskatu dituzten konpentsazio ekonomikoen eskabideak tramitatzeko burutu behar den prozedura onesten duen azaroaren 9ko 325/1998 Foru Dekretuan araututako prozedura eta foru lege hau garatzeko Nafarroako Gobernuak onetsiko duen erregelamenduzko araua. 2003ra luzatutako 2002ko aurrekontuko "Toki entitateendako konpentsazioak tributuetako hobariengatik" izeneko 211000-21110-4600-912900 kontusailaren kargura ordainduko dira.

3. artikulua. Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 80.1.c) artikuluan agindutako ondorioetarako, presako egoera oso larritzat hartuko da eta aldez aurretiko publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiltzen ahalko da ukitutako toki entitateen azpiegitura eta ekipamenduak konpondu edo berriro jartzeko obren, horniduren eta laguntzen kontratazioa egiteko, baldin eta azken kasu honetan haren balioa osotara 1.210.000 eurotik beheitikoa bada.

4. artikulua. Azken uholdeek eragindako kalteak direla-eta azpiegiturak eta ekipamenduak konpondu edo berriro jartzeko obren finantzaziorako kreditu eragiketetarako, foru lege honen 1. artikuluan aipatutako udalerriek ez dute beharko Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 130. artikuluko baimena.

5 artikulua. Behin frogaturik hondamendi natural bat edo aparteko gertakari bat izan dela, Nafarroako Gobernuak kalte materialen ehuneko 100erainoko laguntzak ezarri ahal izanen ditu. Kalte-ordainak, normalean, banakako onuradunei ordainduko zaizkie, eta kalte-ordain gehiegizkoak ordain ez daitezen, laguntzaren guztizko kopurutik kenduko dira, esate baterako, aseguru polizengatik jasotako zenbatekoak. Nafarroako Gobernuak, orobat, laguntzak ezarri ahal izanen ditu nekazaritza produkziorako bitartekoen suntsipenaren ondorioz gertaturiko errenta-galerak ordaintzeko, betiere kalte-ordainak gehiegizkoak izan gabe. Kalte-ordain horiek galerak produkzioaren ehuneko 20 edo 30etik gorakoak izan dituzten ustiategietako titularrei ordainduko zaizkie, Europako Batasunak horri buruz ezarritako irizpideei jarraituz.

Artikulu honek aipatzen dituen laguntzak emateko eta ordaintzeko, aurrena Europako Batzordeak haien araubidea onetsi beharko du, nekazaritza sektorearentzako laguntza publikoei buruzko Europako arauetan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Nafarroako Gobernuak Ebroko Ur Konfederazioari eskatuko dio behar diren azterlanak egin ditzan, presako izaeraz, kaltetutako udalekin lan eginez, Nafarroan behar diren dragatze-lanak, hobekuntzak eta babesak eraikitzeko beharrari buruz.

Halaber, epe laburreko jarduketak egiteko egutegi bat ezarriko du.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hogeita bostean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0303306