39. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 31

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B E R R I O Z A R

Zortziko karrikako fatxaden konponketa arautzen duen hirigintzako ordenantza behin betikoz onetsirik

Berriozarko Udalak 2002ko apirilaren 24an egin osoko bilkuran onetsi zuen, hasiera batean, Zortziko karrikako fatxaden konponketa arautzen duen hirigintzako ordenantza, eta horren iragarkia 2002ko 92. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 31n. Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, behin betikoz onetsi da Zortziko karrikako fatxaden konponketa arautzen duen hirigintzako ordenantza. Hona hemen haren testu osoa:

ZORTZIKO KARRIKAKO FATXADEN KONPONKETA ARAUTZEN DUEN HIRIGINTZAKO ORDENANTZA

Arrazoia

Denbora luzez ahaleginak egin izan dira Zortziko karrikako fatxadak konpontzeko bidean jartzeko, bereziki oinezkoen eta ibilgailuen segurtasunari dagozkionetan, fatxada zenbaitetatik plakatxoak erortzen baitira.

Bilera anitz eta anitz egin izan dira orain arte, baina, arrazoi ekonomikoak direla, bizilagunek arazoaren aitzinean erakusten zuten gaitasuna edo proposatzen zituzten konponbideak direla, edo dena delakoa dela, inoiz ez da akordiorik lortu.

Une hauetan, karrikako bizilagunen artean mugimendu handia dago fatxaden konponketaren aldekoa, eta hori probestu eta bulkatu behar da edo, gutienez ere, administraziotik galgarik ez jarri.

Mugimendu horren barnean funtsean bi joera daude, batzuek plakatxoei eutsi nahi diete eta bertze batzuek, berriz, kendu.

Ordenantza honek bat egiten ditu bi konponbideak, bi jarrerei erantzuteko aukera emanez karrikaren irudia aldatu gabe.

Abiapuntuak

Testu honekin batera doazen planoetan ikus daiteke zer garrantzia duten, fatxadaren konposizioaren diseinuan, bistako adreiluen eitean egindako plakatxo zerrendek, horiexek ematen baitituzte mantentze arazoak.

Aldi berean, fatxada guztien arteko batasuna gorde nahi da, karrikaren irudia ez aldatzeko. Beraz, plakatxoei eutsi beharko zaie, hormari lotzeko behar diren lanak egin ondoan, edo bertzenaz kendu eta haien ordez elementu bat ezarri, gaur egun diren materialen arteko bereizketa atxiki eta fatxadaren erritmoa erraztuko duena.

Konposizio joko horretan, plakatxoaren eta gaur egungo hormaren arteko plano aldea funtsezkoa da.

Horrenbertzez, konponbideak planoen arteko alde hori gordetzera jo beharko du, baita fatxadaren bi pusken artean testurari eta koloreen tonuari dagokionez dauden aldeak gordetzera ere.

Konponbide baimenduak

Konponbideak, beraz, bi izanen dira: gaur egungo plakatxoak konpontzea eta mantentzea edo, bertzenaz, haien ordez mortero geruzabakarra ezartzea. Bi konponbideekin batean, nahitaez pintatu beharko da plakatxoak okupatzen ez duen fatxada zatia.

Plakatxoa kendu eta haren ordez mortero geruzabakarra ezartzeko konponbidea hautatuz gero, baldintza hauek bete beharko dira:

1._Ezarri beharreko geruzabakarraren lodierarekin, plakatxoak leiho-hegien oin-hormari dagokionez ageri duen koskaraino ailegatu behar da.

2._Mortero geruzabakarraren testura zimurtsu eta beti berdina izanen da plaka osoan. Azalera etenik gabea izateko gomendioa egiten da. Junturarik nabarmentzen bada, balkoien harlauzen luzapen direnak baizik ez dira nabarmenduko.

3._Mortero geruzabakarraren kolorea grisa izanen da, gaur egungo plakatxoarena bezala.

4._Fatxadaren gainerakoak gaurko planoa atxikiko du eta zuriz pintatuko da, gaur egungoa bezalatsu.

5._Eman beharreko koloreek Berriozarko Udaleko zerbitzu teknikoen oniritzi espresua izan beharko dute, bertan egiten diren laginen gainean.

6._Orobat, harlauzak, leiho-hegiak eta hormigoizko egarbeak nahitaez gainbegiratu eta konpondu beharko dira, eta moldatuko dira kalteak dituztenak edo oinezko nahiz gauzendako arriskutsuak izan daiteezkeenak.

7._Betiere atariko balkoi guztietan batera egiten bada, balkoiteriako burdin sarea kentzen ahalko da eta haren ordez zuriz edo gisako kolorean lakatutako aluminiozko leihate pasakorrak paratu, beirateria garden edo doi-doi grisez tindatuarekin. 0,95 metrotik beheiti gelditzen diren kristalek Bizigarritasun Legeak erresistentziaz den bezainbatean ezartzen dituen gutieneko baldintzak bete beharko dituzte.

Halakoetan proiektu teknikoa aurkeztu beharko da nahitaez, planoak, altxaerak eta guzti.

Plakatxoari eusteko konponbideak jarduketa hauek dakartza berarekin:

1._Nahitaez, fatxadako plakatxo guztiak gainbegiratuko dira, eta finkatuko dira hala behar dutenak edo arriskurik tikiena ekar dezaketenak.

2._Plakatxoen gainean tratamenduak ematen ahalko dira, haien portaera termiko nahiz hidrikoa hobetzeko, betiere aldatzen ez badute oinarrizko materialaren kolorea ezta haren testura ere.

3._Fatxadaren gainerakoak gaurko planoa atxikiko du eta zuriz pintatuko da, gaur egungoa bezalatsu.

4._Eman beharreko koloreek Berriozarko Udaleko zerbitzu teknikoen oniritzi espresua izan beharko dute, bertan egiten diren laginen gainean.

5._Orobat, harlauzak, leiho-hegiak eta hormigoizko egarbeak nahitaez gainbegiratu eta konpondu beharko dira, eta moldatuko dira kalteak dituztenak edo oinezko nahiz gauzendako arriskutsuak izan daiteezkeenak.

6._Betiere atariko balkoi guztietan batera egiten bada, balkoiteriako burdin sarea kentzen ahalko da eta haren ordez zuriz edo gisako kolorean lakatutako aluminiozko leihate pasakorrak paratu, beirateria garden edo doi-doi grisez tindatuarekin. 0,95 metrotik beheiti gelditzen diren kristalek Bizigarritasun Legeak erresistentziaz den bezainbatean ezartzen dituen gutieneko baldintzak bete beharko dituzte.

Halakoetan proiektu teknikoa aurkeztu beharko da nahitaez, planoak, altxaerak eta guzti.

Ordenantza honetan bildutako jarduketak gutienez atarika eginen dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

1. Ordenantza honetan jasotako jarduketak, indarra hartzen duenetik atari bakoitzeko lehen jarduketan, zaharberritzeko laguntzen araubideari lotuko zaizkio, horiek finkatutako gutienekoetara ailegatu gabe ere.

2. Gaur egungo koloreak atxikitzeko baimena ematen zaio Zortziko karrikako 20ko atariari, eta bakarrik hari. Geroago aldaketarik eginez gero, ordenantza honetako aginduetara egokitu beharko da.

Berriozarren, bi mila eta hiruko otsailaren hogeian. Alkatea, Benito Ríos Ochoa.

Iragarkiaren kodea: A0302082